Hemen da 'Euskal Balezaleen Triskantza'!
1615eko udan, Agirreko Pedro, Telleriko Esteban eta Villafrancako Martinen agindupean, hiru euskal baleontzi Islandiako kostan lehorreratu ziren. Martin zen, 27 urterekin, kapitain gazteena eta gazte izanagatik ahoberoena. Horrez gain, ezagunak ziren bere ausardia eta ehizarako trebezia ere.
Bueltako bidaiari ekitera zihoazela, itsaso zakarrak euskal baleontziak hondoratu zituen. Uda bitartean ehiza oparoak bertako nekazari eta abeltzainekin hartu eman ona ekarri zuen arren, udazkenak hotza ekarri zuen. Hotzak gosea eta goseak bertakoekin liskarrak: elkartrukea egitetik elkarri lapurtzera pasa ziren marinel eta artzainak, eta negua iritsi baino lehen abentura tragedia bihurtu zen.
Euskal balezaleen triskantza duela ia laurehun urte jazo zen hilketa ikertzea helburu duen dokumentala da. Txuri eta beltzik gabeko istorio bat, zuria esateko hamaika hitz dituen herrian.
Euskal Balezaleen Triskantza, GOGOAN ekoiztetxeak eta SUHAR arkeologiak elkarlanean aurkezten duten proiektua da, duela 400 urte Islandian erail zituzten 32 euskal bale arrantzaleen historiaren oroitzapena eta zabalkundea jorratu nahi dituena.
Nortzuk ziren baleazale hauek? Non daude hondoraturik haien ontziak? Nola bizi izan zituzten azken egunak erasotzaileengandik ihesi? Haiek eginiko azken ibilbidea berreginez, datu historikoak aztertuz eta ontzien bilaketarako urpeko miaketen bidez, galdera hauei erantzuna ematen saiatuko dira.
Dokumentalak elkarrekin korapilatuko diren bi hari jarraituko ditu:
Alde batetik, historian murgilduko diren ikertzaileen bilaketaren istorioa. Ander Arrese eta Beñat Iturrioz arkeologoak, eta Eñaut Tolosa dokumentalgilea, Islandiara euskal baleazaleen aztarnen bila abiatuko dira. Bertan, bale arrantzaleek hil aurreko azken egunetan egin zuten bidea jarraitu, urperatutako ontziak bilatu, baleazaleen aztarna arkeologikoak topatzen saiatu, dokumentuak miatu eta bertako adituekin elkarrizketak izango dituzte: arrantzaleak, arkeologoak, hizkuntzalariak, etnografoak, urpekariak.
Bestetik, gertaera historikoaren narrazioa marrazki bizidun-animazio bidez irudikatu dute.
Elkarrizketatuak
MAGNUS RAFNSON
Historialaria eta Sorginkeria Museoko zuzendaria
Gizon jantzia, historia kontuak kontatzen abila. Jon “Laerdi”ren erara , erdi aztia. Bisitari arrotzei etxeko ateak zabaldu eta gertatutakoaren berri emateko prest dago beti.
RAGNAR EDVARSSON
Islandiako Unibertsitatean Arkeologian Doktorea
Zientzia ikertzaile askoren modura galdu itxura badu ere, beti aurkitzen du altxorra. Euskal Baleazaleen ondare arkeologikoak bilatzen aitzindaria da Islandian.
SIGRUN ANTTONSDOTIR
Arkeologoa eta islandiar kulturan aditua
Ontziak hondoratu ziren badian hazi zen euskal baleazaleen eta westfjorseko nekazarien oinordekoa. Sehaskan hasi zen Spanervagivin-aren inguruan ikertzen. Sarraski beltz hori argitzea du bizitzan helburu.
TAPIO KOIVUKARI
Ariasman liburuaren idazlea
Islandieraz maiteminduta dagoen finlandiarrak Euskal Baleazaleen Triskantzaren berri jakin zuenean ez zuen ulertzen nola eta zergatik gertatu zen gertatutakoa. Honek ikertzera bultzatu zuen eta aurkitutakoak Ariasman eleberria idaztera.
XABIER AGOTE
Itsas zurgina
Euskal itsas ondarean aditua. Dakiena eskarmentuaren bidez ikasi du. Ametsak egi bihurtzen bizi da. Ezina ekinez egiten du.
Protagonistak
ANDER ARRESE
Arkeologoa eta Urpekaria
Goierriko Indiana Jones, mundu guztian zehar ibilia da historiaren istorioak bilatzen. Fikziozko arkeologoak txapela eta zigorra erabiltzen zituen bezala, Anderrek 2.0 teknologiak erabiltzen ditu ikertu eta bere lana zabaltze aldera.
BEÑAT ITURRIOZ
Arkeologoa
Makina bat saltsatan sartzeko ohitura duen arkeologoa. Bizitza paralelo bat darama non zinemagilea den afizioz eta musikaria pasioz. Hegoak ebaki izan bagenizkio normala izango zen, baina berak abentura zuen maite.
EÑAUT TOLOSA
Dokumentalgilea
Heriotzari, itsasoari eta langostinoei beldur dien abenturazalea. Nola hala beti onik ateratzen da berak aurrez sortzen dituen arrisku guztietatik. Bidaia honetatik bizirik eta kontatzea merezi duen kontu batekin itzultzea du xede.
Pertsonaia Historikoak
MARTIN DE VILLAFRANCA
Kapitaina
Villafancako Martin donostiarra zen. Beste kapitain bat ordezkatzeko izendatu zuten kapitain eta horregatik ez zuen eskifaiaren onespenik. Eskarmentu falta ausardiarekin ordaintzen zuen eta arpoiarekin oso trebea omen zen.
Ezbeharreko udazken horren atarian, 1615eko irailaren 19an, Jon Grimsson Árneseko apaizarekin tratu baten bueltan eztabaida izan zuen eta lepotik zintzilikatuko zuela mehatxu egin zion Martinek. Zenbaitek diote gertaera honek piztu zuela euskaldunen kontrako ehiza.
ARI MAGNUSSON
Sheriffa
Ari Magnusson herrialdeko sheriffa zen. Familia onekoa. Berak eman zien euskaldunei islandiar uretan ehizan ibiltzeko baimena eta bera izan zen heriotzara zigortu eta hauek harrapatzeko tropa antolatu zuena. Beharbada arrantza egiteko baimena ematea ezkutatzeko asmoz.
JON “LAERDI” GUDMUNSSON
Pentsalari autodidakta eta aztia
Jon Guomudsson jazotakoaren narratzaile fidagarriena, gizon autodidakta eta errenazentista zen, eskolak jasotzeko aukerarik izan ez zuena. Berak egin zuen gertaeren irakurketa kritikoa bere herrikideen portaera ankerra dudan jarriz.
PETER PILOTUA
Pilotua
Martinen itsasontzian agintean bigarrena, ez zen bere kapitainaz fidatzen. Jon Laerdirekin komunikazio oso oinarrizko baten bidez lagun onak izatera iritsi ziren. Bidaiak amaiera tragikoa izango zuela asmatu zuen.
Proiekzioak
MAIATZAK 12 ORIO
18:00etan Kultur Etxean
MAIATZAK 23 DEBA
19:00etan Kultur Etxean
MAITZAK 25 MUTRIKU
19:00etan Kultur Etxean
MAIATZAK 26 ZUMAIA
19:00etan Kultur Etxean
MAIATZAK 27 BEASAIN
19:00etan Usurbe Antzokian
EKAINAK 7 DONOSTIA
San Telmo Museoan 19:00etan
Kaixo lagunak! Lan oso interesgarri eta E.H.ren historia osatzeko beste kapitulo txiki/haundi jorratu duzuela iruditzen zait.
Bizkaiara hurbiltzea pentsatu duzue?
Zuen lanak harrera ona edukiko duzuelakoan
Bejondeizuela!!
Joseba