Slump doktorearen zaintiratua
Hasiera » Jon Tornerren bloga - Slump doktorearen zaintiratua

Dopina: Raul Portilloren positiboa eta martxa zikloturisten atzealdea

2019-05-10  //  Uncategorized  //  Iruzkinik ez

Ez nituen Raul Portillo eta Jose Antonio Larrea euskal “ziklistak” (ejem!) ezagutzen. Portillo munduko txapeldun da beteranoen M40 mailan –errepideko lasterketa eta erlojuaren kontrakoa irabazi zituen 2018an–, eta Larrea ere hainbat probatan nabarmendu da M30 mailan –2016an Espainiako txapelketa irabazi zuen–. Portillok, halaber, Quebrantahuesos zikloturista martxa (ejem!) ezaguna “irabazi” (ejem!) zuen iaz. Bada, biek positibo eman –EPO baliatu zuten, El Correoren arabera– eta zigortu egin ditu dopinaren aurkako euskal agentziak.

Portilloren positiboak auzitan jarri du berriro master mailako kirolaren errealitatea / JOAN SEGUIDOR

Hainbat jenderi, baita ziklismoa praktikatu edo jarraitzen duenari ere, entzun eta irakurri diogu albisteak “harritu” egin duela. “Zer nezesidade dute amateurrek horretrako?!”.  Niri, harritu nauena da hainbat jenderi horrelako albisteek harritzea. Nezesidadea, ba ez dakit, esaten da dopatzen den kirolariak bi helbururekin egin ohi duela: dirua irabazteko, edota lortutako balentriengatik txaloak jaso eta egoa elikatzeko. Pentsatzen dut bigarren horretatik gehiago dutela bi protagonistek, baina auskalo.

Iban Vegak Joan Seguidor blogean dioenez, master mailako ziklismoa haren amak ere ez du ezagutzen. Duela 20-30 urte, lagun koadrila bat joaten bazen erdipurdiko lasterketa batera oinarrizko ekipamenduarekin eta ongi pasatzeko helburuarekin, orain biltzen da jende “gaixo” bat 18 urterekin erakutsi ez zuen anbizioarekin. “Jubeniletan zipitzik ere ibiltzen ez zirenak, bihurgune eta iskina bakoitzean hortzak estuturik pasatzen direnak orain, profesionalak direla pentsatzen dutenak, agian egun batean hala zirela amestu zutelako, baina izan gabe. Vegaren hitzetan, pertsona batzuek –”zehazki zenbat diren ez dakit”– kalte egiten diote master mailako txirrindularitzari. “Ezin du horrela jarritu”, dio. Eta galdetzen du zein iritzi ote duten zigortutako ziklisten arerioek, nazkaturik egonda ere, inor seinalatu edo salatzen ez dutenak. “Non daude ahots kirikoak?”.

Zentzuzkoa da galdera, baina, zer nahi duzue esatea, “ixiltasun” horrek ere ez nau batere harritzen. Profesionalen artean positiboak haizatu izan direnean ere gauza bera. Omertá.

Tira, egoeraren absurduak eragiten duen auzolotsa-eta albo batera utzita, auziak eztabaida interesgarriak eragin ditu sare sozialetan, bereziki zenbait zikloturista martxaren izaerari tiraka. Horregatik idatzi ditut sarrerako “ejem!” horiek.

Quebrantahuesos martxaren irteera-gunea.

Albert Valero marketinean aditua da txirrindularitza eta triatloi diziplinetan. Bere txioak laburbiltzen du esan nahi dudana: “Ziklista batek Quebrantahuesos (QH) irabazi duela esatea arazoaren parte da. Martxa zikloturistetan, sailkapenak kentzearen eta norberari mezu elektroniko bat bidaltzearen aldekoa naiz, soilik zuk egindako denborarekin, zu zeuk soilik izan behar duzulako zeure arerio”

Respecto al caso de Raúl Portillo…

Decir que un ciclista haya ganado la Quebrantahuesos es parte del problema.

En las cicloturistas defiendo el eliminar las clasificaciones y enviar un e-mail con tu tiempo, sólo a ti, porque debes ser tu único rival.

— Albert Valero (@Albert_Valero) 2019(e)ko maiatzaren 8(a)

Oinarrian bat nator. QH “irabazi” izanaren inguruan erabat ados. Ez da konpetizio bat, beraz gisa horretako martxetan terminologia hori eta podiumak eta bestelakoak baztertzea hobeto. Auziak adar ugari du, ordea, Valerori erantzun dioten txiolari batzuen iruzkinek agerian uzten duten bezala:

@egarate: “Gogoan dut, duela urte gutxira arte, Flandria eta Liege bezalako lasterketen zikloturista-bertsioetan, soilik entregatzen zela papertxo bat, kontrol postuetan markatzen zizutena”.

@juleniturbe: “Presarik gabeko ziklismo bat dago, eta gero beste hau (…) Lehenbizikoa target erakargarriagoa da markentzat”.

@malaguilla: “Martxak negozioa dira. Gatz eta piperra kenduz gero hondoa joko lukete. Izatez, martxa kontrolatuak izen-emate mugatua dute. Nik, grupetan ateratzeko ez nituzke 50 euro ordainduko”.

@Albert_Valero: “Bitxia da, soilik Italian eta Espainian hartzen ditugu horrela. Gainerako lekuetan, martxetan parte hartzen duen jendearen helburua bukatzea da”.

@inagurru: “Ez dakit ados nagoen ala ez. Hiruko erregela aplikatuz, afizionatu mailako lehiaketa guztiak bertan behar utzi beharko  lirateke? Erregional mailako futbola, herri lasterketak, herri arteko pilota partidak… Ezetz uste dut. Zikloturistetan, erdi mailako kategoria bat egon beharko liztateke”.

@Albert_Valero (aurrekoari erantzunez): “Ez. Gauza bat dira lasterketak (ziklismoaren kasuan Master motakoak), eta beste bat martxa zikloturistak. Batzuetan lehiatu egiten da, besteetan ez luke behar”.

@inagurru (aurrekoari erantzunez): “Horregatik diot erdibideko mailarena. Ciclosportif Frantzian. Lasterketak, baina iraupen luzekoak; eta ez bi ordu eta erdi ziurkuito batean biraka aritzea”. “Bestetik, ez dakit zein zentzu daukaten helduentzat antolatutako lehiaketek, kirola edozein izanik ere. Baina antolatzen dira eta jendea joaten da, baita ni ere”.

 

Ez dakit zuek zein iritzi duzuen. Nik behin egin dut QH, duela urte mordoxka bat jada, gehiegi sufritu gabe amaitzeko helburuarekin (inoiz ikusi badituzue hankak depilatu gabeko bizpahiru tipo, horietako bat lasterketa hasi aurretik zigarroari ufaka, litekeena da gu izatea). Lortu nuen helburua. Nire atzetik gehienez 300 lagun helmugaratuko ziren, baina ni kontentu, azken kilometroetan taldetxo baten buruan errelebo bat eman eta han ozta-ozta mantentzen zen bati gel bat oparitzeagatik. Gainerakoan, paisaiak, giroa, antolaketa… oroitzapen ona dut. Sailkapenak-eta, bost axola, nik nirea egin nuen. Ziur parte-hartzaile ugarik duela iritzi bera. Baina, berriro joango banintz? Ziur, hasteko, denbora hobetzen saiatuko nintzatekeela, edo lagun-taldekoei luzaroago eusten, edo… Uste dut pizgarri horiek politak direla, eta beharrezkoak hein batean. Kontua da noiz eta zergatik heltzen garen muga ustez logikoak haustera eta autoestimua elikatzearen truk erokeriak egitera. Ez dakit. Ez daukat martxen kontu hau guztia “konpontzeko” formula magikorik, ezta inondik ere, baina birplanteatu behar direla, hori ziur. Birplanteatu behar den bezala dena delako kirol martxa, erronka, apustu, desafio… lau haizetara zabaltzen ditugun kazetarion jarduna. Esan nahi dut kirol markak gain-dimentsionatu egiten ditugula maiz. Ni aurrenekoa.

 

Info gehiago:

Gonzalo Vicente kazetari eta entrenatzailearen txioa:

Pues le he mandado este mensaje al tal Raúl Portillo.

Basta ya.

Estamos hartos de tramposos. pic.twitter.com/lW7Ik2dFDn

— Gonzalo Vicente (@TzaloVS) 2019(e)ko maiatzaren 7(a)

‘The Pegasus Dream Tour’: Joko Paralinpikoen lehenbiziko bideo-joko ofiziala

2019-04-25  //  Joko Olinpikoak, Zientzia eta teknologia  //  Iruzkinik ez

Mugikortasun urritua daukaten pertsonak dira The Pegasus Dream Tour bideo-jokoaren protagonistak. Hajime Tabata ari da hura diseinatzen, Final Fantasy XV jokoaren zuzendaria, besteak beste.

Bideo-joko honetako protagonistek ‘Xtra Power’ gaitasun bereziak garatuko dituzte.

Joko Paralinpikoen lehenbiziko bideo-joko ofiziala da; 2020an aurkeztuko dute, Tokioko Jokoak hasi baino lehen. Desgaitasunak dituzten heroiak izango ditu protagonista, sektorean ohikoa ez dena. Ez da, halaber, ohiko atletismo-jokoa izango; rol jokoa da, kokatua Pegasus City fantasiazko metropolian, non Joko Paralinpiko birtualak ospatzen diren.

JP Games enpresaren estreinako bideo-jokoa da. Hajime Tabatak sortu zuen; Final Fantasy XV diseinatu ostean utzi zuen Square Enix konpainia.

Informazio osagarria:

– Disabilities in video games are more realistic than you think (“Bideo-jokoetan, desgaitasunak dira pentsa dezakezuna baino errealistagoak”). Aaron Greenbaum / Game Spresso

– Disabled protagonists: Where are you? (“Desgaitasunak dituzten protagonistak: Non zaudete?”). Nick Jenkins / Game Skinny

– Video Games Need More Playable Disabled Heroes (“Bideo-jokoek behar dituzte heroi desgaitu jolasgarri gehiago”)  Jef Reuner / Houston Press)

– Joko Olinpikoen inguruko bideo-jokoak, ofizialak eta hala ez direnak. 1980eko hamarkadakoak dira lehenbizikoak (Wikipedia)

– 2020ko Joko Olinpikoen bideo-joko ofiziala

‘SOS Pirineus’ koordinadora, 2030eko proiektu olinpikoaren aurka

2019-04-11  //  Kirola  //  Iruzkinik ez

Herrialde Katalanetako hainbat kolektibo ekologistak SOS Pirineus koordinadora sortu dute, borroka guztien topagune izan eta Pirinioetako ingurumena eta bizi baldintzak mehatxatzen dituzten arriskuez ohartaraztea helburu. Begi-puntuan duen proiektuetako bat 2030eko Neguko Joko Olinpikoena da, ‘Pirineus-Barcelona’-k bere hautagaitza aurkeztu baitu.

Coll de Pal (Bagá), koordinadorak babestu nahi duen espazioetako bat | Ivan Sanz. Lugaresdenieve.com

Eski pistak zabaltzearen, errepide berriak eraikitzearen, autopista elektriko berrien edota meategien gehiegizko ustiatzeen aurka dauden kolektiboek, SOS Pirineus plataforman bilduak, herritarren artean galdeketa egitea nahi dute, baita sakoneko eztabaida publikoa ematea ere, “Pirinioetan egingo liratekeen Joko Olinpikoaren ingurukoak ez daitezen erabaki mendialdeko errealitatea ezagutzen ez duten bulegoetan”, Fosbury.cat agerkari digitalak jaso duenez.

Proiektuak eragin ditzakeen ingurumen kalteez gain, “enplegu artifizial, prekario eta aldi baterakoa” sortuko duela ere kritikatu du kolektibo ekologistak. Halaber, eraikiko liratekeen azpiegiturak Jokoen ostean abandonaturik geratuko liratekeela diote –beste leku batzuetan gertatu den moduan–. Zentzu horretan, “elur turismoaren aldeko apustu irmoa” birplanteatu egin behar dela uste du.

2030eko hautagaitzaz gehiago:

– Juan Antonio Samaranch (COI), Kataluniak bizi duen egoera politikoaz, La Vanguardian: “El proyecto Pirineus-Barcelona puede ser un gran catalizador y aglutinador” (“Pirineus-Bartzelona proiektua katalizatzaile eta bateratzaile handia izan daiteke”).

– Barcelona 2030, la candidatura a los Juegos Olímpicos que debe sortear al ‘procés’ (Bartzelona 2030, ‘procés’-ari iskin egin beharko dion hautagaitza). El Confidencial.

– Llum verda a uns Jocs Olímpics al Pirineu (Argi berdea Pirinioen hautagaitzari). Ara.cat.

Euskal Herriko Itzulia: 1. etapa [Argazki galeria]

2019-04-09  //  Uncategorized  //  Iruzkinik ez

Ramon Emazabel-ek atera ditu astelehenean argazkiok, Eitza eta Antigua bitartean ia denak.

 

 

 

 

 

 

 

Flandriako Tourra: hamaika bitxikeria eta une gogoangarri gordetzen duen monumentua

2019-04-05  //  Uncategorized  //  Iruzkinik ez

Harbideak eta aldapa labur baino tenteak ikur dituen Flandriako Tourra txirrindularitza monumentuaren inguruko hainbat datu eta azalpen bildu dut artikulu honetan. Saiatu naiz ohiko informaziotik apur bat aldentzen…

Iazko irabazle Niki Terpstra, erdian (urdinez) / Velonews, BTM

Oinarrizko datuak

Herrialdea: Flandria (Belgika)
Data: Igandea, 2019ko apirilak 7
Luzera: gizonezkoenak 267 km, emakumezkoenak 152 km
Lehen edizioa: 1913an gizonezkoena, 2004an emakumezkoena
AKA: De Ronde, Ronde van Vlaanderen, RVV

De Ronde (ere bai), egunkari baten gerizpean

Karel Van Wijnendaele flandriarrak ‘SportWereld’ kirol egunkaria sortu zuten 1912an. 1913an, egunkaria sustatu asmoz, De Ronde Van Vlaanderen antolatzea erabaki zuen. Nekez imajinatuko zuen egutegiko lasterketarik entzutetsuenetakoa bihurtuko zela. 1939az geroztik ‘Het Niewsblad’ egunkariak antolatzen du Flandriako Tourra.

Paul Demane, fusilatua izatetik bi bider salbatu zen ziklista

1913an egin zen lehenbiziko edizioa. Paul Demanek (BEL)  irabazi zuen. 37 ziklistak irten zuten Gantetik. 324 km egiteko 12 ordu, 3 minutu eta 10 segundo behar izan zituen Demanek. 1.100 franko irabazi zituen. I. Mundu Gerran, Belgikako zerbitzu sekretuentzako espioitza lanetan aritu zen. 15 misio burutu ostean alemaniarrek atxilotu egin zuten, eta heriotzara kondenatu. Deman fusilatzera zihoazenean, ordea, armistizioa sinatu zen, eta txirrindularia onik atera zen presondegitik. Britainiarrek, baina, espia alemaniarra zela pentsatu zuten, eta belgikar agintarien azalpenengatik ez balitz, fusilatu egingo zuketen. 1961ean hil zen, Flandriako Tourraren fundatzaile Karel Van Wijnendaele bezala.

Datu/une gogoangarriak

Mendea baino gehiago duen arren, bost Monumentuetan gazteena da Flandriako Tourra. Aurtengoa 103. edizioa izango da (I. Mundu Gerran etenaldia sufritu zuen)

Flandriak 6,5 milioi inguru biztanle dauzka. 800.000 bilduko dira errepide bazterrean, ziklistak bertatik bertara  ikusteko.

Garaipen gehien (hiru) dituzten txirrindulariak sei dira: Fiorenzo Magni (Ita), Fabian Cancellara (Sui), eta Achiel Buysse, Eric Leman, Johan Museeuw eta Tom Boonen belgikarrak.

Parte hartze gehien: Briek Schotte (Bel), 20 edizio. 16 bukatu zituen.

Edizio gehien bukatu dituena: George Hincapie (AEB), 17 hasi eta bukatu zituen.

Tarte txikienarekin (fisikoki) irabazi duena: Gianni Bugnok (Ita) 7 milimetroko tartea atera zion helmugan Museeuw-ri, 1994an.

1985eko edizioan 173 txirrindulari irten eta 24 besterik ez ziren helmugaratu, euriak eta hotzak behartuta. Eric Vanderaerdenek (Bel) irabazi zuen.

1987an, auto batek Jesper Skibby lurrera bota zuen Koppenberg-en, lehena zihoanean. Antolatzaileek erabaki zuten hurrengo edizioetan aldapa hori kentzea. 2002an hasi ziren berriro hura igotzen.

2010ean, monumentu honetako protagonista handienetako bi, Fabian Cancellara eta Tom Boonen, Kapelmuur aldapan gora, lasterketa buru. Suitzarraren erasoa gogoan dugu askok.

Emakumezkoetan, 16. edizioa

Lehen edizioa 2004an egin zen, eta orduz geroztik ez du hutsik egin. Bost monumentuen artean, Flandriako Tourra eta Liege-Bastogne-Liege besterik ez dira egiten, bigarren hori duela bi urte eskasetik. Milano-San Remo 1999tik 2005era artean egin zen, eta Paris-Roubaix eta Lombardiako Giroa sekula ere ez. Bada emakume bat, halere, Lombardiako klasikoan parte hartu duena: Alfonsina Strada mutilekin batera lehiatu zen 1917ko eta 1918ko edizioetan; baita 1924ko Italiako Giroan ere.

2016an Lizzie Deignan britainiarra nagusitu zen. Bera da urte berean Flandriako Tourra eta Omloop Het  Nieuwsblad irabazi dituen ziklista bakarra, gizonezkoak ere kontuan hartuta.

2018an, Van der Breggen herbeheretarrak irabazi zuen De Ronde, gerora Munduko Txapelketa ere irabaziko zuenak:

“Unisex” garaikurra

Azken edizioetan, Fernand Vanderplancke eskultoreak bi garaikur desberdin egin ditu: gizonezko onenarentzat bata, eta emakume onenarentzat bestea, apur bat txikiagoa. Diseinu bereko bi egin ditu aurten, gizon eta emakumeen arteko berdintasuna errespetatzea helburu, Het Nieuwsblad egunkarian irakurri daitekeen moduan.

Fernand Vanderplancke eskultorea, Flandriako Hezkuntza ministroa Hilde Crevits-ekin, RVV-ko garaikurrarekin / Kurt

Garaikurra bai, sari ekonomikoa ordea…

De Ronde irabazten duen gizonezkoak 20.000 euro jasoko ditu, bigarrenak 10.000, hirugarrenak 5.000, laugarrenak 2.500,  bosgarrenak 2.000, sei eta zazpigarrenek 1.500, eta bederatzi eta hamargarrenek 1.000.

Aldiz, emakumezkoetan irabazleak jasoko ditu 1.265 euro, bigarrenak 935, hirugarrenak 625, eta lautik hamargarren postura bitartekoek 375 eta 165 euro artean.

2019an, bi euskaldun

Bi euskaldunek parte hartuko dute aurten Flandriako Tourrean, banak gizonezko eta emakumezkoetan. Imanol Erviti hamabosgarrenez lehiatuko da (emaitzarik onena 2016an lortu zuen, meritu handiko 7. postua), eta Ane Santesteban seigarrenez. Behin amaitu du lasterketa: 2013an 50. izan zen.

Informazio iturriak:

PEZ Cycling

Cyclingtips

Twitter: #rvv #rvv19 #rvvwomen

Runner astakirtenari gorazarre

2019-03-22  //  Uncategorized  //  Iruzkinik ez

Uste nuen, kirol munduarekin lotuta, geroz eta gauza gutxiagok harrituko nindutela. Baina, oraindik ere, makina bat kontuk bultzatuko gaituzte eskuak kopetara eramatea: “Ez, mesedez, hau ez…”. Keinu hori egin dut Xabi Zalbide @xalbide-ren txioa ikustean. Lasarte-Oria Trail taldearen mezua, “Txomin” izeneko runner kataluniarraren argazki hori… Zer da hau?!

Subnormalidad runner en estado puro. pic.twitter.com/iGwOVPYFJs

— Xabi Zalbide (@xalbide) 2019(e)ko martxoaren 21(a)

“Kirola, hobetzeko grina eta  kronometroaren eta norberaren aurkako borroka” atsegin duelako eskaini dio omenalditxoa Lasarte-Oriako taldeak “Txomin” kataluniarrari, Cursa del Sot maratoi erdia egin duena argazkian ikus daitekeen moduan, eskalatzen erorketa “arriskutsua” sufritu zuelako egun batzuk lehenago. “Errazena denean gizarteak esaten dizuna egitea, eta erotzat hartuko zaituzten arren, asetzen zaituen hori egiten jarrai ezazu, sekula ez utzi borrokatzeari. Animo txapeldun”.

“Txapeldun”…

Ez dakit zer gehiago esan, benetan… sakrifikazioa (-edo) horrela goratzea… ez dut ulertzen.

Oharra: Cursa del Sot lasterketa irailean egin ohi da. “Txomin”-en argazkia, beraz, 2018koa izango da ziurrenik.  Lasarte-Oria Trail taldearen Facebook orrian ez dut testu hori topatu.

Gizonezkoak espazioaren jabe, igerilekuetan ere bai?

2019-03-14  //  Generoa, Igeriketa  //  2 iruzkin

Igerileku estaliak ez dira nire habitat naturala, inola ere ez. Aspaldian ez dut silikonazko txano profesional horietako bat jantzi, luze bakoitzaren ostean igerileku ertzean atseden hartzeko, poker aurpegia mantenduta, hori bai. Bazterretako kaleak aukeratzen nituen igeri egiteko, erdikoak uzteko jende zailduagoari. Badakit, behin kalea hautatuta, eskuinetik joan beharko nukeela. Igeri “normal” egitean (krol estiloan) zintzo betetzen nuen araua, baina bizkarrez nindoanean ipar-orratzak ez ninduen oso zuzen eramaten, egia esan.

Igerilariren bat ikusten baduzu gainerakoei enbarazu egiten diena, gizonezkoa izango da ia ziur,  Fosbury.cat-eko kazetariak dioenez / Alacanteko Udala

Hain justu, igerilekuetako kale bakoitzean zein pertsona dabiltzan eta igeri nola egiten duten abiapuntutzat hartuta, El “Manspreading” també es viu a les piscines del nostre país (“Manspreading”-a, baita gure herrialdeko igerilekuetan ere) artikulua plazaratu du Marc Martinez kazetariak Fosbury.cat webgunean. “Manspreading”, badakizue, metroan, trenean edota autobusean gizonezkoak hanka-zabalik esertzearen fenomenoa.

Zer lotura dago, baina, igerilekuetako zirkulazioaren eta “manspreading”-aren artean? Martinezek dioenez, albokoak aintzat hartu gabe igeri egiten dutenak, orohar, gizonezkoak dira: “Emakumezkoek zergatik jotzen dute eskuinaldetik igeri egitera, zirkulazioa erraztuz? Zergatik ez dugu gizonezkook gauza bera hain sarri egiten? Ez da kasualitatea. Faktore ugari daude, eta generoa da horietako bat: gizonezkoek, inkontzienteki –txikitatik hala jaso dugulako– espazio handiagoa betetzeko eskubidea daukagula pentsatzen dugu”.

Kale bakoitza, norentzat? (Zarautz, eredu)

Ez dut oroitzen herriko igerilekuan pertsona bakoitzak desberdin igeri egiten ote zuen gizonezkoa ala emakumezkoa izan. Litekeena da kontziente ez izatea –bizkarrez egitean, ziur enbarazu egingo nuela noiz edo noiz–, baina zentzu horrretan ezerk ez zidan atentzioa eman.

Onintza Irureta lankide akuatikoari galdetu diot, ea Zarauzko igerilekuan-eta halakorik sumatu ote duen. Ezetz. Kale bakoitzeko zirkulazioa lotua dago igerilariaren mailarekin, generoarekin baino. Zarauzko bi igerilekuetan, norberak badaki kale zehatz batean murgiltzean nola igeri egin behar duen. Izan ere, batak “kale azkarra” kartela du paratua, bigarrenak “ertaina”, besteak “motela”, laugarren batek “entrenamenduak”, besteak “librea” (igeri/jolas askeago egiteko), hurrenak “materiala bai” (eskuko palekin edota aletekin aritzeko)… Kale bakoitzean, emakumea ala gizona izan, berdintsu. Agerikoa da “kultURa” handia dutela han.

Eta, zuek, inguruko igerilekuetan sumatu al duzue kazetari katalanak hizpide duen “manspreading” fenomenoa?

(Igerilekuez ari garela, bada fenomeno bat artikuluak dioenarekin lotura izan dezakeena, uda garaian-eta sumatu dudana. Oro har, “bonbak”, zilipurdiak eta horrelakoak egiten dituztenak mutilak dira. Eta, hondartzan, uretara korrika sartzen direnak, olatuak “hartu” eta parean suertatzen zaien bainularia kolpetik kentzen dutenak, gabarroian indioarena egiten dutenak… Nire irudipen erabat subjektiboa da, oinarrituta batez ere gazte garaiko pasadizoetan, baina esango nuke ez nabilela oso oker, ala?)

Marrazki bizidun matxistak: dekonstrukzio-lanaren balioa

2019-03-07  //  Kulturgintza, Matxismoa  //  Iruzkinik ez

'Shin-Chan' eta 'Doraemon' marrazki bizidunak dira zerrendako lehenbizikoak.

‘Shin-Chan’ eta ‘Doraemon’ marrazki bizidunak dira zerrendako lehenbizikoak.

Adolescents.cat webgunean topatu dugu “Sekula ikusi dituzun bost marrazki bizidun matxistenak” zerrenda. Eta, hara non, lehenbiziko biak euskaraz ere eman/ematen ditu ETBk. Besteak ere, aski ezagunak dira gurean.

1. Shin Chan

2. Doraemon

3. The Simpsons

4. SpongeBob

5. Phineas & Ferb

Amaren figura maiz aipatzen da artikuluan. Ez da gutxiagorako. Zenbat eta zenbat marrazki bizidun edota telesailetan, ama da (etxekoandre) ipurterre zorrotz bat, eta aita eguna lanean (-edo) pasa ostean etxean kolpe zorrik jotzen ez duen tipo (pailazo) “enrrollatu” hori?

Baditugu, era berean, Doraemon saileko Shizuka moduko emakumezko pertsonaia “hiper-sexualizatuak”, aipatu artikuluan irakurri daitekeen moduan. Marrazki bizidunok ezagutzen badituzue, ziur badakizuela zeri buruz ari garen. Merezi du, halere, Pakito Ganbelaik Zuzeu agerkarian idatzitako artikulua irakurtzeak: Doraemon, sexua, drogak eta matxismoa.

Dekonstrukzio lan apur bat

Gisa honetako artikuluak irakurtzean, beti oroitzen naiz bere garaian Iban Zaldua idazleak elkarrizketa batean esandakoez, komikietan emakumeek duten presentzia/paperaren inguruan. Seme-alabekin dekonstrukzio lana egiteak duen balioaz mintzo zen.

“(…) Ez da ezer bereziki konplikatua: kontua da ohartaraztea emakumeen urritasuna, alde batetik, ez dela naturala, eta, bestetik, emakumeen rola, komiki askotan, estereotipatua dagoela (…) Azkenean iristen da une bat non alabek berek barneratzen duten ikuspegi hori, gauzak ez direla “naturalki” horrela, beste era batean izan zitezkeela alegia. Zorionez emakumeen rol ezberdinak areago azpimarratzen dituzten gero eta komiki gehiago dago eskura –gehienak, esan behar da, emakumeek idatzi edo marraztuak–, oraindik, maila absolutuan, gutxi izaten jarraitzen duten arren”.

Elkano ‘around the world’, pedalkadaz-pedalkada zuritua

2019-03-01  //  Uncategorized  //  Iruzkinik ez

Andaluziako Itzuliaren txioa irakurrita jakin dut Euskadi-Murias taldeko ziklistek “ELKANO-Elkanofundazioa.eus” logoa daramatela mallotaren atzealdean. Lehen etapa San Lucar de Barramedan hasi zen, eta hango Udalak Euskadi-Murias –txirrindulari talde bat (!)– omendu zuen, Juan Sebastian Elkanok munduari bira eman zionetik 500 urte igaroko direla-eta.

Homenaje al Euskadi – Murias por el aniversario de la #circunnavegación y Elcano #sanlucarbarrameda #vueltaciclistaandalucia2019 #65rds pic.twitter.com/t3fHxjGKC6

— Vuelta a Andalucía (@VCANDALUCIA) February 20, 2019

Bitxia da. Elkanoren izena eramateagatik Muriasek ez du dirurik jasoko. Mundubira 500 Elkano Fundazioaren helburua da “ezagutza historikoa lantzea eta arakatzea, gaur egungo gizartearen erronkak aztertu eta baloratzeko, eta eredu sozioekonomikoak birpentsatzeko”. Horretarako, “beharrezkoa da gizarteari estimuluak ematea, haren jakin-mina pizteko”, Fundazioko zuzendari Ion Irurzunek adierazi duenez. “Nahi dugu jendeak bere buruari Elkanori buruz galdetzea. Zalantzarik gabe, marka hori urtean batez beste 30.000 kilometro egiten dituen kirolari baten bizkarrean joateak –600.000 kilometro taldeari bagagozkio– segurtatu egiten digu pertsona askok ikusiko dutela, galdetu egingo dutela Elkano zer edo nor den, eta gehiago jakin nahi izango dutela”. Euskadi-Murias taldearen webgunean irakurri daitekeenez, hitzarmen honi esker lortuko da “Elkanoren arimak berriz ere munduari buelta ematea”.

Euskadi-Murias taldeko txirrindulariak. “ELKANO. Euskadi around the world” dute idatzita mallotean.

Helburuetako bat denez gero Elkanoren figura sakonago ezagutzea, merezi du irakurtzea horretan lagundu dezakeen erreportaje bat, Axier Lopez kazetariak plazaratua Argia aldizkarian: Zer dugu ospatzeko? Zer dute ezkutatzeko?. Berton irakurri dugu Euskadi-Murias zergatik omendu duten San Lucar de Barrameda herrian:

Espeziak urrearen pareko ziren garai hartan, nola edo hala Espezien Uharteetarako bidea osatzea zen helburu nagusia. Eta hala, 1519ko abuztuaren 10ean, abiatu ziren bost itsasontzitan nazionalitate askotako 234 gizon. Elkano Concepción ontziko maisu jarri zuten (…) 1522ko irailaren 6an heldu ziren Sanlucar de Barramedara. Hiru urte lehenago abiatutako 234 gizonetatik 18 baino ez ziren itzuli – lau euskal herritarrak ziren–. Tira, hori da historia ofizialak dioena, baina errealitatea da 21 pertsona itzuli zirela. Elkanok bidean gatibu ekarritako hiru indigena ere bizirik heldu baitziren.

Beste pasarte hau aipatzea ere harira dator. Espainiar nazionalismoak Elkanoren figura nola zukutzen duen aipatzen du:

“Elcanoren espedizioa Espainiako Armadaren aparteko balentria izan zen”. Espainiako Erregearen hitzak dira, Elkanoren V. Mendeurrenari babesa adierazteko urtarrilean Madrilgo Zarzuelan egin zuten ekitaldian esandakoak. Espainiar nazionalismoari beti baliagarri gertatu zaion pertsonaia da Elkano, baita diktadura frankistari ere. (…) Ikuspegi horretatik bakarrik uler daiteke, Espainiako Gobernuak Elkanoren V. Mendeurrena antolatzeko ardura Defentsa Ministeriori eman izana, kultura sailarekin batera. Elcano markaren helburu politikoak oso argi azaldu zituen Odon Elorzak bere blogean 2017ko azaroan: “Espainiako herrien historia komunaren pasarte garrantzitsu hau hauspotu behar dugu. Oso komenigarria da gogoraraztea euskal herritarrak izan zirela punta-puntako protagonistak, Espainiako Koroak sustatutako enpresa kolektibo horretan (…)”.

Eta beheraxeago, mundu biraren inguruko ekintzez:

Espainiako Gobernuak “aparteko interes publiko” izendatu du mendeurrena eta pizgarri eta hobari fiskalak eskaini dizkie –%90era artekoak– mundu birari buruzko ekintzak antolatu edo hedatuko dituzten elkarte eta enpresei. Elkanoren balentriak mundura saltzeko lehen proiektuetako bat martxan da jada: 25 milioi euroko aurrekontua duen Sin límites filma (…) Miguel Menéndez de Zubillaga filmaren ekoizle bilbotarraren hitzetan, “Elkano da Espainiako konkistatzailerik garbiena, ez baitu alde negatiborik. Ez zuen ezer txarrik egin, aurkitzaile bat izan zen, heroi outsider bat da, Blas de Lezo eta Don Pelayoren parekoa”. Paraleloki, Andaluzian eta Euskal Autonomia Erkidegoan mendeurrenari heltzeko ekimen propioak sortu dituzte.

“Zer edo nor” izan zen Elkano?

San Lucar de Barramedako Udalak txirrindulari talde bat omentzeak, Espainiako Erregeak edota Odon Elorzak Elkano modu horretan goratzeak, mendeurrena antolatzeko ardura Espainiako Defentsa Ministerioari eman izanak… zer pentsatua eman beharko lukete horiek guztiek, jakin-mina piztu, Elkano “zer edo nor” izan den galdetzera bultzatu.

Kirol taldeak baliatzeaz marka edota mezu bat zabaltzeko, uste dut (ia) dena esana dagoela jada. Baina, aizue, Murias-Elkano akordio hau ez dela politika eta kirola nahastea, e!

Kalean baloiarekin jolastu ahal izatearen alde; futbolzentrismoaren aurka

2019-02-21  //  Gizartea  //  Iruzkinik ez

“Baloia, azkenean ere, Bartzelonako kaleetara itzuli da”, irakurri dugu Panenka aldizkariaren webgunean. “Bartzelonako Udalak bertan behera utzi du kalean baloiarekin jokatzea eragozten zuen debekua. Ume askok irri egiten du berriro ere”.

Gisa honetako seinalerik ez da gehiago ikusiko Bartzelonako plazetan / Àlex Garcia, La Vanguardia

“Proiektuaren helburua da umeen jolaserako eskubidea bermatzea”, azaldu dute Ana Colau buru duen udal-gobernuko ordezkariek. “Nahi diogu hiria zabaldu umeen jolasari, eta gehiago ez kriminalizatzea, orain arte egin den bezala”. Diotenez, jolasa ez dute espazio itxietara mugatzerik nahi.

Apurka-apurka, baloiarekin jolastea debekaturik dagoela dioten seinaleak kendu eta beste batzuk jarriko dituzte, albokoak errespetatuz jolastera dei egingo dutenak. Proiektuak makina bat neurri gehiago jasotzen du: igandeetan kale batzuetako trafikoa moztea, eskoletako patioen erabilera sustatzea, jostailuak maileguan hartzeko guneak jartzea, jolas inklusiboa bultzatzea… helburu izanik umeen jolaserako eta esploraziorako aukerak biderkatzea.

Jolasa, espazio seguruago baterako bitartekoa

“Baloia kaleetara itzultzea lagungarri izango da jokalariek hainbat gauza ikasteko, bereziki barkamena eskatzen jakiteari dagokionez”, idatzi du Andrés Gil kazetariak Panenkan. “Guztioi gertatu zaigulako, jolasean ari garela, nahi gabe baloiak norabide okerra hartzea eta bere lagunekin bankuan eguzkia hartzen ari den emakume gaixoa jotzea. Une horretan, beti ere baloia bota duena kikilduz gero, ausartenak  joan beharko du barkamena eskatu eta baloia hartzera. Modu horretan, Udalaren helburuetako bat ere beteko da: errespetua eta elkarbizitza oinarri dituen jolasa sustatzea”.

Proiektuak izan ditzakeen aldeko eta aurkako argudioekin, Gilek dio une egokia dela protagonismoa emateko honen guztiaren onuradun nagusiei, umeei alegia. “Sedentarismoa eta pantailatxoekiko adikzioa ikur dituen gizartean, proiektu honek bilatzen du, baloi bat bezalako gauza soil baten bitartez, txikienek lagun berriak egitea eta jolaserako ilusioa elkarbanatuz dibertitzea”.

Bartzelonako Udalarena bezalako ekimenak txalotzea besterik ez dago, bereziki bilatzen badute ez soilik jolaserako-eremuak zabaltzea, baita, esaterako, ingurune parekideagoak sortzea edota futbola ez beste jarduerak ere sustatzea, Bartzelonako Gràcia auzoan egin bezala. “Kalea guztiona da eta elkarbizitzak du lehentasuna, baina baita espiritu ludikoak ere, zeinak espazio publikoari ematen dion ez soilik bizitasuna, baita segurtasuna ere”, zioen horren haritik El Periódicoren editorialak. Interesgarria iruditu zait segurtasunaren inguruko aipua. Pentsatu gabe nengoen horretan…

Futbolzentrismoaren aurka

Futbolaz gaindiko jarduerak izan dituzte kontuan Gràcia auzoan. Hain justu, Bartzelonan baita ere, Equal Playgrounds proiektua jarri dute abian, ikastetxeetako patioak parekideagoak bilakatzea xede, ikusi dutelako patioen %75 inguru “futbolzentrikoak” direla. Alegia, pista nagusiak hartzen du eremu ia osoa, eta beste jolas batzuetan aritu nahi duten neska eta mutikoak alboratuta geratzen dira, jarduera estatiko eta pasiboagoetan murgilduaraziz. Futbol zelai batean jolas dezaketen bitartean ikasleen %30 inguru, proiektuko kideek egindako esperimentuak (eremu-banaketa berria proposatu dute) erakutsi du %85ak jolastu ahal duela arazorik gabe. Helena Cardona arkitektoaren hitzetan, “harreman zuzena dago ikastetxeetako patioen eta genero desberdintasunen artean, gure kulturan futbolak inbaditzen duelako espazio ia osoa, non mutilak aritzen diren bereziki –eta baloia ongi ukitzen duten neskak–”.

Burlatan ere, debekuaren aurka

Duela urtebete, Bartzelonak orain hartu duen erabakiaren ildotik, aldaketak izan ziren Burlatako zenbait karrika eta plazetan. Ordura arte haurrek debekaturik zuten baloiarekin edo bizikletan jolastea, eta orduz gero Errespetuz jolasten gara goiburua duten xaflekin egiten dute topo.

La señal ha sido diseñada por Aitor Unzu y puede leerse en español y en euskera

“Kalea denona da” ekimenaren baitan onartu zituzten neurri berriak.

Ez da ekimen txarra, baloiaren bueltakoa jolas den bitartean, eta ez joko…

10 / 55«Aurrekoa9101112203040Hurrengoa»

Jon Torner

Goiburua irakurtzean barre egingo duzue nire belaunaldiaren biktima zaretenok. Komikiak eta kirola esaldi berean uztartzeko modurik onena iruditu zait. Arale hiperaktiboaren sortzailea batetik, eta kirolariak aulkira eramaten dituen lesioa bestetik. Funtziona dezake.

Azken bidalketak

  • FIFA eta UEFAren epelkeria, futbol zelaietako beroa
  • Zorroztasun historikoaren izenean: dragoiak bai, bikingo beltzaranak ez
  • Jaiak, gazteen kezka-iturrien erakustoki
  • Akira Toriyama, euskarazko telebistara itsatsita gintuen sortzaile handia
  • Apurtutako eserlekua eta “txiste” homofobo bat

Iruzkin berriak

  • Jon Torner(e)k Manspreading zer den, irudi bakarrean bidalketan
  • tornulari(e)k Manspreading zer den, irudi bakarrean bidalketan
  • Mikel(e)k Eurokopa eta Tourra, Bilbok behar duelako auskalo nongo mapan kokatu bidalketan
  • IKER(e)k Euskal selekzioaren ofizialtasuna: Noraino helduko gara konfrontazio ezaren bidetik? bidalketan
  • carmita(e)k Haurren futbol partida batean, gurasoak kolpeka (a ze artaburu puskak!) bidalketan

Artxiboak

  • 2025(e)ko urria
  • 2024(e)ko azaroa
  • 2024(e)ko iraila
  • 2024(e)ko martxoa
  • 2024(e)ko urtarrila
  • 2023(e)ko abendua
  • 2023(e)ko urria
  • 2023(e)ko uztaila
  • 2023(e)ko maiatza
  • 2023(e)ko otsaila
  • 2023(e)ko urtarrila
  • 2022(e)ko azaroa
  • 2022(e)ko urria
  • 2022(e)ko iraila
  • 2022(e)ko abuztua
  • 2022(e)ko ekaina
  • 2022(e)ko maiatza
  • 2022(e)ko apirila
  • 2022(e)ko martxoa
  • 2022(e)ko otsaila
  • 2022(e)ko urtarrila
  • 2021(e)ko abendua
  • 2021(e)ko azaroa
  • 2021(e)ko urria
  • 2021(e)ko iraila
  • 2021(e)ko ekaina
  • 2021(e)ko maiatza
  • 2021(e)ko apirila
  • 2021(e)ko martxoa
  • 2021(e)ko otsaila
  • 2021(e)ko urtarrila
  • 2020(e)ko abendua
  • 2020(e)ko azaroa
  • 2020(e)ko urria
  • 2020(e)ko iraila
  • 2020(e)ko ekaina
  • 2020(e)ko maiatza
  • 2020(e)ko apirila
  • 2020(e)ko martxoa
  • 2020(e)ko otsaila
  • 2019(e)ko abendua
  • 2019(e)ko azaroa
  • 2019(e)ko urria
  • 2019(e)ko iraila
  • 2019(e)ko maiatza
  • 2019(e)ko apirila
  • 2019(e)ko martxoa
  • 2019(e)ko otsaila
  • 2019(e)ko urtarrila
  • 2018(e)ko abendua
  • 2018(e)ko azaroa
  • 2018(e)ko urria
  • 2018(e)ko iraila
  • 2018(e)ko abuztua
  • 2018(e)ko uztaila
  • 2018(e)ko ekaina
  • 2018(e)ko maiatza
  • 2018(e)ko apirila
  • 2018(e)ko martxoa
  • 2018(e)ko otsaila
  • 2018(e)ko urtarrila
  • 2017(e)ko abendua
  • 2017(e)ko azaroa
  • 2017(e)ko urria
  • 2017(e)ko iraila
  • 2017(e)ko abuztua
  • 2017(e)ko uztaila
  • 2017(e)ko ekaina
  • 2017(e)ko maiatza
  • 2017(e)ko apirila
  • 2017(e)ko martxoa
  • 2017(e)ko otsaila
  • 2017(e)ko urtarrila
  • 2016(e)ko abendua
  • 2016(e)ko azaroa
  • 2016(e)ko urria
  • 2016(e)ko iraila
  • 2016(e)ko uztaila
  • 2016(e)ko ekaina
  • 2016(e)ko maiatza
  • 2016(e)ko apirila
  • 2016(e)ko martxoa
  • 2016(e)ko otsaila
  • 2016(e)ko urtarrila
  • 2015(e)ko abendua
  • 2015(e)ko azaroa
  • 2015(e)ko urria
  • 2015(e)ko iraila
  • 2015(e)ko abuztua
  • 2015(e)ko uztaila
  • 2015(e)ko ekaina
  • 2015(e)ko maiatza
  • 2015(e)ko apirila
  • 2015(e)ko martxoa
  • 2015(e)ko otsaila
  • 2015(e)ko urtarrila
  • 2014(e)ko abendua
  • 2014(e)ko azaroa
  • 2014(e)ko urria
  • 2014(e)ko iraila
  • 2014(e)ko abuztua
  • 2014(e)ko uztaila
  • 2014(e)ko ekaina
  • 2014(e)ko maiatza
  • 2014(e)ko apirila
  • 2014(e)ko martxoa
  • 2014(e)ko otsaila
  • 2014(e)ko urtarrila
  • 2013(e)ko abendua
  • 2013(e)ko azaroa
  • 2013(e)ko urria
  • 2013(e)ko iraila
  • 2013(e)ko abuztua
  • 2013(e)ko uztaila
  • 2013(e)ko maiatza
  • 2013(e)ko apirila
  • 2013(e)ko martxoa
  • 2013(e)ko otsaila
  • 2013(e)ko urtarrila
  • 2012(e)ko azaroa
  • 2012(e)ko urria
  • 2012(e)ko uztaila
  • 2012(e)ko ekaina
  • 2012(e)ko martxoa
  • 2012(e)ko otsaila
  • 2012(e)ko urtarrila
  • 2011(e)ko azaroa
  • 2011(e)ko iraila
  • 2011(e)ko ekaina
  • 2011(e)ko apirila
  • 2011(e)ko martxoa
  • 2011(e)ko otsaila
  • 2011(e)ko urtarrila
  • 2010(e)ko abendua
  • 2010(e)ko azaroa
  • 2010(e)ko urria
  • 2010(e)ko iraila
  • 2010(e)ko abuztua
  • 2010(e)ko uztaila
  • 2010(e)ko ekaina
  • 2010(e)ko maiatza
  • 2010(e)ko apirila
  • 2010(e)ko martxoa
  • 2010(e)ko otsaila
  • 2010(e)ko urtarrila
  • 2009(e)ko abendua
  • 2009(e)ko azaroa
  • 2009(e)ko urria
  • 2009(e)ko iraila
  • 2009(e)ko abuztua
  • 2009(e)ko uztaila
  • 2009(e)ko ekaina
  • 2009(e)ko maiatza
  • 2009(e)ko apirila
  • 2009(e)ko martxoa
  • 2009(e)ko otsaila
  • 2009(e)ko urtarrila
  • 2008(e)ko abendua
  • 2008(e)ko azaroa
  • 2008(e)ko urria
  • 2008(e)ko abuztua
  • 2008(e)ko ekaina
  • 2008(e)ko apirila

Kategoriak

  • AEB
  • Antzerkia
  • Argentina
  • Arrauna
  • Artea
  • Athletic Club
  • Atletismoa
  • Automobilismoa
  • Azpiegiturak
  • Beisbola
  • Bideo-jokoak
  • Boxeoa
  • Brasil
  • Brasilgo Munduko Kopa 2014
  • Chiapas
  • Dopina
  • Eibar
  • Ekonomia
  • Errefuxiatuen krisi globala
  • Errugbia
  • Errugbia
  • Errusia
  • Eskozia
  • Euskal selekzioak
  • Euskara
  • Feminismoa
  • Frantzia
  • Futbola
  • Galizia
  • Generoa
  • Gizartea
  • Hedabideak
  • Herri kirolak
  • Herri kirolak
  • Herrialde Katalanak
  • Hezkuntza
  • Hizkuntzak
  • Hungaria
  • Igeriketa
  • Internet
  • Islandia
  • Israel
  • Italia
  • Joko Olinpikoak
  • Kirol psikologia
  • Kirola
  • Kirola eta politika
  • Kolonbia
  • Komiki kritikak
  • Komikiak
  • Kulturgintza
  • Literatura
  • Maroko
  • Matxismoa
  • Mendia
  • Mexiko
  • Mugikortasuna
  • Musika
  • Natura
  • Nazioartea
  • Osasuna
  • Osasuna
  • Palestina
  • Pilota
  • Politika
  • Reala
  • Sahara
  • Sailkatu gabea
  • Saskibaloia
  • Sokatira
  • Teknologia berriak
  • Telebista
  • Txile
  • Txirrindularitza
  • Ukraina
  • Umorea
  • Uncategorized
  • Ustelkeria
  • Zientzia eta teknologia
  • Zinema

Meta

  • Hasi saioa
  • Sarreren jarioa
  • Iruzkinen jarioa
  • WordPress.org

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA