"The Jinx" gustuko baduzu, ez galdu krimenei buruzko dokumental izugarri hauek!
“Errealitateak, fikzioa gainditzen du askotan”. Zenbat aldiz entzungo genuen esaldi hau? Horrela dela frogatzeko, dokumental sorta harrigarri eta zoragarri batzuekin natorkizue. Guztion ahotan dabilen The Jinx dokumentalaren gaitik tiraz, krimenei buruzko lan zirraragarrienak aipatuko dizkizuet gaurkoan. Tentsioa eta erritmoa, jolas-parke batean egongo bagina bezala, gora eta behera sentitzen ditugun bitartean Hollywoodeko edozein gidoik nahiko lituzkeen biraketa harrigarriz josia; eta esan bezala, errealitateak fikzioa gainditzen duenaren froga garbia diren istorioak:
The Imposter (2012)
1994eko Ekainean, Nicholas Barclay, 13 urteko ume amerikar bat desagertu egin zen arrastorik utzi gabe. Hiru urte beranduago gertakariari buruzko albiste sinestezinak azaltzen dira: umea Espainian azaldu da, eta bere bahitzaileengatik torturatua izan dela dio. Familiaren hasiera bateko pozaren ostean, zalantza ugari datozkie burura: ¿Nola da posible adibidez, beraien seme ilehoria, orain beltzarana izatea? Sinestezina, izugarria eta liluragarria eskuartean daukagun istorio hau, minutuak pasa hala ahozabalik utziko gaituena. Muntaia eta ekoizpen bikainek izugarri laguntzen dute eta minutu oro Hollywoodeko Thriller bat ikusten ari garela dirudi.
Dear Zachary: A Letter to a Son About His Father (2008)
Kurt Kuenneren dokumental bortitza, non bere hildako lagun bati buruz ahalik eta informazio gehien bildu eta hildakoaren semeari uzteko asmoarekin hasten den.
Oso gogorra eta tristea baina era berean ezinbestekoa. Justizia inoiz eduki ez duen eta edukiko ez duen familia bati buruzko kronika perfektua bihurtzen den dokumental-omenadia. Gure bizitza arruntean gertaturiko ekintzak ,Hollywoodeko edozein gidoi baino izugarri eta sinestezinagoak direla frogatzen duen dokumentua; mota honetako lanei esker gustoko dut hainbeste genero hau.
Paradise Lost trilogia (1996,2000,2001)
Estatu batuetako Robin Hood Hills (Arkansas) hirian, hiru ume hilik eta torturatuak azaltzen dira. Hilketak, konnotazio satanikoak dituela dirudi eta hori dela eta hiru gazte atxilotzen dituzte : Damien Echols,Jason Baldwin eta Jessie Misskelley
Lerro hauek idazten ari naizen bitartean eta dokumental hau gogoratze hutsarekin, oilo ipurdia ageri da nire besoetan, ikaragarria eta beldurgarria Dudarik gabe ikusi dudan dokumentalik izugarrienetarikoa. Lehengo zatia 1996an grabatu zen Paradise Lost: The Child Murders at Robin Hood Hills. Bertan hiru gazte hauen epaiketa osoa ikus dezakegu, ezagun eta famili guztien testigantzak, elkarrizketak eta abar. 2000 urtean ( Paradise Lost 2: Revelations ) pista eta testigantza berriak direla eta epaiketarekin hasten dira berriro, dirudienez gauza asko ez daude argi eta. 2011 urtean pasako dena aldiz,Paradise Lost 3: Purgatory. Derrigorrez, ikusi beharreko dokumental-sorta, beste behin ere errealitateak fikzioa gainditu baitu.
Tabloid (2010)
Joyce McKinneyren istorioa kontatzen digun dokumentala. 70garren hamarkadan hasten da kontakizuna. Maite zuen gizona bahitzeko asmoz, estatu batuetatik Ingalaterrara bidaiatu zuen emakumearen istorioa. Etxola batera eraman eta lotu ostean, sexua praktikatzen jardun zituen hainbat egun. Baina hau istorioaren hasiera besterik ez da: talde-prostituzioa, txakurren klonazioa, ihesaldiak eta beste hainbat kontakizun harrigarri azaltzen baitira.
The Staircase (2004)
2001eko Abenduak 9. Durham Ipar Karolina. Poliziak, Hathleen Petersonen gorpua aurkitzen du bere etxeko eskaileretan. Hasiera batean, istripu bat izan dela pentsatzen dute, baina egunak pasa hala bere senarra Michael Peterson atxilotuko dute. Intriga-telesail bat balitz bezala zatitua, 8 ataletan zehar prozesu guztia ikusteko aukera izango dugularik. Ezusteko biraketak egongo dira kasuan, momentu gogorrak, epaituaren inpotentzia nabarmena, zalantza ugari, prentsaren presioa. Denetatik eskaintzen duen lan paregabea azken finean.
The iceman tapes (1992)
Richard “The Iceman” Kuklinski (1935ko apirilaren 11 – 2006ko martxoaren 5a) epaitutako eta zigortutako hiltzailea izan zen. Atxilotutakoan aitortu zuenez, guztira 200 pertsona baino gehiago hil zituela adierazi zuen, haietako batzuk ageriko motiborik gabe, teknika hobetzearren edo modu berri bat probatzearren.
New Yorkeko mafiako giroan parte-hartze garrantzitsua izan zuen Kuklinskik hainbatetan. Jaso zuen kontratu oro burutu zuela, oztopoak oztopo, aldarrikatzen zuen. “The Ice Man” (Izotzezko Gizona) ezizena zuela, mafiako hainbat familiarentzat lan egin zuen. Izan ere, jatorri poloniarra edukita, ezin izan zen inongo familiako kide bihurtu, eta, ondorioz, guztiek berau kontratatzeko eskubidea zeukaten. Honela, Carmine Galante eta Paul Castellano mafiaburuen hilketan parte hartu zuen.
Into the Abyss (2011)
Hemen gara berriz ere Herzog handiarekin, kasu honetan segurtasun handiko kartzela bati buruzko lanarekin. Bi hiltzaileen ibilbidea jarraitzen du, Texas-en 2001 urtean hiru pertsona hiltzeagatik epaituak, Michael Perry eta Jason Burkett. Biek errugabe direla esaten dute, baina dokumental hontan parte hartu eta zortzi egunetara Perry exekutatu egiten dute. Herzogen jarrera dokumentalarekiko ez da heriotz zigorraren alde edo kontrako diskurtso bat sortzea, lan honen leitmotiba biolentzia eta desegindako familiak eguneroko gaia den komunitatera gerturatzea baizik. Eta neurri batean hilketen zergatia ulertzen saiatzea.
There´s something wrong with Aunt Diane (2011)
Diane Schulerren erruz eragindako kotxe istripu batean 8 pertsona hil ziren. HBO ekoizturiko dokumental honetan bere bizitza aztertzen du eta istripu honen arrazoiak ulertzen saiatu
Aileen: Life and Death of a Serial Killer (2003)
2003 urtean Charlize Theron-ek, Monster izeneko film bat estreinatu zuen, Aileen Wuornos-en bizitzan oinarriturikoa. Kasu honetan istorio hori dokumental moduan azaltzen da ( hau ere 2003koa). Zazpi gizon hiltzeagatik epaitua izan zen prostituta baten istorio beldurgarria, Aileen Carol Wuornos.
Talhotblond (2009)
Interneten bidez hiru pertsonen artean sorturiko “maitasun istorioa” (eta zerbait gehiago…) azalarazten duen dokumentala.
Cropsey (2009)
Orain urte batzuk, umeak etxetik ez irteteko, munstro bati buruzko elezahar bat asmatu zuten Estatu batuetako Staten island hirian bizi ziren gurasoak. 80 garren hamarkada hasieran ordea, kondaira hau egia bihurtu zen, umeak desagertzen hasi baitziren.
Central Park Five (2012)
Paradise Lost-en ildo beretik jarraituz, kasu honetan 1989ko Apirilaren 20an, hilzorian dagoen neska bat bortxatzeagatik, atxilotuak izan ziren 5 nerabe (kasualitatez, beltzak eta hispanoak) atxilotzen dituzte.Galdeketa bortitz baten ostean, aitortu eta kartzelan sartzen dituzte. Prentsak, Central Park Five ezizena jartzen dietelarik.
The Thin Blue Line (1998)
Errol Morris-en dokumentala. 1976an, Dallas-en polizia bat hiltzegatik, Randall Adams-en atxiloketa eta zigorra kontatzen digu. Dokumentalari esker, kasua berriz irekitzea lortu zuten.
Eta azkenik, oraindik ikusi ez duen norbait egonez gero (ezetz espero dut) eta aurten askotan aipatu dudan arren, zerrendan gehituko dut
The Jinx (2015)
Tituluetatik hasita, musika bitarte, azken ataleko azken segundorainoko erakustaldi hipnotiko eta makabroa. Tentsioa eta erritmoa, jolas-parke batean egongo bagina bezala, gora eta behera sentitzen ditugun bitartean Hollywoodeko edozein gidoik nahiko lituzkeen biraketa harrigarriak. Horiez jositako telesail-dokumental paregabea. Beste hainbat dokumentaletan ikusi ohi dugun bezala –adibidez, Paradise Lost: The Child Murders at Robin Hood Hills, Dear Zachary: a letter to a son about his father eta The Imposter; bide batez, ikusi ez badituzue, ez galdu hiru harribitxi izugarri hauek–, errealitateak fikzioa gainditzen duenaren froga garbia.
2010 urtean, Andrew Jarecki zuzendariak All Good Things filma estreinatu zuenean, gutxik espero zuten Robert Dursten bizitzan oinarrituriko pelikula horrek izango zuen eragina, hizketa-gai dugun dokumental hau errodatzeko garaian. Momentu horretan jarri baitzen kontaktuan benetako protagonista zuzendariarekin, orain arte inoiz egin ez zuen elkarrizketa edukitzeko prest zegoela esanez.
Eta nor zen zehazki tipo hau? New Yorkeko familia ospetsu eta dirudun batetik datorren pertsonaia bitxi eta misteriotsua dugu Robert Durst. Gizon bat hil eta zatikatzeaz gain, bere emaztea eta lagun bat desagertzearen erantzule zuzena izatea leporatu zioten. HBO telebista kateak ekoiztutako eta sei zatitan banaturiko lan metodiko honetan, bere bizitzaren errepaso zehatzean murgiltzeko aukera izango dugu. Polizia, epaile, abokatu, testigu eta familiakoen froga eta elkarrizketak tartekatzen diren bitartean, polemikoak diren momentu jakin horien berregiteak ikusteko aukera izango dugu.
Hori da hain zuzen dokumentalari osotasun paregabea ematen dion gakoetako bat, estetika guztiz zinematografikoz zipriztinduta dagoela. Telebistan ikusten ohituta gauden krimenen berregite kaskar horiek ez bezala, sorkuntza lan izugarria dago, tentuz zaindurikoa eta lanari sinesgarritasun paregabea ematen diona. Ikuslea zulotxo batetik begira egongo balitz bezala, gertatutako guztiaren zuzeneko lekuko sentiaraziz. Baina bestetik, askok kritikatu duten alderdi manipulatzailea azaltzen da: hau da, dokumental honen egileek lortu duten material guztia kontuan izanda, ekoizpenaren alde bakarrik egin dutela. Ikus-entzunezko produktu ikusgarri bat egiteko helburuarekin, bidean lorturiko froga eta testigantza guztiak dosi txikietan erabili dituzte, telesailak ikusgarritasun edo morbo puntua gal ez dezan. Argi dago ikuskizuna beste edozeren kontura lortzea ez dela zilegi, baina kritika horiekin ez nago guztiz ados, kasu honetan, egia administratu besterik ez baitute egin. Beraiek erabaki dute noiz azaldu eta noiz ez, zeren, ez dezagun ahaztu lagunok, hau telebista da, eta didaktikoa eta pedagogikoa izateaz gain, entretenigarria izatea garrantzitsua da. Honen guztiaren zergati zehatz hori, azken ataleko azken segundoetan ulertuko duzue, eta batez ere, lan hau aireratu eta hurrengo egunean sortu zen zurrunbiloarekin.
Telesail-dokumental harrigarria azken finean, hoztasun kirurgikoz deskribatzen baitu Robert Dursten izaera, ibilbidea eta batez ere, etengabe inguratzen duen kasu ilun eta sinestezina. Ikuslea behin eta berriz zalantzan jarriz eta gutxitan ikusitako ikerketa psikologiko bikaina eginez; pertsonaia gaitzesgarri eta liluragarri honen garunean zer ote dagoen erakusten saiatuz; hain bereizgarriak diren bere begi beltz eta sarkor horien anbiguotasunaren bitartez, gure barnean bi galdera sortzen: hiltzaile hotz eta krudela ala zorte txarraren ondorioz egon behar ez zuen une eta tokietan egoteagatik, besterik gabe, bizirik dirauen tipo xelebre baten historia? Biktima ala borreroa? Nola amaitzen den jakiteko badakizue zer egin. Hori bai, prestatu begi zuloen kontrako krema, amaitu arte ezingo duzuelako historia harrigarri eta beldurgarri honen atzaparretatik ihes egin. Eta oso garrantzitsua, dokumentala ikusi baino lehen, saiatu hari buruzko ahalik eta informazio gutxiena irakurtzen, hainbat hedabidetan zabaldutako datu eta irudiek bertan behera uzten baitute etengabe bizi ditzakegun “sorpresak”. Ezinbestekoa.
Iruzkinik ez
Trackbacks/Pingbacks