Nor salbatu du Fernando Alonsok?
Fernando Alonso Formula1-eko pilotu asturiarrak Basque Cycling Team sozietatearen UCI World Tour lizentzia erosteko aurre-akordioa sinatu du. Enpresa horrek kudeatzen du Euskaltel-Euskadi, abuztuaren 20an bere desagerpena ofizialki jakinarazi zuen taldea. Euskaltel-Euskadi salbu dagoela esan nahi al du horrek? Ezetz uste dut (ziklismoari, oro har, mesede egiten diola pentsatzen dudan arren).
“Jarraipena, trantsizioa eta internazionalizazioa” dira proiektu berriaren ardatzak, Alonsok bere webgunean sareratutako prentsa oharrean dioenez:
“Talde berriak errespetatu egingo ditu 2014 eta 2015erako Euskaltel-Euskadirekin akordioak loturik zeuzkaten txirrindularien kontratuak. Jarraipena ematea desio dugu, eta apurka-apurka handitzen joatea, tropeleko gizonik onenak fitxatuz, nazioarteko proiektu bateranzko trantsizio moderatua eginez. Epe ertain-luzerako helburua da mundu mailako erreferentziazko taldea osatzea”.
Zer esan nahi du horrek?
2015era arte bederen, Euskaltel-Euskadiren egiturak nolabaiteko jarraipena izango du, taldeari izen berria jarri eta egoitza nagusia Asturiasen izango duen arren. Igor Gonzalez de Galdeanok jarraituko du kirol zuzendari moduan, Samuel Sanchez izango da taldeko liderra eta aurten laranjaz jantzita ikusi ditugun beste hainbat ziklista ere Alonsok bultzatutako proiektuan izango dira, baita gainerako profesionalak ere: masajistak, mekanikariak… Epe motzera begiratuta, beraz, euskal txirrindularientzat albiste ona dela ezin uka.
Datorren urterako kontratua indarrean daukaten hamalau ziklisten artean Mikel Nieve, Igor Anton, Gorka Izagirre eta Mikel Landa daude. Lortuak zituzten datorren denboraldirako aurre-akordioak talde desberdinekin, baina Euskaltel-Euskadik ez zien askatasun-agiria eman. “Orain badakigu zergatik”, diote Biciciclismo webguneko kideek: “Ikusteke dago txirrindulari horiek Fernando Alonsok babestutako talde berrian jarraituko duten ala ez”.
2015etik aurrerako panorama, ordea, ez da hain baikor agertzeko modukoa, “jarraipenaren” ondoren baitatoz “trantsizioa” lehenik eta “internazionalizazioa” ondoren. Burutazioak irakurri dizkidala dirudien (eta, bide batez, analisian aurreratu egin zaidan) Egoitz Lizasok Tropela.net webgunean honelaxe azaldu du: “Ez dakit zenbat landuko zuen proiektua Alonsok gaurdaino, baina seguru negoziaketetan merkeago aterako zitzaiola 2014an oraindik kontratua duten langileekin jarraituta. (…) Egitura bat-batean desegin beharrean urtebetez luzatuko den desegitea izango da, nire ustez jabe berrien beharrek eta ekonomiak erraztu duen luzapena. (…) Ez dut uste Euskaltel eta bere proiektua salbatzea denik. (…) Diotenez enpresa berriak egoitza Asturiasen izango luke eta bertako txirrindulariak taldeko parte izatea ere asmoen artean dago. Pentsatzen dut hau Alonsok batu dituen gainontzeko babesleen nahia era izango dela”.
Gauza bere uste dut: Alonsoren esku-hartzeak ez du Euskaltel-Euskadiren proiektua salbatuko, ez behintzat ia gaur arte ulertu dugun moduan. Gustatuko litzaidake oker egotea, baina… Badaezpada ere, berriro diot: ziklismoarentzat albiste ona dela uste dut, eta euskal txirrindularientzat, epe motzera begiratuta ere bai. Bai behintzat Euskaltelekin kontratua indarrean dutenentzat.
Javier Cepedano marketing adituak ere epe motz eta luzera begirako aldeez hitz egin du Cobbles&Hills webgunean: “Motzera begiratuta, Alonso mezenas bezala heltzea albiste oso ona da, “10” bat emateko modukoa, baina denbora luzeago baterako nota jarri ahal izateko, proiektuak zein garapen izango duen ikusi beharra dago”. Babesleak nortzuk izango diren jakitean gauza batzuk argituko direla dio Cepedanok. Bere hitzetan, proiektuaren atzean Fernando Alonso “marka” egoteak enpresa ugari erakarri dezake. Banco Santander izan liteke babesle nagusia, hainbat hedabidek dioenez.
Bestalde, Alonsok kontuan hartu beharko lituzke Euskaltel-Euskadik urte hauetan guztietan ongi egindakoak, baita txarto kudeatutako kontuak ere, Euskadi Fundazioarekin izandako ika-mika kasu. Ongi egindakoen artean, noski, gaur egun puntakoak diren txirrindulariei eman zaizkien aukerak.
2 Iruzkin
Trackbacks/Pingbacks
- Fernando Alonsoren taldeak staff berria izango du | Slump doktorearen zaintiratua - […] baita kontratuak dauzkaten batzuek ere taldea laga dezaketela. Baina pentsatzen ez genuena da –nik behintzat usaindu ere ez nuen…
Alonjsok inor ez du sabatu. Salbatzera etorri dela ez dut entzun ez irakurri. Bakarrik euroak ipini ditu. Orain galdetu ez ountako txirrindlariei ez Euskalteleko beste langileei puntakoa ez direnak.
Salbatzaileak gu EuskalHerriko txirrindutzaileak ez gara izan. Laranjaz Tourrera joatea erreza da baina gero euroak ipintzeko orduan nork?. Horrelakoak askotan gertatzen da ez. Bai Argia edo Berrian. Euskaldunak eta abertzaleak ehundaka millaka eta arpidedun….
Alonsok(ez naiz Alonso zale) ez du inoiz onor sabatuko duenik.
Aupa Jose, milesker idazteagatik
Ea, pausoz pauso.
>>> Irrati, telebista eta periodiko askotan irakurri genuen atzo Alonsok Euskaltel “salbatu” duela (ez bere ahotik, onartu beharra dago). ETB2n, esaterako, Klaudio Landaren programan, hori zen eztabaida-goiburu: “Alonso salva al Euskaltel”. Eta beste hiru adibide:
1 – Los milagros existen: Fernando Alonso salva al Euskaltel – El Mundo
2 – Fernando Alonso salva al equipo ciclista Euskaltel – RTVE.es
3 – Fernando Alonso salva al Euskaltel. El Correo
>>> Epe motzera begiratuta (2 urtera-edo), Euskalteleko profesionalei egin die erabakiak batez ere (edo soilik) mesede. Epe luzera begira ez dut hain argi. Uste dut testuan nire iritzia argi geratu dela.
>>> Onartzen dut, Tourrera laranjaz jantzita sekula joan ez den euskal zaletu bezala, ez dudala Euskaltel salbatzeko euro bakarra jarri. Baina ez dut uste horretaz eztabaidatzea merezi duenik. Agian norbanakoez baino instituzio, elkarte, enpresa eta abarrez ari zara…
>>> Argia eta Berria… Zer esan nahi duzu, euskaldun eta abertzaleak ehunka milaka direla, eta gure harpidedunak askoz ere gutxiago? Tamalez bai, baina hori aparteko beste kontu bat da.
Izan ongi,
jon torner