Garraio publikoak emakume sentiarazten ninduenekoa
Iruñerrian, eskualde mailako garraio publikoa erabiltzen duten herritarren %78 emakumeak eta %22 gizonezkoak dira, Mankomunitateak emandako datuen arabera.
Ehuneko horiekin bat datoz zortzi urtetan lanera joateko erabili nituen tren (Renfe) eta autobusetako (TSST) datuak. Horregatik erosi nuen autoa. Nire maskulinitatea hain zegoen zartatua…
Bereziki aipagarria da autobusen kasua. Goizeko 8:00ak inguruan hartzen nuen Andoainen, eta %78 hori motz geratzen dela esango nuke. Batzuetan, adibidez, gertatu zitzaidan gidaria eta ni izatea gizonezko bakarrak… eta halere alboan ez inor esertzea, dena esan behar bada. Bidaiarien %90 Donostiara etxeak garbitzera zihoazen andreak ziren. Tartean hiruzpalau etorkin zeuden, guztiak edo gehienak hegoamerikarrak, uste dut. Horrek pentsatzera eraman ninduen. “Goitik beherako gizona al naiz?”
Renferi buruz zer esan. Benetako gizon bakarrak noizean behin sartu-akojonatu-irtena egiten duten guardia zibilak dira, eta ez da ezergatik, baina horiek, geroz eta urrunago, hobeto. Beste urtebete gehiago garraio publikoa erabiltzen eta buruko-min susmagarriak pairatzen hasiko nintzateke, topiko bat aipatzearren. Kosta zitzaidan ulertzea autoa gidatzen ez duen gizona ez dela gizon, zerbait arraroa baizik, zomorroa.
Orain pozik bizi naiz, tren eta autobusen gonapetik at. Agian, Abiadura Handiko Tren miragarria heltzean, berriro erabiliko ditut bide alternatiboak. Bai baitakit hura Osborneren zezena baino arragoa dela. Proiektua promozionatzen duen gorbatadun koadrila ikustea besterik ez dago. Ze gizon puskak! Eta zelako egiak esaten dituzten! Pentsa, badut inguruan trena azkenekoz Donostiara EGAko titulua jasotzera joateko erabili eta hala ere AHT beharrezkoa dela dioen lagunik. Haren buztanak gure parajeak nola limurtzen dituen ikustea ederra izango da. Eta oso maskulinoa.
Baina noan harira. Zergatik erabiltzen dute askoz ere emakume gehiagok garraio publikoa, autobusa batez ere, gizonezkook baino? Soilik autoek mutilengan duten erakarpen indarragatik al da? Badu loturarik botere sentipenarekin? Alegia, “gu, gizonezkook, hemen goian gaude eta zuek, emakumeok, hor beheran… kopiloto”. Gizarteko beste esparruetako eskema bera errepikatzen al da hemen ere? Gauza bera gertatzen al da beste autobus eta tren lineatan? Eta Bilboko metroan? Ehunekoak aldatu egiten al dira garraio publikoa pribatuaren benetako alternatiba bihurtzen denean? Kasu horietan gizon gehiago animatzen al da autoa albo batera uztera?
Emakundek eman berri dituen datuen arabera, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako gizonezkoek batez-beste 26.900 euroko soldata jasotzen dute urtean, eta emakumezkoek 19.700 euro, 7.000 euro gutxiago. Halaber, zatikako ordutegia duten lanpostuen %85,3 emakumeek betetzen dute, besteak beste etxearen zaintza (seme-alabak, senideak…) euren kargu dutelako. Izango al du horrek guztiak loturarik garraiobide publikoaren kontuarekin? Emakunderen arabera, lanbide-segregazioak emakumeak lan mota zehatz batzuetara bideratzen ditu, eta ez die lidergo postuetara heltzen uzten. Ba al du autoak zerikusirik lidergoarekin, putoamo sentsazioarekin?
Galderak bai, baina erantzun zientifikorik ez zait bururatzen niri. Izan daiteke aipatutako guztiaren nahasketa, ala ihes egiten didan beste faktore baten ondorio. Niri dagokidanez, lanerako joan-etorrian ordu eta erdi aurrezten dudalako erosi nuen autoa. Gustura jarraituko nuke lehen bezala, baina pazientziak muga bat du…
Generoen arteko aldeari buruzko bestelako azalpenik ba al duzue zuek?
Argi dago maskulinitate hegemonikoaren ondorioz gizonezko gazte askok galdu dutela bizia errepidean. Ez naiz datuaz gogoratzen, baina gizartean indarrean dagoen genero sistemaren ondorioz gizonezkoek istripuren bat izateko aukera handiagoa dute. Abiadura handia eta arriskuak hartzea, hau da, ezeren aurrean beldurrik ez agertzea, dira maskulinitate mota horren ondorio zuzenak. Eskerrak gizonezko guztiak berdinak ez diren.