Ziklistak arautzea, automobil industriaren eta aseguru-etxeen iruzurra
“Hiri barnean bizikletan dabiltzanek kaskoa derrigor jantzi behar izatea eta zirkulazio-arauak zorroztea dute helburu automobil industriak, aseguru-etxeek eta Gobernu-funtzionarioek. ‘Guztiontzako eskubide eta betebehar berdinak’ tranparen argudioarekin, ahulenak kriminalizatzea besterik ez dute nahi, ziklistek jasan dezaketen balizko kalteen inguruko erantzukizuna saihestea, oinezko eta txirrindularientzako azpiegitura hobeak eraiki behar ez izatea, eta autoei zirkulazio arauak bete ditzaten derrigortzeari uztea”.
Eben Weiss Bike Snob New York blogaren sortzaileak Washington Post egunkarian idatzi duen zutabetik hartu dugu testua. AEBetako legedia du jo-puntuan, baina testuan esandakoek berdin balio dute beste errealitate batzuk azaltzeko. Dioenez, txirrindulariei kaskoa, arropa islatzailea eta dir-dir egiten duten orotariko tramankuluak eramateko derrigortzea, autoen hegemoniari eusteko distrazio hutsa da. “Ez itzazue ziklistak ikusgarriago egin, autoek harrapa ez ditzatela lor ezazue”, eskatu die agintariei.
Apurka-apurka gauzak aldatzen ari direla onartu arren, oraindik orain istripuetako biktimak kriminalizatu egiten direla salatu du. “Autoak hiriaren jabe egin zirenean, zirkulazio arau zorrotzagoak eskatu zituzten batzuek. Automobil industriak propaganda-gerra abiatu zuen orduan, segurtasun-kanpainaren mozorroarekin. Arrakasta handienetakoa ‘zuhurtziarik gabeko oinezko eta ziklistaren’ figurak lortu du, zeinak zirkulazio eskubidea lapurtu zigun”, dio Weissek: “Biktima seinalatzen da, izan oinezkoa zein txirrindularia. Dauzkagun azpiegiturak autoengan pentsaturik egin dira, eta legeek ziklista eta oinezkoak kriminalizatu nahi dituzte; hori horrela, herritarrek uko egiten diote autoa ez den beste ibilgailu bat erabiltzeari”.
Mugikortasun auzietan ere, berdintasunaren ideia amerikarra nagusitu dela irakurri dugu: “Errealitatean, desberdintasunak justifikatzen dituen kontzeptu maltzurra da, boteretsuak eta ahulenak maila berean jartzen dituelako”. Dioenez, ez da gauza bera 800 kiloko autoan bidaiatzea edo, zure 80 kiloekin, etengabe azeleratzen ari diren autoen artean bizikletaz ibiltzea. “Ez naiz ari esaten ez litzakeela kotxerik egon behar, nik badut bat”, argitu nahi izan du Weissek. “Kontua da autoak Wall Streeteko jende zuria bezalakoak direla, ez dute behar beste inork babes are handiagoa eskaintzea”.
Artikulua osorik: Washington Post.
Kaskoa janztera behartzeak ziklistak uxatzen ditu
Blogariaren hitzetan, herritarrek eguneroko bizitzan –lanera joateko, erosketak egiteko…– bizikletarik ez erabiltzea lortzen dute kaskoaren inguruko araudiek, deserosoa gerta daitekeelako batetik, eta hura ez janztea dirudiena baino arriskutsuagoa dela sinetsarazten digutelako bestetik.
Ziklista profesionalen lasterketak espainiar telebistaz jarraitu ohi ditugunok, maiz entzun dizkiogu gisa horretako adierazpenak Pedro Delgado txirrindulari ohiari. Dioenez, norberak erabaki beharko luke hirietan kaskoa jantzi ala ez, kontuan hartuta “auto batek harrapatuz gero ezer gutxirako balio duela”. Hura jantzi behar izateak bizikletaren erabilera murrizten duela argi du, Australia eta Zeelanda Berriko datuek erakusten duten moduan: legea indarrean jarri zenetik, erabilerak %20-40 artean egin du behera.
Zentzu horretan, bizikletaren aldeko ConBici koordinakundeak ohartarazi duenez, helduek kaskoa jantzi behar izatea Europako herrialde bakar batean ere ez da derrigorrezkoa. Danimarkan eta Herbereetan, bi herrialde aipatzearren, jende piloak erabiltzen du bizikleta, araudiak haiek babesteaz gain, auto gidariak kontzienteago direlako.
Delgadoren hitzetan, hiri barnean kaskoaren erabilera derrigortzeak erakusten du aseguru-etxeen joko-arauen menpe gaudela: “Autoak harrapatutako kaskodun ziklista batek prezio bat du, eta kaskorik ez daramanak beste bat. Bigarren kasuan, autoaren segurua kalte-ordaina ematetik salbu gera daiteke; tamalgarria da”.
Hego Euskal Herrian, 16 urtetik azpikoentzat derrigorrezkoa
Hego Euskal Herriaren kasuan bi multzo egin genitzake: 16 urtez azpikoak eta “helduak”. Hiri barneko zirkulazioaz ari gara betiere.
2014an, Espainiako Estatuko Zirkulazio Legeak 16 urtetik azpikoek kaskoa derrigorrez jantzi behar dutela arautu zuen.
“Oraino, herriz kanpoko errepide guztietan zen premiazkoa kaskoa eramatea”, zioen Oihan Vitoria kazetariak Berrian, Espainiako Kongresuak iazko martxoan erabaki zuenean Zirkulazio Legea aldatzea. “PPk herri barruko joan-etorrietan ere kaskoa erabiltzera derrigortu gura zituen pertsona guztiak, adina dena delakoa izanda ere. Neurri hori ez zuten begi onez hartu oposizioko taldeek, eta, azkenean, atzera egitea erabaki du: 16 urtetik beherako neska-mutilek beharko dute kaskoa Hegoaldeko herrietan bizikletan ibiltzeko. Araua bete ezean, 200 euroko isunari aurre egin beharko diote”.
Guztiz ados adierazitakoarekin, eta gurean ere hasi dira horrelako “gomendioak” egiten….
http://izaroblog.com/2015/03/24/neguko-bizikleta-baten-gogoetak/
Mila esker informazioagatik, eta segi horrela!
Aupa Izaro,
Eskerri asko zuri, egunerokoan bizikletan zabiltzatenon kezkak plazaratzeagatik. Ea aintzat hartuak diren!
Irakurtzea merezi du autoen aseguru etxeek, haien interesen alde egiten dituzten sasi-ikerketak. Hau Maphrerena da: eta ondoren conbicik atera zizkion akats guztiak:
http://www.fundacionmapfre.org/fundacion/es_es/images/estudio-FMciclistas-cascos-lesiones_tcm164-39773.pdf
http://www.conbici.org/joomla/index.php?option=com_content&view=article&id=1199:conbici-analiza-el-sesgado-estudio-de-mapfre-y-denuncia-su-falta-de-valor-cientifico&catid=18&Itemid=42
Badago zer irakurria, bai. Milesker erreferentzia hauengatik.
Ederra artikulua!
Ibilbideak-eko foroan partekatu dugu eta gure sare sozialetan mugituko dugu 😉
http://ibilbideak.euskadi.net/foroa/viewtopic.php?f=30&t=2151
Milesker!