Komikiak zapata zolaren azpian: klasismoa? ezezagutza?
Doraemon marrazki bizidunen eszena batean, komiki bat irakurtzen ari da Nobita bere gelan, katu buruhandiak haserre bizian eteten duen arte: “Zer ari zara komikiak irakurtzen!? Har ezazu liburu serio bat, pertsonaia historiko baten biografia adibidez!”. Liburu “serio” bat…
Ia oharkabean igarotzen den pasadizo inuzentea da, ados, baina irudipena daukat Doraemon marrazkietan sarri xamar errepikatzen den diskurtsoa dela: komikia = gauza ez serioa. Diskurtso hori gidoilariek –pertsona helduek– dute erreproduzitzen eta normalizatzen. Doraemon manga Hiroshi Fujimotok sortu zuen; hortaz, pentsatzekoa da marrazkion asmoa ez dela, inondik ere, Komikia desprestigiatzea. Halere, eszena hori abiapuntu egokia iruditu zait komikien inguruko usteez idazteko, Miss_Adler78-ren txio batek bultzatuta: “Komikia ez daukat artetzat, Arde Eder bakar baten zapata zolara ere ere ez baita heltzen”.
Hablemos de esto. pic.twitter.com/pkHH863LRU
— Nacho MG 💙 (@Nacho_MG) February 5, 2019
Baieztapenak, zer nahi duzue esatea, ez hotz ez bero, lehen kolpean epel laga nau. “Bakoitzak pentsa dezala nahi duena”. Baina @Nacho_MG-ren txio-hariak eta erantzunetako batzuk irakurri ostean, uste dut badagoela non harraskatu, hasita askok Miss_Adler78-ri leporatu dioten “elitismotik” edota “klasismo kulturaletik”.
Zentzu horretan, hala dio @Nacho_MG-k: “Klasismo kulturalak kezkatu egiten nau, diziplina batzuen garapen ekonomikoari oztopoak jartzen dizkiolako, eta kategoria eta klase helezinak ezartzen dituelako, zeintzuetan pribilegioak babestu nahi diren”. Klasismo edo mailaketa hori non isla daitekeen pentsatzen jarrita, kulturaren esparruko jauregi eta zokoetatik haratago, hezkuntza-sistema etorri zait gogora.
Esango nuke ikastetxeetan alboratuta geratzen dela komikia. Zeren eta, literatur klaseetan-eta, zenbat komiki irakurri eta analizatzen dituzte ikasleek? Zenbat komikigileren –gidoilari zein ilustratzaileren– biografiak ikasten dira? Zenbat komikigilek eman ohi dituzte hitzaldiak? Zenbat etsaminetan ageri dira komikiari buruzko galderak?… Beldur naiz erantzuna ez ote den izango nik espero baino are tristeagoa.
Zergatik ez da, boteprontoan bururatu zaizkidan lan batzuk aipatzearren, Santa Familia jorratzen? Edo Migel Marmolen hamaika eta bat jaiotzak? Haur Besoetakoa, Pololoak, Justin Hiriart, Pilula urdinak, Gerezi Garaia, Zubigileak…? Orotariko lanak argitaratzen dira euskaraz (zer esanik ez erdaraz), bide ematen dutenak hamaika konturi buruz hitz egiteko, izan barne-sentimenduez zein gizartean pil-pilean diren gaiez. Ahaztu gabe tresna paregabea daukagula ikasleak komikiaren munduan barneratzeko: Xabiroi komiki-aldizkaria, Ikastolen Elkarteak argitaratua hain zuzen ere.
Pentsatzen dut hezkuntza-sistemak (ez dakit ziur nola izendatu) zehaztu edo gomendatuko duela zein libururen inguruko lanketa egin. Litekeena da irakasle bakoitzaren esku geratzea apur bat. Beraz, sistema-buruek eta irakasleek nahikoa ezagutzarik/borondaterik ez badute…
… ezagutza handitzeko urratsak eman beharko dira 😉
Niri gai serioa iruditzen zait, komikizale naizen aldetik. Eta eskolan Nobitarenean bezala gertatzen ari da. Semea komikiak irakurtzea galarazi eta “benetazko literatura”, liburuak alegia, irakurtzera behartu zuen duela ez asko irakasle batek. Komikiaren balioa artegintzan ez dut esango, ez naiz aditua, baina balore eta mezuak hedatzeko tresna izugarria da, eta ez bakarrik gazteenen artean.
Ioder, irakasle batek horrela, zuzenean, hori esatea ere! Hala da, artea den ala ez, ba ez zait hain inportantea iruditzen. Baina ateak horrela ixtea, ziurrenik ezezagutzagatik, edo auskalo zein sineskeriagatik, baloreak transmititzeko hain tresna ona denean…
…