"Game of thrones" Zumaian grabatzea: onuragarria ala kaltegarria?
Nahiz eta telesailaren sortzaileek filmaketaren lokalizazio berriak sekretupean mantendu, Koldo Landaluzek Gara egunkarian jakitera eman zuenez, Itzurungo flyschak (Zumaia, Gipuzkoa)“Game of Thrones” telesailaren unibertsoarekin bat egin lezake. Inork ez du oraindik ofizialki baieztatu, baina garrantzia handiko albistea izan liteke eskualdearentzat. Baliteke gainera, grabaketa Irailean hastea, Fresco Film Service (HBO-rekin lan egiten duen ekoiztetxea), ostatuak eta pabiloiak bilatzen ari baita dagoeneko.
Baina albiste zalapartasua alde batera utzita, baleike.eus web orrialdean azaltzen diren iruzkin hauek irakurri ostean, gogoeta txiki bat piztu da nire barruan. “Game of thrones” bezalako ekoizpen erraldoi bat Zumaian grabatzea, onuragarria ala kaltegarria da?
Onurak?
Denboran eta batez ere distantzian, adibide gertukoena Bardeetako errodajea izan zen arren -bisitariak %41 baino gehiago igo dira geroztik- Euskal herritik kanpo egingo dugu salto, 18000 biztanle inguru dituen, Osuna (Sevilla) herrixkan izan zen errodajea aipatzeko. 2014ko grabaketari esker, urteak itxita zeramatzan plaza bat berreraiki zuten eta gaur egun turismoa da bertako diru-sarrera iturri nagusia. Mundu osoko hainbat argitalpenetan azaldu da, GQ aldizkari famatuan azaldu zen artikulu honetan adibidez ” Pixar estudioek marrazturiko herrixka idiliko bat bezala” deskribatu zuten. Geroztik, bisitariak %75 baino gehiago igo dira.
Andaluzian grabatu ziren beste kokalekuak kontuan izanda, 3 aste irauten dituen grabaketa baterako: lan talde sortzeko 150 kontratazio inguru egin ziren, inguruko herri eta hirietan bizi ziren 4000 figurante, hotel desberdinetako 500 gela baino gehiago erreserbatu zituzten eta errodajean barrena ibiltzeko 200 ibilgailu baina gehiago alokatu.
Begirada apur bat urrunago jarrita, Kroazian kokaturiko Dubrovnik hirian adibidez, 57 euroren truke, 3 orduko tour moduko bat egiteko aukera dago, telesail arrakastatsua grabatu zen kokaleku guztiak ezagutuz. Bisitariak, harresira igotzeko aukera dute, guda odoltsuak imajinatzen dituzten bitartean, Arya Stark-en arrastoak jarraituko dituzte eta errodaje horren atzean egon ziren xehetasun guztiak ezagutzeko aukera izango dute.
Turismoa ikaragarri igo da geroztik eta mapa espezifikoekin batera, tour tematikoak eskaintzen dituzten enpresak ere azaldu dira, Viator edo Zicasso esaterako.
Kalteak?
Baina onurak oso argi izanda, zein kalte sor ditzake horrelako errodaje batek? Efektu berezietarako sortzen diren eztandak, argiztapen ikaragarriak, eraikitzen diren dekoratu eta agertoki erraldoiak eta abar. Kaliforniako unibertsitateak (UCLA) 2006 urtean argitaratutako ikerketa baten arabera (www.environment.ucla.edu/reportcard/article1361.html), bertako ingurumenean, Hollywood-eko zinemaren eta telebistaren industriak, hotel, ehungintza, automobil ala aeronautika sektoreek baino eragin kaltegarriagoa duela zioen. Petrolio industriak soilik gainditzen zuela maila hori. Urteko 140 000 tona partikula kutsakor baina gehiago sortuz eta Los Angeles hirian azaltzen den smog horren erantzunkideetako bat bilakatuz. Eta zertan da kaltegarria zehazki errodaje bat? Aurre eta postprodukzio faseak kontuan izan gabe, mota honetako “ohiturak” aurki daitezkeelako Hollywood-eko edozein errodajeetan:
*Diesel argi instalazio bat behar izaten dute, grabaketa set guztiak argiztatzeko. Egunean 18-20 ordu egon daiteke piztuta, astean 6 egun, 5-10 astez (ala gehiago).
*Kamioi eta furgoneta ugari erabiltzen dira, grabaketa ekipo guztia garraiatzeko (kamera, argia, tripodeak..) eta baita errodaje batean lanean dabiltzan ehunka pertsonak ere.
*Catering-etan plastikozko ehunka edalontzi eta plater erabiltzen dira. Ur botila ugari botatzen dituzte eta horrekin batera, alferrik galtzen den ura. Jendeak ez duelako errodaje guztian zehar botila gainean duela alde batetik bestera ibili nahi.
*Arte alorrean erabiltzen den material gehiena bota egiten da. Material berriak izaten dira. Apenas dagoen berrerabilpenaren inongo kulturarik. Eztandez beteriko efektu bereziak, kotxeekin jazarpen ikusgarriak, errodaje setak eraikitzeko erabiltzen den egur mordoa…
*Aro digitalean gauden arren eta kalte hau pixkanaka murrizten ari den arren, egunero hainbat paper pakete erabiltzen dira oraindik, gidoi ala sekuentzia konkretuen testuak inprimatzeko. Baita errodaje amaieran hurrengo eguneko planning-a banatzeko
*Kokaleku naturaletara grabatzera doazenen, izaki bizidunengan eta bertako ekosisteman izaten duten inpaktua oso larria izaten da. Adibide lotsagarri bat, “The Beach” filmean gertatu zen. 20th Century Fox, Tailandiako naturaguneen babesen araudiari jaramonik egin gabe, Phi Phi irlako hondartza zeharo suntsitu baitzuten. Eta hori gutxi balitz, urteen poderioz, eta filmak hartutako ospearen eraginez, milioika turista joaten direlako urtero irla hori zapaltzera.
Beraz…
Bi alderdiak, balantza batean jartzeko modukoak direla uste dut. Oso interesgarria izan liteke Zumaia bezalako herri batentzat maila honetako grabaketa baten kokaleku bihurtzea, baina beti ere aipaturiko kalte horiek sahiestuz eta errodaje jasangarri baten alde arraun eginez. Azken urteotan adibidiez, talde ugari mobilizatu dira konpromiso ekologista baten alde. AEBko elkarte zinematografikoaren eskutik bultzaturiko jardunbide egokien gida ala “Hollywood Goes Green” izeneko ekimenak sortuz esaterako. Mugimendu guzti hauek, estudioek, ingurumenarekin, modu arduratsuan lan egiteko konpromiso hori sendotzeko helburuarekin sortu dira: sortzen diren hondakin guztien %65a birziklatzea, erregaiak biodieselarengatik ordezkatzea, kontsumo baxuko bonbillak erabiltzea, mezu elektronikoak paperezkoengatik ordezkatzea, paper birziklatua ahalik eta gehien erabiltzea, izar guzti horien hegazkin pribatuak kendu eta hegaldi konbentzionalengatik ordezkatzea, set guztiak material birziklatuekin eraikitzea… Horrez gain, “Environmental Media Association” elkarteak, zigilu berde moduko bat banatzen du urtero, ahalegin kontziente eta jasangarriak egiten dituzten filmei. Azken urteetan adibidez, “Jurassic World” , “X-Men ”, “Fifty Shades of Grey ” eta “The Theory of Everything” bezalako filmek zigilu hori lortu dute.
Interesgarria artikulua, ezagutzen ez nituen hainbat kontu jakin ditut zuri esker. Hala ere, kalteen atalean errodaje momentuarekin lotutakoak aipatu dira nagusiki, ingurune naturalean eragin ditzakeenak etab.
Zumaiar bezala, ez dut zalantzarik telesail ospetsua gurean grabatzeak aukera asko ekarriko dizkiola herriari. Ordea, aukerekin batera datoz arrisku nagusiak.
Esan nahi dudana da, ni benetan kezkatzen nauena ez dela errodajea jasangarria izango den edo ez (horrek ere kezkatzen nau, baina ekiditeko errazagoa iruditzen zait, nahi bada behitzat) baizik eta gerora datozen aukera horiek guztiek (turismoaren gorakada…) beraiekin dakartzaten arriskuek.
Zumaian ondotxo dakigu 8 apellidos filmaren ondoren bisitarien gorakada oso nabaria izan dela. Beti izan ditugu bisitariak, baina film horrek mugarri bat markatu du. Hala ere, gaur gaurkoz oraindik ez dakigu oso ondo etorkizunean ugalduko diren bisitari horiek nola kokatu turismo eredu jasangarri eta integral batean.
Zumaia herri industriala da, zorionez. Ez da Zarautz, udatiarren paradisua, udan populazioa hirukoizten duen herri bat. Herriko ekonomiari aukera berriak zabaltzen ari zaizkio (Flyscha eta Geoparkea, orain film eta telesailak…) baina beldur nahiz horrek ez ote duen ekonomiaren “terziarizazio” bat ekarriko. Hau da, hirugarren sektorera bolkatuko den herria bihurtzea, horrek berarekin baitakartza lan baldintza prekarioagoak, besteak beste.
Iruditzen zait ondo erabaki behar dela zein izango den ekonomia lokalaren zutabea, zein izango den bertan turismoaren lekua, zer nolako turismoa (eta zer nolako turistak) nahi ditugun gure herriarentzat, eta nola bermatu aukera horiek probestea herrian urte osoan bizi direnei kalteak eragin gabe (nagusiki herrian baldintza duinetan lan eta bizi ahal izateko).
Azterketa hori egin gabe dugu, eta esango nuke herri osoak parte hartu beharko lukeela horretan. Orain, kolpera, telesail honen kontua etorri da. Eraginak (onak zein txarrak) berehala hasiko gara nabaritzen, eta iruditzen zait orain dela momentua turismo ereduari buruzko eztabaida publikoa mahai gainean jarri, eta herriko sektore ezberdinen arteko adostasunez, etorkizuneko Zumaiak (eta bertan turismoak) zein ezaugarri izan behar dituzten finkatzeko.
Guztiz ados hemen esandakoarekin (bai artikulo zein erantzunean).
Hemen, beste hainbat gauzatan bezala, okerreko ordenean egiten ari dira gauzak, edo itxura hori ematen du honek behinik behin:
Lehendabizi turismoaren kudeaketa plan bat diseinatu eta gero turismoa erakarri beharrean, lehendabizi jendea erakarri eta gero ikusiko dugu zer egin horrekin…
Zumaia herri industriala izateari buruz… ezin esan hori ona edo txarra ote den. Luzera begira, badirudi EHko joera (agian Europako alde askotakoa ere izan daitekeena) industriak behera egin eta bestelako merkatuez bizitzea dela. Industriarik pisutsuena behintzat ekonomia ahulagoetara desplazatzeko joera nabarmena da. Ingurugiroari dagokionean, soilik gureari begiratuz gero ona izan daitekeela ere esan genezake. Egokiena tarteko zerbaitera heltzea zatekeen: industria berde batera egitea, eta hori kudeatzeko industria hori hemen mantentzea. Horretarako, baina, merkatuak hori baloratu beharko luke, koste estra horren sostengua izan dadin…
Tira, ez da erraza!!