“Oggi sciopero”, Berlusconiren aurkako blogogreba
“Oggi sciopero”, gaur greba egingo dut. Italiako blogari ugarik paratu dute mezu hori euren web guneetan. “Questo blog alza la voce contro il bavaglio del DDL Alfano”. Blog honek ahotsa altxatzen du Alfano lege proiektuaren kontra. Besterik ez dute idatziko gaur. Silvio Berlusconi sex symbolaren latigazoei aurre egitea dute xede. Izan ere, Alfano izeneko legeak gartzela zigorra aurreikusten du intertzeptaturiko telefono deietako edukiak plazaratzen dituzten kazetarientzat. Eta “okerreko informazioa” 48 orduko epean zuzentzen ez duten blogarientzat, 13.000 euro arteko isunak. “Internet da Berlusconik kontrolatzen ez duen gauza bakarra, eta zentsuratu egin nahi du”, diote Enzo di Frenna, Marco Travaglio eta Alessandro Gilioli bezalako blogariek. Prentsa idatziko kazetariek ere grebarekin bat egiteko asmoa zuten, baina Alfano dekretuaren inguruko eztabaida parlamentarioa atzeratu egin denez, deialdia bertan behera utzi dute.
Grebaren web gunea: Diritto alla Rette.
Berlusconik hain berezkoa duen irribarrea egin eta blog hori ikustean bere buruari esango dio: “Oggi scopo” (gaur larrua joko dut. Itzulpen ez-akademizista).