"Making a Murderer": Aho zabalik utziko zaituen telesail-dokumental harrigarria
“The Jinx” telesail-dokumentalak harritu bazintuen, “Paradise Lost” trilogiarekin itzulipurdika erori bazinen eta “Dear Zachary: A Letter to a Son About His Father” dokumentalarekin negar-makoz bustia amaitu; ez galdu mesedez, Netflix plataforma digitalak estreinatu zuen “Making a Murderer” harrigarria.
Aitortu behar dizuet, krimenen inguruko dokumentalen oso zalea naizela. Nik uste, gai honen inguruan dagoen ia guztia ikusi dudala. Aipaturiko hiru horietaz gain, The Imposter (2012), Tabloid, The Staircase (2004), The iceman tapes (1992), Into the Abyss (2011), There´s something wrong with Aunt Diane (2011), Aileen: Life and Death of a Serial Killer (2003), Talhotblond (2009), Cropsey (2009), Central Park Five (2012) eta The Thin Blue Line (1998) iruditzen zaizkit ezinbestekoak, azpigenero honen zaletu izanez gero derrigorrez ikustekoak. Merezimendu osoz, zerrenda luze horri, “Making a Murderer” gehitu beharrean nago.
10 atalez osaturiko ekoizpena, bakoitzak, 60 minutuko iraupena duena. Pentsa beraz, zer nolako zehaztasun eta xehetasun maila duen dokumentalak. 10 “pilula” horietako bakoitzean, Steven Avery-ren kasu sinestezina ikusteko aukera izango dugu. Eraso sexual baten ondorioz eta 18 urte espetxeratua pasa ondoren, DNA froga bati esker, errugabea dela egiaztatu eta aske uzten duten tipoa. Hortxe kokatzen dira dokumentalaren lehen minutuak, ez pentsa beraz, spoiler erraldoi bat irakurri duzuenik, lasai. Krimenei buruzko beste lanetan, ohikoena, erruduna den ala ez jakitearen intriga hori amaierarako uztea izaten da. Kasu guztia zehatz-mehatz azaldu eta amaieran zast! erabakia. Baina “Making a Murderer” beste eremu batean kokatzen gaitu hasieratik. Errugabea den tipo bati, bizitzako 18 urte lapurtu dizkiote, eta orain zer? Galdera eta misterio guztiak, ezbehar horren inguruan izango direla uste dugunean ordea, kasuak beste noranzko bat hartuko du. Kartzelatik irten eta urte batzuk beranduago, emakume baten hilketa leporatzen diotenean, karta gaztelu baten modura eraikitako bizitza hori betiko birrintzen dutenean.
Kasu guztiaren tentsioa eta erritmoa, jolas-parke batean egongo bagina bezala, gora eta behera sentitzen dugun bitartean, Hollywoodeko edozein gidoik nahiko lituzkeen biraketa harrigarriak biziko ditugu. Gehiago esango dut, istorio honetan gertatzen den guztia, film batean ikusiko bagenu, “Uf! baina nola nahi dute hori sinestea?” esaldia esango genukeela ziur nago. Kontaezinak, begiak igurtzi ditudan une guztiak “hau benetan gertatu da?!” esanez. Begira bestela AEB-tan osatu duten zerrenda xelebre hau. Laugarren ataletik aurrera batez ere, minutu ugari biziko ditugu epaiketaren barru barrutik, bertan egongo bagina bezala. Gure garun barruan, ehunka galdera eta pista guzti horiek itzulipurdika dabiltzan bitartean.
Irauten dituen 10 ataletan zehar gainera, pertsonaia ugari ezagutzeko aukera izango dugu. Garrantzitsuena, jakina, Steven Avery. Batzuk maitatu egingo ditugu, ala behintzat enpatia sortuko dute gugan. Beste batzuk aldiz, gorrotatu egingo ditugu, izugarri gainera. Tipo hauek lepotik hartu eta begiak lehertzeraino estutzeko gogoa piztuz.
Data eta ordu zehatzek ere, eginkizun oso garrantzitsua jokatuko dute istorio zirraragarri honen barruan. Pertsonaien amalgama guzti horri gehituz eta hainbat irudi, eskema eta banaketa perfektuei esker, argi eta garbi ezagutuko ditugularik kasuaren xehetasun guzti-guztiak.
The Jinx bikainarekin gertatu bezala, tituluetatik hasita, musika bitarte, azken ataleko azken segundorainoko lan tekniko bikain batek, pisu handia hartuko duen arren, gutxienekoa izan liteke ziurrenik. Musikaren arloa adibidez, Gustavo Santaolalla ezagunaren ardura izan da. Baina bi izen nagusi aipatu behar badira, horiek, Moira Demos eta Laura Ricciardi dira. Telesailaren zuzendari eta gidoilariak. Goraipatzekoa eta harritzeko modukoa, beraien lehen lana izan dela kontuan izanik. Baina bietatik, Demos-en lana nabarmendu nahiko nuke, bi arlo horietan aritzeaz gain, “Making a Murderer”-en argazki zuzendaritza/kamera lanaz ere arduratu delako. Emakume hau gainera, abokatu ohia dela jakiteak, sinesgarritasun handiagoa ematen dio egindako lanari.
Dokumentala errodatzeko diru bilketa eta lana aireratzeko interesa zuten telebista kateen bilaketarekin aritzen ziren bitartean, abokatu defentsarien 180 orduko aitorpen judizial eta 500 elkarrizketa baino gehiago grabatu zituzten Wisconsin hirian. PBS eta HBO kateen ezetza jaso zuten arren, ezin izan zuten bi zuzendarien esfortzua geldiarazi eta ia 10 urte beranduago, lehen 3 atalen muntaia landugabea ikusi ostean, azkenean, Netflix-ek erabaki zuen dokumentala banatzea.
Ez dut tramari buruz gehiago idatziko. Jakin beharreko guztia, 10 atal zirraragarri horietan daukazuelako. Gehiago esango dizuet, ezta okurritu google-en telesailaren izena jartzen. Amaitu zen unean, sekulako zurrunbiloa eta zalaparta sortu baitzen sare sozial eta web-orrialde desberdinetan. Besterik gabe ikusi eta gozatu. Beno…gozatu baino, harritu, hunkitu eta batez ere, haserretu egingo zaretela jakinarazten dizuet. Ikaragarria!
Herrialdea: AEB
Zuzendariak: Moira Demos, Laura Ricciardi
10 atal (bakoitzak 65 minutuko iraupena)
Iruzkinik ez
Trackbacks/Pingbacks