Euskaltel, jotako ahariaren moduan
Txirrindularitzaren oraina eta geroa mahai-ingurua egin zen atzo Urretxun, Goierri kirol elkarteak antolaturik. Hizlariak, lau: Xabier Usabiaga ETBko kazetaria moderatzaile lanetan, Gorka Izagirre eta Garikoitz Bravo Euskalteleko ziklista ohiak, eta Australiako Orica taldeko mekanikari Iñaki Goiburu.
Hizpide izan zituzten kontuen artean, Euskaltel Euskadiren ingurukoek harritu ninduten gehien. Ez hainbeste Alonsoren proiektu frustratuarenak, baizik eta taldearen egituraketa eta plangintzari buruzkoak.
Harritu ninduen, adibidez, Movistar taldearekin fitxatu berri duen Gorka Izagirrek esatea Euskaltelek taldekako erlojupekoak sekula ez dituela ganoraz prestatu [“ganoraz” hori nire uztakoa da]: “Entrenamenduetan ez ditugu landu. Kontuan izanik txirrindulari guztiak 100 kilometroko tartean bizi garela, elkartzea erraza litzateke, baina…”. Publikotik galdetu zioten ea nola den posible taldean Samuel Sanchez bezalako ziklista bat izanda –itzuli handietan podiuma helburu zuena–, bi minutu galtzera eraman zaitzakeen diziplina ez lantzea. “Ez dakit, utzikeria izan daiteke agian…”, erantzun Izagirrek.
Garikoitz Bravok adierazi zuen “gustura” egon dela Euskaltelen, baina Usabiagak eta publikoak ez zuten gehiegi xaxatu beharrik izan jasandako tratuagatik mindurik sentitzen dela azaleratzeko: “Beste talde batzuetan gehiago baloratu dute egiten nuen lana. Ez didate beste txirrindulari batzuei bezainbeste kasurik egin. Badirudi gure artean kategoriak zeudela”. Eta publikotik batek: “Eta zuk Gorka, zer pentsatzen duzu horretaz?”. Ormaiztegiarrak ez zion galderari iskin egin: “Bai, nik ere hala ikusi dut, baina tira, ez dut uste hainbesteko garrantzirik duenik”.
Fernando Alonso eta NerGroup: Ezinaren ikur
Alonso aferari dagokionez, Izagirrek uste du Formula1-eko pilotuak txirrindularitzaren mundua gehiegi ezagutu gabe erabaki zuela proiektua abiatzea: “Nire ustez, gauza gehiegi jakin gabe sartu zen, eta arazoak zeudela ikusi zuenean (laguntzaileen antzinatasuna ordaindu beharra, egoitzaren balizko kokagunearekin gora-beherak…), taldea ateratzerik ez zuela konturatu zen. Konturatu zen ekonomikoki hobe zetorkiola itxarotea. Bestetik, Euskaltelek ere soka tenkatu zuen eta…”
Usabiagak heldu zion hari horri: “Iruditzen zait Euskaltelek ahalik eta galera ekonomikorik txikiena sufrituta saldu nahi izan zuela taldea, eta horregatik estutu zuela negoziaketetan. Alonsok, bestalde, uste zuen Euskaltelen egitura erostea nahikoa izango zela UCI World Tour ligan –Frantziako Tourrean– aritu ahal izateko, baina UCIk ezezkoa eman zionean, babesleek atzera egin zuten. Gainera, hutsetik eraiki nahi duen proiektuak ere arazoak izango ditu Tourra korritzeko. Alonsok uste baino konplikatuagoak dira gauzak”.
Euskadi Fundazioaren eta Ner Groupen arteko akordioak eten izanaz ere mintzatu ziren solaskideak. Usabiagaren hitzetan, “Ner Groupek ez zuen Miguel Madariaga [Euskadi Fundazioaren burua] nahi, baina haren egitura [Fundazioa bera] bai. Dirua jartzeko prest zegoen, baina ez dira Madariagarekin konpondu“.
Garikoitz Bravo zen Ner Group taldean aritzekoa zen txirrindularietako bat. Portugalgo Efapel taldearekin lotu du kontratua azkenean: “Madariagak lan handia egin du, baina izan telebistaren zein prentsaren bidez, ohartzen zara beti dagoela saltsaren batean sartuta. Inork ez du garbi hitz egin nahi. Portugalen gustura nago, nigatik apustu egin dute”.
Materiala eztabaidagai
“Zenbat bizikleta dituzue entrenamenduetarako?”, galdera publikotik. “Nik bakarra, errepidekoa”, erantzun Bravok. “Nik bi, errepidekoa eta, tartean behin, erlojupekoetan aritzekoa”, Izagirrek. Atzera Bravok: “Erlojupekoak prestatzeko Bilbora [Euskatelen egoitzara] joan behar nuen, han bizikleta bereziarekin entrenatu eta autoan buelta berriz etxera”.
Oricako mekanikari Iñaki Goiburu talde profesionalek duten materialaz hitz egiten hasi zen orduan: “Geroz eta talde handiagoa izan, are aukera zabalagoa izango duzu: bizikletak, gurpilak… Zentzu horretan Sky da nagusi, besteok baino bi bider aurrekontu handiagoa duelako”.
Ziklista guztiak berdin zaintzen ote dituzten galdetzean, baietz esan zuen Goiburuk: “Izan Simon Gerrans [taldeko liderretako bat] edo beste edozein, nik denak berdin tratatzen ditut”.
“Gustatuko litzaidake hori hala ote den konprobatzea!”, bota zuen Bravok, Euskaltelen mamua uneoro alboan izan zuenak [hala sumatu nuen nik behintzat].
Ni, globero ibilbidean, sekula ez naiz izan materialari garrantzia handiegia ematen dioten horietakoa. Aitzitik, zerbeza baten truke mekanikari gisa kontratatzen ditudan lagunek ganorabako xamarra naizela esan ohi didate. Horregatik harritu ninduen atzo publikoak hainbeste galdera egitea bizikletei buruz, aldagailuez, frenoez… Egiari zor, deskonektatu egin nuen tarte batez, baina bi ideia jaso nituen behintzat. Batetik, Goiburuk esan zuen aldagailu elektronikoak askoz ere eraginkorragoak direla, ez dela soilik fabrikanteen marketin kontua. Eta bestetik, gaineratu zuen disko-frenoak direla etorkizuna. Izagirrek eta Bravok onartu zuten oraindik ez dituztela erabili, ez behintzat errepideko bizikletetan. Mendikoan eta ziklokrosekoan bai, ordea.
Ziklokrosa hizpide, Izagirrek esan zuen Euskalteleko arduradunek ez ziotela modalitate hori praktikatzen uzten, “arriskutsua” delakoan. “Nire ustez aberasgarria da, esplosibitatea eta teknika lantzeko aukera ematen duelako. Hemen lehiatzeko baimena eskatu nien, azarotik aurrera asteburuetan ziklokrosean aritu eta astean zehar errepidean entrenatzeko baimena, baina… Movistarreko buru Eusebio Unzuek ere ez dit utzi, arriskutsua delako hark ere”.
UCIren puntu-sistema, txarrerako
UCIren puntu-sistemak kritika ugari jaso du hura aplikatzen hasi zirenetik, liderrei mesede egin eta gregarioak kaltetzen dituelakoan. Uste berekoak dira Urretxun izan ziren profesionalak. Goibururen hitzetan ez da sistema ona: “Taldeko txirrindulari batzuek lan mordoa egin dezakete liderraren alde, eta halere punturik ez dute jasotzen. Lehen alde ekonomikoa bazegoan liderraren eta gregarioen artean, orain puntuetan ere badago. Talde txikiak mugatzen ditu, gainera, dirurik ez daukatenei kalte egiten die. Traba ugari jasotzen dute. Ez da posible Kaiku bezalako talde bat Espainiako Itzulira ez gonbidatzea. Babesleak taldea lasterketa horretan ikusten ez badu…”
“Azken finean, taldea txirrindulariaren menpe geratzen da”, adierazi zuen Izagirrek: “Futbolean esaterako ez da halakorik gertatzen. Ekipo bat 2. mailara jaitsi behar bada, Messi fitxatuta ere ez da [automatikoki] salbatuko. UCIren egitura inbutu modukoa da: talde indartsuenek aurrera egiten dute, baina gainerakoek…”
Faboritoak: Indurain, Zulle eta Vinokourov
Aretoaren aurrealdean zeuden zale gaztetxoak besoa altxa eta galderak egiten ikustea poztekoa da. Haietako batek, gaztetan euren faboritoak zeintzuk ziren galdetu zien Izagirre, Goiburu eta Bravori.
“Indurain”, Izagirrek. “Zulle”, Goiburuk. “Vinokourov”, Bravok.
Gaztetxoen galderari tiraka, gaur egun zein ziklista dituzten gustuko esateko eskatu zien Usabiagak. Harbideei dagokienez, Cancellara aipatu zuten Izagirrek eta Bravok; eta Stybar Goiburuk. Itzuli handietarako, ziklistarik onena Froome dela esan zuten Izagirrek eta Bravok, baina eurek gustuago dutela Nibali. Valverderen alde egin zuen Goiburuk. Azkenik, Liege-Bastogne-Liege moduko egun bateko lasterketen kasuan, Valverde aipatu zuten hiruek, Bravok gaineratu zuen arren ‘Purito’ gustuko duela.
Beste hainbat konturi buruz hitz egin zuten lau mahaikideek, baina dopinaren gaia ez zuen inork aipatu, ez haiek, ezta publikoak ere. “Ez dakit txirrindularitzaren munduan gauzak aldatzen ari ote diren ala ez, baina eskertzekoa da dopinari buruzko galderarik ez egitea”, bukatu zuen moderatzaile-xaxatzaile lanean oso txukun aritu zen Usabiagak.
Oso ona blogeko sarrera, Jon.
Hala ere, txirrindularitzaren inguruko mahai-inguru batean dopina aipatu ere ez? Ze mahai-inguru klase da hori?
Egunon Marino,
Milesker. Egia esan, dopinarenak ni ere harritu ninduen, baina hain modu naturalean joan zen mahai-ingurua (gai labainkorrak ukitu zituzten arren), gaia ateratzeak giroa gaiztotu, nahastuko zuela, eta, agian, gonbidatuak atrintxeratzera eraman. Nabari zen ziklismoa gustuko zuen jendea zegoela, zikloturistak, txirrindulari eskolako haurrak, lasterketak-eta antolatzen aritzen direnak, materialaz piloa zekitenak… Ez dakit egokiena ote den (periodistikoki-eta), baina uste dut guztiok eskertu genuela dopinaren kontua ez ateratzea.
Izan ongi,
Jon