Slump doktorearen zaintiratua
Hasiera » Jon Tornerren bloga - Slump doktorearen zaintiratua

Islandiako futbolaren arrakasta: inbertsioak eta formazioa gako

2016-07-04  //  Futbola, Islandia  //  Iruzkinik ez

Islandiako selekzioak eman du Eurokopako ezusterik handiena, Ingalaterra kanporatu eta final-laurdenetarako sailkatuta.

Islandiako selekzioak eman du Eurokopako ezusterik handiena, Ingalaterra kanporatu eta final-laurdenetarako sailkatuta.

321.000 biztanle ditu Islandiak, 20.000 futbolari federatu, eta talde profesional bakarra ere ez. Eurokopatik kanporatu duen Frantziak 66 milioi biztanle ditu, 2 milioi futbolari federatu baino gehiago eta 40 klub profesional.

Final laurdenetan egin dute topo bi selekzioek, Ingalaterra garaitu ostean islandiarrek. Inor gutxik espero zuen balentria azaltzeko, hainbat faktore aipatu dituzte adituek, abiapuntu bezala hartuta 2011n 21 urtez azpiko Europako txapelketa jokatu zuten futbolarien lorpena, talde hura osatzen zuten gazteak –1988 eta 1991 artean jaiotakoak– baitira egunotan Frantzian lehiatu direnak.

Oinarri sendoa

Arrakastaren gakoetako bat azken 10-15 urteetan azpiegitura publikoetan egindako inbertsioak dira, belar artifizialeko futbol zelai estaliak eraiki izana bereziki, tenperatura baxuak eta iluntasuna entrenatu eta jokatzeko oztopo baitziren. Hortik “indoor kids belaunaldia” terminoa.

Beste faktore bat piramide itxura duen egituraketa da. Haren oinarrian 90 “grassroot” daude, boluntarioek osatutako kultur elkarteak, futbola ulertzen dutenak hazi, hezi eta formaziorako tresna bezala. Formazio-lan horren erakusgarri: 639 islandiarrek dute “UEFA B” entrenatzaile lizentzia. Beste datu bat: Ikastetxe bakoitzaren alboan belar artifizialeko zelai bat dago, Jonathan Liew kazetariak The Telegraph egunkarian plazaratutako erreportajean dioenez. Gazteak futbolean aritzeko aukera izugarri handitu du horrek.

Islandian, bestalde, futbolean aritzen den seme-alaba bakoitzeko 300-500 euroko gastua egiten du haren familiak urtean. Kopuru horretatik, 200 euro gazteak kirola egitera bideratutako laguntza ofizialetatik datoz.

Batuketari talde izaera, indar fisikoa edota kemena gehitzen badizkiogu, “mirariaren” formula lortuko dugu. Ikusteke dago aurrera begira zer emango duen, baina gaur gaurkoz ez dago gehiago eskatzerik. Ez dirudi, gainera, gizonezko futbolari dagokion zerbait dela. Nesken selekzioak ere bere lorpenik handiena oraintsu lortu du, 2013ko Eurokopan, final-laurdenetara heltzearekin. Halaber, gizonezkoen saskibaloi selekzioak iaz lortu zuen aurrenekoz Europako txapelketarako sailkatzea.

Datu bitxiak

Biztanle kopuruari dagokionez, azken aurreko postuan ageri den Ipar Irlandak 2 milioi ditu. Islandiaz gain, 400.000 biztanleren bueltan dagoen herrialde bakarrak lortu du Eurokopa bateko final-laurdenetara heltzea: Luxenburgok 1964an.

Egia da, Islandian ardi gehiago dago pertsonak baino, bikoitza gutxi gorabehera.

Eurokopa honetako partidetan, islandiarren %10 estadioan zegoen bere selekzioa bertatik bertara animatzen.

Hannes Halldorsson atezaina zinema zuzendaria izan zen. Eta Heimir Hallgrimsson prestatzailea, dentista.

‘Marca’ egunkariak egindako grafikoa

grafikoa

Entrenatzailea mahai-tenis partidatik kanporatua, jokalariak katalanez animatzeagatik

2016-07-01  //  Herrialde Katalanak, Kirola  //  Iruzkinik ez

“Vinga, va, som-hi Andreu!” (“Benga Andres, goazen!”) egin zion oihu 11 urteko jokalariari Carles Fontek, Tenis Taula Cassá mahai-tenis klubeko entrenatzaileak, asteburuan Blanesen (Herrialde Katalanak) jokatutako Espainiako txapelketako partida batean. Hitzok entzutean epaileak partida geratu eta entrenatzaileari eskatu zion gaztelaniaz egiteko, berak ez duelako katalana ulertzen. Kontua da entrenatzaileak ezin dezakeela agindu teknikorik eman eta, bereak animo oihuak soilik baziren ere, jarrera aldatzen ez zuela ikusita epaileak kanporatu egin zuen. Alferrikakoak izan ziren beste taldeko kideen azalpenak; haiei ere entzungor egin zien arbitroak.

TennisTaula-Cassa-CarlesFont

“Arazoa da katalanak garela eta ez dutela nahi gure hizkuntzan mintzatzerik. Entrenatzaile txinatar, ingeles edo errusiar bati inork ez dio deus esaten, eta beste herrialdeetako txapelketetan desio duen hizkuntzan hitz egin dezake mundu guztiak”, dio Fontek, Kataluniako Selekzioen Aldeko Plataformak plazaratutako elkarrizketan. Entrenatzaileak dioen moduan, okerrena da 11 urteko jokalariak kontzentrazioa galdu eta “partidatik atera” zela.

Iturria: La Vanguardia

 

 

 

Gabarra, izebergaren punta

2016-06-09  //  Athletic Club, Futbola, Generoa, Hezkuntza  //  Iruzkinik ez

Kalapita ederra sortu du ditxosozko gabarrak. Badakizue, Athletic-eko neskek Liga irabazi dute baina ospakizunen baitan itsasadarrean barrurako ibilaldia ez sartzea erabaki zuen klubak, gizonezkoek iaz Superkopa irabazi zutenean ere ez zelako halakorik izan, gaizki ulertu ez badut. Entzungo zenituzten erreakzioak. Zale asko haserre agertu dira mutilek Liga irabazi dutenean –azkenekoz 1984an– gabarra atera delako, baita alderdi politiko eta erakundeetako ordezkariak ere. Zenbait kazetarik ere gogor kritikatu dute erabakia, epelago beste batzuek. Bere aldetik, Athletic-eko presidente Josu Urrutiak instituzioen eta hedabideen aurka egin du, emakumezkoen futbola laguntzeko nahikoa egin ez eta gainera komeni zailenean soilik agertzen direlako lehen planoan. Herritarrak ere seinalatu ditu, urtean zehar emakumezkoen futbola ikustera joan ez eta gabarraren kontuarekin bero-bero azaldu direlako. Bien bitartean, jokalariek, benetako protagonistek, adierazi dute inportanteena egindako lanaren fruituez disfrutatzea dela, polemikez gaindi. Halaber, taldeak urtetan emandako babesa eskertu dute.

Gabarra ez da atera, baina milaka lagunek ospatu dute Athletic-en garaipena (Argazkia: @AthleticClub)

Gabarra ez da atera, baina milaka lagunek ospatu dute Athletic-en garaipena (Argazkia: @AthleticClub)

Klubak, federazioak, instituzioak, hedabideak, zaleak, jokalariak… jarrai dezakegu parean duguna seinalatzen, eta gure buruak salbuesten, baina horrela alferrik gabiltza. Norberak duen erantzukizuna bere gain hartu ezean… Gurpil bat bezalakoa baita hau. Hedabideek luzera begira egin behar dute apustu, emakumeen kirolaz –haien lorpenez, eta ez fisikoaz, esaterako– apurka-apurka baina etengabe informatu; interesa areagotuko luke horrek, ispilu izango diren erreferente gehiago sortu, babesleak erakarri eta emakumezko kirolarien profesionalizaziorantz urratsak ematen lagundu, Mikel Ibargoien Info7 irratiko eta Gaur8 kazetako kolaboratzaileak Berdintasuna kirolean erreportajean, komunikabideen gaineko atalean, azaldu zigun moduan. Zentzu horretan, erantzukizun handiagoa du EITBk, hedabide publikoa den heinean, beharturik baitago berdintasun irizpideak errespetatzea. Egiari zor, esan beharra dut euskarazko irrati eta telebistetan bederen aurrerapauso politak ikusten ari garela.

Laguntzen kontua berdin aplika dakieke klub edota federazioei. Agian demagogia egitea leporatuko didazue, baina, berdintasunaren alde lan egiten ez duenari, diru publikorik ez. Eta kitto. Kasu honetan ere arriskutsua izan daiteke orokortzea, zenbait eragile lan eskerga handia egiten ari baitira, baina…

Kontu honi buruz zera adierazi zigun erreportaje berean Ainhoa Azurmendi berdintasun gaietan aditu eta Avento aholkularitza-enpresako kideak: “EAEko Berdintasun Legearen artikulu batek dio erakunde publikoek ezin dezaketela diruz lagundu emakumeak diskriminatzen dituen kirol jarduerarik. Oso tresna ona da, marko bat ematen du, baina kontua da, oro har, hori kontrolatzeko nahikoa ahalegin ez dela egiten; gainera, trafiko legea ez bezala, Berdintasun Legeak izaera punitiboa ez duenez… Administrazioek zorrotzago kontrolatu beharko lukete federazioek-eta haien aurrekontuen aplikazioan edota komunikazioan genero inpaktua aintzat hartzen ote duten, hizkera sexista baztertzeko neurriak aplikatu eta parte-hartze programak garatzen ote dituzten… Hori guztia aztertzeko bitartekoak behar dira, ordea. Federazio eta klub batzuek eman dituzte pausoak, baina koordinatu gabeko urratsak dira; ez dago apustu bateraturik. Oinarrizko formazioa falta da, plangintza orokorra egitea, zer eta nola aplikatu jakitea. Ezinbestekoak dira aldaketa estrukturalak”.

Oinarrian bertan lan egin behar

Eta aldaketa estruktural horiek, oinarritik bertatik hasita eman beharko lirateke, gogoan izanik neska eta mutilak jaiotzatik sozializazio modelo desberdinen arabera hezten direla, eta horrek eragina duela gerora bakoitzak ariketa fisikoa eta kirolarekiko izango duen jarreran, zenbait adituk azaldu duenez. Ideia horren bueltan ari da, neurri batean, Eusko Jaurlaritzak 2010ean plazaratutako Goi mailako emakumezko kirolarien egoeraren azterketa genero ikuspuntutik txostena.

Kirolean aurrera egin duten neska asko sexu bakoitzari lotutako estereotipoei ostikoka aritu dira etengabe. Hope Solo ageri da argazkian, AEBetako selekzioko atezain handia.

Kirolean aurrera egin duten neska asko sexu bakoitzari lotutako estereotipoei ostikoka aritu dira etengabe. Hope Solo ageri da argazkian, AEBetako selekzioko atezain handia.

“Kirola tradizioz gizonezkoen eremua da”, dio txostenak, 2009an BAT (Basque Team) fundazioaren beka lortu zuten 25 emakume eta 28 gizonen bizipenak ardatz dituenak: “Sexu bakoitzari jartzen zaizkion estereotipoak bere egiteaz gain, emakumeek kirolean duten presentzia urria justifikatu eta betikotu egin du, neskek kirola egiteko, lehiatzeko edo esfortzu fisikoa egiteko gai ez diren ustean oinarrituta. Aitzitik, gaitasunari eta trebetasun fisikoei dagokienez, argi geratu da gizonezkoen ustezko nagusitasun horrek, funtsean, arrazoi kulturaletan eta heziketan duela jatorria. Hala ere, emakumeek diskriminaturik jarraitzen dute kiroleko maila guztietan. Izan ere, gaitasun fisikoak garatzeko emakumeek ahalmenik ez dutela dioen mito horrek bultzatuta, gizarteak beste zenbait ideia ere legitimatu ditu: interes falta, arriskua ekiditeko joera edota eraginkortasunik ez izatea kiroleko arlo desberdinetan, izan hura praktikatzean, kudeaketa edota zuzendaritza postuetan, zein epaile-lanak egitean, besteak beste”.

Zaleen papera

Mikel Ibargoienek dioenez, beharrezkoa da emakumeek hedabideetan duten presentziaz kexu diren herritarrek nesken partidak-eta zuzenean ikustea eta haiei buruzko informazioa kontsumitu eta zabaltzea. “Telebistak partida bat eman eta harmailak hutsik ikusten badira…”

Gabarra bai/ez?

Bai, badakit erantzukizuna guztiona dela esan dudala, baina argi utzi nahi dut nire ustez Atheltic-ek hanka sartu duela gabarra ez ateratzearekin. Mutilekiko aldea agerian uzteaz gain, futbolean dabiltzan edo ariko diren neska gazteek ez dute aukerarik izan euren idoloek merezi duten ospakizuna jasotzen dutela ikusteko, gutxiago ez direla sentitzeko, areago, hobeak direla sentitzeko, egun batez bederen. Oroimen kolektiboan luzaroan iltzaturik geratuko litzatekeen irudia da errekan gora gabarra ikustea, gainean emakumezkoak doazela. Autobusez egindako ibilaldia hor dago, baina gabarrarena askoz ere bereziagoa da; bestea talde guztiek egiten dute.

PostData I: Testua idazten ari nintzela irratian entzun dut Espainiako Futbol Federazioak Madrilen dituen futbol zelaietan jokatuko dela Erreginaren Kopa, hiri bakar batek ere ez duelako nahikoa diru jarri txapelketa jaso ahal izateko. Jokatuko duten taldeen artean Reala eta Athletic daude…

II: Idatzi ostean topatu dut Mikel Ibargoienen txio hau. Erabiltzaileek iritzi interesgarriak laga dituzte.

Jose Ramon de la Morenak @IraiaIturregi eta @AinhoaTirapu ri egindako elkarrizketa liga irabazita: https://t.co/hZHzap3ufj

— Mikel Ibargoien (@kirol_leihoaMI) 2016(e)ko ekainak 8

III: Ibargoienen txioari erantzun diotenetako bat Iraia Hermosilla da. Ospakizunen harira idatzi duen artikulua ere ekarri dugu hona: Valorar en su medida.

Eta IV: Beñat Zarrabeitia kazetariaren artikulu mamitsua, emakumezkoen taldeak egindako ibilbideaz.

Lasterbidean: Errepresaliatuen alde korrika, igandean Araian

2016-05-31  //  Gizartea, Kirola  //  Iruzkinik ez

Ekainaren 5ean egingo da Lasterbidean, euskal errepresaliatuen eskubideen aldeko herri ekimena, Araian (Araba).

“Kirolaren espresiotik, korrikaren esparrutik zehazki, errepresaliatu politikoen eta beraien gertukoen eskubideen aldeko elkartasun keinua egin nahietik sortu zen Lasterbidean herri ekimena”, diote sustatzaileek. “Etxetik urrun bizi direnak etxera ekartzeko bidea irudikatu nahi dugu egiten diren lasterketa herrikoietan”.

Laugarren edizioa du egitasmoak. “Desagertzeko bokazioarekin jaio da Lasterbidean. Jaioarazi zuten arrazoiak desagertzearekin batera bukatuko da, errepresaliatu guztiak etxean izatean. Baina bizirik gauden bitartean herrialdez herrialde mugituko da ekimena”.

Egitarau oparoa

Lasterketa luzea (8,5 km) 11:00etan hasiko da, eta laburra (2,9 km) 12:15etan. Amaitzean ekitaldia egingo da, eta ondoren herri bazkaria. Protagonista nagusiak korrikalariak izango diren arren, egitarauak arratsaldean jarraituko du. Umeentzako ekintzak, herri kirolak, profesional ohien pilota partida, dantza saioa eta, amaitzeko, kontzertuak gaztetxean.

Informazio gehiago:

Twitterren: @lasterbidean

D-tox Distorsion Toxica taldeak egindako abestia

Beisbol partida batean abesbatza gay bat isilarazi zuen “akats umiliagarria”

2016-05-27  //  AEB, Beisbola, Gizartea, Kirola  //  Iruzkinik ez

San Diegoko (Kalifornia, AEB) gizonezko homosexualen abesbatzak (SDGMC) AEBetako ereserkia kantatu behar zuen San Diego Padres beisbol taldearen partida hasi aurretik, pasa den larunbatean. Zelai erdian zeudenean, ordea, bozgorailuetatik emakume baten ahotsa entzun zen… ereserki hori bera abesten.

https://www.youtube.com/watch?v=r4l-_r722IE

Igandean agiria plazaratu zuen abesbatzak. “Poz eta ospakizun gaua izan behar zuena amesgaizto bihurtu zen, eta zalantza handiak sortzen ditu San Diego Padres taldeak LGTB komunitatearekiko duen jarreraz”, diote abeslariek. Halaber, ikusle batzuek iraindu egin zituztela salatu dute, eta klubeko arduradunek grabazioa eten ez zutelako haserre agertu dira.

Klubak, bestalde, barkamena eskatu eta azaldu du zuzeneko audio-sistemako akats batengatik jarri behar izan zutela aurrez grabatutako ereserkia. SB Nation webguneko Cyd Zeigler kazetaria ere ondorio horretara heldu da hainbat lagunekin hitz egin ostean: Akats tekniko batek eragin du gertaera “tamalgarri eta barkaezin” hau, eta ez “konspirazio homofobo” batek.

Kontuak kontu, kirol profesionalaren eta LGTB komunitatearen arteko harremanaz eztabaida (ber)piztu du AEBetan ereserkiaren auziak.

Iturria: Huffington Post

Kirol udalekuak: teknifikazio-gune, gurasoen aliatu, negozio-lerro

2016-05-26  //  Gizartea, Hezkuntza, Kirola  //  Iruzkinik ez

Zumarragako kaleetan ikusi dut kartela. Eibar futbol taldeko jokalari Dani Garciaren izena daraman campusa egingo da ekainaren 27tik uztailaren 1a bitartean, egunean lau orduz, 6 eta 12 urte arteko gazteei zuzenduta, 90 eurotan. Parte hartzaileek Adidasen ekipamendu osoa jasoko dute opari.

Agian, 6 eta 12 urte bitarteko seme-alabak ditudanean, bitan pentsatu gabe eramango ditut hau bezalako teknifikazio-ikastaroetara, haien ilusioa ez zapuztearren, “klaseko arraroak” senti ez daitezen, benetan pentsatuko dudalako futbolari trebeagoak bihurtuko direla edo, ziurrenik, haien opor eta nire lan egunetan lauzpabost orduz bederen zaintzapean mantentzeko. Auskalo. Gaur gaurkoz esan dezakedana da inola ere ez nuela pentsatzen halakoen atzean tamainako azpi-mundu edo merkatua zegoenik.

oina

Gurasoen lan orduetan, seme-alabak zaintzapean edukitzeko aukera ederra ematen dute orotariko udalekuek.

Zumarragakoaz inguruko gurasoei galdetuta entzun ditudan komentarioek jokoz kanpo harrapatu naute. Uste nuen hau bezalako udaleku moderno eta garesti gutxi antolatzen zela, baina bai zera! Geroz eta arrakasta handiagoa omen dute. “Horrelako udaleku monotematiko piloa daude, kirol desberdinetakoak, baita musika edota dantzakoak, adibidez”, esan dit batek. “Kirolari ezagunek parte hartzen dute zenbaitetan, soilik monitoreek besteetan”, “Lehen [alegia, nire garaian] Kutxakoak-eta zeuden, baina udalekuen eskaintza izugarri zabaldu da orain”, besteak. “Semea irrikatan egoten da halakoetan izena emateko”, “ziur naiz gauza asko irakatsiko dizkiotela”, “gurasook malabarrak egin behar izaten ditugu opor eta lan egunak egoki uztartzeko, eta campus hauek aukera ematen dute horretarako”, “haurrak lau orduz hartzen badizkidate, ni kontent”, “batzuek haurtzaindegi zerbitzua ere eskaintzen dute, plus bat ordainduta”, “gurasoen premien jakitun, antolatzaileek prezioak puztu egiten dituzte”, “90 euro gehitxo? Ez pentsa, badira garestiagoak”. Eta egia da, badira.

Dozenaka udaleku aurkitu ditugu Interneten, saskibaloia oinarri duten Mikel Motos eta Julen Olaizola jokalarien 2+1 Campusa eta Easo klubarena kasu.

Guraso batzuek testuinguru zabalagoan kokatu naute. “Badakizu zenbat ordaintzen dudan semea herriko futbol klubean edukitzeagatik? 45 euro hilean gehi ekipamendua”, “merkeagoa zaigu alabaren unibertsitate karrera, semea futbol taldean izatea baino”…

Onartzen dut iruzkin askok harritu egin nautela, egiari zor, gaur arte ez baitut hamaika adar dituen kontu honen gainean gehiegi hausnartu. Litekeena da kontua horretara mugatzea: seme-alabek denbora edozertan pasa dezatela lortzea, gure gurasoek egiten zuten moduan, pentsatzen dut. Edo umeei ongi pasa eta gauza berriak ikasteko aukera ematea. Normala eta zilegia erabat.

Baina badira gauza gehiago, zeharka bada ere jokoan sartzen direnak: udalekuen benetako zioa, aisialdi eta kirol ereduak, baloreak, parte-hartzea, gaitasunen lanketa, kirol batzuekiko –bereziki futbolarekiko– obsesioa, instituzioen papera, eskola-kirola… Bada materiala.

“Umeak dira, ez zaitez hooligana izan”

2016-05-25  //  Futbola, Hezkuntza  //  Iruzkinik ez

Ikusleek –gurasoek bereziki– futbol zelaietan maiz erakusten duten jarrera salatu aldera, bideoa sareratu du Bartzelonako Brafa Fundazioak. Umeak dira “Ez zaitez holigana izan” ekimeneko protagonistak, futbolean “ongi pasatzeko” jokatzen duten horiek.

Iturria: La Vanguardia

Independentziaren aldeko robotak, ume katalanen kromoetako heroi berriak

2016-04-21  //  Gizartea, Herrialde Katalanak  //  Iruzkinik ez

jokoa

2714, Temps d’herois du izena karta-jokoak. 60 robotek euren herrialdea defendatzeko borroka egingo dute, planetako naziorik indartsuena bilakatzeko helburuarekin. Tartean dira, adibidez Llibertat eta Segadors katalanak, Strongest estatubatuarra eta Imperial espainiarra.

Eduard Bella enpresariak sortu ditu kioskoetan salgai izango diren kromoak, Kataluniako Kultura Departamenduaren laguntzarekin.

Iturriak: La Vanguardia / El Periódico

Podiumeko modeloak, neska zein mutil, ordezkatzeko deia

2016-04-21  //  Generoa, Txirrindularitza  //  Iruzkinik ez

Blog honetan maiz luzatu dugun proposamen bera egin du Anne-Marije Rook txirrindulari eta Cyclingtips webguneko editoreak: Podiumean, irabazleen ezker-eskuin etorkizuneko ziklista belaunaldiari leku egitea, eta gehiago ez igotzea “objektu ederraren” rola besterik jokatzen ez duten emakume eta gizonezko lerdenak. Bai baitira “podiumeko gizonak” ere; berdintasun keinua batzuentzat, berdinean jarraitzea Rook bezalakoentzat.

velofocus

Chantal Blaak ziklista herbeheretarra, Gent Webelgem lasterketako podiumean / Velofocus

“Badirudi podiumera bi mutil lerden igotzen direnean guztia ahazten zaigula”, dio kazetariak. “Objektibazioa ordea iguala da, generoa desberdina izanik ere. Pertsonak objektu eder gisa erabiltzen jarraitzen dugu. Nire ustez, emakumezkoen lasterketetan gizonezko anfitrioiak izatea ez da inklusio keinua; eta okerrena da heteronormatibotasuna sustatzen ari dela”. Azken baieztapen horrek eztabaida luzeetarako eman dezake, terminoaren inguruan galdetuta lankide batek esan didan moduan. “Guztia ez da zuria ala beltza. Emakumezko bi azafata igotzea txarto hartzen du askok. Lasterketa batzuetan gizonezkoak hasi dira lan hori betetzen, eta batzuek txalotu dute baina beste batzuek ez, heterosexualitatea arau gisa indartzen duelakoan. Hori aintzat hartuta, ordea, begi onez ikusiko litzateke emakumezko irabazleari bi emakumek musu ematea? Edo emakumezko eta gizonezko banak? Eta gauza bera irabazlea gizonezkoa denean”. Arazoa ez baita hainbeste emakumezko edo gizonezko modeloak diren, baizik eta zein funtzio betetzen duten.

“Intentzionalitateak balio du, antolatzaileek-eta ikustea bestelako ereduak bilatu behar direla”, azaldu digu lankideak. “Goiko irudikoa ez dela egoera ideala? Ahalik eta aniztasun handiena lortu beharko litzatekeela? Ados, baina bitartean…”.

Urratsa nork emango

Rookek proposatu duena, haien idoloen alboan neska-mutil gazteak agertzea, beste kirol batzuetan ere ematen da, tenisean edota futbolean esaterako. Bere artikuluari erantzun dioten erabiltzaile gehienak bat datoz proposamenarekin. Batzuen iritziz, neska-mutikoekin batera, txirrindulari ohiek ere bana ditzakete garaikurrak, edota lasterketak antolatzen aritzen diren pertsonek, guztia zuzen atera dadin edozertan laguntzeko prest izan ohi diren boluntarioek, eta abar.

Kontua da lasterketak diruz babesten dituzten markentzat erakusleiho apartak direla podiumak, eta litekeena dela guztiek ez onartzea haien logoa erakusten duten bi modelo lirainen lekuan ziklista gazteak ipintzea. Ea lasterketaren batek urratsa eman eta gainontzekoak bidea jarraitzera animatzen diren! Ez dakit, agian, izango da tropelean planto egitera ausartuko den ziklistarik ere…

Lasterketa txikietan ere eredu bera

Pasa den martxoaren 12an Goierriko Itzulia jokatu zen, hasi eta bukatu Urretxun, 23 urtez azpiko 164 txirrindularirekin. Txalotzekoa da antolatzaileen esfortzua, baina nire uste harroan bada birplanteatu beharreko zerbait. Sari-banaketa ikusteko aukera izan nuen, eta zer pentsatua eman zidan ziklisten alboan bi neska gazte jartzen zirela (zituztela) ikusteak. Zer ari ziren hor? Telebistaz ikusten ditugun irudiak kopiatu nahi izateak ez du derrigorrean txarra izan behar, baina… Ez ditut neska horiek ezagutzen. Litekeena da Goierri elkarteko kirolariak izatea, edo zikloturista taldekoak. Kasu horretan, tira, haien presentzia justifikatzea legoke (euren eginkizuna –argazkirako posatzea– beste kontu bat da). Aldiz, ez al litzateke egokiagoa izango, proba guztietan oro har, txirrindulari eskolako neska-mutikoak igotzea? Edo antolakuntzakoak? Edo lasterketak behar bezala joan daitezen bidegurutzeetan-eta boluntario aritzen direnak? Edo txirrindularitzaren alde lan egiten duten herritarrak? Ziklista beteranoak? Zikloturistak?

Gure inguruko atletismo probetan adibidez ohikoak dira halakoak. Sariak atleta beteranoek, antolakuntzakoek, erakunde publikoetako ordezkariek eta abarrek eman ohi dituzte maiz, eta argazkirako ez da beste inor gerturatzen.

Are gehiago, esango nuke, ikusi ditudan lasterketa apurrak gogoan, ziklokros probetan ere ez dela azafatarik ikusten.

Goierriko Itzuliko sari-banaketako irudiak (2:56etik aurrera)

Gaiaz gehiago blogean:

Azafata baten ipurdia, txirrindularitza probaren amu (2015-02-24)

‘Podiumeko neskak’: okerrera egiterik ez zegoela uste genuenean… (2015-06-19)

Izaro Antxia, areto futboleko partida ofizial bat jokatuko duen lehen jokalari transexuala

2016-04-08  //  Futbola, Generoa  //  Iruzkinik ez

Izaro Antxia, Portugaleteko (Bizkaia) kirolaria, izango da areto futboleko partida ofizial bat jokatuko duen Espainiako Estatuko lehenbiziko jokalari transexuala –igande honetan–. Leioa Maia taldean aritzen da, emakumezko Lurralde Mailan.

 Juan Echevarría MARCA

Kirolean nahi duen lekuan aritzeko ametsa beteko du Antxiak. (Juan Echevarría / Marca)

“Triste samarra da 2016an hau albiste izatea, bide luzea dago egiteke”, adierazi du Antxiak M80 irratiak egindako elkarrizketan. Pasa den denboraldira arte, mutilen talde batean jokatzen zuen, “beste aukerarik ez” zuelako. Pasa den martxoaren 30ean eskuratu zuen NAN berria. “Azkenean nire ametsa bete ahal izango dut: kirolean nahi dudan lekuan aritzea”.

20minutos agerkariak egindako beste elkarrizketa batean, Antxiak onartu du sekula ez duela aurkako jarrerarik sufritu, ez kirolean, ezta egunerokoan ere. Dena den, uste du gizartea ez dagoela prest pertsona transexual bat futbolean jokatzen ikusteko. “Futbolean, kanpoan den jendeak, afizioak, edozein arma baliatzen du eraso egiteko, eta badira erabiltzeko oso errazak diren armak. Ezin da orokortu, baina batzuetan entzuten duzuna entzuten duzu, min egiten dizuten irainak. Ni prest nago. Badakit zer gerta daitekeen. Baina gauza bera gerta dakizuke beste arrazoi batzuengatik. 100 kilo pisatuko banitu, ziur antzekoa jasango nukeela. Hemen, iraintzen denean inork ez duenez ezer egiten…”

Gaiaz gehiago:

Atleta transexualak Joko Olinpikoetan: Aitzindari izatearen ajeak.

Izaro Antxiari elkarrizketa Info7 irratian.

23 / 55«Aurrekoa102022232425304050Hurrengoa»

Jon Torner

Goiburua irakurtzean barre egingo duzue nire belaunaldiaren biktima zaretenok. Komikiak eta kirola esaldi berean uztartzeko modurik onena iruditu zait. Arale hiperaktiboaren sortzailea batetik, eta kirolariak aulkira eramaten dituen lesioa bestetik. Funtziona dezake.

Azken bidalketak

  • FIFA eta UEFAren epelkeria, futbol zelaietako beroa
  • Zorroztasun historikoaren izenean: dragoiak bai, bikingo beltzaranak ez
  • Jaiak, gazteen kezka-iturrien erakustoki
  • Akira Toriyama, euskarazko telebistara itsatsita gintuen sortzaile handia
  • Apurtutako eserlekua eta “txiste” homofobo bat

Iruzkin berriak

  • Jon Torner(e)k Manspreading zer den, irudi bakarrean bidalketan
  • tornulari(e)k Manspreading zer den, irudi bakarrean bidalketan
  • Mikel(e)k Eurokopa eta Tourra, Bilbok behar duelako auskalo nongo mapan kokatu bidalketan
  • IKER(e)k Euskal selekzioaren ofizialtasuna: Noraino helduko gara konfrontazio ezaren bidetik? bidalketan
  • carmita(e)k Haurren futbol partida batean, gurasoak kolpeka (a ze artaburu puskak!) bidalketan

Artxiboak

  • 2025(e)ko urria
  • 2024(e)ko azaroa
  • 2024(e)ko iraila
  • 2024(e)ko martxoa
  • 2024(e)ko urtarrila
  • 2023(e)ko abendua
  • 2023(e)ko urria
  • 2023(e)ko uztaila
  • 2023(e)ko maiatza
  • 2023(e)ko otsaila
  • 2023(e)ko urtarrila
  • 2022(e)ko azaroa
  • 2022(e)ko urria
  • 2022(e)ko iraila
  • 2022(e)ko abuztua
  • 2022(e)ko ekaina
  • 2022(e)ko maiatza
  • 2022(e)ko apirila
  • 2022(e)ko martxoa
  • 2022(e)ko otsaila
  • 2022(e)ko urtarrila
  • 2021(e)ko abendua
  • 2021(e)ko azaroa
  • 2021(e)ko urria
  • 2021(e)ko iraila
  • 2021(e)ko ekaina
  • 2021(e)ko maiatza
  • 2021(e)ko apirila
  • 2021(e)ko martxoa
  • 2021(e)ko otsaila
  • 2021(e)ko urtarrila
  • 2020(e)ko abendua
  • 2020(e)ko azaroa
  • 2020(e)ko urria
  • 2020(e)ko iraila
  • 2020(e)ko ekaina
  • 2020(e)ko maiatza
  • 2020(e)ko apirila
  • 2020(e)ko martxoa
  • 2020(e)ko otsaila
  • 2019(e)ko abendua
  • 2019(e)ko azaroa
  • 2019(e)ko urria
  • 2019(e)ko iraila
  • 2019(e)ko maiatza
  • 2019(e)ko apirila
  • 2019(e)ko martxoa
  • 2019(e)ko otsaila
  • 2019(e)ko urtarrila
  • 2018(e)ko abendua
  • 2018(e)ko azaroa
  • 2018(e)ko urria
  • 2018(e)ko iraila
  • 2018(e)ko abuztua
  • 2018(e)ko uztaila
  • 2018(e)ko ekaina
  • 2018(e)ko maiatza
  • 2018(e)ko apirila
  • 2018(e)ko martxoa
  • 2018(e)ko otsaila
  • 2018(e)ko urtarrila
  • 2017(e)ko abendua
  • 2017(e)ko azaroa
  • 2017(e)ko urria
  • 2017(e)ko iraila
  • 2017(e)ko abuztua
  • 2017(e)ko uztaila
  • 2017(e)ko ekaina
  • 2017(e)ko maiatza
  • 2017(e)ko apirila
  • 2017(e)ko martxoa
  • 2017(e)ko otsaila
  • 2017(e)ko urtarrila
  • 2016(e)ko abendua
  • 2016(e)ko azaroa
  • 2016(e)ko urria
  • 2016(e)ko iraila
  • 2016(e)ko uztaila
  • 2016(e)ko ekaina
  • 2016(e)ko maiatza
  • 2016(e)ko apirila
  • 2016(e)ko martxoa
  • 2016(e)ko otsaila
  • 2016(e)ko urtarrila
  • 2015(e)ko abendua
  • 2015(e)ko azaroa
  • 2015(e)ko urria
  • 2015(e)ko iraila
  • 2015(e)ko abuztua
  • 2015(e)ko uztaila
  • 2015(e)ko ekaina
  • 2015(e)ko maiatza
  • 2015(e)ko apirila
  • 2015(e)ko martxoa
  • 2015(e)ko otsaila
  • 2015(e)ko urtarrila
  • 2014(e)ko abendua
  • 2014(e)ko azaroa
  • 2014(e)ko urria
  • 2014(e)ko iraila
  • 2014(e)ko abuztua
  • 2014(e)ko uztaila
  • 2014(e)ko ekaina
  • 2014(e)ko maiatza
  • 2014(e)ko apirila
  • 2014(e)ko martxoa
  • 2014(e)ko otsaila
  • 2014(e)ko urtarrila
  • 2013(e)ko abendua
  • 2013(e)ko azaroa
  • 2013(e)ko urria
  • 2013(e)ko iraila
  • 2013(e)ko abuztua
  • 2013(e)ko uztaila
  • 2013(e)ko maiatza
  • 2013(e)ko apirila
  • 2013(e)ko martxoa
  • 2013(e)ko otsaila
  • 2013(e)ko urtarrila
  • 2012(e)ko azaroa
  • 2012(e)ko urria
  • 2012(e)ko uztaila
  • 2012(e)ko ekaina
  • 2012(e)ko martxoa
  • 2012(e)ko otsaila
  • 2012(e)ko urtarrila
  • 2011(e)ko azaroa
  • 2011(e)ko iraila
  • 2011(e)ko ekaina
  • 2011(e)ko apirila
  • 2011(e)ko martxoa
  • 2011(e)ko otsaila
  • 2011(e)ko urtarrila
  • 2010(e)ko abendua
  • 2010(e)ko azaroa
  • 2010(e)ko urria
  • 2010(e)ko iraila
  • 2010(e)ko abuztua
  • 2010(e)ko uztaila
  • 2010(e)ko ekaina
  • 2010(e)ko maiatza
  • 2010(e)ko apirila
  • 2010(e)ko martxoa
  • 2010(e)ko otsaila
  • 2010(e)ko urtarrila
  • 2009(e)ko abendua
  • 2009(e)ko azaroa
  • 2009(e)ko urria
  • 2009(e)ko iraila
  • 2009(e)ko abuztua
  • 2009(e)ko uztaila
  • 2009(e)ko ekaina
  • 2009(e)ko maiatza
  • 2009(e)ko apirila
  • 2009(e)ko martxoa
  • 2009(e)ko otsaila
  • 2009(e)ko urtarrila
  • 2008(e)ko abendua
  • 2008(e)ko azaroa
  • 2008(e)ko urria
  • 2008(e)ko abuztua
  • 2008(e)ko ekaina
  • 2008(e)ko apirila

Kategoriak

  • AEB
  • Antzerkia
  • Argentina
  • Arrauna
  • Artea
  • Athletic Club
  • Atletismoa
  • Automobilismoa
  • Azpiegiturak
  • Beisbola
  • Bideo-jokoak
  • Boxeoa
  • Brasil
  • Brasilgo Munduko Kopa 2014
  • Chiapas
  • Dopina
  • Eibar
  • Ekonomia
  • Errefuxiatuen krisi globala
  • Errugbia
  • Errugbia
  • Errusia
  • Eskozia
  • Euskal selekzioak
  • Euskara
  • Feminismoa
  • Frantzia
  • Futbola
  • Galizia
  • Generoa
  • Gizartea
  • Hedabideak
  • Herri kirolak
  • Herri kirolak
  • Herrialde Katalanak
  • Hezkuntza
  • Hizkuntzak
  • Hungaria
  • Igeriketa
  • Internet
  • Islandia
  • Israel
  • Italia
  • Joko Olinpikoak
  • Kirol psikologia
  • Kirola
  • Kirola eta politika
  • Kolonbia
  • Komiki kritikak
  • Komikiak
  • Kulturgintza
  • Literatura
  • Maroko
  • Matxismoa
  • Mendia
  • Mexiko
  • Mugikortasuna
  • Musika
  • Natura
  • Nazioartea
  • Osasuna
  • Osasuna
  • Palestina
  • Pilota
  • Politika
  • Reala
  • Sahara
  • Sailkatu gabea
  • Saskibaloia
  • Sokatira
  • Teknologia berriak
  • Telebista
  • Txile
  • Txirrindularitza
  • Ukraina
  • Umorea
  • Uncategorized
  • Ustelkeria
  • Zientzia eta teknologia
  • Zinema

Meta

  • Hasi saioa
  • Sarreren jarioa
  • Iruzkinen jarioa
  • WordPress.org

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA