Atharratzeko eskubaloi taldea, Frantziako txapeldun
Zibero Sports taldeko emakumeek Frantziako Erregioetako Kopa irabazi dute, finalean Kremlin-Bicêtre taldeari 29 eta 24 irabazita.
Partida ia osoa markagailuan aurretik eman dute Atharratzekoek, eta momenturen batean “beldurra” sentitu arren, egoerari aurre egin eta kolektiboki sendo eutsi ziotela nabarmendu du Denise Challa entrenatzaileak. Talde gaztea da Zibero Sports (jokalariek 19 eta 26 urte artean dituzte), Aurore Jargoyhen kapitainak nabarmendu duenez, eta heldu diren lekuraino heltzea pentsatzen ez zuten arren, dio “zuten guztia” eman dutela txapelketa irabazteko.
Biek ala biek adierazi dute “handia” dela kopa Zuberoara ekartzea, eta gauza bera diote taldeko ordezkari Mathieu Tauzin eta Francis Bürgübürük, Xiberoko Botza irratiak jasotako adierazpenetan. Zaleen eta babesleen sustengua azpimarratu dute guztiek.
> Zibero Sports klubari buruz Tardets.com webgunean.
Sekulako balentria eta lorpena iruditzen zait. Baina irakurtzen ditudan medioetan oharkabean edo oso lausoki pasa delakoan nago ( Berria, Argia, Gara…). Zer esanik ez medio nagusienetan. Ez dakit zergatik ote den: eskubaloia delako, eta ez futbola; emakumeen lorpena; Xiberoakoa, hau da, Ekialdekoa delako, eta, beraz, Euskal Herriko ikuspegia falta dugulako; landagune batekoa, eta ez hiribururen batekoa…Kontrara, arrazoi guztiak batuta, niretzat merituak handiagoa izan behar luke. Baina…
Aupa Jon,
Ez zaizu arrazoirik falta. ARGIAri dagokionez, normalean ez dugu kirol emaitzez idazten, guztiak jasotzea ezinezkoa zaigulako. Gizonezko futbol taldeen emaitzez ere ez dut uste sekula idatzi dugunik, nik behintzat ez…
Bereziki nabarmentzea merezi dutenez (hain justu itzalpean geratu ohi diren horiez) agian idatziko dugu, dut, baina gainerakoan… Atharratzeko emakumeenak, argi dago, merezi zuen aipua.
Zure oharra aintzat hartuko dut eta saiatuko naiz begi-puntuan ditudan kirol talde eta kirolariez haratago so egiten. Milesker ekarpenagatik!