Zergatik hitz egin du orain?
Azkenean aitortu du guztiok genekiena. Debekatutako sustantziak hartu zituela, alegia. Hainbeste urtetan egia ukatzen aritu ostean, Lance Armstrong ziklista estatubatuarrak ebidentziei men egin behar izan die. Zergatik orain?
Galdera horixe egin dio bart Oprah Winfrey telebista aurkezleak. “Galdera logikoena hori da”, erantzun dio amerikano harroxkoak. “Ez dakit. Ez dut erantzun handirik. Berandu heldu da, hori egia da. Litekeena da jende gehienarentzat ere berandu heltzea, eta hori nire errua da. Egoera hau sarri errepikatu den gezur handi bat zela ikusi nuen. Bazirudien ‘ez’-aren bidea onartu nuela, eta ez nuela hura bazterrean utzi nahi”. Armstrongek azaldu du garaipen goseak eraman zuela dopatzera, “edozein preziotan irabazi nahi izateak”.
Hainbat dira Armstrongen erabakia azaldu gura duten hipotesiak. Bere izaeraz mintzo dira asko, izaera berezi horren parte den lehiakortasunaz; erretiratu ostean bere gosea ase zuten IronMan eta triatloietan lehiatzen jarraitu nahi badu, derrigor aitortu behar baitzituen egindakoak. Bere Fundazioa (Livestrong) ekonomikoki babestu duten erakunde eta enpresariek egin dioten presioa aipatu dute besteek; babes hori galtzerik nahi ez badu, derrigor garbitu behar baititu bere kontzientzia eta irudi publikoa.
Izaera berezikoa da Armstrong, “ego” handikoa, Axier Sukiak Tropela.net webgunean idatzi duen moduan: “Lancek ezin du bizitza publikotik aldenduta bizi, gezur bati eutsita, bere popularitatea egunetik egunera nola erortzen den ikusten duen bitartean. Bere bizitzaren bigarren zatirako zituen asmoei (Fundazioa, ibilbide politikoa) ezin die betiko uko egin, ez behintzat borrokarik egin gabe”. Eta birgaitzeari ekiteko, “ezinbestekoa du aitorpenaren langa mingarri eta arriskutsua gainditzea”. Ez dakigu lortuko duen, baina eroriz gero, min hartuko duen bakarra ez da bera izango, hori ziur. Zirko esperpentiko honetako pailazo-trapezista gehiagok egingo du irrist zabor-kaka hari labainkorretan. Oraingoz Armstrongek bere errua aitortu besterik ez du egin. Ez du inor salatu, ez du argitu debekatutako sustantziak nork ematen zizkion, odol transfusioak egiten nork laguntzen zion, berak egindakoak nork ezkutatzen zituen eta abar eta abar. Baina piztia gehiegi estutzen badute, haren haginkadek jende asko zaurituko dute.
Egindakoa aitortzea zergatik da “arriskutsua”?
Armstrongek behin eta berriro esan du sekula ez duela legez kanpoko deus egin. Derrigor mantendu behar zuen rol hori, kontrakoa frogatzerik balego, epaiketa zibil bati aurre egin beharko liokeelako, Egoitz Lizasok Tropela.net-en nabarmendu duen bezala: “US Postal taldeak jaso zuen diru publikoa asmo txarrez erabiltzea leporatuko liokete. Ez litzateke txantxetakoa izango”.
Gezurrezko zina egiteagatik ez dute espetxeratuko, delitu hori preskribatu egin delako, baina AEBetako Justizia Departamenduak bere aurka egin lezake berriro, adituek pentsatzen duten arren ez dela halakorik gertatuko. Duela bi urte ere Justiziak ikertu egin zuen Armstrong. Ez zuen kargurik aurkitu, ordea. Auzia bere horretan laga zuen, eta ez dirudi berriro helduko dionik. Ikusiko dugu.
Txirrindularitzaren mundua hizpide, Armstrongek guztia gezur potolo bat zela adierazi du, burbuila batean bizi zela. Gauza bera esan zuen David Millar txirrindulariak duela bi hilabete, Canal+ telebista katean. Gezurrak gezurren gainean. Eta kaka guztiaren azpian, txirrindulariak eurak. Eta nazka-nazka eginda gauden zaletuak.
Informazio gehiago:
Elkarrizketaren inguruko artikulu eta bideoak ABC telebista katearen webgunean.
Elkarrizketako pasarte batzuk gaztelaniaz Esciclismo.com webgunean.
Iruzkinik ez
Trackbacks/Pingbacks