Ikusi beharreko (eta ziurrenik ezagutuko ez dituzun) beldurrezko 25 film
Orain urte batzuk, “Sciense” aldizkariak ikerketa txiki bat publikatu zuen: beldurrezko film bat ikusten ari garenean zer pasatzen den gure garunean. New yorkeko unibertsitateko zientzialari batzuen esanetan, horrelako pelikula bat ikustean, gure burmuina berrantolatzea behartzen dugu eta bizi izan ditugun momentu txarrak gomutatzen ditugu.
Ondorio honetara iristeko, Erno Hermans eta bere lankideek 80 bolondresekin egin zuten lan, hauei pantaila baten aurrean jarri eta beldurrezko filmak ipini zizkieten,(Poltergeist adibidez). Erresonantzia magnetiko batzuei esker, beldurrak alerta egoeran jartzen gaituela zentzumenak zorroztuz eta bizitako momentu txarrak erakartzen dituela konturatu ziren. Baina bestalde, gure analisi ahalmena gutxitu egiten dela. Ziur nago orain dela urte batzuetako beldurrezko filmekin egin zutela esperimentu hau (The Shinning, Poltergeist, The Exorcist eta abar), gaur egungo beldurrezko pelikula gehienak jarriz gero aparatua bera barre algaraka edo negarrez hasiko baizen.
Hau kontuan hartuz, gaur egun beldurraren arloan salbuespen batzuk daudela frogatzeko natorkizue. Zinema aretoetan estreinatzen direnei begirada botaz gero, ia gehienak ezertarako balio ez duten remake, 3D bertsio penagarri edo gidoi barregarriz josita daudela ohartzen gara. Baina badira inoiz estrenatu eta zuzenean DVD/Bluray merkatura (edo interneteko linbora) dijoazten film bikain eta harrigarriak, jarraian aipatuko ditudanak esaterako. Baldintza bat jarri diot nere buruari, komertzialegiak edo oso ezagunak direnak baztertu eta ziurrenik ezagutuko ez dituzuenak gomendatzea.
Pontypool
(2008, Bruce McDonald)
Zeri buruzkoa da?
Ontario hiriko irrati emisora txiki batean kokatzen da filma. Irrati-saio baten erdian, albiste arraro bat iristen zaie bertara: hiriko pertsona gutxi batzuen portaera oso zakarra, geroz eta jende gehiagoren artean ari da kutsatzen. Esaten dutenez, mintzairaren bidez infektatzen den birus bortitz baten menpe daude
Zergatik ikusi?
Beldurrezko generoaren barnean, guztiz ezustekoa,topiko guztietatik ihes egiten duelako. Bikain Stephen McHattie aktorea, Grant Mazzy irrati esatariaren paperean, bere ahots harrigarri horrekin. George A.Romeroren “Night of the Living Dead” eta “”War of the Worlds” irrati programaren arteko nahasketa, umore puntu batekin. Oso gomendagarria.
Martyrs
(2008, Pacal Laugier)
Zeri buruzkoa da?
Filmaren lehen minutuak, Frantzian 1970 urte hasieran kokatzen dira . Orain urte bete desagerturiko neska bat azaltzen da errepide erdian ,noraezean eta izututa. Ez da gai gertatu zaionari buruzko ezer kontatzen, egoera guztiz katatonikoan dago. ( Sinopsiari buruz gehiegi ez kontatzea garrantzitsua den pelikula horietako bat da.)
Zergatik ikusi?
Kultuzko filma bilakatu den zinta basati eta ikaragarria. Beldurrezko pelikula frantzes bikainen olatuari hasiera eman ziona “À l’intérieurekin” batera (edo behintzat bultzada). Momentu askotan (batez ere genero honetara ohituta ez bazaudete) pantailatik begirada kenduaraziko dizuena. Ezinbestekoa, gogorra, polemikoa eta basatia. Beldurrezko filmetara ohituak dauden pertsonentzat oso gomendagarria.
Seventh moon
(2008, Eduardo Sanchez)
Zeri buruzkoa da?
Bikote ezkonberri batek, neskak senarraren gurasoak ezagutu ditzan, Txina aukeratzen du beraien bidaia egiteko. Behin han daudela, gauaren erdian mutila galdu egiten da, hortik aurrerakoa sekulako amets gaiztoa bihurtuko da..
Zergatik ikusi?
Eduardo Sanchezek ( “The Blair Witch Projecten” zuzendarietako bat) 2008an eginiko filma. Bitxia, desberdina eta urduritasuna pizten duena ikusten ari garenean. Orokorrean oso gomendagarria, baina batez ere hasierako 50-55 minutuak, hortik aurrera filmak behera egiten baitu apur bat. Aipatutako “The Blair Witch Projecten” bezala, errealismoa da lan honen ezaugarri nagusiena, eta hori beldurraren arloan eskertzeko zerbait dela uste dut.
The woman
(2011, Lucky McKee)
Zeri buruzkoa da?
Familia bateko kide den aita batek, emakume basati bat aurkitzen du basoaren erdian. Bahitu, lotu eta etxeko ganbaran sartzen du.
Zergatik ikusi?
Beste istorio basati eta harrigarria. Zerrenda osotik aipagarrienetarikoa. Gozamen bat, plazer hutsa. Drama, sadismoa, gorea eta aktore guztien lanari esker ( batez ere Polyanna McIntosh izugarri, emakume basatiaren paperean) kultuzko filma bilakatzea lortu duena. Aipamen berezia musikari, BIKAINA eta ez ohikoa beldurrezko film batean:
Frontière(s)
( 2007, Xavier Gens)
Zeri buruzkoa da?
2007 urtea. Alderdi ultraeskuindarrak frantziar hauteskundeak aurreratzea erabakitzen du. Kaleetan protestak, liskarrak eta lapurretak dira nagusi. Horien artean, gazte talde batek ihes egin eta ostatu batean ezkutatzea lortzen dute. Ostatu horren jabeak neonazi burugabe eta basati batzuk direla konturatzen diren arte…
Zergatik ikusi?
The Texas Chainsaw Massacre, Calvaire (gero aipatuko dudana) eta The Hills Have Eyesen arteko nahasketa bat. Pelikula honen arazo haundiena, kritika soziala eta beldurrezko pelikula nahasteko saiakera horretan datza. Baina hau alde batera utziz basakeria fresko eta oso entretenigarri bat aurkituko duzue. Tentsioa, odola, kritika soziala (saiakera bezala behintzat), eta interpretazio onak. Frantziatik datorren beste beldurrezko film bikaina.
Session 9
(2002, Brad Anderson )
Zeri buruzkoa da?
15 urte itxita egon de psikiatriko baten zaharberritze lanak direla eta, bertan geratu diren amianto gorpuzkiak kentzeko, garbiketa enpresa bat alokatzen dute. Langile horiek izango dira istorio honen zeharkako protagonistak.
Zergatik ikusi?
Beste filmekin konparatuz nahiko komertziala denez, zalantzan nengoen pelikula hau jarri ala ez. Baina kontuan hartuz nahiko ezezaguna dela eta azkeneko urteetan beldurrezko generoan, gehien gogoratzen dudan pelikulen artean dagoela, sartzea erabaki dut. Betiko elementu klasikoekin: iluntasuna, euria, isiltasuna…oso urduri jartzeko gai dena eta estutasuna sortzen duena. Peter Mullan aktore eskoziarra bikain beti bezala. Ikusi beharrekoa (agian behin baina gehiagotan…)
The children
(2008, Tom Shankland )
Zeri buruzkoa da?
Bi familien arteko eguberritako ospakizun afaria eten egiten da , gaixotasun baten ondorioz umeak oso portaera arraroa jasaten hasten direnean.
Zergatik ikusi?
Azken urteetan beldurrezko film onenak europa aldetik datozela frogatzen duen beste lan bat. Narciso Ibáñez Serradorren ‘¿Quién puede matar a un niño?’ pelikulari erreferentzia oso nabarmena. Oso sinplea itxuraz, baina tentsioz beterikoa eta benetan beldurra emateko gai dena. Biolentzia eta suspensea era ezin hobean nahasten dituena. Beldurra ematen duen beldurrezko filma.
The Signal
(2007, David Bruckner, Dan Bush, Jacob Gentry )
Zeri buruzkoa da?
Hiru zatitan banaturiko istorioa, non biztanleria “erokeria-hiltzaile” batez kutsatua dagoen : Transmission I: Crazy in Love”, “Transmission II: Jealousy Monster” y “Transmission III: Escape from Terminus”.
Zergatik ikusi?
Entretenigarria, originala eta ezberdina. Hasiera oso indartsua duena (nahiz eta bukaera aldera erritmoa pixka bat jaitsi egiten den). Humore beltza, “zonbiak” (izen bat jartzearren) eta “survival” apokaliptikoa ezin hobeto nahasten dituena. Kultuzkoa bilakatu den beste pelikula. Ezinbestekoa.
Absentia
( 2011, Mike Flanagan )
Zeri buruzkoa da?
Zazpi urte baino gehiago desagertua daraman Triciaren senarra, hiltzat ematen dute. Callie, Triciaren ahizpa txikia bere kabuz ikertzen hasten da, etxe ondoan duten tunel batekin topo egiten duen arte…
Zergatik ikusi?
Aurrekontu murriztua duen filma. Oso bitxia eta erakargarria. Minutuak pasa hala tentsioa handiagotzeko gai dena. Axolagabe utziko ez zaituena, hau da, bikaina edo sekulako txorakeria irudituko zaizu. Amaitzeko, filma ikusi duzuenentzat galdera bat: eta armiarma hori, zer?
Calvaire
( 2004, Fabrice Du Welz )
Zeri buruzkoa da?
Askori hondatu zaigu kotxea noizbait. Pelikula honetako protagonistaren arazoa ordea, non hondatu zaion eta zeinek eskaintzen dion laguntza da…
Zergatik ikusi?
Fabrice Du Welz zuzendari belgikarrak eginiko drama beldurgarria eta argumentu gordinekoa. Momentu txarrak pasaraziko dizkizuna (hau teorian, beldurrezko film bat defenditzerako garaian, positiboa da ezta?) Pertsonaien iluntasuna sentitu eta gaiztakeria arnasten dugu minuturo. Laurent Lucas eta Jackie Berroyer bikain.
À l’intérieur
( 2007, Alexandre Bustillo, Julien Maury )
Zeri buruzkoa da?
Gabonak bere etxean bakarrik pasako dituen Alysson Paradis, haurdun dagoen alarguna bat da. Emakume arraro batek atea jotzen duen arte…
Zergatik ikusi?
Frantziatik datorren beste beldurrezko pelikula basati bat. Printzipioz oso sinplea den gidoi batekin, oso urduri jartzeko gai dena. Minari oda bat. Gore eta biolentzia oso altukoa. Bikaina, iluna eta ezberdina. Béatrice Dalle izugarri. Ez dut gauza bera berriz errepikatu nahi, baina derrigortua nago: kultuzkoa bilakatu den beste pelikula.
Ils
( 2006, David Moreau, Xavier Palud )
Zeri buruzkoa da?
Clementine eta Lucas basoaren erdian bizi den bikote gazte bat da. Gaua erortzean, zuhaitzen artean, “presentzia” bat ageri dela konturatzen dira, ez daude bakarrik, “beraiek” daude…
Zergatik ikusi?
Oso elementu gutxirekin beldurrezko film paregabe bat egin daitekeela frogatzen duelako, efektu digital garesti edo parafernalia handirik gabe. Soinuari garrantzia emanez gero izugarrizko etekina atera daitekeenaren erakustaldia.Pertsonaiak pixka bat lauak izan arren, interpretazio aldetik bikain ageri dira.
Mum & dad
( 2008, Steven Sheil )
Zeri buruzkoa da?
Lena, Heatrowko aeroportuan lan egiten duen emakume bat da. Birdie, bere lagun berriak, gaua bere gurasoen etxean pasa dezan eskaintzen dio, egunero etxera eramaten duen autobusa galdu baitu. Orduan hasten da amesgaiztoa…
Zergatik ikusi?
Pelikula deserosoa, basatia, nazkagarria. “Torture-porn” azpigeneroaren beste adibide bat. Planteamenduan oso erradikala izan arren, humore beltzarekin duen nahasketa horrek asko leuntzen duena. Aktoreak bikain.
Storm warning
( 2007, Jamie Blanks )
Zeri buruzkoa da?
Bikote batek barku bat alokatzen du, eguna arrantzan pasatzeko. Ekaitzaren ondorioz galdu eta etxe batean babestea erabakitzen dute, maizter berezi batzuk daudela ohartu gabe.
Zergatik ikusi?
Hasiera batean National geographiceko dokumental zoragarri bat ikusten ari garela dirudi, paisai polit eta lasaiekin. Behin ekaitza datorrenean hau dena pikutara joan eta akziora pasatzen da pelikula. Azalean, Storm warning “Survival” azpigeneroan beste pelikula horietako bat dirudi, baina kasu honetan ez da horrela, oso gustura ikusten baita hasieratik bukaeraraino. Oso entretenigarria.
The tunnel
( 2011, Carlo Ledesma )
Zeri buruzkoa da?
Australiako telebista kateko langile talde bat, Sydneyko tuneletan murgiltzen da istorio baten bila, beraiek izango direla istorio horren parte jakin gabe…
Zergatik ikusi?
“Dokumental faltsu” modura grabaturiko filma. Nabarmentzekoa errealismoa, argazkia, anbientazioa eta tentsioa. Hasierako minutuak nahiko motelak izan arren, azkeneko 30 minutuen erritmoa eta tentsioa bikaina da.
Haute Tension
( 2003, Alexandre Aja )
Zeri buruzkoa da?
Marie eta Alexia, azken honen gurasoen etxera doaz azterketak prestatzera. Etxea basoaren erdian dago eta beraien intentzio guztiz islatzea da azterketak ezin hobeto prestatzeko. Lasaitasun hau eten egingo da gauaren erdian tipo bat azaltzen denean…
Zergatik ikusi?
Alexandre Aja zuzendari frantziarraren bigarren filma (2006ean The Hills Have Eyes bikaina zuzendu zuen). Gaur egun slasher on bat egitea nahiko zaila da eta hau izan liteke salbuespen horietako bat. Beldurrezko filmen zaletu guztiak ikusi beharrekoa. Film honen bukaera “harrigarriari” buruz (niretzako iruzurti xamarra baina tira…) asko hitz egin den arren, nire ustez indartsuena hasierako zati guztia da eta batez ere Cécile De Franceen interpretazio bikaina ( 2003 urtean Sitgesen aktoresa onenaren saria jaso zuen)
Eden lake
( 2008, James Watkins )
Zeri buruzkoa da?
Asteburua laku batean igarotzeko plana zuen bikote batek, eten egingo da nerabe koadrila bat gerturatzen zaienean…
Zergatik ikusi?
Pelikula biltzen duen atmosferak, krudelkeri, indar eta intentsitatez betea dago. Potentzia handiko filma.Momentu askotan gogaikarria. Lehen begiratuan argumentuak ez du nobedade handirik eskaintzen, baina aipatu dudan atmosferak eta istorioa kontatzeko duen moduak, nabarmentzeko pelikula bilakatzen du. Antzezleen artean aurpegi ezagunak, Michael Fassbender aktore haundia, Thomas Turgoose (This is england filmeko protagonista) eta Kelly Reilly.
La casa muda
( 2010, Gustavo Hernández )
Zeri buruzkoa da?
1944 urtean gertaturiko kasu erreal batean oinarritua. Etxe zahar batean,torturatuak eta mingainik gabe hainbat gorpu aurkitu zituzten. Kasua konpontzeko gakoa, bertan aurkitu zituzten argazki beldurgarri batzuk izan ziren.
Zergatik ikusi?
Uruguaitik datorren beldurrezko film independientea. Bi datu oso berezirengatik ikustea merezi duena: batetik Canon EOS 5D Mark II argazki makinarekin filmatua dagoela (lehen pelikula hegoamerika osoan horrela filmatua eta bigarrena munduan). Eta bestetik 72 minutuko plano sekuentzi bakar batean dagoela grabatua, hau da, inongo mozketarik gabe hasieratik bukaeraraino (izugarrizko balentria). Ez dut esango pelikula bezala izugarria denik, baina baditu goraipatzeko hainbat momentu eta nahiko entretenigarria da.
The Descent
( 2005, Neil Marshall )
Zeri buruzkoa da?
Espeleologia egiteko asmotan doazen sei lagunek, ezin dute imajinatu ere egin zer topatuko duten kobazulo horien barrenean.
Zergatik ikusi?
Zerrenda osotik bost film nabarmendu beharko banitu ziur “The Descent” aukeratuenetako bat izango litzatekeela. Beldurgarria, izugarria eta sekulako akidura sortzen duena. Sei protagonistak kobazulo labirintiko horietan sartzen diren momentutik , zu zeu zarela ibilaldi horren parte dirudi eta momentu askotan arnasa falta zaizunaren sentsazioa datorkizu. Azken hamar urteetan egin den beldurrezko film onenetarikoa. Pertsonaia oso landuak eta antzezlea guztiak, nahiz eta nahiko ezezagunak izan, bikain.
Triangle
( 2009, Christopher Smith )
Zeri buruzkoa da?
Jess eta bere lagunak egun pasa doaz itsasora belaontzi batean. Ekaitza dela eta noraezean geratzen dira, barku zahar bat azaldu eta laguntza eskaintzen dieten arte.
Zergatik ikusi?
Hasteko gidoi on bat duelako,sinplea baina zirrikiturik gabekoa. Beldur ukituak dituen thrillerra. Ideia oso sinplea baina mugaraino ezin hobeto aprobetxatua. Hori bai, oso garrantzitsua filmari buruz gehiegi ez irakurtzea eta argazki edo bideorik ez ikustea, jakingo duzue zergatik.
Bedevilled
( 2010, Jang Cheol-soo )
Zeri buruzkoa da?
Bi emakumeen arteko topaketa urte mordoa ikusi gabe, eta honek eragingo dizkien ondorioak…
Zergatik ikusi?
Hego Koreatik datorren filma.Tentsioa, atmosfera eta istorioak duen progresio bikainak, pelikula ezberdin batean bilakatzen dute. Hasiera batean drama bat dirudien arren bere garapen motelak pixkanaka lehertuarazi egiten du. Teknikoki bikaina batez ere argazkiaren arloan. Xehetasun txikiz osaturiko filma.
Excision
( 2012, Richard Bates Jr. )
Zeri buruzkoa da?
Pauline 17 urteko neska gazte batek helburu asko dauzka bizitzan, birjintasuna galdu edo kirurgialaria izan esaterako. Guzti hau, gauero asaldatzen duen amets odoltsu batzuekin nahastuz, psikotika bitxi bat bihurtuko dute.
Zergatik ikusi?
Nerabe garaiari buruzko istorio psikologiko, eszentriko eta ikaragarria. Originala, nazkagarria, dibertigarria eta beldurgarria era berean. AnnaLynne McCorden karakterizazio eta interpretazio bikaina. Irudi nazkagarriei inmuneak direnentzat bakarrik gomendagarria.
Kill List
( 2011, Ben Wheatley )
Zeri buruzkoa da?
Jayrik eta Galek lan bat burutu behar dute: zerrenda bateko pertsona guztiak hiltzea.
Zergatik ikusi?
Arrastoa uzten duen pelikula horietakoa. Akzio gutxikoa baina gidoi bikainekoa. Gorabeherak dituen arren, minutuak pasa hala birmoldatu egiten dena. Bisualki indartsua.
American Mary
( 2012, Jen Soska, Sylvia Soska )
Zeri buruzkoa da?
Filmeko protagonistak Mary du izena eta medikuntza ikaslea da. Diru arazoak direla eta, kirurgia ilegalaren mundu malkartsuan sartzea erabakitzen du.
Zergatik ikusi?
Katharine Isabelle eta filmeko pertsonaia sinestezin guztiak. Entretenigarria eta dibertigarria. Gai polemikoa izan arren ez da batere morbosoa eta ez da interbentzio kirugikoetan esplizituki sartzen. Ezberdina eta estetikoki oldarkorra.
Låt den rätte komma in (Let the Right One In)
( 2008, Tomas Alfredson )
Zeri buruzkoa da?
Oskar, eskolan erasoak jasaten dituen 12 urteko ume bat da, bere bizilagun berri eta misteriotsua ezagutzen duen arte, Eli.
Zergatik ikusi?
Gai honi buruz sekula egin den film onena delako. ( ez dizuet esango konkretuki ze gai den, istorioaren parte garrantzitsua den zerbait ez kontatzeko). Beharrezko duen erritmo motel eta izoztu horrek pelikula ezberdina, originala eta zoragarria bilakatzen duelako. Beldurrezko zerrenda honetatik at, pelikula onenen zerrenda orokor batean jarriko nukeena. Ezinbestekoa.
Hurrengorarte!
2 Iruzkin
Trackbacks/Pingbacks
- Ikusi beharreko (eta ziurrenik ezagutuko ez dituzun) beldurrezko 25 film | hezpide.com - […] http://www.argia.eus/blogak/gaizka-izagirre/2014/03/26/ikusi-beharreko-eta-ziurrenik-ezagutuko-ez-di… […]
eskerrik asko!
astero astero aho zabalik uzten gaituzu zure artikuluekin… eta gaurkon ere 10/10 hori bai, nil beste nat gehituko nuke TRUCO O TRATO! ikusia duzu?