Slump doktorearen zaintiratua
Hasiera » Jon Tornerren bloga - Slump doktorearen zaintiratua

Saharako gatazkaz komikia, Espainiaren traizioak 40 urte bete dituenean

2015-11-09  //  Komikiak, Sahara  //  2 iruzkin

1975eko azaroaren 14an Madrilgo akordioa sinatu zuten Espainiak, Marokok eta Mauritaniak. Beldurrak airean zegoen Carlos Arias Navarro Espainiako Gobernuko presidenteak bi herrialdeen artean banatu zuen Mendebaldeko Sahara: iparraldea Marokorentzat eta hegoaldea Mauritaniarentzat. Fosfatoa eta arrantza ustiatzeko akordioak eskuratu zituen trukean Espainiak. Kristina Berasain Berriako kazetariak Martxa berdea, martxa beltza erreportajean azaldu duen moduan, Sahararrentzat “traizio” bat izan zen. Eta halaxe irudikatu du Mauro Entrialgok Saharako gatazka 3.000 hitz baino gutxiagotan komikian, Elorrioko Lajwad elkarteak, Txintxirri ikastolak, institutuak eta Udalak euskaraz plazaratu berri dutena.

1970eko hamarkadako gertaerek tarte handia betetzen dute komikian.

1970eko hamarkadako gertaerek tarte handia betetzen dute komikian.

1975eko azaroaren 6an, Marokoko errege Hassan II.ak 350.000 zibil eta bere armadako 25.000 soldadu bidali zituen Mendebaldeko Saharara. Martxa berdea deitutakoak ataka estuan jarri zituen espainiar agintariak eta, azkenean, “beldurrak jota” –komikian irakur daitekeen bezala– Marokoren nahi guztien aurrean men egin eta Madrilgo akordioa hitzartu zuten. Sahara inbaditzea beste helbururik ez zuen Martxa berdeak atzera egin zuen, Madrilgo akordioa sinatu zen, Franco hil egin zen, Espainiako tropek Saharatik alde egin zuten… eta Marokok eta Mauritaniak lurraldea militarki inbaditu zuten. Fronte Polisarioak aurre egin zien, baina saharar ugarik egin zuen ihes. Basamortuan barrena zihoazela, napalm eta fosforo zuriaz bonbardatu zituzten. Hil ez zituztenak Aljerian hartu zuten babesa, Tindufeko errefuxiatuen kanpalekuetan.

Gertaera horiek guztiak komikiaren Historia laburra atalean ageri dira. 1442. urtea du abiapuntu, portugaldarrak gaur egungo Mendebaldeko Saharako hegoaldera iritsi zirenekoa; eta 2015an amaitzen da: “Gatazkak bere horretan dirau. Bitartean, sahararrak errefuxiatuen kanpamentuetan edo Marokoren agindupean dauden lurralde okupatuetan bizi dira. Han, giza eskubideen urraketak salatzen dira behin eta berriz: informazio-blokeoa, legez kanpoko atxiloketak, torturak eta pertsonen desagertzeak”.

Gatazka korapilatsu zenbait hobeto ulertzeko, tresna baliagarriak dira komikiak.

Gatazka korapilatsu zenbait hobeto ulertzeko, tresna baliagarriak dira komikiak.

Historian tartekatzen dira ahel, berrad, cabila eta chej bezalako hitzen esanahiak; fosfato-industria, Martxa berdea, Marokok eraikitako harresiak, iristen ez den erreferenduma eta errefuxiatuen kanpalekuak hizpide dituzten atalak eta, bukatzeko, zenbait protagonisten inguruko datuak.

“Mauro Entrialgok onartzen du tebeo hau konplexutasun handiko gatazka baten dibulgazio-xedeko azalpen eskematikoa dela”, dio komikiaren amaieran agertzen den oharrak. Zentzu horretan, baliagarria da oso. 20 orrialdeetan gatazkaren errepaso ederra egiten du, sahararrek bizi duten urtetako injustizia   hobeto ulertzen laguntzen gaituena.

Doakoa da komikia. Helbide honetara idatzita eskura daiteke: lajwadelorrio@gmail.com.

Esteladak, independentziaren aldeko oihuak eta UEFAri txistuak Camp Nouen

2015-11-05  //  Futbola, Herrialde Katalanak  //  Iruzkinik ez

Txapeldunen Ligako partida batean zaleek esteladak erakutsi izanagatik Bartzelona futbol talderi isuna ezarri dio UEFAk. “Adierazpen askatasunari” eraso egin zaiola iritzita, klubak eta zaleek euren haserrea agertu dute berriz ere. Atzo, Bate Borisov taldearen aurkako partida hasi aurretik, esteladak haizatu eta independentziaren alde oihu egin zuten Camp Nou zelaian bildutako milaka lagunek. Halaber, Txapeldunen Ligako ereserkiari txistu egin zioten, “Respecte” zioen pankarta erraldoia lekuko.

Kataluniako Asanblada Nazionalak, Omnium Cultural eta Drets elkarteek, eta Kataluniako Selekzioaren Aldeko Plataformak bultzatu zuten ekimena.

Iturriak: Vilaweb.cat / Ara.cat

Informazio gehiago: Bartzelona futbol kluba, adierazpen askatasunaren eta esteladen defentsan (2015-10-26)

Generoaren ikuspuntutik dekonstrukzio lan apur bat, Asterixen azkenari tiraka

2015-11-04  //  Feminismoa, Komikiak  //  3 iruzkin

Zesarren papiroa du izena Asterixen bildumako berrienak. Post honek komikiari buruzko kritika izan beharko luke, baina nahiago dut galiarren abentura berriko azken binetak eragin didan barne-eztabaidari  heldu, emakumezko pertsonaien rola ardatz.

Galiarren buruzagiaren etxean nork agintzen duen  badakigu.

Galiarren buruzagiaren etxean nork agintzen duen badakigu.

(gehiago…)

Dopin sarea antolatu izana egotzita, Urdaibaiko kargudun ohiak epaitu dituzte

2015-11-02  //  Arrauna  //  Iruzkinik ez

(Argazkia: EITB)

Epaiketan edozer gertatuta ere, arraunlariek ez dute zigorrik jasoko. (Argazkia: EITB)

[2015-11-18]

‘Estrobo auziko’ sei akusatuak absolbitu egin dituzte. Aurrez, hamar akusatuetako lauren kontrako karguak erretiratu egin zituen fiskaltzak.

[Epaiketaren 4. saioa]

Adituak ez dira bat etorri Urdaibaiko arraunlariei ustez emandako substantziak osasunerako kaltegarriak diren edo ez ebaztean, baina onartu dute halakoak erabiltzea “tranpa” egitea dela. (Informazio gehiago: Pello A. Zuazoren artikulua Berrian)

[Epaiketaren 3. saioa]

Urdaibairen aurkako ikerketa operazioan parte hartu zuten guardia zibilen arabera, “klubak delitu erakundeek bezala jokatu zuen”. Guardia zibilez gain, lau arraunlarik ere deklaratu zuten lekuko moduan, eta asteartean hitz egin zuten hamabi arraunlariek esan bezala, zainetatik inoiz ez zirela ziztatu esan zuten. Baina aitortu zuten sorbaldan, ipurdian eta tripan ziztadak hartu izana. (Informazio gehiago: Pello A. Zuazoren artikulua Berrian)

[Epaiketaren 2. saioa]

Urdaibain aritutako arraunlari eta patroiek epailearen aurrean deklaratu dute ez zirela inoiz dopatu. Medikuak bitamina suspergarriak ziztatzen zizkiela onartu dute, baina sekula ere ez zainetatik. (Informazio gehiago: Pello A. Zuazoren artikulua Berrian)

[Epaiketaren 1. saioa]

Lekuko babestu batek [Urdaibaiko arraunlari ohi batek] deklaratu du ziztadak egunerokoak zirela: astegunetan, entrenamenduen ostean, eta asteburuan, lehiaketaren aurretik eta ostean ere. Aldi bakoitzean zortzi xiringa baino gehiago ziztatzen zizkietela esan du: “Behin, xiringaz beteriko poto bat ikusi nuen, eta pentsatu nuen talde osoarentzat izango zirela, baina esan zidaten denak niretzat zirela”. (Informazio gehiago: Gotzon Hermosillaren artikulua Berrian)

[2015-11-02]

2010ean Bermeoko Urdaibai taldeko kide ziren lau lagun eta beste sei pertsona epaituko dituzte gaurtik aurrera Bilbon, “dopin sarea osatzeagatik” besteak beste, fiskalak leporatzen dienez. Inputatuak dira: Jose Manuel Francisco entrenatzailea, Josu Zabalondo presidentea, Borja Garai medikua eta Arantza Ormaza erizaina; eta Franciscoren emazte Sonia Boubeta, Borja Garay eta Marcos Maynar medikuak, Antonio Arenas txirrindulari ohia eta haren bikotekide Teresa Mesa, eta Portugalete eta Cacereseko (Espainia) farmazialari bana.

Estrobo auziaren barruan epaituko dituzte. Ahozko zatiak astebete inguru iraungo du.

Jose Luis Korta Kaiku traineruko entrenatzaileak duela sei urte egindako adierazpen batzuek jarri zuten Urdaibai jo-puntuan. Kontxako Bandera jokatu ostean esan zuen Urdaibaiko arraunlariek –estropada irabazi zutenek– dopin substantziak kontsumitu zituztela. EPO, nandrolona eta hormona mota batzuk aipatzen ditu fiskalak, zeinak bi urte eta erdiko kartzela zigorra eskatzen duen inputatuentzat, “osasun publikoaren aurkako delitua egiteagatik”. Fiskalak dioenez substantzia horietako batzuk zainetatik sartu zizkieten arraunlariei, hala egitea debekatua dagoenean, Aitor Manterola Berria egunkariko kazetariak azaldu moduan.

Fiskalaren arabera Bermeoko klubak aipatu substantziak erosi zituen. Kirolarien errendimendua hobetzeko baliatu zituztela demostratzea dagokio orain. Epaileak nahikoa frogarik ez dagoela ebazten badu, akusatuak absolbitu egingo dituzte. Epaiketan edozer gertatuta ere, arraunlariak eurak ez dituzte zigortzerik izango, Jokin Victoria de Lecea Deiako kazetariak nabarmendu duenez: “Osasun publikoaren aurkako delitu jarraituaren baitan, ez dira subjektu pasibotzat hartzen, eta jaso dezaketen zigorrak haien kirol-historiari besterik ezin dio eragin, lizentzia kenduta, esaterako. Dena den, kasu honetan, kirolarena baino, bide penala nagusitu da hasieratik. Arraunlariek, beraz, ziurrenik ez dute zigorrik jasoko, hiru urte baino gehiago pasa direlako auzia zabaldu zenetik”.

Bestalde, auziak bide penaletik egin duenez –”ez denez soilik kirol arloari dagokion kontua”–, tartean ez sartzea erabaki du Traineru Kluben Elkarteak, hasiera batean akusazio partikular bezala aritu baina 2014an albo batera egin zuenak.

Estrobo auziari buruzko informazio gehiago:

Prozesu judizialaren hastapenak (El Diario Vasco, 2011)

Jose Luis Korta: “Beti erakutsi didate lege onetik irabazitakoak balio duela, eta nik ere horretan sinesten dut” (Goiena.net, 2013)

Bartzelona futbol kluba, adierazpen askatasunaren eta esteladen defentsan

2015-10-26  //  Futbola, Herrialde Katalanak  //  Iruzkinik ez

Txapeldunen Ligako partida batean zaleek esteladak erakutsi izanagatik Bartzelona futbol talderi isuna ezarri dio UEFAk. Josep Maria Bartomeu presidenteak esan du adierazpen askatasunaren aurkako erasoa dela. Igandean, Eibarren aurkako partidaren atarian, klubak pankarta hau zabaldu zuen:

Iturria: Vilaweb

[Milesker erreferentziagatik, @arkkuso]

 

Asterixen berriena euskaraz. Galtzakomik lehiaketaren 8. edizioa abian

2015-10-22  //  Komikiak  //  Iruzkinik ez

48 orrialde ditu liburuak.

48 orrialde ditu liburuak.

“Zesarren papiroa” Asterixen album berria kalean da jada. Post-Uderzo garaiko bigarren album honek ere, Asterix eta piktoak izenekoak bezala, Jean-Yves Ferriren gidoia eta Didier Conraden marrazkiak ditu. Usua Lasak eta Maddalen Arzallusek euskaratu dute.

Komikia erosteko: Bruño liburuak

Igor Leturiaren blogean topatuko duzue informazio gehiago.

8. Galtzakomik

Galtzakomik euskarazko komiki lehiaketaren 8. edizioa abian da jada. Lanak aurkezteko epea azaroaren 20an amaituko da. Galtzaundik antolatzen du Ibarrako Udalaren laguntzarekin.

Lehiaketaren baldintzak eta gainerako informazioa (pdf)

‘Aliceren ibaiak’ abentura grafikoa, euskaraz ere bai

2015-10-01  //  Teknologia berriak  //  Iruzkinik ez

'Aliceren bidaiak' abentura grafikoak Vetusta Morla taldearen musika eta letrak ditu ardatz.

‘Aliceren bidaiak’ abentura grafikoak Vetusta Morla taldearen musika eta letrak ditu ardatz.

Aliceren ibaiak, Delirium Studios enpresak sortutako bideojokoak, euskarazko bertsioa ere badu jada. Nintendo Wii U kontsoletan jokatu ahal da oraingoz; aurrerago, baita PC eta Mac ordenagailuetan ere.

Julen Zaballa kazetari eta ikertzaileak bere blogean nabarmendu duen bezala, ez da euskaraz mintzo den lehendabiziko bideojokoa; bai, ordea, kontsola batean joka daitekeena. Orain artekoak PCrako sortuak izan dira. Errenteriako 3DNews TV enpresak 2000. urtean plazaratutako Estropadak, Mendizaleak eta Jai Alai Sport dira aitzindariak.

Delirium Studios-en jokoak hainbat sari irabazi du.

Delirium Studios-en jokoak hainbat sari irabazi du.

Arturo Monedero, Bilboko Delirium Studios enpresako ordezkariaren hitzetan, haientzat “ohorea” da aurrenekoak izatea, nahiz eta gehitu kasu honetan albiste ez izatea gustatuko litzaiekeela, euskarazko bideojoko gehiago sortzen direla erakutsiko lukeelako. Dioenez, “euskara ez da errentagarria bideojokoetan. Ez dago nahikoa erabiltzaile, sektoreko enpresak jokoen lokalizazioan dirua inbertitzera bultzatzeko. Horrek esan nahi du konponbidea barrutik kanporantz etorri behar dela”. Erakundeen paperaz ere mintzo da: “Lehen mailako jokoek euskaraz egitea nahi badute, dirua jarri beharko dute. Banatzaile handiak ere konbentzitu behar ditugu, haien kontsolentzat euskara ez baita existitzen”.

‘Diamanteak, urrea eta ikatza’ eta ‘El Portero’ komikiak, Letrak eta Futbola jaialdian

2015-09-25  //  Athletic Club, Komikiak  //  Iruzkinik ez

Azaroaren 2tik 6ra bitartean itxura ederra duen Letrak eta futbola jaialdia egingo da Bilbon, Athletic Fundazioak, Bizkaiko Foru Aldundiak eta BBK aretoak antolatuta. Hainbat ekitaldi izango da, futbola eta kazetaritza/literatura ardatz, “kulturaren eta baloiaren munduen artean zubiak eraikitzea helburu”.

Zubi-lan horretan, zutabeetako bi izango dira Diamanteak, urrea eta ikatza eta El Portero komikiak, berariaz jaialdirako sortuak. Lehenbizikoaren gidoia Unai Iturriagak idatzi du, eta Alfonso Zapicok egin ditu marrazkiak. Bigarrenak Santiago Garcíaren gidoia eta Pablo Ríosen ilustrazioak daramatza.

Komiki bakoitzaren 10.000 ale argitaratuko ditu Athletic Fundazioak.

Komiki bakoitzaren 10.000 ale argitaratuko ditu Athletic Fundazioak.

Komikien aurkezpenari eta horiek eskuratzeko moduari buruzko xehetasunak aurki emango ditu Athletic Fundazioak.

Zein liburu gomendatuko zenieke Gurpegi edo Tirapuri?

Aurtengo edizioan, Athletic irakurle kluba egitasmoa jarri dute abian jaialdiaren antolatzaileek. Edozein athleticzale edo irakurlek aukera izan du futbol taldeko zazpi kideri liburu bat proposatzeko. Jasotako iradokizun guztien artean, zazpi lagun horiek liburu bana aukeratu eta hilabeteren buruan irakurtzeko konpromisoa hartuko dute. Era berean, zaleek ere iradokizun bat jasoko dute taldeko ordezkariaren aldetik, eta haiek ere liburua irakurri beharko dute. Gomendatutako liburu guztiekin Athletic Fundazioak irakurle-klubak antolatuko ditu.

Mikel Balenziagak jakinarazi du jada zein liburu irakurriko duen: Kirmen Uribek idatzitako Mussche, Jonan Bedialauneta Sopelanako Ander Deuna ikastolako irakasleak iradokita. Haren zenbait ikaslek eleberri bera irakurtzeko konpromisoa hartu dute, ondoren, jokalariarekin batera, lan horren inguruan eztabaidatzeko.

Zer gertatuko litzateke Espainiako futbol ligarekin, Bartzelonak jokatuko ez balu?

2015-09-24  //  Futbola, Herrialde Katalanak  //  Iruzkinik ez

"Libre izango gara", dio Bartzelonaren futbol zelaian zabaldutako mezuak.

“Libre izango gara”, dio Bartzelonaren futbol zelaian zabaldutako mezuak.

Kataluniak independentzia lortuz gero, Bartzelona futbol taldeak ez duela Espainiako Ligan jokatzerik izango diote unionistek, lelo hori etengabe errepikatzeak zalantzan diren kataluniarrak ezezkoa bozkatzera bultzatuko dituelakoan. Jakitun dira, ordea, Bartzelonak jokatuko ez balu, Ligaren kotizazioak –kirol maila eta etekin ekonomikoari dagokienez– zartako handia jasango lukeela, Javier Tebas LFP Futbol Liga Profesionaleko presidenteak aditzera eman duen moduan. Bost axola, ordea. Futbola arma indartsua dela jakitun, bala guztiak xahutu bitartean tiro eta tiro arituko dira, beldurra zabaltzea xede. Baita Bartzelona vs Madril lehiaren itzalean forofismo merkeena eta amaigabeko polemikak hauspotzen dituzten kazetariak ere, edo albistegietan bi talde horiek besterik aipatzen ez dituztenak, Bartzelonak ospa egiten badu haien iturri emankorrenetako bat galduko duten arren.

1. aukera: Espainiako Ligan

Igandeko hauteskundeak pasa bitartean horretan jarraituko dute, ziur. Ondoren ere bai, denbora batean bederen.  Zer egingo dute, baina, Kataluniak independentzia aldarrikatzen badu? Izango al dute Bartzelona futbol kluba Espainiako ligan mantentzerik? Bai, Espainiako Gobernuak Kirolaren Legea aldatuz gero, Kataluniako selekzioen aldeko plataformak nabarmendu duen bezala. Lehenago ere egina du hori, Andorrako taldeei aukera eman zienean Espainiako txapelketetan jokatzeko. Badira adibide gehiago, Frantziako ligan ari den Monako edo Ingalaterrakoan jokatzen duten Cardiff eta Swansea galestarrak, esaterako.

2. Atzerriko beste liga batean

Kirolaren Legea aldatzeko, baina, beharrezkoa da Espainiako Gobernuak, Kirolaren Kontseilu Gorenak (CSD), Espainiako Futbol Federazioak eta Liga Profesionalak oniritzia ematea. Eta horrela izanik ere, ikusi beharko litzateke Bartzelonak Espainiako ligan jokatuko lukeen ala ez… agian, erabakiko duelako beste herrialde batean aritzea. “Katalunia independente batean, Bartzelonak nahi duen lekuan jokatuko du”, dio selekzioaren aldeko plataformak. Litekeena baita Frantzia edo Ingalaterrako ligen aldeko hautua egitea. Nekez imajina daiteke halakorik, baina… Interviú aldizkariak, esaterako, baieztatu du Bartzelonako ordezkariek dagoeneko hitz egin dutela Frantziako Gobernuko kideekin. Erreportaje berean, Luis Rendueles eta Daniel Montero kazetariek diote Espainiako Gobernuak “dokumentu sekretua” duela eskuetan, non irakur daitekeen Bartzelona futbol kluba independentziaren alde agertuko balitz, milaka bozka erakarriko lituzkeela. Esan beharra dago gaur arte Bartzelonak ez duela bere iritzia publiko egin. Haiek ere interes (ekonomiko) handiak dituzte eta, badirudi, konfrontazioaren bidetik baino, auziari anbiguotasun neurtuarekin heltzea hobe datorkiela. Badaezpada ere.

3. Kataluniako ligan

Indarrean den araudiaren arabera, Espainiako futbol ligan jokatu nahi duten taldeak bertako federazioko kide izan behar dira. Kataluniak independentzia lortuko balu, nazioartean arazorik gabe lehiatuko lukeen selekzio ofiziala ere izango luke. Hura sortzeko, baina, bere liga eratu beharko luke eta, puntu horretara iritsita, ikusi beharko litzateke Bartzelonak erabakiko lukeen Espainiako ala Kataluniako federazioko kide izatea, alegia, Espainiako ala Kataluniako ligan jokatzea, BBCren Zer gertatuko litzateke Barçarekin Katalunia independente batean erreportajeak planteatzen duen moduan.

Borondate kontua

Zentzu horretan, Andorra futbol klubak Espainiako txapelketetan jokatzen du Espainiako futbol federazioko kide delako. Izan ere, taldea sortu zenean, Andorrak ez zuen federaziorik. Gauza bera gertatzen da Swansea eta Cardiff taldeekin. Gales, gainera, ez da Estatu bat. Andorra bai, estatu independentea da, selekzio propioa duena. Monakori dagokionez, Kataluniari ateak itxi nahi dizkiotenek argudiatzen dute hiri bat dela, eta ez herrialde bat. Alegia, juridikoki estatu independentea dela, baina ez duela ez futbol federazio ez selekzio nazionalik.

Badira kasu berezi gehiago, era orotariko salbuespenak, erakusten dutenak posible dela alde desberdinen arteko akordioa lortzea, baldin eta horretarako borondatea badago, Jose Luis Pérez Triviño zuzenbidean adituak Huffington Post agerkarian azaldu duen bezala. Futbol taldeak, lekuan lekuko federazio eta gobernuak, nazioarteko federazioak (Kataluniaren kasuan UEFA eta FIFA)… interes gehiegi dago jokoan, eta ziur balizko Katalunia independente batean adostasun ahalik eta zabalena lortzen saiatuko direla, nahiz eta oraingoz, dagokien paperean irmo, guztiek haien leloari eutsiko dioten.

Bizikleta martxa Oñatin, Txirrinka eta natur eskolaren eskutik, Argia Egunaren bezperan

2015-09-16  //  Hedabideak, Natura, Txirrindularitza  //  Iruzkinik ez

Larunbatean, hilak 19, bizikleta martxa egingo da Oñati inguruan, bi zatitan banaturik: bidegorrian zehar lehendabizi, eta auzoetan zehar ondoren. Umeekin egiteko modukoak izango dira bi txangoak, ia maldarik gabeak.

Bizikletaren erabilera sustatzea xede duen Txirrinka elkarteari eta Natur Eskolari eskerrak eman nahi dizkiegu ARGIAtik, ekimena antolatzeagatik.

oina

oina

Non dago San Prudentzio?: Google maps (urdinez markatutako ibilbidea autoen bideari dagokio, baina erreferentzia bezala baliagarria da)

Txirrinka elkarteari buruz informazio gehiago: “Pedalkadaz pedalkada, autorik gabeko herri garbia eraikiz”

ARGIA Eguna, bezperatik hasita

Larunbatean, bizikleta martxaz eta “Trantsizioa” erakusketaz gain, Arrikrutzeko kobak ezagutzeko ibilaldi mitologikoa egingo da, igandeko ARGIA Egunaren atariko moduan. Asteburu pasa ederra egiteko aukera duzue, beraz, ARGIAren eta antolaketan lagundu gaituzten eragileen eskutik.

 

27 / 55«Aurrekoa1020262728294050Hurrengoa»

Jon Torner

Goiburua irakurtzean barre egingo duzue nire belaunaldiaren biktima zaretenok. Komikiak eta kirola esaldi berean uztartzeko modurik onena iruditu zait. Arale hiperaktiboaren sortzailea batetik, eta kirolariak aulkira eramaten dituen lesioa bestetik. Funtziona dezake.

Azken bidalketak

  • FIFA eta UEFAren epelkeria, futbol zelaietako beroa
  • Zorroztasun historikoaren izenean: dragoiak bai, bikingo beltzaranak ez
  • Jaiak, gazteen kezka-iturrien erakustoki
  • Akira Toriyama, euskarazko telebistara itsatsita gintuen sortzaile handia
  • Apurtutako eserlekua eta “txiste” homofobo bat

Iruzkin berriak

  • Jon Torner(e)k Manspreading zer den, irudi bakarrean bidalketan
  • tornulari(e)k Manspreading zer den, irudi bakarrean bidalketan
  • Mikel(e)k Eurokopa eta Tourra, Bilbok behar duelako auskalo nongo mapan kokatu bidalketan
  • IKER(e)k Euskal selekzioaren ofizialtasuna: Noraino helduko gara konfrontazio ezaren bidetik? bidalketan
  • carmita(e)k Haurren futbol partida batean, gurasoak kolpeka (a ze artaburu puskak!) bidalketan

Artxiboak

  • 2025(e)ko urria
  • 2024(e)ko azaroa
  • 2024(e)ko iraila
  • 2024(e)ko martxoa
  • 2024(e)ko urtarrila
  • 2023(e)ko abendua
  • 2023(e)ko urria
  • 2023(e)ko uztaila
  • 2023(e)ko maiatza
  • 2023(e)ko otsaila
  • 2023(e)ko urtarrila
  • 2022(e)ko azaroa
  • 2022(e)ko urria
  • 2022(e)ko iraila
  • 2022(e)ko abuztua
  • 2022(e)ko ekaina
  • 2022(e)ko maiatza
  • 2022(e)ko apirila
  • 2022(e)ko martxoa
  • 2022(e)ko otsaila
  • 2022(e)ko urtarrila
  • 2021(e)ko abendua
  • 2021(e)ko azaroa
  • 2021(e)ko urria
  • 2021(e)ko iraila
  • 2021(e)ko ekaina
  • 2021(e)ko maiatza
  • 2021(e)ko apirila
  • 2021(e)ko martxoa
  • 2021(e)ko otsaila
  • 2021(e)ko urtarrila
  • 2020(e)ko abendua
  • 2020(e)ko azaroa
  • 2020(e)ko urria
  • 2020(e)ko iraila
  • 2020(e)ko ekaina
  • 2020(e)ko maiatza
  • 2020(e)ko apirila
  • 2020(e)ko martxoa
  • 2020(e)ko otsaila
  • 2019(e)ko abendua
  • 2019(e)ko azaroa
  • 2019(e)ko urria
  • 2019(e)ko iraila
  • 2019(e)ko maiatza
  • 2019(e)ko apirila
  • 2019(e)ko martxoa
  • 2019(e)ko otsaila
  • 2019(e)ko urtarrila
  • 2018(e)ko abendua
  • 2018(e)ko azaroa
  • 2018(e)ko urria
  • 2018(e)ko iraila
  • 2018(e)ko abuztua
  • 2018(e)ko uztaila
  • 2018(e)ko ekaina
  • 2018(e)ko maiatza
  • 2018(e)ko apirila
  • 2018(e)ko martxoa
  • 2018(e)ko otsaila
  • 2018(e)ko urtarrila
  • 2017(e)ko abendua
  • 2017(e)ko azaroa
  • 2017(e)ko urria
  • 2017(e)ko iraila
  • 2017(e)ko abuztua
  • 2017(e)ko uztaila
  • 2017(e)ko ekaina
  • 2017(e)ko maiatza
  • 2017(e)ko apirila
  • 2017(e)ko martxoa
  • 2017(e)ko otsaila
  • 2017(e)ko urtarrila
  • 2016(e)ko abendua
  • 2016(e)ko azaroa
  • 2016(e)ko urria
  • 2016(e)ko iraila
  • 2016(e)ko uztaila
  • 2016(e)ko ekaina
  • 2016(e)ko maiatza
  • 2016(e)ko apirila
  • 2016(e)ko martxoa
  • 2016(e)ko otsaila
  • 2016(e)ko urtarrila
  • 2015(e)ko abendua
  • 2015(e)ko azaroa
  • 2015(e)ko urria
  • 2015(e)ko iraila
  • 2015(e)ko abuztua
  • 2015(e)ko uztaila
  • 2015(e)ko ekaina
  • 2015(e)ko maiatza
  • 2015(e)ko apirila
  • 2015(e)ko martxoa
  • 2015(e)ko otsaila
  • 2015(e)ko urtarrila
  • 2014(e)ko abendua
  • 2014(e)ko azaroa
  • 2014(e)ko urria
  • 2014(e)ko iraila
  • 2014(e)ko abuztua
  • 2014(e)ko uztaila
  • 2014(e)ko ekaina
  • 2014(e)ko maiatza
  • 2014(e)ko apirila
  • 2014(e)ko martxoa
  • 2014(e)ko otsaila
  • 2014(e)ko urtarrila
  • 2013(e)ko abendua
  • 2013(e)ko azaroa
  • 2013(e)ko urria
  • 2013(e)ko iraila
  • 2013(e)ko abuztua
  • 2013(e)ko uztaila
  • 2013(e)ko maiatza
  • 2013(e)ko apirila
  • 2013(e)ko martxoa
  • 2013(e)ko otsaila
  • 2013(e)ko urtarrila
  • 2012(e)ko azaroa
  • 2012(e)ko urria
  • 2012(e)ko uztaila
  • 2012(e)ko ekaina
  • 2012(e)ko martxoa
  • 2012(e)ko otsaila
  • 2012(e)ko urtarrila
  • 2011(e)ko azaroa
  • 2011(e)ko iraila
  • 2011(e)ko ekaina
  • 2011(e)ko apirila
  • 2011(e)ko martxoa
  • 2011(e)ko otsaila
  • 2011(e)ko urtarrila
  • 2010(e)ko abendua
  • 2010(e)ko azaroa
  • 2010(e)ko urria
  • 2010(e)ko iraila
  • 2010(e)ko abuztua
  • 2010(e)ko uztaila
  • 2010(e)ko ekaina
  • 2010(e)ko maiatza
  • 2010(e)ko apirila
  • 2010(e)ko martxoa
  • 2010(e)ko otsaila
  • 2010(e)ko urtarrila
  • 2009(e)ko abendua
  • 2009(e)ko azaroa
  • 2009(e)ko urria
  • 2009(e)ko iraila
  • 2009(e)ko abuztua
  • 2009(e)ko uztaila
  • 2009(e)ko ekaina
  • 2009(e)ko maiatza
  • 2009(e)ko apirila
  • 2009(e)ko martxoa
  • 2009(e)ko otsaila
  • 2009(e)ko urtarrila
  • 2008(e)ko abendua
  • 2008(e)ko azaroa
  • 2008(e)ko urria
  • 2008(e)ko abuztua
  • 2008(e)ko ekaina
  • 2008(e)ko apirila

Kategoriak

  • AEB
  • Antzerkia
  • Argentina
  • Arrauna
  • Artea
  • Athletic Club
  • Atletismoa
  • Automobilismoa
  • Azpiegiturak
  • Beisbola
  • Bideo-jokoak
  • Boxeoa
  • Brasil
  • Brasilgo Munduko Kopa 2014
  • Chiapas
  • Dopina
  • Eibar
  • Ekonomia
  • Errefuxiatuen krisi globala
  • Errugbia
  • Errugbia
  • Errusia
  • Eskozia
  • Euskal selekzioak
  • Euskara
  • Feminismoa
  • Frantzia
  • Futbola
  • Galizia
  • Generoa
  • Gizartea
  • Hedabideak
  • Herri kirolak
  • Herri kirolak
  • Herrialde Katalanak
  • Hezkuntza
  • Hizkuntzak
  • Hungaria
  • Igeriketa
  • Internet
  • Islandia
  • Israel
  • Italia
  • Joko Olinpikoak
  • Kirol psikologia
  • Kirola
  • Kirola eta politika
  • Kolonbia
  • Komiki kritikak
  • Komikiak
  • Kulturgintza
  • Literatura
  • Maroko
  • Matxismoa
  • Mendia
  • Mexiko
  • Mugikortasuna
  • Musika
  • Natura
  • Nazioartea
  • Osasuna
  • Osasuna
  • Palestina
  • Pilota
  • Politika
  • Reala
  • Sahara
  • Sailkatu gabea
  • Saskibaloia
  • Sokatira
  • Teknologia berriak
  • Telebista
  • Txile
  • Txirrindularitza
  • Ukraina
  • Umorea
  • Uncategorized
  • Ustelkeria
  • Zientzia eta teknologia
  • Zinema

Meta

  • Hasi saioa
  • Sarreren jarioa
  • Iruzkinen jarioa
  • WordPress.org

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA