Denis Urubko himalayista, bakarrik K2rantz: Badu zentzurik?
Ostiralean, hilak 23, Denis Urubko mendizale kazakhstandar-poloniarra bakarrik abiatu zen K2ren tontorrerantz, bere espedizioko liderrari entzungor eginez. Sarri aipatu duenez, berarentzat negua otsailaren 28an amaitzen da. Horregatik erabaki omen zuen oinarrizko kanpalekutik bakarrik abiatzea: tontorrera data hori pasata iritsiz gero, ez litzateke “neguan egindako igoera” izango. Ziur badela arrazoi gehiago (arazo pertsonalak tarteko), baina ez gara horretan sartuko. Azken albisteek diote eguraldi txarrak behartuta Urubkok atzera egin duela, eta litekeena dela oinarrizko kanpalekura gaur heltzea, zorionez. Bere erabakiak, baina, zalaparta handia eragin du. Batzuek haren “kemena” txalotu dute eta besteek egin duen “zentzugabekeria” kritikatu. Esango nuke ni gehiago nagoela lerraturik bigarren multzo horretara, baina ulertzen ditut mendizalearen balentria goratzen ari direnak, are gehiago beherantz egin duela jakitean.
Urubkok buelta ematea erabaki aurretik, zera zioen Rafael Froniak, besoa hautsita etxera itzuli behar izan duen espediziokideak: “Erabaki zuzena al da hau? Ezin diot galderari erantzun, arrazoi sinple batengatik: dena ongi atera eta tontorrera heltzen bada erabaki ona izango da. Aldiz, gauzak konplikatzen hasten badira, erabaki txarra. Denis gai da beste batzuek egin ezin dezaketena egiteko. Ez dut ezagutu Himalayan berak bezain azkar eta ongi eskalatzen duenik”.
“Eta, zuk zer iritzi duzu Urubkorenaz?”, galdetu diot Gorka Azkarate lehengusuari, mendizale, mendi korrikalari, mendi-eskiatzaile eta mendi-kronikari den heinean, jakitun bere erantzunak nondik joko duen: “Etxekoekin eztabaida bera izan dut. Zentzugabekeria da batzuentzat, baina historia beti horrela da: gizakiak sekula lortu ez duena lortu nahi du. Orain dela 150 urte Cervino mendira joan ziren horiek ero batzuk izango ziren, Edmund Hillary Everestera joan zenean zentzugabekeria, Aneto lehen aldiz igo zenean ere bai… Konkistatu ez dena konkistatzearen zera hori… Seguru asko bera da gaur egungo himalayista onena; ziurrenik espedizioko gainerako kideak baino koxka bat goitik zebilen, eta han joan da! [Urubkok atzera egin aurretik hitz egin dut Gorkarekin] Pentsa zer barne-borroka izango duen. Mendi hori neguan igotzen saiatzeko nahikoa lan ez eta borroka egin behar espedizio-buru baten erabakiekin zeintzuekin ez zatozen bat. Nik uste dut besteek ere badakitela espedizio horrek arrakasta izateko bide guztiak Urubkotik pasatzen direla, eta egin dezaketen onena dela berari laguntza ematea”.
Hona, bestalde, igoera zorrotz jarraitzen ari den Jorge Nagore Frauca kazetari iruindarrak idatzi duen txio-hari parea, Urubko bakarrik abiatu ostean bata, jaisten hastean bestea:
Algunas personas -muchas- igual creen que esto de Urubko es un reto a la muerte o una pelea a vida o muerte o alguna mierda así. No. Esta gente ama subir montañas y ama los retos así, pero quieren subir montañas y no a costa de su vida. Les gusta vivir, solo que les gusta subir.
— JorgeNagore Frauca (@JorgeNagoreF) 2018(e)ko otsailak 25
Es el escalador más brillante del siglo, a la altura de los mejores del XX, y su versión merece ser escuchada y valorada. Hay que valorar también el enorme tacto de Wielicki y su cordialidad, al menos de cara al exterior. Ojalá se arreglen y Polonia suba al K2. Se lo merecen.
— JorgeNagore Frauca (@JorgeNagoreF) 2018(e)ko otsailak 26
Erabakia ulertu/errespetatu egiten dute Azkaratek eta Nagorek, baita foro espezializatuetan gaiari buruz ari diren hamaika mendizale gehiagok ere. Esango nuke mendizaleen artean hori dela, ñabardurak ñabardura, nagusi den iritzia, nahiz eta askok galdetu duten balizko erreskate bat antolatu behar izanez gero zer pasako litzatekeen, etxekoak ez ote dituen aintzat hartzen, espedizioa diruz babestu duten enpresa eta erakundeek zer iritzi izango duten… edota Urubko bertan hilez gero, zer?
Etxekoez oroitu naiz ni (ez, Urubkorenak ez du zentzurik), eta horrek eraman nau galdetzera mendian hasiberri direnek zein begirekin ikusiko ote duten hark egindakoa. Eredu baita askorentzat. Berak egin badu, guk zergatik ez? Argi dago Urubkok sekulako ahalmena duela (lehengusuak esan dit poloniarrek badutela zerbait geneetan, neguan 8.000 metrora hiru egun vivac egiten pasa zitzakeen Jerzy Kukuczka gogoan), eta mendizaleek badakitela nekez lortuko dutela haren mailara heltzea, baina…
Horrek eraman nau beste galdera bat egitera, lehenago ere izan dudan zalantza bat tarteko: Kazetari bezala, zein neurriraino goratu behar dira horrelako kirol balentriak? Zein balore sustatzen dituzte?… Ez dakit zer erantzun.
Baina bai, badu zentzurik.
Hala eta guztiz ere, badira desberdin pentsatzen dutenak. Orain aste pare bat, sare sozialetan bere burua ezagutzera eman ez duen poloniar batek zera adierazi du, orduan Tomek Mackiewicz poloniar mendizalea Nanga Parbat mendian (baldintzak zirela eta erreskatatu gabe) hil eta ‘heroi’ gisa hartua izan eta gero Poloniako hainbat mediotan.
Bere aita poloniar eskalatzaile ezaguna zela, eta Himalayan hil zela orain dela urte asko. Familian adostu zuela bere amarekin seme-alabak izatean, mendian egingo zituen espedizio arriskutsuak ez zituela gehiago egingo, eta familiari kasu egingo ziola, hau lehenetsiz.
Hala eta guztiz ere, jarraitu zuen eta azkenik hil mendian. Bere iritziz, mendira doazen halako mendizale himalayistak irresponsable hutsak dira (hitz gogorragoak erabili zituen irainduta jatorrizko mezuan). Asegururik gabe hil zen aita, eta ama bakarrik geratu zen, familia bakarrik atera beharrean: amak egunean hiru lanbide behar izan zituen bere haurrak aurrera atera ahal izateko. Egoera latza!
Norberak gero nahi duen irakurketa egin dezala, baina nik uste mendiaren aurretik badira beste kontu gehiago.
Hau da txanponaren beste aldea.