Antibirusak eta galtzontziloak
“Lasai, pardillokeria tipikoenetako bat da”, esan dit lankide tximaluzeak, halakoetan erakutsi ohi duen irribarre aluarekin. “Jendeak bi galtzontzilo janzten ditu hotzetik babesteko, edo bi pare galtzerdi… normala da ordenagailuan bi antibirus jarrita babestuago egongo zarela pentsatzea”.
Antibirusa animalia bakartia omen da. Alboan espezie bereko beste izaki bat badu, haserretu eta elkarri putakeriak egingo dizkiote. Badakit ez dela oso azalpen teknikoa, baina funtsean hori gertatzen da: bat egin eta indarrak biderkatu beharrean, elkar joka hasten dira. Kolpe guztiak, noski, ordenagailuak, haren jabeak eta hura konpondu behar duenak jasotzen dituzte.
“Ea, nola azalduko nizuke…” Antza, Axier Lopez –nire lankide orojakilea– sobera minduko ez nauten hitzen bila ari da. “Antibirusak sistema eragileen barnealdeko puntu guztietara sartzen dira, memoria, fitxategiak, mezu elektronikoak… elementu guztiak pasatzen dira bere iragazkitik. Imajinatu bihotzeko ebakuntza egin behar dizutela, eta bi mediku batera dabiltzala bisturiarekin, ‘hau horrela egin behar da’, ‘oker zaude, beste modu honetara egitea hobe da’ eta halakoak esanez. Lagundu baino, elkarri traba besterik ez diote egingo”. Antibirusekin berdin. 1+1 = -2. Microsoft konpainiaren eta Windows sistema eragilearen aurkako speech batekin amaitu du bere jarduna nire aholkulari pertsonalak. “Linux-ekin ez da birusik zabaltzen!”.
Batzuetan, hobeto ipurdia agerian, bi galtzontzilorekin baino.
Argituta Jon. Ni zu bezela nengoen gai honen inguruan. Ideiak argitu dizkidazu. Eskerrik asko, ze konparazio ona bisturiarena!
Antivirus Panda = Panda de amigos con el virus de la Gripe A