Eurokopa eta Tourra, Bilbok behar duelako auskalo nongo mapan kokatu
Munduko Saskibaloi Txapelketa, ziklisten Espainiako Vuelta, Europako Futbol Txapelketa… Kirol ekitaldi handiak jaso(ko) ditu Bilbok urteotan, hiria “mapan kokatu” eta hura dizdiratsuago egingo duten diru-iturriak erakartzeko. Azkena, 2023ko Frantziako Tourra, hamar milioi euroren truke Bilbotik abiatuko dena. Bizkaiko hiriburua mapan kokatu beharra baitago. Eta inpaktu ekonomikoa, aizue, ez da makala. Zeren eta uneotan momentu txarrak bizi dituzten sektoreak lagundu behar dira, ostalaritza-eta, alkateak esan bezala. Eta herria egiteko zer eraginkorragoa Espainiako selekzioak San Mamesen jokatzea edota Tourra Guggenheim aurretik abiatzea baino.
Inpaktu ekonomikoa. Mapan kokatzea. Lehendik ere Bilbo mapan ez balego bezala. Ongi begiratuz gero, agintariak konturatuko dira Bilbotik gertu Barakaldo dagoela, Portugalete, Getxo, Lezama… baina baita Zubieta ere, Donostia, Bergara, Gasteiz… eta apurtxo bat haraxeago Iruñea, Lesaka, Baiona edota Maule. Madril edota Paris baino gertuago alajaina!
Alegia, Bilbo edo dena delakoa zehazki zein mapatan kokatu nahi dugun kontuan hartu beharko litzatekeela. Alferrik ari baikara Tourra Bilbora erakartzen (berez, niri, neurekoiki, ongi iruditzen zaidana, ziklismozale amorratua naizenez), inguruko lasterketak bizirauteko larri dabiltzanean, harrobia bultzada baten beharrean, Bilbok ez duenean bizikletan ibiltzeko azpiegitura egokirik eta Bizkaiak belodromo estalirik –Eneko Garatek nabarmendu bezala–, Euskal Herriko Itzuliaren ibilbidEAE hau denean… Mapa, ze mapa? Zein da kirol ekitaldi ponpoxo hauen bidez sendotu nahi dugun lurraldea, sendotu nahi dugun herria?
Portzierto, hau agian ez dator harira baina lurraldearena aipatu dudanez, zer kristo ari dira batzuk Sevillan jokatuko den Espainiako Errege Kopako finalaren harira lehendik ere nahikoa errotua zegoen probintziakeria lotsagarri hau bultzatzen? Ioder, pike sanoa bai, norberaren gustuko taldeak zelaian aurkaria jipoitzeko gogoa ere bai… baina buuuf! Hainbeste indar jarriko bagenu ez dakit, demagun euskal selekzioaren ofizialtasuna aldarrikatu eta bultzatzen…
Ze artikulu ederra goian irakurri dudana, oso sorrotza, zuzena, eta garbiexplikatua. Nahi duenak jakin zenbat astokeri egiten ari diren denon diruakin, lerro hauek irakurrita jantziago egongo da edonorekin gaia eztabaidatzeko.