#hautesporra irabazteko gida
“Zer egin behar dut Beranduegi web telebistako kideek hilaren 21eko bozei begira antolatutako #hautesporra irabazteko?”. Laguntza gisa, hemen duzue hedabideek egindako inkestetan oinarritutako kiniela bat, inork kopiatu nahi balu. Hautagaitza bakoitzaren ibilbidea eta taldeburuen sasoi puntua abiapuntutzat hartuta osatu dugu porra, txirrindularitzari buruko analisiak eredutzat hartuta.
EAJ (Iñigo Urkullu): Karisma handiko taldea –bere osotasunean; ez soilik hauteskunde hauetara aurkeztuko duena– eta historiako liderrik guapoena –Carlos Garaikoetxea pekatariaren baimenarekin–. Bere sasoi puntuak zalantzak sortzen ditu –pulpitu gainean zurrunegi ikusi dut–, baina zementuzko aldapa pikoetan aliantzak bilatzeko duen gaitasunari –ez baina bai, bai baina ez estrategia erabilita– eta beste alderdietako fitxaketei esker, balizko gabezia hori erraz beteko du. EAJk irabaziko ditu hauteskundeak, ez da dudarik. Hala diote komunikabideek egindako inkesta guztiek: 24 eta 27 eserleku artean ematen dizkiote galdeketa gehienek, Aztiker enpresak Naiz.info eta Gara egunkariarentzat egindakoak salbu. 28 ematen dizkio tartean behin eguneratuz joan den inkesta horrek. Gutxiago emango dizkiot nik, bi hedabide horiek EAJren emaitzak desitxuratzeko izan dezaketen tentazioagatik. Izan ere, zifra puztuta, EAJko militanteak gehiegi fidatu eta bozka egunean haietako batzuk etxean geratzea desio dutela uste dut.
Nire apustua, beraz, EAJ = 26 eserleku.
Vocento taldeko egunkariek 25-27 eserleku ematen dizkiote EAJri; Noticias taldekoek 24-25; eta El Mundok eta Eusko Jaurlaritzak 24-26.
EH Bildu (Laura Mintegi): Ez hain ekipo karismatikoa, eta taldeburu gisa aurrenekoz aurkeztuko den lider zintzoegia. Ez dut uste andereñoren erasoek pozoi gehiegi eramango dutenik, eta zaila izango du Urkullu bezalako azeria ezustean harrapatzea. Adi, dena den, “zaila” eta “ezinezkoa” ez baitira sinonimoak. Urriaren 21era bitartean edozer gerta daiteke, eta bide bazterrean tropelaren zain dauden zaletu askok Mintegiri bultzada ematea erabaki dezakete EH Bildukoek hauteskunde-karabanan fundamentuzko opariak botatzen badituzte: euskarazko txio batzuk, fiskalitate progresibo pixka bat, elikadura autodeterminazioa, burujabetza subiranogarria… Kontuak kontu, koalizioak ez du arazorik izango bigarren indar bozkatuena izateko, tropelaren atzealdean dauden taldeek nahikoa lan izango baitute kontrolez kanpo ez iristearekin. Kasu honetan ere Aztikerrek ematen du kopururik altuena: 24 eserleku. Gainerakoak 20-23 artean geratzen dira. Gutxien El Mundok ematen dizkie: 20 eserleku. Ez dakit zer pentsatu. Ez dut uste Garak eta Naizek EH Bilduren boto-emaileak etxean geratzea nahi dutenik, eta El Mundok boto-emaile horiek zifra hain baxuarekin probokatzea… Tira, EAJk 4 eserlekuren aldea aterako diola pentsatzen dudanez:
Nire apustua, EH Bildu = 22 eserleku.
Vocento taldeak 21 eserleku ematen dizkio, Jaurlaritzak 21-23 eta Noticias-ek 21-22.
PSE-EE (Patxi Lopez): Taldeak geroz eta karisma gutxiago du eta pedal kolpe traketsarekin datorren lider maczaleak hilaren 21ean galduko du geratzen zaion sinesgarritasun apurra. Alderdiko kirol-zuzendariek taldeburu moduan Patxi Lopez mantendu izana ez dago ulertzerik, ez bada –auskalo zergatik– maldan behera kontrolik gabe doala ikustearekin nahikoa ez, eta amildegitik behera erortzea desio dutelako. 2009an 25 eserleku lortu bazituen –EAJk baino 5 gutxiago–, inkesta guztiek sekulako zartakoa aurreikusten diote oraingoan. 15 eta 18 eserleku artean jasoko lituzke PSEk, salbu eta Aztikerren arabera (12 ematen dizkio hark). Gertuago ikusten ditut 15-16tik. Ni Zumarragakoa bainaiz –badakizue, Gipuzkoan PSEren esku dauden hiruzpalau oasietako batekoa– eta badakit sozialisten deskalabruak sekula ez direla izaten politologo abertzaleek aurreikusi bezain handiak.
Nire apustua, PSE-EE = 15 eserleku.
Vocentok 15-16 eserleku ematen dizkio; Noticiasek eta Jaurlaritzak 16-17; eta El Mundok 16-18.
PP (Antonio Basagoiti): Karisma gutxiko taldea –ez soilik ARGIA.com-eko irakurleen begietara– eta lider ahul samarra, mitinetan-eta beldur gehien berak ematen duen arren. Apustua egitean zalantza gehien sortzen didan alderdia da: 9, 10, 11, 12, 13? Zaila da, gainera, PPren emaitza zerk baldintza dezakeen jakitea. Jarrera oldarkor bezain baldarra erakusten ari den liderrak, esan dugu, ez ditu erabaki ezinik dabiltzan boto emaile asko konbentzituko, bere programak ere ez du ezustekorik gordetzen, gehiago ari da beste taldeburuen gurpilei begira, zenbait adituren hitzetan haren boto-emaile batzuk EAJren alde egingo dute (EH Bilduk ez irabaztearren)…
PSEren eta PPren artean EAJk baino aulki gutxiago lortuko dituztela pentsatzen dut nik.
Nire apustua, PP = 10 eserleku.
Vocentok eta Jaurlaritzak ere 10 ematen dizkiote; El Mundok 12 eta Noticiasek 11-13.
Besteak: Ezker-eskuin, paisaiaz disfrutatzera datozen bi alderdiren –Ezker Anitzaren eta UPyDren– artean banatuko dituzte falta diren bi aulkiak. Ez litzateke harritzekoa izango, gainera, pastela txikiagoa izatea eta aulki horietako bat goiko alderdiren baten eskuetan erortzea. Inkestek diotenez Maneiroren alderdiak gehienera ere eserleku bat lortuko du (Araban), baina porra irabazi nahi duenak arriskatu egin beharko duenez… Gainera, Ricardo Sáenz de Ynestrillas mesiasak argi erakutsi die jarraitu beharreko bidea zein den, eta bidezidorrak hartzen espezialistak dira hauek, haien bila Madril inguruko lautadetaraino joaten diren arren.
Nire apustua, UPyD = 2 eserleku. Eta Ezker Anitza = 0 eserleku.
Dena den, hemen morboa duena da EAJren eta EH Bilduren artean zein alde egongo den jakitea. Nik abantaila handi samarra eman diot EAJri, baina badira EH Bilduk eserleku gehiago lortuko dituela pentsatzen hasiak direnak. Hala balitz, are morbo handiagoa izango luke Urkulluk lehendakaritzara heltzeko norekin negoziatuko duen ikustea, inork gutxik uste baitu EAJk karguari ihes egiten utziko dionik, emaitzak edozein izanik ere. Irabazleak zein aliaturekin gobernatuko duen asmatzeko beste porra bat antola genezake.
EH Bildu: 24
EAJ: 27
PSE: 12
PP: 9
EzkerAnitza: 2
UPyD: 1
Milesker zure ekarpena egiteagatik Markel (gehiago asmatzen badituzu leku txarrean lagako nauzun arren), baina #hautesporraren epailea Twitter da. Lehiaketan parte hartu nahi baduzu, egin Beranduegi saioaren jarraitzailea (Twitterren) eta bidali zure kiniela #hautesporra traolarekin. Zorte on!