Israeli boikota kirol arloan: Zergatik? Nola?
Israelen aurkako BDS boikot kanpaina kirol arloan hitzaldia eman dute Hala Bedi irratiko Uhintifada saioko kideek Gasteizen. Ekimeneko Koldo Alzolarekin mintzatu gara, Maccabi Tel Aviv saskibaloi taldea erdigune duen kanpainaz batetik, eta EH-Palestina sareko ekintzaileei ezarritako zigorrei buruz bestetik.
Sei ekintzaile inputaturik eta 18.000 euroko isuna, hori da orain arte Maccabiren aurkako boikot ekintzengatik pairatu duzuen “jazarpenaren” emaitza…
Hala da. BDS (Boikot, Desinbertsio, Zigor) kanpaina 2005ean jarri zen abian mundu mailan, Palestinako eragile politiko, sozial eta zibilek bultzatuta. EH-Palestina sarea mugimendu horren inguruan antolatu zen, eta 2007an hasi genituen Maccabiren aurkako ekintzak, Israelgo Estatuaren ordezkari nagusienetakoa den heinean. Bi ekintzaile Baskoniaren aurkako partida osteko prentsaurrekora sartu eta Maccabiko entrenatzailearen agerraldia eten zuten. Lehen ekintza hark ez zuen ondorio legalik izan. Bitxiena da hedabide mordoa zegoen arren ez zuela apenas oihartzunik izan.
Ekintzak areagotzea erabaki genuen eta, era berean, bide formalagoak jorratzea. Erakundeekin bildu gara. Buesa Arena pabilioia Arabako Diputazioarena da. Haiekin bildu gara, Baskoniako ordezkariekin, Udalekoekin… Gure helburua da Maccabiren aurkako partidak ez jokatzea, ongietorririk ez egitea, eta bien bitartean, gutxienez Israelek eman nahi duen normaltasun itxura apurtzea, haien nahia baita partida hauen bitartez nazioartean duten irudi publikoa zuritzea.
Zigorrak jaso dituzue “legez kanpoko ikurrak erakusteagatik”, izatez legezkoak direnean.
Kontuan izan behar da Maccabi Gasteizera datorrenean Israelek bere legedi edo jurisdikzioa ezartzen duela pabilioi barruan eta inguruan, bi kilometroko eremuan. Muga horien barruan ezin da protestaldirik egin. Desobedientzia zibilaren bidea hasi genuen. Kantxara salto egin genuen birritan, partida mozten saiatzeko. Bi lagun inputatu zituzten, baina ez kantxara salto egiteagatik, erakutsi genituen ikurrengatik baizik. Palestinako banderak ziren. Eta Palestinako bandera nazioarteak onartzen du, NBEk onartzen du, Unescok, COIk… baina Israelek ez. Soilik Israelgo legediak debekatzen du. Hango legedia aplikatu zuten Gasteizen.
Inputatuetako beste batzuk harmailetan zeuden. 2012an, Indar Baskoniako hiru zalek salaketa jaso zuten, Sionismoa akatu lelodun pankarta erakusteagatik. “Terrorismoa goraipatzen” omen zuen. Baina sionismoa salatzea ez da delitu. Sionismoa ideologia arrazistatzat onartua dago nazioartean, hura arbuiatzea inon ez da delitu, Israelen salbu. Maccabi babes diplomatikoarekin dator, Israelgo ordezkaritza ofiziala delako.
Azkeneko partidan protesta gizarteratzen saiatu ginen. Ekintza sinboliko bi egin genituen. Maccabi kantxaratzean bizkarra emateko eskatu genien zaleei, eta partidaren ordulariak 19:48 markatzen zuenean berriro egin genuen gauza bera, bizkarra eman genuen, oihu egin, Israelgo Estatua 1948an jaio zela-eta. Orduan atera zuten Indar Baskoniakoek aipatu pankarta.
Maccabi da ikur nagusia, baina talde israeldar gehiago lehiatu da gurean, Hapoel adibidez.
Kirol arloan BDS mugimenduak ez du aldarrikatzen boikota talde edota kirolari israeldarren kontra, baizik eta Israelgo estatuaren ordezkaritza lana egiten dutenen kontra. Zentzu horretan, kirol taldeei boikota egin ala ez banan-banan aztertzen dugu. Hapoel Kiryat Shmona futbol taldea okupatutako hiri batean sortu zen, arabiarrei lapurtutako lurretan. Gure helburu bihurtu zen beraz. Athleticen aurkako partidan protesta ikusgarria bultzatu zuten Bilboko zaleek iaz.
Zein da horrelako ekintzen inspirazio iturria? Eredurik baduzue ala hutsetik sortuak dira?
Esan beharra dago kirola eremu oso labainkorra dela. Kirola kirola dela esaten digute, ez dela politikarekin nahastu behar, betidanik nahastuta egon direnean. Erregimen orok baliatu du kirola bere intereserako, naziek, esaterako, arraza zuriaren supremazia adierazteko. Boikot kanpainen erreferentea Hegoafrikako apartheidaren aurkako borroka da. Garrantzia handia izan zuen errugbi talde nazionalaren aurkako kanpainak, zurien supremaziaren ikurra zen neurrian. Kirolak balio sinboliko handia du, eta bide horretatik saiatzen gara normaltasun itxura apurtzen.
BDS egitasmoaren baitan elkarlanean aritzen al zarete?
Mugimenduak ez du estrategia zehatza markatzen. Helburuak bai, baina eman beharreko urratsak lekuan lekuko usadio eta baliabideek markatzen dituzte. Espainiako Estatuari dagokionez, Katalunian eta Andaluzian ere mugimendu handi samarra dago, nahiz eta baden alderik Euskal Herriarekin: Duela bost urte, Bartzelona-Maccabi partida batean, hamar zalek kantxara salto egin eta norgehiagoka eten behar izan zuten. 60 euroko isuna jaso zuen bakoitzak…
Israel ari al da sufritzen boikot kanpainaren ondoriorik?
Bai. Garaipenak arrapaladan datoz, astero ematen ari dira, xumeak batzuk, oihartzun handiagoa dutenak besteak. Irlandako akademikoek eta Stephen Hawkingek boikot kanpaina babestu izana, Scarlett Johanssonek Oxfam utzi beharra…
Desinbertsio arloan lorpen handiak ematen ari dira, bereziki Europa iparraldeko herrialdeetan. Hainbat banku eta inbertsio funts harremanak eteten ari dira Israelgo bankuekin. Euskal Herrian garaipen esanguratsu bat falta da, boikota agendan jarriko duena.
INPUTATUEI BABESA
Inputatuei babesa adierazteko hainbat ekimen antolatu dute EH-Palestina sareak eta Indar Baskoniak. Komite Internazionalistak taldearen webgunean duzue informazioa.
PALESTINARI BURUZ GEHIAGO…
Olibondoek zutik diraute. Lander Arbelaitz kazetariak Palestinatik idatzitako erreportaje mamitsua. BDS kanpainaz mintzo da, besteak beste.
Oso ona artikulua eta Koldoren elkarrizketa, dena den, komeni da gogoratzea Euskal Herrian izan dugun boikot-garaipen bakarra: Hondarribin egitekoak ziren Euskal Herria-Israel gastronomia jardunaldiak bertan behera geratu izana. Hondarribiko Udalak eta Gipouzkoako Aldundiak babestuak (2011z ari gara).
http://www.askapena.org/en/content/hondarribiko-ostalarien-elkarteak-bertan-behera-utzi-ditu-isrraeldar-sukaldaritzako
Indar Baskoniako betiko kide bezala nere/gure iritzia eman nahiko nuke. Indar Baskoniako kide ez ezik, internazionalismoan lanean nabilen pertsona bat naiz, azken urtean EH-Siria ekimenean adibidez edota bestelako elkartasun internazionalistak lantzen aritu naiz.
Elkarrizketa hau pertsona bateri egindako elkarrizketa da, eta horrexegatik ezin da denon iritzitzat hartu. Gainera puntu batzutan ezjakintasunean oinarritzen da zentzu baten (ez da kritika destruktiboa), baino Israel eta Maccabiri boikota kirol arloan ez zen BDSen eskutik heldu Euskal Herrira, ez eta gutxiago Gasteizera.
2005 geroztik EH-Palestina sarearen lana ona izan bada ere, argitu behar da “Israeli boikota”, (ez dinamika soilik baizik eta lan praktikoa kirol arloan) lehenagotik datorrela. EH-Palestinak gure pabeloian lana egin arren, gure harmailean egin diren ekimen guztiak Indar Taldearen erabakiz egin dira.
-95. urtean Baskonia-Hapoel Jerusalem partidoa zela eta hainbat ekimen burutu ziren, euren artean Palestinar erresistentziari sostengua ematen zioten pankartak atera genituen.
-2002an, Baskonia-Maccabi partidu baten ostean, Baskoniak gure hintxa taldea pabeloitik betirako kanporatzea erabaki zuen protesta batzun ondorioz. Istiluak izan ziren Israeleko zale, nahiz poliziarekin eta klubarekin zegoen harremana guztiz haustu zen. (non zeuden orduan, BDS boikot ekimena eta hainbat eragile politiko sozialak guri babesa emateko?). Ordutik aurrera, 8 urteko ibilbide nekagarria egin zuen gure taldeak, desagertzeko zorian geunden bitartean.
2004an, Tel Aviv “Final four”-raren kontrako kanpainan hartu genuen parte europako beste zaleekin batera (Italian batez ere, baina kanpaina europa mailan martxan jarri zen). Horren ardatz nagusia “segurtasuna” izan zen: gudan (zanpaketan) murgilduta zegoen herrialde baten kontrako kanpaina izugarria martxan jarri genuen. Sentsibilitate ezberdineko taldeekin batera (antirazismoa oinarri zeukan kanpainak) borrokan aritu ginen. Talde hintxa eta kolektibo sozial bat izanda, adierazpen politikoak transbertsalak izaten dira normalean eta era autonomoan hartzen ditugu erabakiak (lehen komentatu dudan bezala) eta guk markatzen ditugu gure helburuak, taktikak eta estrategiak.
“Israel ez da europa” leloa ere erabili ohi dugu, Baskoniazaleen artean arrakasta gehien eduki duen irakurketa delarik. Baita Mossaden presentzia salatzeko asmoarekin hainbat irakurketa eta lan-ildo “gure eskubide indibidual eta kolektiboak Israeldarrek urratzen dituzte” . Politika beti egon da presente gure harmailan nahiz eta boikotaren helburua lortzeko beste ildo eta diskurtso batzuk lantzearen beharra ikusi dugun.
Gure harmailan elkartasun ekimen dexente antolatu izan dira era autonomoan: kurdistan, Israeli boikot (ez soilik Palestina, baita Sirian edo Libanon egin dituzten sarraskiengatik, azken hauek ez ditzagun ahaztu). Hamaika pankarta egin dira, ez solik palestinaren alde, baita Hezbollah, FPLP, PKK edo Turkiako alderdi komunistaren alde (gose greba garaian). Atzo adibidez, Ukraniako errepublika sozialistaren bandera atera genuen, bertan ematen ari den sarraski inperialista salatzeko asmoarekin.
Era pertsonal baten eta iritzi gisa, kontraesan asko topatzen ditut BDSek proposatzen duen boikotarekin: BDS ekimena zeinek sortu du? zeinen mesedetan dago? zein da bere benetako eraginkortasuna? (ez dezagun ahaztu Erdogan genozidak Palestinari sostengua eman diola behin baino gehiagotan edo munduko sionista gehienek munduko estatu kolpe edota “koloredun iraultzak” finantziatu dituztela. Batzutan, Euskal Herriak Madrileko BDSaren intrukzioak jarraitzen dituelaren sensatzioa daukat. Gure taldearen kontrako atxiloketak, kriminalizazioa, errepresioa etabar izan direnean ixilik gelditu diren berdinak. Hauetariko batzuk, 5 urtetan behin dira “baskoniazaleak”, gu ordea egunero.
Hapoelen kontrako boikotarekin ez dakit oso ados nengoen edo ez. Alde batetik ezin ditugu israeldar guztiak saku berdinean sartu. Judutarrek Palestinan bizitzeko eskubidea dute. Hapoel talde gehienek (Jerusalem, Tel Aviv, etabar) Palestinako lurralde okupatuetan (Britaniarren menpe) bizi ziren langile judutarrek sortu zituzten. “Hapoel” langile esan nahi du eta ez dute inondik inora Maccabik ordezkatzen duena ordezkatzen, judutarrak dira baino sionismoa gorroto dute. EHrekiko elkartasun ekimenak antolatu dituzte behin baino gehiagotan.
Hori diskurtso politikoari dagokionez. Segurtasun aldetik eta talde israeldarrak izanda, boikota eta salaketa beharrezkoak direla argi daukat. Haiek europara ekartzen (eta inposatzen) dituzten neurri errepresioak Israeleko gobernuak agintzen ditu.
Errepresioa eta isunduei dagokionez: isun bakoitzeko diru kopurua oraindik ez dakigu zenbatekoak den. Esan dezakegun bakarra gure taldeak orain dela 2 hile atera zuen komunikatuan (GARAk publikatu zuen) agertzen den berdina da. Aurtengo Baskonia-Maccabi partiduan 4 identifikatu izan ziren; debekuak, katxeoak, metal-kontrola eta ostera Ertzaintza gure taldeko bi kideen etxean agertu zan “Sionismo Akatu” pankarta zela eta. Biak taldeko kide ezagunak eta militante konprometituak. Bat gainera gazte auziperatua. Madrildik, juiziotik heldu berri ospatu zen partidua. Eta gure hiriko kolektibo sozial, politiko eta komunikabide denak IXILIK. Guk emandako baldintzarik gabeko elkartasun zabal horren buelta ondion ITXOITEN.
Badakigu hintxak fama txarra daukogula batzuen artean, ageria da.
Maccabiren kontrako partidetan ematen den errepresio maila lotsagarria da, bai, baino egunerokotasunean pairatzen dugun errepresioa ere galanta da. 2006an “Kirol Legea” martxan jarri zenetik talde hintxek pairatu dugun errepresioa bortitza eta lotsagabekoa izan da. Gaur egun “Ley de ciudadania” horren esperimentuaren parte izan gara zaleok, beraien iritziz “marjinalak” garelako eta “babes sozial” falta hori baliatu dute gurekin nahi izan dutena egiteko. Lege arbitrario honen ondorioak latzak izan dira: milaka gazte zigortuak, milaka euroko isunak, pabeloira sartzeko debekuak…dena segurtasunaren eta legearen izenean. Eta gure eskubide kolektiboak eta indibidualak ez zaio inorri inporta? Hintxa izatea eta zure taldea animatzea delitua al da?
Kirolaren merkantilizazio prozesu honek kirola kapitalismoaren mesedetan jartzea du helburu. Zaleok borrokan aritu gara eta arituko gara gure printzipioen defentsan, gure kirolaren defentsan, gure kluba “Sociedad Anonimo Deportiva” bihurtu ez dadin, beste kirol eredu herrikoiago baten alde. Baita arrazakeriaren nahiz errepresioaren aurka. Hori da gure delitu bakarra: errebelde izatea.
EH-Palestina Sareak ez du inoiz mespretxatu Indar Baskoniak egiten duen lana. Are gutxiago, estrategia amankomun batean denok beharrezkoak garela planteatzen du Sareak. I-Bk urteak daramatza israelgo estatuaren bidegabekeria salatzen eta hori oso garrantzitsua da. Borroka horretan Indar Baskoniak eta beste taldetako kideek pairatu dituzte ondorioak, isunen, atxiloketen, eta identifikazioen bitartez. Horregatik, eta jende horri guztiari babesa emateko antolatu da, adibidez, otsailaren 22 honetan guztion artean Gasteizen prestatu dugun jaia.
BDS mugimenduaren inguruko zalantzak argitzea oso erraza da. Palestinatik sortutako ekimena da eta Palestinar herriak Europako (eta munduko) herrioi eskatzen digun esfortzu nagusienetakoa. Hego-Afrikaren ereduan oinarrituta, nazioarteko boikotik gabe zailagoa da Israelgo apartheid erregimenarekin bukatzea. Horregatik eskatu digute ozen eta argi Palestinako erakunde sozial eta politikoek BDSan parte hartzeko. Eta israeldar guztiak zaku berberean sartu gabe, BDS mugimenduak argi eta garbi esaten du Israelgo kirol ordezkariak diren erakundeei egiten diola boikot. (http://www.bdsmovement.net/).
EH-Palestina Sareak Euskal Herri bezala sionismoari erantzun amankomuna eman nahi dio. Horregatik, BDS mugimenduarekin bat egiten dugunean, geure printzipio internazionalistak jarraituta egiten dugu, ez beste inorenak. Euskal Herria eta Palestinaren arteko elkartasun zubi zuzena da.
Jarraitu Indar Baskonia sionismoari kaña ematen! Jarrai dezagun Israeli boikota egiten Euskak Herritik!
Gora herrien borroka!
Gazan gertatzen diren sarraskeriak munduko beste leku askotan gertatzen diren bezalakoak dira eta hemen ez dira hain sutsuki defendatzen, beno hobeto esanda, ezta hitzik ere esaten da. Afganistanen, Iraqen, Nigerian, Sudanen etabarren. Hau bakarrik ulertzen da nolabait alderatzen dugulako hamengo gatazka palestinakoarekin eta beste aldetik antiamerikanismoagatik. Txinan gizarte eskubideen urraketak ugari izan dira historian zehar, baina…ze jatorrak diren txinatarrak beti irribarre bat ahoan…