Hasiera »
Kike Amonarrizen bloga - Algara, edo ez gara
Kike Amonarriz
Blog honetan, nire bizitzaren ardatz nagusiak diren soziolinguistikaz, umoreaz eta hedabideez jardun nahi dut. Eta gai horiek eta nire eguneroko jardunak ekar ditzaketen bestelako kontuez.
Azken bidalketak
Iruzkin berriak
- Kike Amonarriz: “Euskararen normalizazioan aukera historiko baten aurrean gaude eta ezin dugu alferrik galtzen utzi”(e)k “Bai Euskarari” Sarien banaketan irakurritako testua bidalketan
- Egonean egoteak balio ez duenean(e)k ’Ras yr Iaith’! Galeseraren aldeko lehen Korrika atzeratu egin da bidalketan
- Adriano(e)k ’Ras yr Iaith’! Galeseraren aldeko lehen Korrika atzeratu egin da bidalketan
- patxi lurra(e)k Atsegin ditudan 10 abesti katalan “Diada” egunerako bidalketan
- Kike(e)k Gerra hotsak komikietan bidalketan
Euskararen egoera 1983an. Duela 30 urteko irakurketa bat
2013-07-29 // Soziolinguistika // 5 iruzkin
Tolosako Udalaren Euskara Batzordeak “Euskara gizarte bizitzan. Tolosan euskaraz” Jardunaldiak antolatu zituen 1983ko Abenduaren 19tik 23ra. Lluis Vicent Aracil eta Iñaki Larrañaga soziolinguistak izan ziren hizlariak. Aracil soziolinguistika katalanaren aitapontekotzat jo daiteke eta sekulako eragina izan zuen euskalgintzan. Iñaki Larrañaga, berriz, soziolinguistika aplikatua Euskal Herrira ekarri zuena izan zen eta ikerketa soziolinguistikoen eta kale-neurketen lehen sustatzailea, SIADECO ikerketa-taldean.
Jardunaldien bidez, Euskara Batzordeak herriko bizitza soziala osatzen zuten sektoreekin jarri nahi izan genuen harremanetan, euskararen aldeko argudio berriak emanez eta ahalik eta jende gehien bilduz. Horretarako, bina hitzaldi eman ziren egunero arloz arlo: administrazioa (udal-langileak eta eskualdeko alkate eta zinegotziak), irakaskuntza (irakasle eta ikasleak) merkataritza eta elkarteak, profesio liberalak eta sindikatuak. Azken hitzaldia irekia izan zen. Irakaskuntzari zuzenduriko hitzaldian 1.700 lagun bildu ziren Leidorren eta beste hitzaldietara 800 bat lagun hurbildu ziren. Hitzaldi guztiak liburuxka batean bildu ziren.
Hitzaldien hasieran Iñaki Larrañagak euskararen atzerakadaren historia azaltzen zuen modu laburrean, eta ondoren, euskararen egoeraren irakurketa kualitatiboa egiten zuen “Euskararen gaur egungo egoeraz diagnosia edo ordezkatze prozesuaren sintomatologia” izenburupean. Egokitzapenen bat eginda, argitaratu zen bezala transkribatuko dizuet (ahoz emandako hitzaldien transkribapena da testua), eta ariketa bat egitea eskatuko: Zuen ustez, zertan aldatu da 30 urteotan euskararen egoera? Zertan mantentzen da berdintsu? Nire irakurketa hurrengo astean egingo dut. Hona testua: (gehiago…)
Zergatik txiokatzen dugu euskaldunok euskaraz, galesdunek galesez halako bi?
2013-07-14 // Nazioartea, Soziolinguistika // Iruzkin bat
Rhodri ap Dyfrig-ek “Pam bod Basgwyr yn trydar ddwywaith cymaint â’r Cymry?” artikulua (Zergatik txiokatzen dute euskaldunek, galesdunok halako bi?) argitaratu du Dyfeisgar bere blogean. Rhodri ap Dyfrig, Aberystwyth Universityko irakaslea da, Hizkuntza eta Komunikazioa sailean. 2010ean EHUko Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultateak antolaturiko “Web TV: Interneteko telebistari buruzko Mintegian” hartu zuen parte eta The Welsh Language in the Media ikerketaren egilea da Elin Haf Gruffydd Jones eta George Jones-ekin batera.
Artikulua ulertzen saiatu naiz galesa-ingelesa itzultzaileak eta hiztegiak erabiliz. Ulertezina egin zaidan zatiren bat alde batera utzirik eta okerren bat egon daitekeela onartuta, hona artikuluaren itzulpena eta nire komentarioak parentesi artean.
Euskara darabilten kontuen kopurua eta galesa darabiltenena berdintsuak dira, Indigenous Tweets web crawler-aren arabera. Gutxi gora behera, euskara darabilten kontuen % 82 dira galesa darabiltenak, taula honetan ikus daitekeen bezala.
Baina bidalitako txioak neurtzean, euskarazkoek bikoiztu egiten dituzte galesezkoak. Honek esan nahi du, sareko ekosistema linguistiko-sozialean derrigor izan behar duela alde hau azalduko duen arrazoiren bat. Eta seguraski, alde honek, gauza interesgarriak erakutsiko dizkigu, bi hizkuntza horiek Inteneteko esparru desberdinetan erabiltzeko dauzkagun kulturen inguruan.
Zer arrazoi egon daitezke alde hori azaltzeko? Hona batzuk: (gehiago…)
Hizkuntza indigenak: heriotzera kondenatuak? Paraguaiko “Claves” programaren laburpena
2013-07-09 // Hezkuntza, Nazioartea, Soziolinguistika // Iruzkinik ez
Interneten arakatzen, Deustche Welle, Alemaniaren nazioarteko kateak eta Red GuaraníParaguaiko telebistak elkarlanean ekoiztutako Claves: Lenguas indígenas: ¿Condenadas a morir? debate-programan hizkuntza indigenei buruz iazko abenduaren 22an eskainitakoa aurkitu nuen. Saioak interes berezia du guretzat, Paraguai delako lurralde osoan hizkuntza indigena bat ofizialtzat duen Latinoamerikako estatu bakarra. Guaraniera, Amerikako hizkuntza indigenen artean, bideragarritasun handienekotzat jo izan da. Horregatik, hilabete batzuk joan diren arren, bertan esandakoek gaurkotasun eta interes osoa mantentzen dute.
Gonzalo E. Caceres eta Mariana Pineda moderatzaileen inguruan lau adituk hartzen dute parte mahai-inguruan: Edith Penner (hizkuntzalaria), Ana Margarita Ramos (Unicef-Haur indigenentzako egitasmoak), Lino Trinidad (Guaranieraren Akademia) eta Tadeo Zarratea (Zientzia juridikoetan doktorea eta guaranieran lizentziatua).
Programan azaldutako ideia eta hausnarketa nagusienak bildu ditut lerrootan. Horietako batzuk, oso gertuko sentituko dituzue: ofizialtasunaren eragin erlatiboa, klase politikoaren engaiamendua, hiztunen kontzientziazioa… Hona laburpena.
E.P.- Amerikan 250 hizkuntza indigena inguru desagertzear daude. Ertamerikan, Mexikon edo Perun bertoko kulturen duintasunaren aldeko borroka indartsuagoa da, baina Hego Konoko herrialdeetan ez gara horren kontzienteak.
T.Z.- Paraguain erdal elebakartasuna eta kultura europeizatzailea izan dira beti nagusi. Guaraniera oso baztertuta egon zen kolonia garaian, baina tamalgarria da independentziaren ondoren, kolonia zenean baino baztertuago egotea. Latinoamerika osoan bezala, hemen ere, kultura uniformizatzailea dago. Hizkuntza europarretan, eta ez indigenetan, hitz egiten duten 30 bat herrialde daude eta salbuespen bakarra Paraguai da, non guaraniera koofiziala den. Kolonialismoak asko zigortu du Amerika latinoa. Kolonizatuek, kolonizatzaileek baino politika kolonialista gogorragoa egiten dugu. Jendeari sinistarazi zaio hizkuntza amerikar guztiak txarrak eta pobreak direla eta europarra den guztia imitatu egin behar dela. Hau “lur errea” da. (gehiago…)
Ekaineko txisteak
2013-06-28 // Txisteak, Umorea // Iruzkinik ez
Hauexek dira ekainean zehar astekarian argitaraturiko txisteak. Ea gustuko dituzuen.
HAU GIZONA!
Bi emakume tabernan, elkarrekin solasean…
(ARGIAren 2.375. alean argitaratua)
ULTZAMARRAREN ABERASTASUNA
Txiste hau, Jonjo Agirre irakurle finak bidalitakoa da.
Ultzamar bat hilzorian da, Iruñeko Virgen del Camino erietxean. Azken hatsa eman aitzin, seme-alabak eta emaztea bildu ditu, erizaina bertan delarik: (gehiago…)
Historiako lehen emakume bordon-dantzariak Tolosako San Juanetan
2013-06-24 // Kultura // 3 iruzkin
Gizon-emakumeak Bordon-dantzan (Arg: Josune OIarbide)
2013ko ekainaren 24a Tolosako historiara pasako da. Gaur, lehen aldiz ikusi baititugu emakumeak Bordon-dantzan gure festetan.
1321eko Beotibarko gudarekin lotzen den dantza hau, mendez-mende urtero dantzatu izan da Tolosako San Juan egunean, eta gaur arte, gizonezkoek bakarrik dantzatu izan dute.
Gaurkoa, beraz, urrats garrantzitsua izan da berdintasunaren eta parekidetasunaren bidean, dantza honek Tolosan duen balio sinbolikoarengatik eta aldaketa honek, tradizioak ulertzeko eta interpretatzeko ikuspegi dinamikoa gailendu dela adierazten digulako.
Eskopetariak Kale Nagusian
1973. urtean eskopetarien tradizioa berreskuratu eta urte gutxitara sortu zen emakumeez osaturiko eskopetarien konpainia. Handik aurrera emakumeen parte hartzea gero eta handiagoa izan da. (gehiago…)
Katalunia independentea eta hizkuntzen lege-estatusa: debate baten kronika
2013-06-19 // Nazioartea, Soziolinguistika // Iruzkinik ez
Joan den larunbatean, “Les llengües en el nou Estat” (Hizkuntzak estatu berrian) gaiaren inguruko mahai-ingurua antolatu zuten CALek (Coordinadora d’Associacions per la Llengua Catalana), Tallers per la Llenguak eta katalanaren aldeko beste erakunde batzuek Sabadellen. Euskal Herrian ere ezagunak diren lau aditu izan ziren bertan: Carme Junyent, Jordi Solé i Camardons, Albert Pla Nualart eta Xavier Vila. Eztabaidarako galdera hauek proposatu zizkieten: Zein izan behar du katalanaren eta beste hizkuntzen lege-estatusak Katalunia independentean? Estatu propioak lagunduko al du katalana normalizatzen? Zer nolako ondorioak izan ditzake Kataluniaren independentziak, beste herrialde katalanetan?
David Vila antolatzaileak, honela laburbildu du han esandakoa: “Adostasun zabala agertu zen aitortzerakoan katalanaren eta espainolaren koofizialtasunak ez lukeela ahalbidetuko katalanaren normalizazio osoa. Baita, hobe litzatekeela katalanarentzat, ‘hizkuntza ofiziala’ ez den beste izendapen alternatiboren bat erabiltzea, hala nola hizkuntza nazionala, berezkoa edo komuna”.
Balizko estatu independentean, katalanak, gaztelaniak eta beste hizkuntzek izan beharko luketen lege-estatusaren inguruko eztabaida puri-purian dago Kataluniako gizartean, eta larunbatekoa, eztabaida horren beste agerpide bat izan zen. Vilak berak bere blogean dioen bezala, paradoxa bat ari da gertatzen: identitate katalanaren eta katalan hizkuntzaren defentsa egon da beti abertzaletasunaren eta independentismoaren oinarrian; baina une honetan batzuentzat, hizkuntza, independentzia lortzeko behar den gehiengora iristeko oztopo bihur daiteke. Batzuen ustez, katalana hizkuntza ofizial bakarra izango dela esateak, erdaldunen botoa uxa dezake; besteen ustez, aldiz, bi hizkuntzak ofizial bihurtzeak hizkuntza normalizazoa oztopa dezake. Eta tartean, iritzi asko. (gehiago…)
Euskara Twitterren UMAPen datuen argitan
2013-06-07 // Hedabideak, Soziolinguistika // 3 iruzkin
Jaso berria dugu UMAPek euskal tuiterlaritzaren inguruan bidali digun azken txostena. Bertan, maiatzeko datuak biltzen dira, labur eta argi. Lehen begiratuan, datuei erreparatu diet, baina iruditzen zait, datuok eskuartean izateak berak merezi duela hausnarketa.
Hizkuntza gaietan adituak diren guztiek aitortzen dute, hizkuntza bat XXII. mendera iritsiko bada, nahi eta nahi ez, babes ofiziala beharko duela, transmisioa familietan eta irakaskuntzan bermatu, eta presentzia normalizatua izan beharko duela komunikabideetan, teknologia berrietan eta Interneten.
UMAPen datuak eskutan, artikulu honetan, Twitterri helduko diogu, sare sozialetan berrienetako bat, eta gure inguruan gero eta garrantzi handiagoa hartzen ari dena. Eta hasteko esan dezagun Twitter 35 hizkuntzatan erabil daitekeela. Munduan dauden 7.000 hizkuntzetatik 35etan, eta 35 horietako bat euskara da! Twitter ez dago islandieraz edo bulgarieraz, ez dago galesez edo lituanieraz. Are gutxiago, korsikeraz edo kitxueraz. Baina euskaraz badago. Internauta aktibo batzuek berau euskaratzea planteatu eta auzolanean egin zutelako “#twittereuskaraz” kanpainaren bidez. (gehiago…)
Mihiluzeren ondarea (3): Tribuaren Berbak
2013-06-02 // Hedabideak, Soziolinguistika // Iruzkinik ez
Proba honen oinarrian, euskarazko Argotari buruzko hausnarketa bat dago, Asisko Urmenetak Mendebalde Alkartearen VII. Jardunaldietan “Kolokiala = koloniala(?)” esaldian laburtu zuena.
Zazpiak Batmanen hitzaldietan argot pieza ugari bildu genuen han-hemenka: biraoak, sexuari buruzko hitzak, parranda-giroko metaforak… Gehienak oso lokalak edo giro jakinetan sortuak ziren. Bestalde, Asiskok kaleratu berria zuen Mantxut lokuzio-bilduma. Eta hauxe zen gure kezka: nola ezagutarazi eta zabaldu argot hori? Helburu horrekin jaio zen “Tribuaren berbak” proba. Eta jolasteko metodoa definitzean, funtsezko ekarpena egin zuten Jon Garañok eta Jose Mari Salinasek.
Lehen denboraldian Mihiluze ostiral gauetan emititzen zen eta edukiek gehiago zuten “Sexua, droga eta Rock&roll”etik. Era honetako berba asko erabili genuen:
(gehiago…)
Mihiluzeren ondarea (2): Zazpikiak
2013-05-28 // Hedabideak, Umorea // Iruzkinik ez
”Zazpiak Batman”ekook (Asisko Urmenetak, Antton Olariagak eta hirurok) ”Euskararekin dibertitzeko manerak” hitzaldia prestatu genuenean, ataltxo bat eskaini genien itzulpen xelebreei. Denok ezagutzen genituen klasiko batzuetatik abiatu ginen: ”Autobusak bihar eta berandu” (Mañana y tarde), ”Tren azpikogonak” (Combinaciones de trenes), ”Lekatxozko izozkia” (Helado de vainilla) edo ”Bigarren landarea” (segunda planta). Ezagun hauei, han-hemenka jasoak genituen beste batzuk erantsi genizkien. Atal haren arrakasta sekulakoa izan zen eta hurrrengo hitzaldietan ez zen itzulpen xelebrerik falta izan.
Mihiluzeren lehen proiektuan atal berezia osatu zuten itzulpen hauek. Ordurako”perlak” biltzen hasiak ginen eta jasota mordoxka genuen. Eta oso itzulpen urduri eta bihurriak zirenez, eta lehen denboraldian zazpinaka erakusten genituenez, ”Zazpikiak” izena jarri genien.
Sekula ez genuen pentsatuko, ordea, ikusleek hainbeste bidaliko zizkigutenik, ez halako ”maila” izango zutenik! Ez da zazpikirik jaso ez dugun egunik egon. Milaka jaso ditugu eta horietatik barregarrienak, sinestezinenak edo ”gag” baterako aukera eskaini digutenak erakutsi ditugu. Munduan zehar euskararen antza zuten edo euskaraz idatzi zeuden kartelak ere iritsi zaizkigu.
(gehiago…)
“Zer daukat?” eta beste 4 txiste
2013-05-27 // Txisteak, Umorea // Iruzkinik ez
ZER DAUKAT?
Gaixoa medikuaren kontsultara sartu da:
Eta medikuak:
(ARGIAren 2369. alean argitaratua)
APARKATU EZINIK
Baxenabarreko herri hartan ezaguna zen apezak Irulegiko mama goxoarekiko zuen zaletasuna.
Behin Baionara joan behar izan zuen bilera batera. Baina bezperako afariko zurruten eraginez loak hartu eta esnatu zenerako 10ak. Eta bilera 11etan! Ziztu batean prestatu zen, baina estu eta larri zihoan bidean, bai baitzekien berandu iritsiko zela! (gehiago…)