Asterix eta piktoak: Zaharrak berri
[Ez dut uste komiki kritika honetan spoiler gehiegi idatzi dudanik, baina Asterix eta piktoak irakurtzeko asmotan bazabiltzate, hobe duzue hemendik alde egitea. Ezuste gutxi eskaintzen du istorioak, daudenak aurrez ezagutzeko]
Goscinny gidoilaria 1977an hil zen, eta harrezkero Uderzo marrazkilariak egin ditu Asterix bildumako komiki guztiak, Zerua buru gainera datorkigu tartean –irakurle batzuen zoritxarrerako–. Liburu berriak, ordea, ez darama haren sinadura, Jean-Yves Ferri gidoilariarena eta Didier Conrad ilustratzailearena baizik. Asterixek eta Obelixek behe-lainoak hartutako Kaledoniara bidaiatu dute oraingoan, erromatarren garaiko Eskoziara, “piktoak” edo “gizaki margotuak” bizi diren lurraldera.
Egileek, euren estreinako lanean, apustu kontserbadore xamarra egin dute. Galiarrengandik “hurbil” dagoen lurralde historiko batera eraman dituzte Asterix eta Obelix, bildumako abentura klasikoenetan gertatu den moduan: Asterix eta godoak, Asterix eta normandoak, Asterix Belgikan, Asterix Hispanian…
Ohiko osagaiak ditu komikiak: galiarren arteko adar-jotzeak, lur ezezagunetara bidaia, erromatar inbasoreak, piratak, irribarre goxo itxura lerdeneko zintzoak eta arratoi aurpegi zurbildun gaiztoak, amaierako oturuntza… Gehi lekuan lekuko topikoak, kasu honetan Eskoziakoak: klanak, gonadun gizonak –erromatarren garaian halako jantzirik ez zeramaten arren–, Ness lakuko munstroa, pentsamenduak lausotzen dituen malta-edaria, enbor jaurtitzaileak…
Bada zerbait, ordea, faltan sumatu dudana: Malaletxe dosi handiagoa, nolabait deitzearren. Esaterako, Asterixen komikietan erromatarrek sekulakoak jaso ohi badituzte, ale honek dituen 48 orrialdeetan belarrondoko bi besterik ez dizkiete eman. Ez dakit kasualitatearen fruitu den, ala estrategia politikoki zuzenago baten ondorio. Gehitxo dela hori esatea? Auskalo. Datozen komikiek esango digute gure susmoek oinarririk duten ala ez. Esango diguten moduan Ferrik aukerarik izango ote duen gidoi apur bat berezi edo konplexuagoak sortzeko, Asterix-en ohiko eskeman enkortsetatua sentitu dugu-eta.
(Joder, garai batean ez nintzen hain mizkina galiarren abenturekin. Komiki batzuei 12 urteko gaztetxoen begiekin so egiten ikasi beharko dut. Teorian haiei zuzendurik omen dago Asterix…)
Marrazkiei dagokienez, Conradek disimulurik gabe jarraitu dio Uderzoren trazuari, bi egileen irudiak desberdintzea ezinezkoa izateraino, pertsonaia nagusien kasuan bereziki. Eta eskertzen da. Portzierto, Uderzok berak aukeratu du Conrad bere ondorengo bezala.
Euskara sinesgarria
Itzulpen txukuna egin du Usua Lasak, koherente eta sinesgarria, izan pertsonaien izen xelebreen kasuan, birao eta hitz-jokoetan, zein komikian ageri diren abestiei dagokienean: Ingelesez utzi ditu jatorrizko bertsioan hala zeudenak, eta euskaratu egin ditu frantsesezkoak. Horregatik ageri dira Beatles-en letrak batzuetan, eta euskarazko “eta zu goruntz begira” edota Niko Etxarti keinu egiten dion “Piktia rock and rolling, uuuuu” besteetan, Usuak azaldu bezala.
Petral antzean jarrita, badira zangotrabatu nauten kontutxoak, nahiz eta itzulpenagatik baino, izan den ignorantziagatik eta, ziurrenik, Asterixen komiki asko gaztelaniaz irakurri ditudalako. Esaterako, galiarrek Aenor –Ness lakuko munstroa– “igaraba” handi batekin alderatzean, hiztegira jo behar izan dut zein animaliari buruz ari diren jakiteko. “A, nutria!”. Bestetik, ez nuen gogoan galiarren herrixkako agureari euskaraz “Agekanonix” izenez deitzen zitzaionik, jatorrizko frantsesean bezala. Gaztelaniazko “Edadepiédrix” aspaldian geratu zitzaidan iltzaturik eta…
Etxean bila aritu naiz baina ez dut euskarazko Asterix zaharrik aurkitu. Inork Agekanonixen inguruko frikizalantza argitzerik balu, eskertuko nioke: hala deitu al zaio beti euskarazko edizioetan?
[Eguneraketa] Euskarazko Wikipedian sartu eta hara, Asterixen pertsonaien artean Prehistorix dago! Izen hori bai, ezaguna zait. Badirudi, gaztelaniazko bertsioan gertatzen den moduan, herriko agureari izena aldatzen diotela itzultzaileek.
Izenburua: Asterix eta piktoak
(Jatorrizkoa: Astérix chez lec Pictes)Egileak: Jean-Yves Ferri (gidoia)
Didier Conrad (ilustrazioak)Itzultzailea: Usua Lasa
Urtea: 2013
Argitaletxea: Bruño
Neurria: 22,5 x 29,5
Orrialdeak: 48 (koloretan)
Prezioa: 12-15 euro
Webgune ofiziala: Asterix.com
2 Iruzkin
Trackbacks/Pingbacks
- Asterix eta zuzenketak | komikeri - […] marrazki zein itzulpenaren gaineko hausnarketa interesgarriak Jon Tornerren Argiako Komiki Kritikak atalean aurkituko […]
Aupa Jon!
Guztiz ados Asterixen azken komikiari buruz egin duzun irakurketa honekin.
Txikitatik Asterixekin bizi izan ditudan abentura horiek jarraioena izango zutela eta berehala erosi nuen komikia. Baina espektatiba handiegiak jarri nituen.
Istorioak berak ez digu gauza berri gehiegi eskaintzen eta ia oharkabean iristen da irakurlea bukaerara. Kontaketako inflexio puntu gorena, horrialde eskas bateko borroka baten irudikapen eskematikoa baino ez da.
Ountu honetan akaso zu baino kritikoagoa izango naiz irudien dagokienean. Pertsonaia nagusiak oso antzekoak dira eta ezin izango nituzke Uderzoren lanetatik bereizi, baina nik bi marrazkilarien arteko aldea hondoko irudien xehetasunetan nabaritu dut. Uderzoren azken lanetan marrazkiek askoz informazio gehiago ematen zutela iruditzen zait eta ni neu pozik entretenitzen nintzen komikia bost edo seigarrenez irakurtzerakoan, hondoko irudi hoiek aztertzen eta hauetan izkutatzen ziren istorioak deskubritzen.
Azkenik Galiarren herrixkako agurearen izenari buruz, egia da komiki ezberdinetan izena aldatu izan zaiola. Une honetan ez ditut eskura Asterixen komiki zaharrak, baina euskaraz aurkitu ditudan Asterixen komiki guztiak erosi izan ditudanez begiratuko dut eta esango dizut. Nik ere Prehistorix bezala ezagunagoa dut baina Agekanonix bezala ere ezaguna egiten zait.
Esan bezala begiratuko dut ea zure frikizalantza hori argitzerik dudan.
Bukatzeko aitortu beharra dut gaur deskubritu dudala zure blog hau eta benetan poztekoa iruditu zait komikiei buruzko frikikeriak euskaraz eztabaidatzeko gunetxo hau aurkitzea. Eskerrik asko beraz!
Aupa Eñaut,
Milesker eta eskerrikasko zuri, egindako ekarpenagatik. Inflexio puntuarenarekin guztiz ados (ze borrokaldi deskafeinatua!).
Bestetik, nik ere Asterixen komikiak dozena erdi aldiz irakurri ohi nituen, eta ez nintzen aspertzen. Uste dut bete-betean eman duzula (niri oharkabean pasa zaidala onartu beharra daukat): Uderzoren marrazkiek askoz ere informazio gehiago ematen zuten. Xehetasunetan dago aldea.
Ongietorri eta hurrenarte Eñaut,
Jon