Zergatik erosten dituzte arabiar boteretsuek Europako futbol taldeak?
Europako Txapeldunen Ligako azken fasea jokatuko duten zortzi futbol taldeen artean, Qatarreko petrodolarrek babestutako hiru daude: Bartzelona, Malaga eta Paris Saint Germain (PSG). Al-Thani dinastia boteretsua eta Qatar Sport Investment inbertsio funtsaren adarrak ageri dira operazio guztien atzean.
2010ean Bartzelonak akordioa sinatu zuen Qatar Foundation-ekin (QF). 2016ra bitartean 170 milioi euro jasoko dituzte kataluniarrek. Irabazi asmorik gabeko erakunde erdi-pribatua da QF. 1995ean sortu zuen Hamad bin Khalifa Al-Thani jekeak, Qatarreko emirrak. 2013-14 denboraldian Qatar Airways hegazkin konpainiaren izenak ordezkatuko du QF-ren logoa.
Malagaren egoera ekonomiko kaskarra medio, 2010ean taldea erosi egin zuen Abdullah ben Nasser Al Thani jekeak, eta ordutik bera da Malagako presidentea. Besteren artean, akzioak ditu Dohako Bankuan, hainbat hoteletan, merkataritza-guneetan, bidaia agentzietan eta PhoneSat telefono konpainian. Malagak iaz lortu zuen aurrenekoz Txapeldunen Ligarako sailkatzea.
Qatar Investment Authority (QIA) inbertsio funtsa da, 2012az geroztik, PSG-ko akziodun bakarra. Tronurako oinordeko Seikh Tamim Bin Hamad Al Thani da QIAren jabea, eta Nasser Al-Khelaifi negozio-gizona PSG-ko presidentea. Qatarreko Tenis Federazioko presidentea da Al Khelaifi, eta Al Jazeera Sports-eko zuzendaria. PSG munduko talde aberatsenetakoa da egun. 2011-12 denboraldian 108 milioi euro xahutu zituen fitxaketetan, beste inork baino gehiago.
Arabiar aberatsek zergatik erosten dituzte futbol taldeak?
“Gutiziagatik, kapritxoagatik”, uste dute askok: “Nahikoa diru dute eta euren burua ezagutzera emateko modua da”. Oker daude.
Arabiar boteretsuek ez dituzte Europako futbol taldeak erosten soilik ospea lortu gura dutelako. Ongi pentsatutako operazioak dira, etekin ekonomiko ahalik eta handiena lortzea helburu dutenak.
2011n, esaterako, Marbellako portua handitzeko obrak nork egingo zituen iragarri zuen Andaluziako Diputazioak: Nasir Bin Abdullah & Sons konpainiak, Malaga taldea erosi zuen jekearen enpresetako batek. Urte hartako apirilean, Dubaiko Royal Emirates Group inbertsio taldeak Getafe futbol talde espainiarra erosi zuen. Bada, konpainia horrek M-45 errepidetik hurbil kirol-hiri handi bat eraikitzeko proiektua mahai-gaineratu zuen handik denbora gutxira. Hiriak izango lituzke 25.000 ikuslerentzako futbol zelai berria, zelai txikiago batzuk, hotel bat, laku bat… Proiektuak aurrera egiten badu, gaur egungo zelaia bota eta etxebizitzak eraikiko dituzte bertan.
Beste inbertsio funts batek, Abu Dhabi United Group for Investment and Development Limited taldeak, Manchester City futbol taldea erosi zuen 2008an, 250 milioi euroren truke. Fitxaketetan beste 480 milioi euro xahutu ditu, baina ez dirudi garestiegi aterako zaionik. Izan ere, futbol zelaiaren inguruan 1.120 milioi euroko hirigintza-plana ari dira garatzen.
Qatargate: ustelkeria zantzuak
Europako Txapeldunen Ligan duen presentziatik haratago, Qatarren influentzia agerian utzi du 2022ko Munduko Futbol Txapelketa jasotzeko hautatu izanak. Futboleko goi-organoak pozik azaldu dira, baina izendapenak ustelkeriaren mamua astindu du: France Football aldizkari frantziarrak pasa den urtarrilean salatu zuenez, ustez Qatarrek erosi egin zituen bere aldeko botoak.
Qatargate izeneko erreportajeak Nazioarteko Futbol Federazioa (FIFA), Michel Platini UEFAko presidentea, Angel Maria Villar Espainiako Futbol Federazioko presidentea eta Nicolas Sarkozy frantziar presidentea ditu jomugan, besteren artean.
2010eko azaroaren 23an, 2022ko Mundialaren egoitza hautatzeko bozketa-eguna baino astebete lehenago, Parisen egindako “bilera sekretuaz” mintzo da France Football. Astekariak dioenez, Sarkozy, Platini, Tamin bin Hamad Al-Thani printzea eta Sebastien Bazin Colony Capital-eko ordezkaria zeuden bilera horretan. Garai hartan zorrek itotako PSG taldearen jabeetako bat zen Colony Capital. Bada, ustez, Al-Thani printzeak aipatu bileran erosi zuen taldea. Halaber, Parisen bildutakoek kirol munduari buruzko telebista kate berria sortzea erabaki zuten, Sarkozyk begiz jota zeukan Canal Plus katearekin lehiatuko zena.
Trukean, Platinik Qatarren alde bozkatuko zuen; eta ez AEBen alde, hasiera batean aurreikusi bezala.
2010eko abenduaren 2an, Joseph Blatter FIFAko presidenteak iragarri zuen 2022ko Munduko Txapelketa Qatarrek jasoko duela, hainbat arazori aurre egin beharko zaien arren. Platinik, adibidez, Txapelketa neguan jokatzeko eskatu du, udan 40-50 gradu izan ohi direlako Qatarren. UEFAren araudia aldatzea ekarriko luke horrek, baina handiak dira interesak…
Al-Thani dinastiako kide bat da, Mohammed bin Hamad Al-Thani jekea,“Qatar 2022” hautagaitzaren batzordeko presidentea.
Iruzkinik ez
Trackbacks/Pingbacks