Generoaren ikuspuntutik dekonstrukzio lan apur bat, Asterixen azkenari tiraka
Zesarren papiroa du izena Asterixen bildumako berrienak. Post honek komikiari buruzko kritika izan beharko luke, baina nahiago dut galiarren abentura berriko azken binetak eragin didan barne-eztabaidari heldu, emakumezko pertsonaien rola ardatz.
Kontua da Asterixen komikiko azken marrazkian, Post Scriptum osagarrian, hiru gizonezko ageri direla kafetegi bateko terrazan hizketan. Laugarren figura batek erakarri du ordea nire arreta. Istorioari ez dio batere ekarpenik egiten, figurante hutsa da, baina… Zer egiten du neska ilehori honek hemen? Eta galderaren atzetik beste bat: Zein paper betetzen dute Zesarren papiroa komikian ageri diren emakumezkoek? Eta atzetik beste galdera bat eta beste bat… Zein paper betetzen dute oro har emakumezkoek Asterix bildumako komikietan? Eta Tintin edota Lucky Luke –niretzat erreferentzia izan diren beste bi bilduma aipatzearren– bezalakoetan? Bonemin, Abraracurcix buruzagiaren emazte ipurterrea; Bianca Castafiore opera abeslari jasanezina… eta ia ez dut besterik oroitzen! Tantaka ageri dira eta gainera marisorgin gisa gehienetan. Heroi guztiak gizonezkoak dira, gaizkileak ere bai… baita hiru bildumetako zakur protagonistak ere: Idefix, Milu eta Rantanplan. Bai, badakit, banuen garaia desorekaz jabetzeko!
Zesarren papiroa komikiaren harira, hauxe idatzi du Igor Leturiak blogean: “Komiki-pertsonaia mitikoekin jatorrizko egileak ez diren beste batzuek jarraitzea ez dut asko atsegin, baina horrelako pertsonaia klasiko bat euskaraz argitaratzea beti da berri ona, haurrentzako komikiak jada oso gutxi ateratzen baitira, eta harrobia landu beharra dago komikiek etorkizuna izatea nahi badugu”. Erabat ados. Euskarazko komikigintzak beharrezko ditu Asterix modukoak, irakurleak “hezi” aldera. Baina, bestetik, generoaren ikuspuntutik begiratuta, komikietan nagusi den eredua hankaz gora jartzeko saiakera egin beharko genukeela pentsatzen dut, izan irakurle soil, kazetari-kritikari, guraso, irakasle edota irakurle klubeko dinamizatzaile. Nola lortu, ordea, komikiotako diskurtso zaharkitua fundamentuz eraberritzea?
Bada, dekonstrukzio lan apur bat eginez, Iban Zaldua idazleak dioen bezala. Hamazazpi kultur aholku artikulua plazaratu du Hazi Hezi aldizkariaren udazkeneko zenbakian, non bildu dituen 7-8 eta 11-12 urte arteko umeengan –Zalduak bi alaba ditu– pentsatuta dauden produktuak (film eta liburuak), beti ere gurasoren batekin ikusteko edo irakurtzeko. Tartean komiki batzuk ditu hizpide: Xabiroi aldizkariak argitaratutakoak –”horietako batzuk agian nerabeentzat, haurrentzat baino”–; Marvel etxeko super-heroienak; W.I.T.C.H. sail italiar jatorrikoa; Bone, ezpata eta aztikeriazko mundu nahiko tolkiendar batean gertatzen dena baina “pertsonaia femenino boteretsuxeagoak” dituena; eta Thorgal saila, zientzia-fikzioa eta abentura erdi arotar-bikingozalea nahasten dituena.
Marvel etxeko super-heroiez mintzo dela idatzi du pare-parean harrapatu gaituen esaldia: “Egia da generoaren ikuspuntutik dekonstrukzio lan pixka bat –edo asko– egin behar dela horiekin guztiekin –ez, ordea, Asterix edo Tintinekin baino gutxiago–”. Eta beheraxeago, artikuluaren amaieran: “Filmak ikustea bezain inportantea izan daiteke, ondoren edo bitartean, haiei buruz hitz egitea, gertakizunetan ilun geratu diren alderdiak argitzeko eta, batez ere, komikietan bezala, genero eta etika kontuak eguneratzeko eta, ahal dela, eztabaida sortzeko”. Azalpen gehiago jaso asmoz, bizpahiru galdera egin dizkiogu Zalduari.
Iban Zaldua
“Asterixen komikiak izugarri misoginoak izan dira beti”
Idazle gasteiztarrak esan digu oraindik ez duela Zesarren papiroa irakurri, baina Asterixen istorioak “terribleki misoginoak” izan direla beti, “omisioz eta egileek, lehengoek eta oraingoek, emakumea gehiago agerrarazi duten neurrian, baita ekintzaz ere”. “Tintinen sailak gure etxean izan duen porrot estrepitosoa –niri izugarri gustatzen zitzaidan bitartean, alabei irakurtzeko eman nien adinean– horrekin lotzen dut, Hergék eragiten duen emakumearen ikusezintasunarekin”, azaldu digu Zalduak.
Nola egiten duzu dekonstrukzio lan hori alabekin?
Ez da ezer bereziki konplikatua: kontua da ohartaraztea emakumeen urritasuna, alde batetik, ez dela naturala, eta, bestetik, emakumeen rola, komiki askotan, estereotipatua dagoela. Hala, Marvel-eko super heroien komiki klasikoetan, gure etxean ugari direnak, eta alabekin batera irakurri izan ditugunak –orain haien kabuz egiten dute hori– erraza zen azpimarratzea, taldeetan beti gutxiengo absolutua direla (Neska Ikusezina Lau Izugarrietan, Neska Miragarria X-Taldean…), eta ez dela naturala, ezta ere, kosmetikarekiko, janzkeragatiko edo ezkontzarekiko duten interes nabarmena, ondoan dituzten gizonen interes anitzagoen –eta abenturarekin lotuagoekin– konparatuta, esaterako. Azkenean iristen da une bat non alabek berek barneratzen duten ikuspegi hori, gauzak ez direla “naturalki” horrela, beste era batean izan zitezkeela alegia. Zorionez emakumeen rol ezberdinak areago azpimarratzen dituzten gero eta komiki gehiago dago eskura –gehienak, esan behar da, emakumeek idatzi edo marraztuak–, oraindik, maila absolutuan, gutxi izaten jarraitzen duten arren.
Alabak beraz ohartzen dira genero aldetik dagoen arrakalaz. Berdin disfrutatzen al dute desoreka horren jakitun izan arren?
Bai, jabetzen dira, eta ni ere jabetzen lagundu naute: tristea da esatea, baina ez dakit horretaz horren kontziente izango nintzatekeen alabak izan ordez semeak izan banitu; susmoa dut pilotu automatikoa errazago ipiniko nukeela mutikoz inguratuta bizi izan banintz, eta horretaz kontziente izateak deseroso paratzen nau. Nik uste dut hala dela, lehengo galderaren erantzunean iradoki dudan bezala: lan hori egin ondoren begi kritikoagoekin irakurtzen dituzte komikiak, edo filmak ikusten dituzte, edo literatura irakurtzen dute: azken finean, gauza bera da, eta guztietan dago iltzatuegi ikuspegi hipermaskulinoa.
Eta ez, ez nuke esango berdin disfrutatzen denik hori agerian utzi ondoren: tira, disfrutatzen da, bai, baina beti alarma-gailuren bat piztuta edukita, nolabait esateko. Izan ere, gure alabek areago bilatzen dituzte orain, nire ustez, emakumeen presentzia handiagoa dituzten komikiak: gazteenak, super-heroienak gehien maite dituenak, adibidez, askoz ere gehiago nahiago ditu taldeen ingurukoak super-heroi indibidualen komikiak baino, taldekoetan beti dagoelako, gutxienez, emakume bat, indibidualak maskulinitatearen erresuma izan ohi diren bitartean.
Aupa Jon!
Interesgarria oso analisia!
Niri ere ez zidan begietako min gutxi eragin Asterixen azkena irakurtzean emakumeen presentziak. Emakumea beti gutxitan agertzen bada ere Asterixen komikietan (Zesarren Papiroa lanean 371 binetatatik 55 eta agertzen da emakumeren bat eta 21 binetatan baino ez du hitz egiten) azken honetan batez ere erromatarren inguruan, hain zuzen Promoplusen inguruan agertzen diren emakume eredu idealizatuak jasanezinak egin zitzaizkidan. Zer esanik ez zuk diozun bezala Post-Scriptumean azaltzen den emakumeak.
Orokorrean badute zer hausnartu komikigileek (badugu idazten ez naiz saiatzen oraindik komikigintzan lantxoak egiten ari naizen arren) istorioetan emakumeek dituzten rolez eta hartzen duten presentziaz.
Xabiroi komikiaren harira euskal komikigile batzuk elkarrizketatzean hausnarketa hauekin bat egiten zuten eta gaiarekin lotutako hainbat ari edo azpi gai aipatzen zituzten. Komikia eta umorearen arteko lotura eta umoren nagusitasun maskulinoa; Komikigileen artean dagoen gizonezkoen nagusitasuna; Emakumeen irudikapen estereotipatu eta irreala, emakume irakurleei beren buruekin identifikatzea zailtzen diena; komikietan akziora eta abenturara jotzeko joera, rol maskulinoei lotua… azken gai honekin espazioari buruzko hausnarketa bat ere plazaratu zidaten. Argitalpen mugatua denean historia bat kontatzeko ekintzei eman behar izaten zaio garrantzia, istorioa orrialde kopuru horretan hasi eta bukatu dadin, beraz bestelako balio emozionalago batzuk lantzeko eta pertsonaiei sakontasuna emateko ez dute espaziorik. Honek berriz emakume eta gizonei egozten dizkiguten rolekin egiten du bat. Emakumeak ekintzaileak dira eta gizonok ere bai emozionalak baina gizarte sistema honek zaletasun jakin batzuk hartzera garamatzan artean errazagoa komikietara gizona gerturatzea.
Poztekoa da hala ere azken aldian eztabaida mahai gainera atera izana Euskal Herriko komikigileen artean gero eta kontzientzia handiagoa ikusten dudalako emakumeari dagokion garrantzia eta presentzia emateko.
Asterixen komikira itzulita eta Asterix eta Piktoak irakurrita zure blogean elkarbanatu genituen sentsazio gazi-gozoak gogoratuta ausartuko naiz esatera oraingo komiki hau ordukoa baino gehiago gustatu zaidala. Esango nuke marrazkiak eurak zainduago daudela.
Baina hortxe utziko dut, izan ere tramarengandik eta istorioarengandik gehiago espero bainuen. Ematen du egileek album hau ateratzean aurrez aipatu ditudan espazio arazoak izan dituztela. Bineta batetik bestera Doblepolemix Erromatik Galiara iristen da… bitartean oraindik Obelix bere dieta hasten ari da… iruditzen zait denborek ez dutela bat egiten.
Larrialdietako planarena ere ez zait bereziki gustatu. Istorioa azkar bukatzeko aitzakia bat ematen du. Hainbat aldiz ikusi ditugu galiarrak egoera larrietan eta Marrufono miragarri horren berririk sekula ez.
Eta berriz espazioa eta denboraren kontua, Karnutiarren basotik galiarren herrixkara bineta batetik bestera iristen dira Asterix, Obelix, Panoramix eta Idefix.
Ez dakit agian ni ere zahartzen ari naizen seinale izango da eta komiki batean beste gauza batzuk bilatzen ditudala, baina nik istorioari trama gehiago sartuko nioke, orrialde gehiago, bineta gehiago… istorioan murgiltzeko espazio gehiago.
Hala ere esan beharra dut Asterixen komiki berriez eta gainera euskaraz gozatu ahal izateak biziki pozten nauela eta hurrengo abenturak irakurtzeko gogotsu nagoela… eta euskaraz aurki ditzakegun artean zer esanik ez!
Aupa Eñaut,
Mila-mila esker ekarpenagatik! Genero-umore kontuen inguruan esaten dituzunak interesgarriak dira oso. Gehiegi luzatu gabe, egia da indarrean diren rolak deuseztatzeko saiakerak gero eta gehiago direla eta, zorionez, euskal komikigileak urratsak ematen ari direla zentzu horretan.
Zehazki ‘Zesarren papiroa’ komikiari dagokionez, juxtu zuk diozun gauza horixe bera idaztekotan egon nintzen: ‘Asterix eta piktoak’ baino gehiago gustatu zait, eta marrazkiak zainduagoak daude. Promoplusen segizioaren irudia, Karnutiarren lurretako eszena pare bat… marrazkiak aurreko komikian baino landuagoak daudela iruditu zait niri ere bai.
Larrialdi-planaz (eta erromatarren zaintza engainatzeko ate txikiaz) ere zer esan, bete-betean eman duzu: Noiz behar izan dute halakorik galiar menderaezinek?
Eta denbora-espazioa… erabat ados. Pentsamenduak leitu dizkidazula ematen du: Karnutiarren herritik galiarren herrixkara bineta bakarrean?!
Tramari buruz… nik ere zalantzak ditut “helduentzako” gero eta komiki gehiago eta -teorian- “gazteei” zuzendutako gutxiago irakurtzen ditudan heinean, ez ote naizen galtzen ari Asterix modukoak leitzeko behar den inozentzia puntu hori. Alegia, argumentua ez zaidala beste munduko ezer iruditu. Baina hurrengoa ere irakurriko det, noski. Portzierto, euskara aipatu duzula, itzulpena oso egokia iruditu zait.
Milesker berrize Eñaut, eta laster arte!
Jon
Aupa!
Duela gutxi ‘3 Zangotako Komiki Solasaldiak’ ekimenak antolatutako ‘Emakumezko komikigileak’ mahai-inguruan izan nintzen. Ainara Azpiazu ‘Axpi’ eta Irene Borda komikigileak eta Yurre Ugarte gidoigilea aritu ziren solasean Dani Fano moderatzailearekin batera. Danele Sarriugartek jasotako kronika irakurtzera gonbidatzen zaituztet, aipatutako zenbait ideiaren bueltan sakontzeko lagungarri izango zaizuelakoan:
http://www.klitto.com/bazterraren-bazterretan-lur-emankor-bila/
Ni pertsonalki, ez naiz inoiz halako komikiekin erakarrita sentitu. Ez dut uste emakumeen presentzia eza denik arrazoi nagusia; emakume estereotipatuez ari bada istorioa bera interesgarri egingo ez zaidalakoan nago zuzenean.
Gainera, edukiaz gain, bestelako unibertso grafikoetara jotzen dut normalean: arkatzez edota linea zakarrekoetara, binetekin hausten dutenetara, formato edota edizio bitxietara… Kuttunenetako batzuk aipatzearren:
Frances, Joanna Hellgren > http://www.joannahellgren.com/huset.html
En un lugar equivocado, Brecht Evens > http://www.brechtevens.com/comicbooks/
Rosalie Blum, Camile Jourdy > https://vimeo.com/44321025
Virus Tropical, Power Paola > http://www.lasilueta.com/vx1/editorial/?project=virus-tropical-i-powerpaola
(…)
Zorionez, azken urteetan topatu ditudan komikiek guztiz engantxatuta naukate eta horretan jarraituko dut gogotsu, bai irakurle eta baita sortzaile bezala ere.
Besarkada bat bioi!
Maitane
Pd: Sentitzen dut Asterixen azkenaren inguruan ezer aipatu ez izana… beste baterako agian!