Minak pantaila zeharkatzen duenean
Aitortu beharra daukat, atzo egin nuela lehen saiakera kritika hau idazteko. Aretotik atera eta ordu gutxitara. Baina ezin izan nuen, filma freskoegia nuen eta sabelean ukabilkada bat jaso izan banu bezala nokeatua utzi ninduen, indarrik gabe. Ezin ordenagailuko teklak zanpatu eta are gutxiago erabat gainezka nuen garuna estutu.
Egun bat beranduago, burutik ezin kendurik gabe nabil El Club filma. Ikaragarria, gogorra, gorputzaren barreneraino sartzen den film horietakoa bat baita. Eta zer kontatzen du hain bortitza izateko? Kostako herri txiki bateko etxe isolatu batean bizi diren lau gizon eta emakume baten egunerokoa. Iraganeko bekatu nazkagarri batzuk garbitzeko bidali dituzte hara. Hortik aurrera, Sergio Armstron argazki zuzendariaren laguntzarekin, atmosfera zapaltzaile hori zeharkatu beharko dugu. Bekatu horiek deskubritu eta behe-laino lodi horrek traba egiten digun bitartean, etika erlijiosoaren estolderiari buruzko kontakizun latza bizi. Kontzientziari, elizari eta zinema berari ukabilkada basatia bihurtuz.
Hori gutxi balitz, erruduntasuna sentituko dugu. Bai, Larrain-ek umore beltz ukitu txiki batzuk sartzea erabaki duelako. Gaia beldurgarria dela antzeman daiteke, eta une jakin batzuetan barre txiki bat azaltzea, oso mingarria. Irri horiek, bihotza mozten duten metalezko xafla zorrotzak balira bezala. Baina beldurgarriena, ez da pantaila aurrean erakusten duena, erakusten ez duena baizik. Michael Hanekek maisutasunez maneiatzen dituen antzeko elementuak erabiliaz, garuna birrintzerainoko jolas makabroa sortuz. Oso psikologikoa. Oso krudela. Sinetsi, mina pantaila zeharkatzen sentitu dudala esaten dudanean.
Zalantzarik gabe, orain arte behintzat, Zinemaldian ikusitako lan biribilena eta 2015eko film onenetarikoa. Pablo Larrain merezimendu osoz, artista paregabe eta berdingabean bilakatzen dutena, mundu mailako zuzendari onenen pare lehiatzeko modukoa.
Saila: “Horizontes latinos”
EL CLUB
Urtea: 2015
Zuzendaria: Pablo Larraín
Aktoreak: Alfredo Castro, Roberto Farías, Antonia Zegers, Jaime Vadell, Alejandro Goic, Alejandro Sieveking, Marcelo Alonso, José Soza, Francisco Reyes
98 minutu.
Iruzkinik ez
Trackbacks/Pingbacks