Fargo telesailaren istorioa, benetan gertatu al zen?
Pantaila txikian estreinatzen diren ekoizpen mordoen artean, bitxikeria zoragarri horietako bat iruditu zait, Fargo telesaila. Lehen denboraldian, pertsonaia gutxiz osaturiko istorio intimistago bat ikusi ahal izango genuen, umore beltzez eta interpretazio bikainez gainezka. Bigarrenean aldiz, istorio epiko zoragarri bat. 70. Hamarkada, trama horren beste protagonista zoragarri bat bihurtuz. Guztien batuketak, maila goreneko telesail baten emaitza emanez; Zoragarria, sarkastikoa, freskoa, frenetikoa, burutsua, ikusgarria.
Baina bada askorentzat deigarria izan den alderdi konkretu bat. Telesailaren atal guztiak “This is a true story. The events depicted in this film took place in Minnesota in 2006 (ala 1970 bigarren denboraldian). At the request of the survivors, the names have been changed. Out of respect for the dead, the rest has been told exactly as it occurred.” mezuarekin hasten dira, hau da, “Hau benetako istorio bat da. Ikusgai dituzuen gertakizun guztiak, Minnesotan gertatu ziren 2006 urtean (ala 1979 bigarren denboraldian) . Bizirik daudenei errespetuz, izenak aldatu egin dira. Hildakoei errespetuz ordea, gertaturiko guztia izan zen bezala kontatua dago”
Baina, egia al da? Guzti honen atzean, benetako istorio bat al dago? Zoritxarrez (ala zorionez) ezetz esan behar dut. Noah Hawley sortzaileak argitu zuen, ez direla benetako gertakizunetan oinarritu eta esaldi hori, Fargo film originalari keinu bat besterik ez dela. Coen anaien 90. hamarkadako filma, mezu berdinarekin hasten baita, kasu horretan, 2006 urtea 1986 ordezkatuz. Bi zuzendariek gainera, publizitate estrategia bat besterik ez zela onartu zuten. Gidoia garatzerako orduan, 80.hamarkadan gertaturiko pare bat albisteetan besterik ez zirela oinarritu. Senarraren ustezko desleialtasuna argitara emateko, detektibe pribatu bat kontratatu zuen emakume baten kasuan adibidez. Detektibeak, asteetan zehar, emakumearen aldetik albisterik jaso ez zuenean, poliziei dei egitea erabaki zuen. Senarraren erantzuna, “emaztea Danimarkan zegoela, ama bisitatzen“. Egun batzuk ikertzen pasa ostean, hil egin zuela deskubritu zuten arte.
Dena den, ez galdu, Mr Robot-ekin batera, urteko telesail onena iruditu zaidan ekoizpen bikain hau. Film originalaren ideia nagusia moldatu nahi izan duten arren, istorioan baino , pertsonaietan eta batez ere esentzian oinarritu direla esango nukeelako. Liluragarria aurkitu daitezkeen erreferentzia eta keinu zinematografiko guztiak: The Big Lebowski, Fargo, Miller‘s Crossing eta Boardwalk empire telesaila. Baina baita, Tarantino-k lantzen dituen elkarrizketak, aukeratzen dituen abesti zoragarri horiekin antzekotasunak eta umore beltzez zipriztinduriko biolentziaren erabilpena. Eta jakina, Western generoaren ukitu nabarmenak.
Kosta egiten zait akats bakar bat aurkitzea: Interpretazio ahaztezinei loturiko pertsonaia zoragarriak. Musika, bitxia, erakargarria, ezinbestekoa. Argazkia eta planoen erabilpena, hitzik gabe uzteko modukoa; pantailan ikusgai duguna kontuan hartuz gero behintzat, lanketa prozesuan erabili dituzten Storyboard-ak , museo batean erakusteko modukoak izango direla ziur nago. Gozamen hutsa.
Iruzkinik ez
Trackbacks/Pingbacks