Orduan, zerikusia du futbolarekin ala ez?
“Noski futbola dela”, dio El Mundoko kazetari Manuel Jaboisek: “Manzanaresen gertatutakoak zerikusia du futbolarekin. Bateak, burdinezko makilak, amerikar ukabilak, botilak, hilotzak: futbolaren parte dira. Anputatu beharreko den parte ustel eta gangrenatua, baina futbola. Ez da gaurko kontua, eta ez da Espainian soilik gertatzen. Ez balitz futbola, albistea ez zen Madrildik aterako, mundu osoko egunkarietan azalduko. Noski futbola dela. (…) Futbola da, ez da gizartearen arazoa, Simeonek dioen moduan, gizartearenak baitira arazo guztiak. Zure taldearen hintxa batek beste talde baten zalea hiltzea, eta “indarkeria adierazpen oro” kondenatzea, Simeonek egin bezala, arazo soilik futbolistikoa da”.
Jaboisek nabarmendu bezala, Atletico taldeko entrenatzaile Diego Pablo Simeonek uste du “gizartearen arazoa” dela, ez futbolarena: “Bizi dugun egoerak mindu egiten gaitu. Futbolarekin zerikusirik ez duen egoerak tristatzen gaitu. Gauden lekutik kondenatu egiten dugu gertatutakoa. (…) [Estadio inguruan] gertatzen dena gizartearen arazoa da, ez futbolarena. Talde bateko hintxak dira, baina gizartea da”.
“Futbolarekin zerikusirik badu kasualitate hutsa da”, txiokatu du ironiaz Berriako kazetari Idurre Eskisabelek, Zerikusia artikuluaren atariko moduan: “Bihotzeko taldea gaizki jokatzen ari da. ‘Marikoi, txotxolo, gatzgabeak! Denak errekara!’, oihukatu du Ak. Etsituta, egunkaria hartu du esku artean, eta hasi da orriak pasatzen. Estatu Islamikoaren izugarrikeriei buruzko erreportajea etorri zaio begien aurrera. ‘Kirtenak, erlijioagatik hala aritzea ere!’, esan du marmarka. (…) Partida amaitu osteko tragoan Madrilgo istiluak izan dituzte hizpide, Deportivoren jarraitzaile baten hilketa. Gertakari horiek ez dutela futbolarekin zerikusirik aldarrikatu du Ak”.
“Ez da soilik futbol eta ideologia kontua”, dio talde-jarreretan aditu Luis Carrasco soziologoak: “Langabezia, etorkizun eza, asperraldia, edaria eta, noski, droga bezalako faktoreak daude atzean. Guztiak nahasten direnean, ondorioak tragikoak izan daitezke”.
La Vanguardia egunkariak jaso ditu Carrascoren hitzak, Biolentzia futbolean, kasu britainiarra artikulu interesgarrian [harpidedunek soilik irakurri dezakete Internetez]. Rafael Ramos kazetariak dio aldaketa sozio-ekonomikoek eta neurri polizialek Ingalaterrako futbola saneatu dutela. Aldaketa sozio-ekonomikoen harira, futbolari bere gentrifikazio propioa heldu zaiola azaldu du: “Jatorrizko auzotarren –langile klasearen– lekuan erosteko ahalmen handiagoa duten herritarrak –klase ertaina– bizi daitezkeen bezala, beren frustrazioak taldearen eta arerioen gainean husten zituzten zale agresiboen lekuan, geroz eta gehiago dira estadiora gozatzera doazenak, bikote edo seme-alabekin batera, diru kopuru esanguratsua ordaintzen dutenak euren idoloak ikusteagatik. Turista eskandinaviarrak dira asko”.
[Parentesi moduan: Ingalaterrako futbolaren eraldaketak alde txarrik ere baduela azaldu zigun Andy Robinson kazetariak, Munduko Futbol Koparen harira egindako Larrun aldizkarian]
“Lotsagarria da Atletico-ko presidente Enrique Cerezok esatea gertatutakoak ez duela zerikusirik futbolarekin”, idatzi du Kepa Landa abokatuak Deian. “Futbolaren gainean interes ekonomikoak dituzten kirol agintari batzuentzat hobe da talde biolento hauen aurrean isilik geratzea. Baita zuzenean ala zeharka erostea ere (…) Sakon aztertu beharko dira joko-eremuan eta harmailetan erakusten diren baloreak. Futbolaren inguruan gertatzen denak lotura baitu entrenatzaile, jokalari, zuzendari, kazetari eta abarrek transmititu edo transmititzen ez dutenarekin”.
El Mundo Deportivo egunkariko zuzendari Santi Nollak maiz idatzi du kirol estamentu guztien eta hedabideen “kultura” birplanteatu beharraz, eta hala berretsi du La Vanguardian plazaratu duen Kultura aldaketa artikuluan [harpidedunentzat soilik]: “Guztia hasten da, edozein futbol zelaietan, edozein asteburutan, aita batek beste taldeko 9 urteko mutikoa iraintzen duenean. Jarraitzen du epaile bat umiliatua denean, maila apaleko edozein txapelketetan, hura babesteko inor ez dagoen zelai batean. Lehen Mailako estadioetako ahozko indarkeriarekin nahasten da. Jendeari sinetsarazi zaio sarrera ordaintzeagatik eskubidea duela iraintzeko. Puntu horretan, erraza da zerbait larriagoa gertatzea. Futbolean, ahozko indarkeria onartua soilik ez, aitzitik, adierazpen eskubidearen hedapen moduan ulertzen da”.
Bai, nik ere uste dut asteburuan Madrilen gertatutakoak lotura zuzena duela futbolarekin. Espainiako Estatuan –eta beste hamaika lekutan– nagusi den futbol ereduarekin, nahiago baduzue. “Futbolik ez balute, ultrek beste bide batzuetatik kanalizatuko lukete euren agresibitatea”, diote batzuek. Ados, baina futbola dute eta futbolak duen dimentsioa du, talde-pertenentzia ikur nagusietakoa da, agintari alproja ugari –Cerezo adibide– biltzen du eta abar eta abar.
Dena den, horrek guztiak ez luke ezkutatu behar, inolaz ere, eskuin muturreko taldeak ugaltzen ari diren testuinguruan gertatu direla Madrilekoak, Lander Arbelaitz lankideak nabarmendu duen bezala.
Iruzkinik ez
Trackbacks/Pingbacks