TAV Baskonia
Barrenak askatzera noa… Saskibaloia gustuko dut. Barçazalea naiz txikitatik. Caja Laboralekoak dira koadrilakoak, badakizue, TAU ohiaren aldekoak. “Barçak dirua du, TAUk borrokarako grina”, kokoteraino naukate Caracter Baskoniarekin.
Zoritxarrez, noizean behin izaten dut euren odol beroa apaltzeko aukerarik. Pasa den asteburuan lortu nuen azkenekoz, Baskoniako jokalarien kamisetetan, Caja Laboral-eko logoaren azpian, “TAV Y Euskadi” publizitatea ikusi nuenean.
Kontxo. Lehenengo Caja Laboral-Euskadiko Kutxa eta orain Tren de Alta Velocidad-Abiadura Handiko Trena. Herriak herriarentzat sortutako bi enpresa-proiektu saskipea dominatzen. Caja Laboralenak ez ninduen harritu. Normala eta logikoa da erabat. AHTren publizitateak ordea gogor kolpatu nau. Egia da instituzio publikoak kirol taldeen babesle moduan ikustea ohitu egin garela jada, baina TAV marka horrela saltzea… Ez da Baskonia, gainera, haren publizitatea erakutsiko duen bakarra. Bizkaia Bilbao Basketek ere hala egingo du BECen jokatuko dituen partidetan, eta litekeena da aurrerago Donostiako Lagun Aro taldeak jokaldia borobiltzea. AHTren irudia gizarteratzeko estrategia ona da. Eztabaida gizarteratzeak ez du zentzurik.
Jon Iñaki Uribe AHT-ren Aurkako Asanbladako kideak hauxe dio Sindominio.net-en:
“Ez da kasualitatea Athletic-ek bere kamisetan erakutsi duen lehendabiziko publizitatea Petronor-ena izatea. Muskizko (Bizkaia) Koke plantaren aurkako mugimendua bizi-bizi zegoenean, publizitate kontzeptu berria frogatu zuten. Ezaugarri gisa ditu eztabaida soziala isilaraztea, oposizioa marketin kolpe bidez deuseztatzen saiatzea eta sinboloaren (futbol taldea) eta markaren (dirua) artean sentimenduzko identifikazioa sortzea. Estrategia horren bigarren urratsa Bizkaia Bilbao Basket eta Caja Laboral Baskonia ‘TAV Euskadi’-rekin patrozinatzea izan da. Kirol profesionala, masa ikuskizun mediatiko gisa, erabaki politikoak legitimatzeko plataforma bihurtzen da, sozialki erroturik dauden instituzioen erabilera manipulatzaile eta pribatizatzaileen bidez”.
Badakit Baskoniazale askok iritzi horrekin bat egiten dutela. Badakit nahiago luketela AHTren publizitaterik ez eramatea. “Baina kirola kirola da”. Eta dirua diru, Bartzelonan, Gasteizen, Bilbon eta kintokarajon.
AHT aurrera, AHT atzera…
AHTren erritmoan jolasten gera. TAV-Baskoniaren kontuari Eusko Jarularitzaren 2010erako aurrekontuek eman diote segida aste honetan. Asteartean onartu zituzten, eta asteazkeneko egunkarietako titularretan AHT zen protagonista. Carlos Agirre Ekonomia sailburuak zioen zenbait sailetako aurrekontu murrizketak AHTri eragingo ziola, obrak mantsotu egingo zirela. Iñaki Arriola Garraio sailburuak ezetz, erritmo berean jarraituko dutela. 2010ean 225 milioi euroko inbertsioa izango du Abiadura Handiko Trenak. Aurten egindako obretan 50 milioi euro gastatu dira, 2009ko aurrekontuetan 517 milioiko partida onartu bazen ere. Hortaz, 2010ean aurten halako bost jasoko du AHT-k. “Obrak ez dira mantsotuko, azeleratu baizik”, esan du Arriolak. Denborak esango du.
Informazio gehiago:
- Bilbao Basket y Caja Laboral lucirán publicidad del Tren de Alta Velocidad (El Correo, 2009-10-21)
- Petición para que TAV patrocine también al GBC (El Diario Vasco, 2009-10-24)
- Lakua propone «Spain» y «TAV bai» en las camisetas (Gara, 2009-10-18)
- La ‘Y’ no sufrirá más retrasos (El Páis, 2009-10-29)
- El Gobierno vasco ralentizará las obras de la “Y” tras haber apremiado al anterior Ejecutivo (Deia, 2009-10-28)
- El Presupuesto vasco ralentiza las inversiones pero garantiza el ritmo de las obras del TAV (El Diario Vasco, 2009-10-28)
Baskoniazalea banaiz ere, artikulu bikaina, Jon. Oker ez banago, txuriurdinek ere AHTa eraikitzen ari den enpresa baten publizitatea daramate elastikoetan… inguraturik gaude! Kar-kar… Ondo ibili!