Xakea: Emakumerik onenak planto egin du, gizonen aurka lehiatu nahi duelako
Sekula ikusi gabeko zerbait gertatu da Tradewise Gibraltar Chess xake torneoko azken errondan. Munduko emakumezko jokalari onenak, Hou Yifan txinatarrak, nahita galdu zuen Lalith Babu indiarraren aurka, bost mugimendu inozo eginda. Protesta egitea zen bere helburua, torneoan egokitu zaizkion hamar aurkarietatik zazpi emakumezkoak izan direlako, parte-hartzaileen artean nesken proportzioa askoz ere txikiagoa zenean.
Antolatzaileek adierazi dute ez dela “nahita” egindako zerbait izan, programa informatikoak “hautatzen” duela nork jokatu behar duen noren aurka, sistema suitzarra baliatuta, Federico Marín Bellón ABC egunkariko blogariak azaldu duen moduan. “Jokalari txinatarrak, baina, pentsatu zuen hainbeste neskaren aurka aritzea ez zela kasualitatea, agian, bere iritziz, antolatzaile edota arbitroak bera zigortzen ari zirelako, Yifanek uko egin baitio emakumezkoen titulua defendatzeari, Gibraltarrekoa bezalako torneo mistoetan zentratzeko”.
Yifanek erabaki hori hartu badu, izan da besteak beste FIDE Nazioarteko Xake Federazioak emakumezkoen munduko txapelketaren formatua (kanporaketa-sistema) aldatu beharko lukeela aldarrikatzeko, ChessBase webguneak plazaratutako elkarrizketa mamitsuan irakurri daitekeenez.
Iturria: The Telegraph
Zergatik ez dago emakumerik, munduko 100 xake jokalari onenen artean?
Hou Yifanek apropos galdu izanak (kirolean erabat debekatua dagoena, bide batez esanda) berriro hauspotu du emakumezko eta gizonezko xake jokalarien arteko desberdintasunen gaineko eztabaida, abiatuta emakume onena izanagatik, munduko xake jokalari onenen zerrendan 105. lekuan dagoela gaur egun Yifan. Zergatik ez dago emakumerik lehenbiziko 100 jokalarien artean? Zergatik egiten dira generoaren araberako xake torneoak, jokalarien fisikoak zerikusirik ez badu (beste kirol batzuetan ez bezala)?
“Estatistika kontua da”, zioen Francisco R. Villatoro adituak, 2009an plazaratutako artikuluan: “Askoz ere mutiko gehiago ari dira xakean jokatzea ikasten, neskak baino (…) Egunen batean mutil bezainbeste neska ari baldin badira xakea ikasi eta haurrentzako torneotan parte hartzen, helduak izatera heltzean gizon bezainbeste emakume izango dira xake maisu handien artean”.
Neska eta mutikoak haurrak direnetik jaso ohi duten hezkuntza, profesionalki aritzeko dauden zailtasunak, amatasuna, zaintza eta, oro har, beste kirol jarduera batzuetan hainbatetan aipatu ohi diren faktoreek berebiziko garrantzia dute xakean ere. Alegia, hitz egin daitekeela gizon eta emakumeen burmuinen arteko desberdintasunez, baina, Angela Paloma kazetariak El País egunkarian kaleratutako artikuluan dioen moduan: “Pentsa daiteke, musikan edota politikan bezala, emakumeen parte-hartzea xakean ez izatea soilik zientzia kontua, aukera kontua baizik”.
Hausnarketa interesgarriak jarri ditu Palomak mahai gainean, esaterako, ea komeni ote den emakumeak gizonezkoekin batera aritzea xakean: “Leontxo Garcia kazetariak dioenez, Julia Codina 13 urteko xake jokalari espainiarrak kontatu zion emakumezkoen torneoak kentzeak ekarriko lukeela gutxiengo bat itotzea. Esaterako, Luxenburgok sekula izango ez duen bezala Frantziak adina eliteko atleta, emakumezko xake jokalariek aukera oso gutxi dituzte munduko jokalari onenen artean sartzeko. Neskak desmotibatuko lituzke horrek. Ez litzateke soilik desagertuko emakumezkoen xakea, emakume xakelariak baizik”.
Hou Yifanen protestak, baina, ez du inolako oinarririk. Sistema Suitzarrak era objektiboan eta arau jakin batzuei jarraiki parekatzen ditu jokalariak, eta kasu honetan kasualitate hutsa izan da emakumeen aurka partida gehienak jokatzea.
Sistema Suitzarrak puntuazio berdina edo beretsua duten jokalariak parekatzen ditu elkarren aurka, ahal dela txanda bakoitzean aurrekoan erabilitako kolorearen aurkakoa erabiliz eta txandaz-txanda kolorea aldatuz.
Hori guztia arau zehatz batzuei jarraiki egiten da, eta txapelketen %99an, kasu honetan bezala, ordenagailu bidez egiten dira parekaketak.
Ordenagailuz frogatu daiteke Gibraltargo txapelketa honetako parekaketak ez direla eskuz aldatu eta How Yifani egokitu zaizkion jokalariak, arauz zegozkionak izan zirela.
Beste eztabaida bat da FIDEren Emakumeen Munduko Txapelketaren sistema egokia den ala ez eta horren aurkako Hou Yifanen protesta; baina Gibraltargo Txapelketaren parekaketen inguruan ez du arrazoirik.
Mikel Larreategi
Xakeko Nazioarteko Epailea
FIDEren Parekaketa Sistema eta Programen Batzordeko kidea.
Egunon Mikel,
Milesker erantzunagatik, interesgarria oso! Sistema Suitzarraz zerbait entzuna bai baina zehazki zer zen ez nekien, Yifanen inguruko artikuluak-eta irakurtzen hasi arte. Zuk diozun bezala, Gibraltargo Txapelketaren parekaketen inguruan arrazoirik ez duela diote aditu guztiek.
Albistea interesgarria iruditu zait hain justu “beste eztabaida” horrek ekar ditzakeen hausnarketengatik.
Eta hemen zaudela baliatuz, azal diezagukezu zer den zehazki ELO sistema numerikoa? Joe, leitzen aritu naiz baina, uuuf, motz samarra naiz zenbaki kontuetarako, arraioa! Sistema hori iguala da emakume zein gizonezkoentzako, ala? Orduan zergatik dute ELO handiagoa gizonezkoek? Gehiago jokatzen dutelako?
Izan ongi Mikel, eta milesker berriro.
Jon
Elo sistema, jokalarien indarra neurtzeko sistema estatistiko bat da.
Sistemak, partida bat jokatzen duten jokalari bakoitzarentzat, jokalari bakoitzaren hasierako elo puntuazioaren arteko diferentziari dagokion partida irabazteko probabilitatea zehazten du.
Adibidez:
A jokalariak 2700 puntu ditu.
B jokalariak 2400 puntu ditu.
Bien puntuazioaren diferentzia 300 puntukoa da.
Elo sisteman 300 puntuko diferentzia duten bi jokalarientzat zera zehazten du (taula hemen dago 8.1.b artikuluan http://www.fide.com/fide/handbook.html?id=172&view=article):
A jokalariarentzat (puntuazio altua duen jokalaria), partida irabazteko %85eko probabilitatea ezartzen du
B jokalariarentzat (puntuazio baxua duen jokalaria), partida irabazteko %15eko probabilitatea ezartzen du.
Hori izanda, partidaren emaitza begiratzea gelditzen zaigu:
a kasua:
A jokalariak irabazten du, A jokalariak puntu 1 irabazten du: 1-0.85 = 0.15
B jokalariak galtzen du. B jokalariak 0 puntu irabazten ditu: 0-0.15 = -0.15
Jokalari bakoitzari horko eragiketaren emaitza bere K garatze-koefizientearekin biderkatzen da (elitean 10 da K-ren balioa), beraz:
A jokalariak = 0.15 x 10 = 1.5 puntu irabaziko ditu
B jokalariak = -0.15 x 10 = -1.5, beraz 1.5 puntu galduko ditu.
b kasua:
A jokalariak galtzen du, A jokalariak 0 puntu irabazten du: 0-0.85 = -0.85
B jokalariak irabazten du. B jokalariak puntu 1 irabazten ditu: 1-0.15 = 0.85
Jokalari bakoitzari horko eragiketaren emaitza bere K garatze-koefizientearekin biderkatzen da (elitean 10 da K-ren balioa), beraz:
A jokalariak = -0.85 x 10 = – 8.5 beraz 8.5 puntu galduko ditu.
B jokalariak = 0.85 x 10 = 8.5, puntu irabaziko ditu
Txapelketa jakin baten kalkulu hori egiten da jokatutako partida bakoitzeko eta partida bakoitzean lortutako eta galdutako puntuen batuketa egiten da eta hilero hilero jokalarien puntuazioaren zerrenda berri bat ateratzen da, aurreko hilabeteko txapelketetako puntuazioak dituena.
Datu guztio horiek argitaratu egiten dira interneten FIDEren webgunean.
Hemen adibidez Euskal Herrian jokatutako azken txapelketa bateko datuak (Gasteizko Erregetako Txapelketa):
http://ratings.fide.com/tournament_report.phtml?event16=147432
Oooole, milesker azalpenagatik Mikel! Orain bai, orain ulertzen dut!
Hemen azalpen teknikoagoa nire gaztelaniazko blogean:
https://erral.wordpress.com/2017/02/08/por-que-hou-yifan-no-tiene-razon/