Incal: galaxia paraleloetan katramilatua
Nahitaez irakurri beharreko komikia dela uste du jende askok. Liburua utzi zidanak ere gauza bera pentsatzen du. Laga zidanean, ordea, gomendio bakar baina “inportantea” eman zidan: “Irakurtzen hasi baino lehen erre ezazu peta bat”. Garesti ordaindu nuen jaramonik egin ez izana.
El Incal baino kabroiagorik! Komikiak umeentzako direla diotenei eskatuko nieke liburu hori irakurtzeko, eta ondoren idatzi dezatela fundamentuzko testu iruzkin bat, argumentuaren nondik norako guztiekin eta pertsonaien erradiografia psiko-meta-suprafisiko osatuarekin, lizeo garaian egiten genituen horietakoa. Eta ez izateko beldurrik amaiera deskubritzeko, gustura jango dudala bidea argituko didan spoiler bat.
Gaur arte, liburu bakar batek ere ez nau El Incalek bezain nahasirik sentiarazi. Ia hasieratik bukaeraraino estropezuka, noraezean. Ez naiz unibertso paraleloetara eramaten gaituen zientzia-fikziozale amorratua; super-boteredun super-heroi gutxik lortu dute nire onespena; Star Wars, Alien eta Matrix bezalako pelikulek ez naute hunkitzen; Bibliako pasarterik ez dut sekula irakurri… Beharbada horregatik kosta zait haria jarraitzea. Entrenamendu falta.
Saiatu naiz gauzak sinplifikatzen, pertsonaiak “zintzoak” eta “gaiztoak” multzoetan sailkatzen, eta ulertu dut giza eta estralurtar zibilizazioen akaberaren eta aro berriaren atarian gaudela, eta aliantzak beharrezkoak direla garaipena lortzeko eta Incal-ak botere bereziak ematen dizkiola barruan daramanari. Agian hori besterik ez da azken finean, baina…
Beste inori pasa al zaio gauza bera? Ala ni naiz bigarrenez irakurri beharko duen pertsona bakarra?
Onartu behar dut, bestalde, psikodelia otxentero ukitudun marrazki-koloreak ederrak direla. Ilustrazioak egokienak dira gidoi horrentzako, eta gidoia egokiena da ilustrazio horientzako, nonbait irakurri dudan moduan.
Fitxa
El Incal (jatorrizkoan L’Incal). Norma Editorial.
Jodorowski (gidoia) eta Moebius (marrazkiak).
Sei liburuk osatzen dute L’Incal saila. 1981 eta 1989 artean plazaratu ziren: L’Incal Noir (Incal beltza), L’Incal lumière (Incal argia), Ce qui est en bas (Behealdean dagoena), Ce qui est en haut (Goialdean dagoena), La cinquième essence I-Galaxie qui Songe (Bosgarren esentzia I-Amesten duen galaxia) eta La cinquième essence II – La planète Difool (Bosgarren esentzia II-Difool planeta).
Orrialdeak orotara: 312 (koloretan).
Egin ez zen filmaren trailerra
1980ko hamarkadan, Pascal Blais zuzendariak zinemara eraman nahi izan zuen Incal komikia. Proiektuak ez zuen aurrera egin, baina Pascal Blais Studios enpresak filmaren trailerra egin du, jatorrizko materiala digitalki tratatuta. Hemen duzue emaitza:
4 Iruzkin
Trackbacks/Pingbacks
- | Slump doktorearen zaintiratua - [...] zergatik, baina honek bai, jarriak nituen espektatibak aise gainditu ditu, Jodorowski eta Moebiusen Incal-ek lortu ez zuena, [...]
A ze kronika tristea halako komiki handiarentzat!! Moebiusek errespetu handiagoa merezi du. Kristoren artista zen eta bere herotzak pena handia eragin zigun askoi. Ez zituen bakarrik ilustrazio egokiak egin, istorioan ere parte hartu zuen. Ahal baduzu, irakurri Incalen edizio zahareetako aleak, berdin berdinak dira baina handiagoak, eta irudien espektakularitatea hobeto dazta daiteke.
Uler dezaket testuak mindu izana Pernan, baina horixe islatu nahi nuen, nire ezintasuna kritika sakonagoa egiteko. Agian Moebius desprestigiatzen dudala eman dezake. Ez zen hori intentzioa. Berriro irakurtzen ari naiz, eta egia potoloa da gauza mordoak egin zidala ihes lehenengo irakurraldian, baina oraindik ere… Tira, ea edizio zaharragoa eskuratzerik badaukadan, nahiz eta marrazkien ikusgarritasuna ez dudan zalantzan jartzen. Eta bai, hurrengorako gauzak bi bider leitu eta fundamentuz epaituko ditut. Milesker oharragatik!
Hau sorpresa! Eskerrik asko erantzunagatik. Tira, ez naiz harro nire jokabideaz, ez zait “gauza negatiboak” esatea gustatzen; gehienbat interneten, non dirudienez bakarrik “datsegit” ala ixiltzeko tokia daukagun… Tira, niretako Incalak nire bizitza baldintzatu du, ni naizena neurri batean bere errua da. Hainbeste flipatu dut, hainbeste alditan! Eta ez naiz bakarra Euskal herrian, beste komikilari flipatu askok gauza bera esan didate… Zein den ona, zein gaiztoa, zer gertatzen den… niretako hori gutxienekoa da. Aparkatu burmuina irakurri baino lehen, aurre egin komiki honi nerabe baten begiekin… Be water, my friend! Besarkada bat!
Aupa, Jon Tornerren komiki kritika gehienak gustura irakurtzen doaz. Kasu honetan baina… kasu honetan baina… beragaz… %100 ados! Ez “El Incal” ona edo txarra delako baizik gustoen gainean bakoitzak bereak dituelako (eta “El Incal”en kontu honetan, kasualidadez edo , bat nator berarekin, horrek ez du liburua hobe edo txarragoa egiten) . “De culto” etiketak primeran daude abadeen mezetarako baina ez kritikaren esparruan.