Gizonezkoen futbol talde bat entrenatu behar zuen emakumearen fitxaketa zapuztu du matxismoak
Paula Navarro entrenatzaile txiletarrak “historia” egin behar zuen: Santiago Morning gizonezkoen 2. mailako futbol taldea zuzenduko zuela iragarri zuen Miguel Nazur presidenteak. Aitzindaria izango litzateke, gaur arte emakume bakarrak ere ez baitu gizonezkoen talde bat entrenatu.
Azkenean, baina, presidenteak atzera egin du, klubeko eta haren inguruko zenbait kideren erreakzioak bultzatuta:
Luis Faúndez, presidente-ordea: “Emakume batentzat ez litzateke erraza izango gizonezkoen talde profesional bat zuzentzea. Kargu batzuk genero berdintasunetik harago daude. Esperientziarekin du zerikusia, taldea kudeatzeko moduarekin, jokalariekiko harremanarekin…”.
Hernán Muñoz, taldeko atezain eta kapitaina: “Emakumeek aurrera egin dute, ahalmen handiago dutela uste dut. Baina hortik gizonezkoen aldagela batera sartzea… ez nago ados. Imajina ezazu aldagelan, bera hizketan, jokalariak azkar batean aldatzen diren bitartean; oso deserosoa izango litzateke eurentzat”.
Hernán ‘Clavito’ Godoy: “Ez gaude Europan, emakume batek gizonezko talde bat entrena dezan”.
Asko izan dira, bestetik, Hernán Muñoz eta enparauen hitzak kritikatu dituztenak, Iona Rothfeld selekzionatzaile ohia eta Carla Guerrero futbolaria tartean.
Iona Rothfeld: “Ez dakit zer dela-eta hartuko zuten [taldeko agintariek] erabaki hori, baina entrenatzaile bat bere generoagatik epaitzea, bere gaitasunez hitz egin beharrean, gizarte bezala egiteke daukagun lan eskergaren erakusgarri da. (…) Bizitza osoan gizonezko batek entrenatu gaitu gu, eta profesionalen moduan jokatzen saiatzen gara. Eta eurak [gizonezkoak], profesionalak izanik, aldageletako erosotasuna jartzen dute aitzakia gisa?!. Arazoa eurena da, ez gurea”.
Carla Guerrero: “Colo-Colo taldean gizonezko entrenatzailea dugu, baita selekzioan ere. Ez du esan nahi intimitaterik ez dugunik. Jantzita gaudenean etortzen dira partidari buruzkoak esatera; ondoren badoaz eta guk gurearekin jarraitzen dugu”.
Jaime Garcia izango da Santiago Morning klubeko entrenatzailea, eta Paula Navarro haren laguntzailea. “Pozik nago aukera hau eman didatelako”, adierazi du Navarrok. “Ez naiz desplazatua sentitzen, niri izarrak jartzeko beharrik ez daukat”. Kadete mailan esperientzia du Paula Navarrok, FIFAren diplomak ditu, baita kirol-psikologian ere, eta ikastaro espezializatuak egin ditu Bartzelona eta Athletic futbol taldeen bermearekin.
https://www.youtube.com/watch?v=L2R0aIzoYdA
Informazio gehiago:
Penagarria gertatutakoa. tristea jokalarien jarrera. Milesker albistea zabaltzearren.
Futbola ez da eguneroko bizitzako arlo garrantzitsuena inondik ere (eta are gutxiago gizonezkoen futbol profesionala), baina bada harremanetarako eta ekintzarako esparru esanguratsua pertsona askorentzat eta gizarte mailan.
Nik gustura ikusiko nituzke emakume entrenatzaileak gizonezkoen goi mailan ere. Animo beraz amets hori duzuenoi!
Gizonezko talde profesionalak entrenatu dituzten emakumeei buruz, ekarpentxo bat: Corinne Diacre-k hiru denboralditan entrenatu du Clremont Foot 63 taldea (Frantziako bigarren mailan, 2014-2017), Carolina Morace-k 1999an hirugarren mailako talde bat entrenatu zuen (A.S. Viterbese, Italian, bi partida).
Aupa futbolzale, milesker ekarpenagatik!
Futbola bada, bai, ekintzarako esparrua, ikusi besterik ez dago zenbat jende-interes-diru mugitzen duen…