Hasiera »
Kike Amonarrizen bloga - Algara, edo ez gara
Kike Amonarriz
Blog honetan, nire bizitzaren ardatz nagusiak diren soziolinguistikaz, umoreaz eta hedabideez jardun nahi dut. Eta gai horiek eta nire eguneroko jardunak ekar ditzaketen bestelako kontuez.
Azken bidalketak
Iruzkin berriak
- Kike Amonarriz: “Euskararen normalizazioan aukera historiko baten aurrean gaude eta ezin dugu alferrik galtzen utzi”(e)k “Bai Euskarari” Sarien banaketan irakurritako testua bidalketan
- Egonean egoteak balio ez duenean(e)k ’Ras yr Iaith’! Galeseraren aldeko lehen Korrika atzeratu egin da bidalketan
- Adriano(e)k ’Ras yr Iaith’! Galeseraren aldeko lehen Korrika atzeratu egin da bidalketan
- patxi lurra(e)k Atsegin ditudan 10 abesti katalan “Diada” egunerako bidalketan
- Kike(e)k Gerra hotsak komikietan bidalketan
Iparraldeko euskararen erabileraz, erabileraren neurketaren argitan
2013-02-22 // Soziolinguistika // 2 iruzkin
Kaleratu berria da BAT Soziolinguistika aldizkariaren 84. alea. Gaia, 2011ko hizkuntzen kale-erabileraren neurketaren emaitzak. Iparraldeari dagokionez, emaitzek, euskararen berreskurapenaren aldeko norabide aldaketa baten hastapena irudikatzen dute.
Euskararen erabilera lurraldeka. BAT – 84. zkia.
Lehen datua: Euskal Herrian, kalean, euskararen erabilera %13,3koa da. Honek esan nahi du, une honetan Euskal Herrian gertatzen ari diren elkarrizketa guztiak entzungo bagenitu, %13 euskaraz izango liratekeela; erdaraz (gaztelaniaz edo frantsesez) %83 eta beste hizkuntzaren batean %4. Euskararen erabilera %13 eta 14 artean dabil azken hamar urteetan. Ez atzera eta ez aurrera. Eta emeki-emeki emendatzen ari dena hizkuntza arrotzen erabilera da, etorkinen presentzia gero eta handiagoaren eraginez.
Ipar Euskal Herrian, euskararen erabilera %6,2koa da. Duela 5 urte jasotako %6a baino pittin bat hobea. Lehen datu positiboa beraz: aurreko urteetako beheranzko joera geratu egin da. Ez da gutti! Eta bide batez esango dugu Iparraldean euskara gehiago erabiltzen dela Nafarroan edo Araban baino (%5,7 eta %4, hurrenez hurren). (gehiago…)
“Nafar euskaldun gazteen ahozko diskurtsoa” liburuaz: Gazteen euskara, gero eta eklektikoagoa da!
2013-02-18 // Hezkuntza, Soziolinguistika // Iruzkinik ez
Orreaga Ibarra, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren irakasleak, 15-27 urte bitarteko Iruñerriko gazte euskaldunen ahozko hizkera aztertzen du liburu honetan. Sarreran dioenez, araurik gabeko euskara nolakoa den jakin nahi du; lagunartean gaudela nola hitz egiten dugun, alegia.
Azterketaren abiapuntuan baieztapen bat dago: euskararen egoera nabarmen hobetu bada ere, hainbat ahultasun ere nabarmenak dira: jakintza eta erabileraren arteko aldea, euskararen egoera funtzional erabat desorekatua edo gazte askok dituzten adierazgarritasun-arazoak. Erregistro landu eta formaletan aurrera egin dugun arren, maila informaleko adierazpen-moduetan atzera egin dugu.
Egilearen ustez, gazte-hizkerak hizkera estandarretik bereizi nahi du, 3 aldaeren aurka eginez: eskola-araua, estilo jasoa eta helduen kultura. Oro har, lagunarteko hizkuntzaren inguruan hitz egitean honako ezaugarri nagusi hauek aipatu ohi dira: erregistro bat da eta ez da gizarte klase jakin baten kontua; ez da uniformea, eta ahozkoa izateaz gain, testu idatzian islatu daiteke. Solaskideen arteko berdintasun erlazioa markatzen du, hurbiltasuna eta gazteen nortasun-ikurra bihurtzen da. (gehiago…)
Tradizio berriak Tolosako Inauterietan
2013-02-08 // Kultura, Umorea // Iruzkin bat
Ostegun Gizena
Sobrekamak balkoitan
Noiz hasi ziren gazteak urratutako galtza bakeroak edo buzoak janzten Ostegun Gizenean? Duela hamarkada gutxi batzuk arte denok txilabak janzten genituen! Noiz bota zen lehen txupinazoa udaletxetik? Patxi Zaharraren garaietan ez zen horrelakorik. Noiz askatu ziren lehen idiskoak zezen plazan Ostiral Mehe egunez? Guretzat egun hori eskola egun arrunta zen. Noiztik hasi zen jendea koloretako oihalez apaintzen balkoiak? Galdetu Joxeramon Garikanori! Berak abiarazi zuen tradizio hori duela 30 bat urte, Letxu kaleko balkoi guztiak oihal koloretsuz apaindu zituenean, Galtzaundi abestiaren “Jota nabarra juaz Enpero kalian, sobrekamak balkoitan naramatenian” letrari jarraiki.
Aipatu ditugun ekintza horiek guztiak tradizio bihurtu dira jada. Ez esan gure seme-alabei horiek inauterietako “ohiko” ekitaldiak ez direnik! Horrela ezagutu baitute beti.
Inauterien gauzarik ederrenetako bat horixe da: belaunaldi bakoitzak urtero-urtero eraberritzen eta egokitzen duela aurretik jasotako festa-giroa. Aitortu behar baitizuet “tradizio” hitza entzun orduko, alarma guztiak pizten zaizkidala. Sekulako beldurra diet, tradizioan oinarrituz, garai berrietarako egokitzapenak eta aldaketak arbuiatzen dituztenei. Batzuentzat, tradizioa delako, tradizioaren izenean, komeni zaizkien tradizioak, komeni zaizkien bezala mantentzea. Tradizioak biziko badira, ordea, egokitu egin behar dira. Eta bestela, folklore, edo “sinesmen ukiezin” bihur daitezke.
Alde horretatik, interesgarria eta eskertzekoa da, Tolosako Inauterietan tradizioak nola mantentzen, aldatzen eta galtzen diren ikustea. Eta aitzakiaz baliatuz, hona Inauteriak hobeto ezagutzeko proposamen batzuk: (gehiago…)
Angela Merkelen txakurra (txistea)
2013-02-04 // Txisteak, Umorea // Iruzkinik ez
ARGIAk jakin duenez, Angela Merkel Alemaniako kantzelariak neurri bereziak harrarazi dizkie, gobernukideei, protokoloko arduradunei eta bere inguruko guztiei, Mariano Rajoyrekin gaur Berlingo bere egoitza ofizialean izan duen bilera pribatuaren aurretik.
Heldu zaigun informazioaren arabera, Merkelen txakurraren zaintzaileak, albaitaritza-zentru batera eraman zuen txakurra joan den ostiralean, isatsa moztu ziezaioten.
Bertako albaitari arduradunak, harrituta, hauxe galdetu omen zion:
– Baina zer dela eta moztu nahi diozue isatsa txakur gaixoari?
Eta zaintzaileak erantzun:
– Laster Mariano Rajoy etorriko omen da etxera eta kantzelariak esan digu, ez duela nahi Rajoyk pentsa dezan etxeko inork ongi etorria ematen dionik!
Zinea sustatzeko eredu arrakastatsua Tolosan
2013-01-31 // Kultura, Soziolinguistika, Zinema // Iruzkinik ez
Joan den igande arratsaldeko zazpi eta erdietan Tolosako Leidor zinemara sartzeko ilara egin beharra zegoen. 500 bat lagun sartu ginen “Los miserables” filma ikustera. Bertan geundenontzat ezer berezirik ez, astea joan eta astea etorri Tolosan errepikatzen den irudia baita: ilarak zinemara sartzeko.
Fenomeno honen atzean Tolosako Zine-Forumeko jende zinemazale eta ausarta dugu. Orduan, Tolosan, beste hainbat herritan bezala, filmak ikustera aretoetara inguratzeko joera gainbehera zetorren. Kopuruak alarmagarriak ziren. Ez zen harritzekoa izaten, film onak ikustera joan eta aretoa ia hutsik aurkitzea.
Egoera irauli nahian Zine-Forumekoek sistema berritzaile bat proposatu zioten Leidor Zinemaren jabea den eta berau kudeatzen duen eta programazioa erabakitzen duen Udalari: bono-sistema bat jartzea martxan. Herritarrek 11-13 film ikusteko aukera dute (horietatik 4-5 Zine-Forumekoak), 12-13 € inguruko bonoak erosita. Film bakoitza behin ikus daiteke. Bonoak, ziklo batera mugatzen dira, baina, ez dira pertsonalak. Era honetan, fideltasuna saritu eta ohiturak sortu nahi dira. (gehiago…)
Darwinismoari buruzko txistea 1905ko Eskualdunan + Beste
2013-01-28 // Txisteak, Umorea // Iruzkinik ez
Kepa Altonagak, Kirri-kirri ezizenez sinatutako txiste hau aurkitu zuen Eskualduna astekariaren 1905eko otsailaren 17ko alean, eta guk irakurtzea merezi duen Darwin geurean liburutik hartu diogu.
Liburu honetan, Darwin, Huxley edo Malthusekin batera, Euskal Herriko pertsonaia ezezagun bezain deigarriak ezagutuko ditugu. Besteak beste, testamentuan Barkoxeri Galapagos irletako bat utzi zion Leon Uthurburu, panda hartza deskubritu zuen Armand David ezpeletarra, Baionako Zientzia Elkartea fundatu zuen Folin markesa edo euskararen desagerpena desiragarritzat jotzen zuen Julien Vinson euskalaria. Eta Uruguaiko euskaldunen artean darwinismoak zortu zuen eztabaida ezagutuko dugu. Alde batetik, Domingo Ordoñana Iparragirre antidarwindarra –J.M.Iparragirreren lehengusua-, eta bestetik, Jose Aretxabaleta Darwinen aldekoa.
Amaieran, gerra aurreko eta ondorengo euskaltzaleek darwinismoaren aurrean izan zuten jarrera aztertzen du Altonagak, Larreko, Barandiaran, Orixe edo Amurizaren testuetan oinarrituta. Plazido Muxikaren hiztegian Evolucionismoren euskal ordaina Darbinkeri da, esate baterako. (gehiago…)
Gani Jakupiren La dernière image. Gerraosteko Kosovoz eta gerra-kazetaritzaz
2013-01-25 // Komikiak // 2 iruzkin
Jatorriz Kosovotarra den eta Bartzelonan bizi den Gani Jakupi kazetaria da, eta argazkilaria. Baina ilustratzailea ere bada, eta marrazkilaria eta argazkilaria. Eta esperientzia eta jakituria horiek guztiak biltzen ditu liburu honetan. Komikia esan behar nuen, baina ez da komiki hutsa.
Liburuak 2 zati ditu. Gerraosteko Kosovori buruzko erreportaia egin behar duen Jakupiri berari buruzko nobela grafikoa, batetik. Eta gerra-kazetaritzari buruzko hausnarketa-erreportaia, bestetik.
Lehen binetatik, egoeraren lazgarria eta itogarria nabarituko dugu, egileak, kolore arre hori-marroixkak bakarrik baitarabiltza. Orrietan barneratu ahala, koloreen konbinaketa mugatu honek erre egingo du giroa, kirastu egingo ditu marrazkiak eta gorrotoz kutsatu marrazkietako Kosovoko airea. (gehiago…)
2012ko Calvet Barometroa: euskara da munduko 51. hizkuntza
2013-01-21 // Soziolinguistika // 6 iruzkin
Kaleratu berri dira Calvet Barometroaren 2012ko datuak. Munduko hizkuntzen bizi-indarra edo “pisua” neurtzen dituen barometro honetan, inoiz baino hizkuntza gehiago sailkatu ziren iaz. Azken neurketa honetan, Alain Calvet eta Louis-Jean Calvet soziolinguistek Ethnologueren arabera 500.000 hiztun baino gehiago dituzten munduko 563 hizkuntzak neurtu eta sailkatu dituzte, 2010ean 137 neurtu zituzten bitartean. Hiztun kopuruaz gain, hizkuntza baten bizi-indarra edo “pisua” neurtzeko garrantzitsuak diren beste 10 faktore aintzat harturik, munduan “pisu” gehien duen hizkuntza ingelesa da, bigarrena gaztelania eta hirugarrena frantsesa. Sailkapen honetan mandarinera 10. lekuan geratu da. Euskara, berriz, munduko 51. hizkuntza da. (gehiago…)
Katu elebiduna
2013-01-14 // Sailkatugabeak, Txisteak, Umorea // Iruzkinik ez
(ARGIAren 2.352 zenbakian argitaratutako txistea)
Cadizeko katu batek Almeriara joan nahi zuen, baina nahastuta okerreko itsasontzian sartu eta Bartzelonako kaian lehorreratu zen.
Montjuïc inguruan zebilela xagu bat ikusi eta abaila batean abiatu zen bere atzetik korrika jateko asmoz… Baina, xaguak zulotxo batean ezkutatzea lortu zuen. Hamar bat minutu isilik pasa ondoren, katua zaunka hasi zen:
– Zaun, zaun, zaun!!!!!…
Zulotxoan zegoen xaguak zaunka hotsa entzuterakoan, zakurren bat azaldu zela pentsatu zuen eta katuak ihes egingo zuela zakurra inguruan sumatu orduko. Orduan, zulotik lasai-lasai atera eta…. Ri-rau!… katuak jan egin zuen!
Gosea asetu eta gero, katua parkeko zuhaitz baten gerizpean etzan zen, honako pentsamendu hau buruan:
– Kiyo!… Bada, egia da etxean esan zidatena! Katalunian, elebiduna ez bazara goseak hil zaitezke!
Biziraupena da arrastoa
2013-01-10 // Soziolinguistika // 2 iruzkin
Jean Haritschelhar
Joan den larunbatean Argia astekariaren urteko azken alea irakurtzen ari nintzela, atentzioa eman zidan Sustrai Colinak Jean Haritschelharri egindako elkarrizketak. Ofizialtasunaren inguruan galdetuta hauxe erantzun zuen:
Hitz horiek bat egiten zuten hein handi batean, Abenduaren 19an Arrasaten emandako hitzaldian azaldu nuen ideia nagusietako batekin. Bi hizkuntzalari handiren aipuak erabiliz azaldu nuen: