Asterix, gaur; Tintin… 2052an!
Gaur argitaratu da Asterix eta piktoak, heroi galiarren abenturak biltzen dituen komiki berria. Goscinny gidoilaria 1977an hil zen, eta harrezkero Uderzo marrazkilariak egin zituen bildumako komiki guztiak. Liburu honek, ordea, ez darama haren sinadura, Jean-Yves Ferri gidoilariarena eta Didier Conrad ilustratzailearena baizik. Frantziarrak biak, 1959an jaio ziren, Asterixen lehendabiziko abentura –Asterix galiarra– publikatu zen urtean hain justu.
Asterix eta Obelixek komiki honetan Kaledoniara bidaiatu dute, erromatarren garaiko Eskoziara. Halaxe deitu zieten kaledoniarrei: “Piktoak” edo “gizaki margotuak”.
Euskarazko edizioa Bruño argitaletxeak plazaratu du, Usua Lasak itzulia. 12,90 eurotan du salgai bere webgunean.
Tintin, 2052an, domeinu publikokoa izatera pasa aurretik
Tintin bildumaren gaineko eskubideak kudeatzen dituzten Casterman argitaletxeak eta Moulinsart elkarteak jakinarazi dutenez, komiki berria plazaratuko dute… 2052an!
Zergatik orduan? Bada, 2053an beteko direlako 70 urte pertsonaiaren sortzaile Hergé komikigile belgikarra hil zela. 70 urte. Justu orduan pasako litzateke Tintin domeinu publikokoa izatera; eta haren kudeatzaileek ez dute nahi inork hura plagiatzea.
“Hergék ez zuen nahi bera hiltzean beste inork Tintinen abentura berriak sortzea; komikia 2052an argitaratuta, edozein pertsonak abentura berriak edozein modutan egitea ekidingo dugu”, adierazi dute Casterman eta Moulinsarteko ordezkariek.
Iruzkinik ez
Trackbacks/Pingbacks