Baloia buruarekin milaka bider jotzeak ba al du loturarik buru-gaixotasunekin?
Zuetako batzuek gogoan izango duzue Alan Shearer futbolari ingelesa. Beste inork ez du lortu Premier ligan hark bezainbeste gol sartzea: 260. Horietatik 50 bat buruz lortu zituen. “Sartu nuen gol bakoitzeko 1.000 bider praktikatu nuen”, dio gaur egun 47 urte dituen aurrelari ohiak. Bera da BBC telebista kateak emititu duen Football, Dementia and me (Futbola, dementzia eta ni) dokumentaleko protagonista nagusia. Ba al da loturarik baloia mila bider kolpatzearen eta zahartzean buru-gaitasuna txikitzearen artean?
“Hainbat azterketa egin dizkidate, eta emaitzak kezkagarriak dira”, dio Shearerrek. “Nire memoria eskasa da oso; ez dakit entzuten ez dudalako ote den, baina memoria oso ahula dut. Profesional bihurtzen zarenean espero duzu bizkarreko, belauneko edo orkatilako arazoak izango dituzula, baina sekula ez nuen pentsatu futbolak loturarik izango zuela buru-gaixotasunekin”.
University College London Hospital eta National Hospital for Neurology and Neurosurgery erakundeek pasa den otsailean egindako ikerketak azaleratu duenez, Entzefalopatia Traumatiko Kronikoaren (CTE) ebidentziak aurkitu dituzte dementzia daukaten hamalau futbolari ohiren burmuinetan, eta litekeena hori eragin izana baloia behin eta berriro buruarekin jotzeak. Hala mintzo da Helen Ling doktorea: “Gure aurkikuntzek iradokitzen dute futbolaren eta gerora agertzen diren patologia degeneratiboen artean balizko lotura bat dagoela; dena den, garrantzitsua da aipatzea erretiroa hartua duten futbolari gutxi batzuk baino ez ditugula aztertu, eta oraindik ez dakigula zein punturaino den ohikoa futbolariek dementzia izatea. CTE seinaleak zituzten jokalari guztiek Alzheimer patologia zuten, baina bi gaixotasunak loturik ote dauden ez dago argi”. Ez dago argi, era berean, futbolean aritu ez balira pertsona horiek Alzheimerra izango luketen ala ez. “Beraz, lehentasuna duena da aztertzea ea dementzia ohikoagoa den futbolariengan populazio normalaren artean baino”.
Ondorioak ateratzeko goizegi dela dio, era berean, Huw Morris profesorea. “Buruko lesioak batez ere sortzen dira jokalariek elkar talka egiten dutenean, eta ez baloia astintzeagatik, nahiz eta milaka bider jo. Arriskuak ebaluatzeko ikerketa gehiago egin behar dira, futbolariek jasan dezaketen minari aurre hartzeko”.
Gaiari buruz ikertu duen erakundeetako bat, FIFA nazioarteko futbol federazioaren interes eskasaren aurrean, Stirling-eko (Eskozia) Unibertsitatea da. Hainbat lagunek makina batek jaurtitako baloiari 20 bider jo diote buruarekin, eta sesioa hasi aurretik egindako memoria-frogetan baino emaitza kaskarragoak lortu dituzte baloia kolpatu ondorengo azterketan. “Egia da 24 orduko tartean buru-gaitasuna bere horretara bueltatzen dela berriro ere, baina uste dugu burmuinaren osasunari begira froga garrantzitsuak direla, bereziki kontuan hartzen badugu memoria-galera behin eta berriro gertatzen dela futbolarien kasuan”.
10 urteko umeek, galarazita
AEBetan, 11 urtez azpiko umeei baloia buruarekin jotzea galarazi zaie, eta 11-13 urtekoen jarduna ere kontrolpean daukate. Ingalaterran ere badira horren aldekoak, baina Alan Shearerrek beste norabide batean egiten du: “Ez dut uste oraingoz joko-arauak aldatu behar direnik. Ez dut nahikoa ebidentzia aurkitu; ez nuke debekatuko. Gehiago ikertu behar da”. Adituak bat datoz.
Ez dut uste oraingoz joko-arauak aldatu behar direnik. Ez dut nahikoa ebidentzia aurkitu; ez nuke debekatuko. Gehiago ikertu behar da”. Adituak bat dato