Txirrindularitza: Zer egin ikusle artaburuekin?
Frantziako Tourra abiatzear denean, lasterketa bertatik bertara ikustera joango diren zenbait illuminati hasiak izango dira txirrindularien alboan korrika egiteko zapatila egokien eta mozorro ahalik eta tontoenaren bila. Ez, ez zarete halakoak ikusi ezin dituzten bakarrak. Sare sozialetan ia urtero errepikatzen da eztabaida: Zer egin tamainako artaburuekin?
Tiroa eman, amildegitik behera bota, zuhaitzetatik eskegi, isun gogorrak ezarri, 48-72 ordurako atxilo hartu, motoetan kazetari gutxiago eta metrailadore gehiago eraman, errepide bazterrean polizia gehiago jarri, segurtasun-publizitate hesiak aurrerago ipini, alkoholaren kontsumoa mugatu, telebistaz haien irudirik ez eman (ez behintzat errepikapenak)… makina bat dira foro sozialetan irakur daitezkeen proposamenak. Astakeriak batzuk, koherenteagoak besteak.
Isunena iruditzen zait neurririk eraginkorrena, baina… Nor nork nola zigortu? Delinkuenteak nola identifikatu? Txirrindularien albo-atzean korrika hasten den jende oro gaztigatu behar al da? Ukitzen dituena? Haien segurtasuna arriskuan jartzen duena? Errepide bazterrean zintzo asko dauden zale batzuek ere –talde horretakoa naiz ni– ez al dituzte txirrindulariak arriskuan jartzen, igoera pikoetan bereziki, pasabide estu estua uzten dutenean? Auziak ez du soluzio errazik.
Hesi gehiago? Zertarako? Ikusleek aurrealdera egingo lukete salto. Gainera, antolatzaileei interesatzen al zaie? Txirrindularitza –ikuskizuna- ez litzateke bera izango, hori ziur. Polizia gehiago? Ez, milesker.
Cyclingnews webguneko foroan pista batzuk eman ditu Wirral izeneko erabiltzaileak, galdera batetik abiatuta: Zergatik egiten du hori jendeak? Hainbat faktore zerrendatu ditu.
- Aukera dute horretarako.
- Dibertigarria da (haientzat).
- Mozkorturik daude.
- Telebistan agertzen dira.
- Kirolari ezagun bat gertu gertutik jarraitu/ukitzea zirraragarria da.
- Ausardiaren erakusgarri da.
- Ez du ondorio negatiborik; ez da inor zigortzen.
- Uste dute ziklista animatzen eta laguntzen ari direla.
Bere hitzetan hauxe da funtsezko galdera: Faktore horietako zenbat desagerrarazi edo murriztu daitezke?
Zigorrik eza eta neurri apalagoan telebista emanaldiak –protagonismo kontua- dira nire ustez gako nagusiak, ergelkeria dosi handiak lagunduta, hori bai.
Tira, ez dakit telebistarengatik ote den, edo Youtubemaniagatik, norberak bere burua Interneteko –edo Whatsappeko– ikusienen artean paratu nahi izateagatik, gero eta gehiago baitira txirrindularien alboan korrika egiten hasi eta balentria mugikorrez grabatzen dutenak.
Ez, ez da erraza.
Zuek epaitu:
Goiko bi argazkietako eszena
Wouter Poels txirrindularia aurtengo Italiako Giroan
Aurtengo Giroan ere, Francesco Bongiorno, bera eta Rogers etapako buru zirenean…
https://www.youtube.com/watch?v=LUpk1pUP6aw
Alberto Contador, 2011ko Frantziako Tourrean
Iruzkin bat
Trackbacks/Pingbacks
- Selfiak, txirrindularientzat ipurdiko min | Slump doktorearen zaintiratua - […] Ikusle artaburuei buruzko posta sareratu nuen pasa den astean blogean. Besteak beste, zale askoren protagonismo goseaz hitz egin nuen,…
Ados. Baina batzuetan ikuslearen gehigozko parte-hartzea ez da soberan,
http://youtu.be/KlLi0Hrx9QE