Eta zuk, txirrindulari zaren horrek, zergatik ez duzu zergarik ordaintzen?
“Bizikletan dabiltzanek ere ordaindu beharko lituzkete zirkulazio-zergak”. Solaskide batek egin zuen proposamena, autoen eta bizikleten arteko elkarbizitzaz eztabaidatzen ari ginela. Batzuk alde, kontra besteok, diruz ordaindutako eskubideak erdigunean jarrita.
Taberna-giroan plazaratutako proposamen horrek agintari politikoen agendetan tartetxoa egina zuela ez nekien, lankide batek AEBetako Oregon estatuak hartu duen erabakiaren berri eman didan arte: bizikleta bat erosten dutenek %7ko zerga ordaindu beharko dute hemendik aurrera. Neurri horrekin milioi bat dolar baino gehiago biltzea aurreikusi du estatuak. Dirua pilatzeko erreminta aproposak dira zergak, ez dago ukatzerik. Badute ordea beste ondorio bat: jarduera konkretuak bultzatu edo murriztu ditzakete, Andres P. Mohorte kazetariak nabarmendu duen bezala Magnet webgunean argitaratutako artikuluan. “Jendeak erretzeari uztea nahi al duzu? Tabakoari zerga (handia) ezartzen diozu”.
Oregongo kasua berezi samarra da, besteak beste estatuak ez duelako BEZa aplikatzen. Horri so egin baino, dena den, erabakiak han-hemenka sortu duen eztabaidari helduko diogu ondorengo lerroetan. Batzuentzat erabat logiko eta bidezkoa da bizikleten gaineko zerga ezartzea, auto edota motoen kasuan bezala, azken finean txirrindulariek ere errepideak baliatzen dituztelako. Zergekin lortu nahi da azpiegituren mantenu-lanetarako baliabide gehiago izatea eta, bizikletaren kasuan, haientzako bide propioak eraikitzea eta horri esker bizikletaren erabilera sustatzea.
Txirrindulariek behar al dute ordaindu? Guztiek? Zenbat euro? …
Zenbait hiritako mugikortasun politikak medio, autoari espazioa jaten ari zaiola dio Magnet-eko kazetariak, eta hori lortzen dela inbertsioak eginda. Autoek diru-sarrera bat bermatzen dutenez (zirkulazio-zergen bitartez), ibilgailuak murrizteak ekarriko du Udalek diru-sarrera alternatiboak bilatu behar izatea; eta horietako bat bizikleta izango da. Esan dugu jada: argi dago bizikletei zirkulazio-zergak ezartzeak diru gehiago biltzea ahalbidetuko duela. Baina, horrelako neurriek bizikletaren erabilera sustatuko al dute? Bidezkoa al da zerga horiek aplikatzea? Ikus dezagun internautek zer dioten.
Enrique Calle (Engendro Mecánico):
Ados nago, txirrindulariok ordaindu egin beharko genuke. Orain, guztiok ordaindu behar izateak ez du zentzurik. Errepidera atera edota hiriko kaleetan maiz ibiltzen garenok bai, baina parkera doan 12 urteko umeak zerga ordaindu behar izatea, edo trafikorik ez dagoen leku batera iristeko errepidez metro gutxi batzuk egiten dituenak…
Baina, zenbat ordaindu beharko genuke? Motordun ibilgailuek karga, zilindro-bolumen eta beste faktoreen araberako zerga ordaintzen dute. Madrilen, 125 zentimetro kubiko baino gutxiago eta 12 zaldi dituen motoak 7 euro ordaintzen ditu. Proportzioari eutsita, bizikletak 3,5 euro baino gutxiago ordaindu beharko lituzke urtean.
Besteri eragindako kalteak estaliko lituzkeen aseguruari dagokionez: Kontuan hartu gabe etxeko aseguru askok bizikleta-istripuak kubritzen dituztela eta txirrindulari batzuek bizkarrak zaintzen dizkien federazio-lizentzia daukatela, Madrilen bizikleta-asegurua ateratzeak 25 euroko (urtean) kostua du.
Behin zerga eta asegurua ordainduta (matrikulazio-zergak doakoa izan beharko luke), bide publikoak erabiltzeko “eskubide osoa” izango genuke. Orain ere baditugu eskubide eta betebeharrak, baina errepidean “maileguan” sentitzen gara. Gainera, orain baino presio handiagoa egingo genuke: azpiegitura propio eta seguruak lortzeko, bidegorri sarea handitzeko, bazterbideak garbi mantentzeko… Eta, agian, txirrindularia ahulen dagoen tokietan abiadura eta lehentasun arauak aldatu beharko lirateke. Noski, ziklistei ere exijitu behar zaie arauak errespetatzeko.
Azpiegituretan-eta aldaketak emango balira, errepidera atera ohi garen txirrindulari askok begi onez ikusiko genuke zergak ordaintzea.
Sare sozialetan zabaldu den irudi honen harira, ondokoa adierazi nahi dugu:
Txirrindulariok ez dugu asegururik, oinezkoek ez daukaten bezala. Baina besteri eragindako kalteak estalita dauzkagu, bai etxeko aseguruaren bitartez, bai federazio-lizentziaren bidez. Bestetik, esatea ez dutela zertan kaskoa eraman edota argiak erabili, zirkulazio-kodea ez ezagutzearen seinale da.
“Ahulena izatea ez da aitzakia”. Gaur egun, garraiobide guztietan daude pertsona helduentzat, haurdun diren emakumeentzat, umeen aulkitxoentzat edota pertsona ezinduentzat gordetako eserlekuak. Bat gatoz zenbait herritarrek txartela merkeago ordaindu edota doan bidaiatzearekin, gizarte “aurreratu” orok ahulenak babestu behar dituelako.
Auto hibrido eta elektrikoek gutxiago ordaintzen dute gutxiago kutsatzen dutelako. Ulertzekoa da bizikletak, batere kutsatzen ez duen garraiobide ekologikoak, zergarik ez ordaintzea.
Trakzio mekanikoko ibilgailuen gaineko zergaren bitartez bildutako dirua ez da errepideen mantenu lanetara bideratzen, baizik eta udalen mantenu gastuetara. Errepideak eraiki eta mantentzen dira diputazioek eta gobernu zentralak aplikatutako zergen bitartez. Beraz, bere zergak ordaintzen dituen herritar bezala, motordun ibilgailuen eskubide bera daukagu errepideak erabiltzeko.
Foro Transportistas (erredakzioa):
Bartzelonako Udalak bidegorrien aldeko hautua egin du. Horrek inbertsioak egitea eskatu du, eta bide publikoak egokitzea. Ondorioz, ibilgailu pribatuentzako erreia kopurua murriztu da, baita aparkalekuak ere.
Motordun ibilgailuek urtero zirkulazio-zerga ordaintzen duten moduan, bidezkoa eta solidarioa litzateke txirrindulariek ere euren partea ordaintzea, soilik eurek erabili dezaketen bideaz gozatzeko aukera duten heinean. Nolabait konpentsatu behar dituzte bizikletentzako bideen egokitzapen gastuak, baita bide horiei leku egiteko eremu urdin edota berdeetako aparkalekuak kentzeak eragin dituen galerak ere, udalek diru gutxiago bilduko duten heinean.
Txirrindulariok, gainerako herritarrek bezala, zergak ordaintzen ditugu: errenta-aitorpena egiten dugu, udal-zergak ordaintzen ditugu, baita BEZ zerga ere. Bizikletak eta ordezko piezak BEZarekin ordaintzen ditugu, Estatuak inolako laguntzarik eman gabe. Zentzu horretan, Europar Batasunak gomendatzen du bizikleten eta pieza berrien gaineko zerga kentzea, besteak beste osasunari mesede egin eta beharrezko azpiegiturak eraikitzeko ez delako diru izugarri piloa baliatu behar.
Zergatik ez dugu zergarik ordaintzen? Batez ere, gastu gutxi eragiten dugulako. Hirietako eta haien arteko bideak autoarentzat eginak izan dira, beraz, bidezkoa da eurek ordaintzea. Zirkulazio-zergei dagokionez: errepideak ez dira zerga horien bidez ordaintzen, ezta udal-bideak ere. Bizikletari zergak kobratzea tontakeria iruditzen zait. Ordainduta ere, zentimo gutxi batzuk ordaindu beharko genituzke. Demagun hala gertatzen dela; zer esan nahiko luke?
Exijituko nuke nire bizikleta matrikulatua izatea, eta inork lapurtuz gero, poliziak hura bilatzeko lan egitea. Halaber, estatuak baimena eman beharko lidake edozein errepide erabiltzeko (autobiak, autobideak…), eta erdi-erditik joateko. Eta aparkaleku askoz ere gehiago jarri beharko lituzke.
Bizikletari esker administrazioak dirua aurrezten du, eragiten dituen gastuak baino kopuru handiagoa. Haren onurak oso handiak dira. Kontua ez da zergarik ez dugula ordaintzen, baizik eta aurreztu egiten dizkiegula gainerako herritarrei.
Nire iritziz, autorik ez eduki eta beti bizikletaz eta garraio publikoan mugitzeagatik, nire PFEZetik ehuneko bat kendu beharko lidakete.
“Bizikletaren garapena zangotrabatzen ari da Oregon”
Europan ez dago ezer antzekorik, nahiz eta DGT Espainiako Trafiko Zuzendaritzak 2015. urtean galdeketa bat egin zuen bizikletaren gaineko balizko zerga batek (eta matrikulatzera derrigortzeak) zer-nolako erreakzioa eragingo lukeen ikusteko. Horretan geratu arren dezenteko zalaparta sortu zuen, eta gauza bera gertatu da Oregonen: Hainbat kolektibok salatu duenez, zerga hori ezartzeak eragingo du jende batek atzera egitea bizikleta berria erosteko garaian, edo merkatu “beltzera” jotzea.
“Ez zaie arrazoirik falta”, dio Andres P. Mohorte kazetariak: “Azken finean, bizikletaren garapena zangotrabatzen ari da Oregon, alkoholaren edota tabakoaren gaineko zergek kontsumoa murriztea bilatzen duten bezalaxe”. Zentzu horretan, aipatu behar da bizikletaren erabilera sustatu eta kutsadura murriztea helburu, zenbait herrialdetan kontrako noranzkoan ari direla. Mexikon, esaterako, bizikleta berria erosteak desgrabatu egiten du.
Gurera etorrita, Errenteriako Udalak bizikletaren gurpilak puzteko gailua jarri du Fanderiako bidegorrian. Pita bikoitza du, balbula lodi nahiz mehearekin erabili ahal izateko, baita QR kode bat ere, zeinak bizikleta erabili, zaindu eta mantentzeko gidaliburu eta jarraibideak biltzen dituen webgune batera garamatzan. “Instalakuntza honek ematen duen zerbitzua bizikleta doitzetik harago doa”, irakurri daiteke Udalaren webgunean. “Bizikleta bidezko mugikortasunean berrikuntza suposatzen du eta hura erabiltzearen aldeko kontzientziazio lan handia egiten du”.
Frantziako Estatuan, bestalde, langileen artean bizikletaren erabilera sustatzen duten enpresei zergak murrizten zaizkie; era berean, lantokira bizikletaz joaten diren enplegatuei egindako kilometro bakoitzeko 0,25 euro ordaintzen dizkie enpresak.
Eta, zein da zure iritzia?
Irakurritakoak irakurrita, ez soilik aipatu internautek idatzitakoak, baita eurei erantzun dieten auto-gidarien hitzak ere (mamma mia zelako perlak aurki daitezkeen!), nik nahikoa argi dut txirrindulariek ez luketela zergarik ordaindu behar baina, egitekotan, 3 euro (edo gutxiago) horien truke edozer exijitzeko eskubidea izango lukete (orain ere badaukatena, ze kristo!) eta, are gehiago, administrazioak beharturik egongo lirateke men egitera. Bai bai, eskubideez gain betebeharrak ere badituzte, noski.
Badaezpada ere, ez dut esan, baina eztabaida honetan alde batean edo bestean kokatzea ezinbestekoa dela dirudienez, esan beharra daukat: bizikletan apenas ibili naiz azken hilabeteetan, bai ordea autoan, dezente gainera.
Nola ahal edo joan behar da, taldean, binaka, banaka, ?? berdina da ze bide edo erripide mota ??, “arcen”aren barrundik edo kanpotik ??, zenbateko abiadura bidegorrietan ??, derrigorrezkoak dira argia, txirriña, … ? Zebradun bideetan norek du preferentzia ?? espaloieta ibili gaitezke ?? Bizikleta gidari karneta ?? Kotxe gidariak ere bizikletaren normatiba jakin behar dute ?? Zerga eta diruaren aurretik badago zer eztabaidatu eta zer egina.
Bai, noski. “Sen ona” erabili behar dela esatera nindoan, baina uuufa, dena horretara mugatuko balitz…
Badira araudiak…
– http://www.gipuzkoabizikletaz.eus/eu/araudia
– http://www.cristinaenea.eus/eu/mnu/bizikletaren-behatokia-txirrindulari-araudia
– http://www.vitoria-gasteiz.org/we001/was/we001Action.do?idioma=eu&aplicacion=wb021&tabla=contenido&uid=u60c04389_144007bfb26__7ed6
– http://www.mundoraintxe.com/p/eu/bizikleta-sustapena/bizikletentzako-erraztasunak/araudia.php
… ezagutzen/errespetatzen ote diren, beste kontu bat da