Hasiera »
Iñaki Bastarrikaren bloga - Lazzaretto vecchio
Iñaki Bastarrikaren bloga
Liburuak maite ditut, eta irakurri ahala azpimarratzen ditut eta haiei buruzko iruzkinak egiten. Batzuetan nobedadeak dira, baina beste askotan, liburu lehenagokoak edo erdi ahaztuak. Beste alde batetik kontu zaharrak egunetik egunera gehiago zaizkit atsegin.
Azken bidalketak
- Paradisuaren kanpoko aldeak, Lanbroa, Behinola 2024-04-26
- Umeekin egiteko ibilbideak 2024-04-20
- Artem Ivantsov: bi Iberiak elkartu nahirik 2024-04-14
- Tracce della lingua basca in Sardegna 2024-03-24
- Yehuda Ha-levi tuterar idazlea 2024-03-19
- Arteterapia (I) 2024-03-13
- Jorge Gimenez Bech itzultzailea [1956-2023] 2024-03-06
- Bichta éder 2024-02-27
- Kouroumaren eguzkiak 2024-02-20
- Babilonia 2024-02-09
Iruzkin berriak
- Ane Maiora(e)k Lola Viteri margolaria eta gaurko umeak bidalketan
- Izena *isabel(e)k Isabel Azkarateren kamera magikoa bidalketan
- ROBERTO(e)k Wyoming Handia: “Rupturista nintzen eta hala jarraitzen dut” bidalketan
- Roberto Moso(e)k Ihardukimenduaren teoria chit hordigarria bidalketan
- Juan(e)k Berriz Irigoien bidalketan
Artxiboak
- 2024(e)ko apirila (3)
- 2024(e)ko martxoa (4)
- 2024(e)ko otsaila (4)
- 2024(e)ko urtarrila (4)
- 2023(e)ko abendua (2)
- 2023(e)ko azaroa (2)
- 2023(e)ko urria (5)
- 2023(e)ko iraila (2)
- 2023(e)ko abuztua (1)
- 2023(e)ko uztaila (2)
- 2023(e)ko ekaina (1)
- 2023(e)ko maiatza (1)
- 2023(e)ko otsaila (2)
- 2023(e)ko urtarrila (4)
- 2022(e)ko abendua (4)
- 2022(e)ko azaroa (4)
- 2022(e)ko urria (5)
- 2022(e)ko iraila (5)
- 2022(e)ko abuztua (4)
- 2022(e)ko uztaila (3)
- 2022(e)ko ekaina (4)
- 2022(e)ko maiatza (5)
- 2022(e)ko apirila (4)
- 2022(e)ko martxoa (4)
- 2022(e)ko otsaila (4)
- 2022(e)ko urtarrila (5)
- 2021(e)ko abendua (4)
- 2021(e)ko azaroa (4)
- 2021(e)ko urria (5)
- 2021(e)ko iraila (4)
- 2021(e)ko abuztua (4)
- 2021(e)ko uztaila (4)
- 2021(e)ko ekaina (4)
- 2021(e)ko maiatza (5)
- 2021(e)ko apirila (5)
- 2021(e)ko martxoa (4)
- 2021(e)ko otsaila (5)
- 2021(e)ko urtarrila (5)
- 2020(e)ko abendua (6)
- 2020(e)ko azaroa (7)
- 2020(e)ko urria (7)
- 2020(e)ko iraila (8)
- 2020(e)ko abuztua (6)
- 2020(e)ko uztaila (15)
- 2020(e)ko ekaina (9)
- 2020(e)ko maiatza (9)
- 2020(e)ko apirila (11)
- 2020(e)ko martxoa (14)
Mintegiko lurra
2020-08-12 // Sailkatu gabea // Iruzkinik ez
Mintegiko lurra
“Bi urte nituela jaio zen neba, eta orduan hasi nintzen nozitzen zein diferentea zen aitarentzat alaba bat edo seme bat edukitzea. Uste dut nabaritu nuela hiru urte egin baino lehenago, gezurra ematen duen arren. Venezuelan bizi ginen, eta erreka bat zeharkatzerakoan, cayuco ziztrin batean, iraultzeko puntuan egon ginen, eta familia osoa itotzeko zorian. Aitaren ardura bakarra semea salbatzea izan zen. Ez alaba, ez emaztea. Semea. Eta hori konstante bat izan da bizitza osoan. Neba horren ostean hiru alaba jaio zitzaizkion aitari. Alabekin ez zuen interes handirik adierazi seigarren umea jaio zen arte, semea berriz ere. Artean 11 urte nituen. Gazte ikasi nuen gizonezkoa izatea zela benetan inportantea. Emakumea izatea ez zen negozio ona, inguruan nituen emakume guztiak gutxietsita baitzeuden, anulatuta. Neskatoa nintzela, pentsatzen nuen inoiz ez nuela emakumea izan nahi. Nerabezaroan saiatzen nintzen bularra disimulatzen arropa zabala erosten, gehienetan gizonezkoen dendetan, eta feminitate zantzu guztiak ezabatzen nituen”.
Laura Mintegik Eider Rodriguezen galderei erantzunez (Lisipe).
Nobela honetan Laura Mintegik ez du emakumeei buruz idatzi, baina ahots emeaz mintzatzen da, eme baten azalean zehar diharduelarik. Ez du, izan, euskal presoei buruz jardun, baina beroien ausentziak nabariago egiten du une oro duten presentzia protagonistarengan. Jesus batean irakurtzen den nobela honetan gordin-gordinean azalarazten da herri honen egoerak gutariko bakoitzarengan sor dezakeen maitasun-gorroto sentimendu lakarra.
Laura Mintegi Lakarra
1955 Lizarra (Nafarroa, Euskal Herria)
Lizarran jaio zen 1955eko urriaren 26an, baina Venezuelan bi urte eman ondoren, familia Bilbora joan eta bertan bizi izan zen 1973 arte. Ordutik aurrera, Algortan bizi da. Euskara Bilbon ikasi zuen 17 urte zituela. Deustuko Unibertsitatean Historia lizentziatura egin zuen 1978 urtean, eta Psikologia doktoretza 1999an burutu zuen Euskal Herriko Unibertsitatean. Ilusioaren ordaina izenburupeko narrazio laburrak argitaratu zituen 1983an, eta ordudanik Bai baina ez (1986), Legez kanpo (1991), Nerea eta biok (Txalaparta, 1994) eta Sisifo maite minez (Txalaparta, 2001) eleberriak plazaratu ditu. Egun Euskal PEN Klubeko lehendakaria da.
Denok maitemindu gara noizbait. Eta badakigu maitasunak erotu egiten gaituela. Maitemintzeak muturreko egoeretara eramaten gaitu. Heroizidaderik handiena eta miserablekeria lardazgarriena egin dezakegu maiteminaren aitzakiaz. Bata zein bestea. Edo bata eta bestea, elkarren segidan, sekuentzia berean. Maitemina, pasioa, desira, gabezia, antsia, hutsunea, itxaropena, etsipena. Banaka hartuta arriskutsuak diren sentimenduak dira, baina lehergarriak izan daitezke denak batera agertzean. Ederki daki hori guztia Anek, Mikel ezagutu zuenetik buelta eman baitio bizitzari. Familia utzi, alde egin eta urte batzuen ostean berriz itzuli da etxera. Eta itzuleran kokatu gaitu Laura Mintegik, Aneren ingurukoekin heriotzaren, misterioaren, psikoanalisiaren eta maitasun suharraren bideetan ibilaraziz.
Joxek proposamena luzatu dio elkarrekin bizitzeko, eta galderak irauli egin dio bizimodua Begori. Galdera berandu heldu da, jakina, eta deslai utzi du gainera. Lehenago galdetu behar izan zion, hainbat urte lehenago, eta ez zuen egin. Tartean bizipen gehiegi jazo dira, bizipenak eta politika, politika beti, nonahi, bazter guztietan. Politikan jardun zuten gauzak alda zitzaketelakoan, eta eurak aldatu zituen jardunak. Politikak giza harreman berriak sortu ditu, sortu eta hautsi, berbiztu eta pitzatu, irazeki eta itzali. Gabetsi egiten dute gauzak sinpleagoak ziren garaia. Zeren ezer ez baitago politikatik urrun, eta denak du zerikusia denarekin, gizon edo emakume izatearekin.
LISIPE idazleen gorputzak
Eider Rodriguezek idatzitako liburu honetan Laura Mintegiri buruzko kapitulu bat dator.
Idazleen gorputzak
Eider Rodriguez, 2019
Eider Rodriguez idazleak, literaturaren inguruko hausnarketa eta kritika ez ezik, emakumeek literaturan duten tokiaren inguruko datuak eta emakume idazleen ahotsak dakartza.
Ez da harritzekoa emakumeek literaturan izan duten parte hartzeak beste eremuetan duten parte hartzearekin duen antzekotasuna. Patriarkala den gizarte orotan bezala, literaturatik ere kanporatu dituzte emakumeak. Eta bertan sartu nahi izan dutenean, posizionamendu ezberdinak hartu izan dituzte. Denetariko estrategiak erabili izan dituzte debekatutako eremuak arakatzeko eta eraldatzeko, eta estrategia horiek guztiek emakumeen genealogia osatzen dute, ez bakarrik literaturarekin erlazioan, baizik eta gorputza eta, beraz, bizitza bizitzeko, imajinatzeko, irakurtzeko eta idazteko momentuan ere.
Bortz idazle hauei buruz idazten du:
Arantxa Urretabizkaia Bejarano
Laura Mintegi Lakarra
Miren Agur Meabe Plaza
Karmele Jaio Eiguren
Uxue Alberdi Estibaritz
Liburuaren sarreran Eider Rodriguezek honela dio:
BOST IDAZLE GORPUTZ
Arantxa Urretabizkaia Bejarano (1947an jaioa), Laura Mintegi Lakarra (1955an), Miren Agur Meabe Plaza (1962an), Karmele Jaio Eiguren (1970ean) eta Uxue Alberdi Estibaritz (1984an) dira elkarrizketatu ditudan idazleak. 2018ko maiatza eta uztaila bitartean aurrez aurre egindako elkarrizketetan galdetu nien testuinguruaz, sorkuntzaz, sorkuntzaren sozializazioaz eta gorputzaz, eta elementu hauen arteko uztarduraz.
Elkarrizketatzekoak aukeratzeko orduan honakoak izan nituen kontuan: garai ezberdinetan sortuak izateaz gain, haien lehenengo liburua garai ezberdinetan plazaratu izana; denboran banaturiko hiru liburutik gora argitaratu izana; eta ama izatea.
[…] Laura Mintegi-ri buruzko ataletik
Idazterakoan ez du gorputza idazketa prozesuan presente dagoenik sentitzen. Nerea eta biok nobela idazteari ekin zionean ez zuen haurrik, eta amaitutakoan bi seme-alabaren ama zen. Tarte horretan izandako aldaketa fisikoak, psikologikoak eta afektiboak gorabehera, bere ustea da idazle batek diziplina handiz idatzi behar duela, eta irakurleak ez duela nabaritu behar katarroa eduki duen, ama izan den edo bikotekidearekin eten duen. Aldiz, liburu guztiek aldatu dute bera, eta indartuta atera izan da “jarduera mingarri” gisa deskribatzen duen prozesutik:
Oso zintzoa naiz neure buruarekin, gupidagabea. Eta liburu batek ezin zaitu utzi osorik, zauririk gabe. Ezin duzu atera nobela batetik sartu zinen moduan. Beste pertsona bat zara nobela amaitutakoan. Nobela guztiekin gertatu zait hori.
“Ezinegona” aipatzen du idazketarako motor, eta egun, inoiz baino denbora gehiago duenean, trauma gisa definitzen du ezin idazteak sortzen diona:
Nire nobela guztiak sortu dira arrakala batetik, sortu dira ezinegonetik, eta orain ere badut ezinegona, baina azken urteotan ukatu nahi izan diot nire buruari honen jatorria. Horrek blokeatu nau. Beste zerbaiti buruz idazten saiatu naiz, alferrik. Saio hutsak izan dira, baliorik gabekoak. Sakoneko arazoari heldu artean, ez dut askatuko korapiloa eta ez dut idaztea lortuko alderik alde zeharkatzen nauen nobela. Arazoak hartuta nauka, eta horretaz idatzi arte ez dut askatuko korapiloa.
Eta ezin idazteak, gainera, frustrazioa sortzen dio, ezinegonari gehitzen zaion arazoa. Bestea, kilo batzuk gainetik ezin kentzeak eragiten dion ondoeza da. 2006tik hamabi urte joan dira deus argitaratu gabe, eta nobela berriak hainbat aldiz hasi baditu ere, saio guztiak hutsaltzat jo eta zakarrontzira bota ditu:
Dena den, arazoak erlatibizatu behar dira. Gaur egungo munduan ezin da problematzat jo nobela idazteko korapilatuta egotea eta nahi baino pisu handiagoa edukitzea. Hori baldin bada problema nagusia, problema gutxi duzun seinale. Hala ere, idazle batentzat, idatzi ezin izatea arazo bihur daiteke, bai. Idazteko beharra dut. Esan nahi dut, niretzat idaztea ez dela denbora-pasa, bizitzeko arnasa da, eta idatzi ezean hilda bainengoen sentitzen naiz.
Mintegia beti mintegi.
Ea ba nobela hori ikusten dugun. Bitartean saiakera ere idatz lezake, ziur gaude hamaika gai izanen dituela jorratuak honez gero. Mintegiko lurra emankor bedi.
Hurren arte, aio!
Ovidiusen Maita-Bidea irakurtzeko mugona
2020-08-12 // bAst // Iruzkinik ez
Ovidiusen Maita-Bidea irakurtzeko mugona
mugona: momentu aproposa
INTRO
Honekin guztiarekin esan nahi dudana zera da, urteen poderioz benetako harremanak zer diren ohartu naizela, zaintza harremanean oinarrituak eta guk geuk aukeratu ditugun horiek, alegia. Errespetuan eta elkarrenganako ulermenean oinarritzen direnak, bizitzak eta zaintza erdigunean kokatu eta enpatia abiapuntu bezala hartzen dutenak, nahiz eta beste pertsona batekin harreman bat izan elkarrekiko sortutako harremana zalantzan jartzen ez dutenak, hau da, konfiantzaz janzten direnak, eta batez ere, elkarrekiko sortako hori maitasunetik zaintzen direnak, barnetik, barnera eraginez.
Harremanak
Maddi Imaz (argia blogak)
Ovidiusen Maita-Bidea, Andima Ibiñagabeitiak euskaratua
(Aintzane Arrietaren edizioa)
Sarrera (itzultzaileak berak)
Ovidius-ek Ars Amatoria deitu zion liburu oni, geroago, pixka bat aldatuxe, Ars Amandi baderitza ere. “Ars” itzarekin edozein ikasbide edo eginbide izenta oi da lateraz. Gizon yakintsu batek dionetik “itz onekin teknika-ikasbide oro izenta oi zan, ala nola gramatika, rhetorika eta abar. Izpiritu-arrai bear zukean liburu onen egileak aipatu yakintza elkor eta arautuetatik araugabe ta ixurkor dan gai ontara itz ori aldatzeko”. (Cartault, La Poesie Latine Bornecque-k aipatua). Orati-k ere, olerkarien ikasbiderako idatzi zuen liburuari Ars Poetica deitu zion. Beaz, argi dago “ars” euskerazko bide baizik ez dala. Ikas-bide, ikasteko bidea bezalatsu, maita-bide, maitatzeko bidea duzute. Orregatik Ars Amandi Maita-bidea itzuli dugu. Ez dugu itz egokiagorik arkitu olerkariaren gogo-giroa euskeraz yazteko, ezta labur eta muintsuagorik ere.
Maita-bidea iru liburutan bakandua datorkigu. Lenbiziko liburuan maita-gaia non ta nola billa irakasten digu; bigarrenean, atzeman maitasunari nola eutsi, luzaro iraun dezan. Aitatu bi liburuetan gizonekin du solas. Irugarrenean emakumeentzat aolkuak dakazki gizonekin nola yardun ikas dezaten.
Ovidio poeta
(liburaren barne hegala)
Ave, Venusen ikasle izatea hautatu duzun horri !
Ovidio, Venus andere maitagarrienaren akolito leiala, izanen duzu maitasun amultsuenaren irakasle eta Maita-bidea hemendik aurrera mesanotxean eduki beharreko libururik preziatuena. Hiru zatitan banatuta datorkizu ikasgaia : lehenengo liburu bietan gizasemeei zuzentzen zaie maitea, atzeman, eta, nekezago dena, zelan alboan eutsi irakatsiz.
Hirugarrenean, ordea, emakumeoi, gizonezkoei nola jardun aholku eman nahian.
42 urte egon da Maita-bidea, garaiko izpiritu hertsien menpe, mutu. Gaur arte, zuk Venus Jainkosa atzipelariaren ezkutukoak barna abiatzera zoazen horrek, ireki duzun arte: irakurri, ikasi eta maitatu.
Orain arte non maita-gaia billa, non xedebak eda irakatsi dik Thalie-k gurpil ezberdiñetan ibilki. Orain aldiz, laket izan zaikana ireganatzeko atzipe-bideak erakutsiko dizkiat; orra nire MAITA-BIDEAREN eginkizunik garaiena. Non-naiko zaitezteken gizonak, entzun-bera ta adi nire esanetara zagozkidate; erri guztiak ere begira bezait ene aginduen urgaizgarri.
Antonio Otazzo (Un sueño de amor). Goian bego egilea.
Beaz, ez uste larregirik edertasunean ezarri. Nornai zerala, soña baino garaiagorik badala yakin ezazu.
Biotz-bera izatea baino oberik ez gogoak irabazteko. Zakarkeriak gorroto eta gudu ankerrak eraikitzen ditu. Gorroto dugu zapelatza beti ere guduka ari dalako, baita ere artalde ikaratietara oldartzen dan otsoa. Gizonak, orratio, ez dio enarari lakiorik yartzen otzana dalako; kaoni-ko txoriari (usoa) ere bakean uzten dio nai luken dorrean kokatzen. beude urruti liskar ta mingain zorrotzak! Itz goxoak, orra maitasun xamurraren yakia. Liskar eta beti ere auzitan yardutzea ezkonduei dagokie. Aserrea andrearen dotea, esan oi da. Nexka-lagunak aldiz, beti ere itz goxoak entzun bitza. Legearen aginduz ez zerate oe batean alkartu: Maitasuna, zuen legea. Limurkeri xamurrak, bearri gozagarri ditezken itzak erabilzkik i agertzerakoan beti ere maitea poztu dedin.
Dantza eta yokoak.- Zertan esan ere ez neskatxak dantzan yakin bear dutenik, orrits ondoan eskatzen bazaie, antzetsuki besoak erabil ditzaten. Eskenan (Antzokian) agertzen diran dantzariak atsegin zaizkigu, aien mugimenduak ain bait dira edertasunez yantziak. Lotsatzen ere naiz kaxkarkeriok aolkatzera. Emakumeak yaurtarriak (dadoak) ezagun bear ditu eta aien balioa yaurti bezin usu kontatzen ere bai. Arduraz, ez zoroki, lapur-guduka ere yoka beza; badakizute: arri bakarra etsai biren aitzinean galtzen da; gudalburua, kidez gabetuta ere guduka diteke, bainan maiz etsaiaren aurrean atzeraka bearturik arkitzen da. Urte lasterrak ilabete bezin beste laukiz eratutako yokoa ere bada. Yoko-olean bi aldetarik, iru arrixka sartzen dira: ertzera laisterren eltzen danak irabazten du.
Nola ari luzaro maitatua izateko.- Orra ba; dan dana esango diot etsaiari (emakumeari) –ateak ere iriki dizkiogu- eta fede onez saldukeri alkegarri ontan ariko naiz. Errexegi eman oi danak luzaroko maitasunik ez duke. Yoko goxoak, noiztanka, muxinez naasi bear dira. Bego atalondoan (gizona): “Ate anker” esan beza: arrenka ta zemaka ari bedi. Goxoegirik ezin egari oi izaten dugu; edari minkaitzez yan-gogoa ere xuspertu oi da. Popareko aizeak, sarri, ontziak ondatzen ditu. Orra zergatik legezko emazteak maitatuak ez diran: senarraren naitara beti daudelako. Ate berri bat egin ezak (senar) atezai yarri ezak aots gogorrez esango dikana: “Geldi or!”. Kanpoan utziko auten orri ere laster maitasuna suspertuko zaik.
Liburuak badakar latin-euskera hiztegitxo bat ere, eta euskara-euskara hiztegitxo bat era berean.
Hitz batzuk hautatu ditugu, erakusgarri:
Abetaldu: onartu, babestu.
Antu: harrotu.
Arteziz: artez.
Atzipebera: engaina-erraza.
Buruntzatu: koroatu.
Endaitz: lema, timoia.
Gabats: bagatsa, neskagaldua.
Gurbilki: txukuntasunez.
Irozo: bermatu.
Mintzul lotu: mututu.
Otezko uretan: gutxien uste denean.
Urgaizgarri: lagungarria.
Zildaitu: (euf.) amodioa egin.
Antonio Otazzo (manchado)
Antonio Otazzo (afinidad)
Bortz (bost) liburu Mafaldarentzat
2020-08-08 // bAst // Iruzkinik ez
Beharbada denbora pixka bat hartuko duzu uda honetan irakurtzeko, Mafalda.
Bost liburu gomendatzen dizkizugu. Ea gustuko dituzun!
GALTZAUNDI ta beste bertso asko Ramosen liburu ontako bertsoak lau zatitan jarri ditugu: Lenengoa, T olosa’ko Iñauteriak. Festa oyetan kantatzeko egiñak dira, dudarik gabe, bertso oyek danak. Bigarrena, Kezketan. Ala bait zegon Ramosen gogoa bertso oyek jartzerakoan. lrugarrena, Gure gizonak. Ontan ederki asko ageri da Ramosek Gipuzkoari eta Gipuzkoa-ko gizonai zien maitetasuna. Laugarrena berriz, “Animak bideratzen”. Fedearen gauzetan ere beroa zan Ramosen bihotza. Lenengo iru zatien izenak gerok asmatua dira. Laugarren zatiarena bertso batetik artu degu. Ramos-ek etzun bere denbora guzian libururik argitaratu. Liburu asko osatzeko gaya sakabanatu, orixe bai. Beraz, gaurko au Ramosen lenengo liburua da, ta bere bertsorik famatuenen izenarekin batayatu degu.
Synopsis
«Interes kulturalak dituen elefante talde batek maistra dinamiko eta abenturazale baten beharra du. Etxebizitza oihan afrikar batean. Dieta begetarianoa. Soldata: Ehun tona banana.» Maistra batek, iragarki hori irakurri eta lana eskatzen du. Han, oihanean, ohartuko da elefante guztiak ez direla berdinak: nolako bihotza, halako elefantea. Hor dago koska.
Egizu lo- lotarako ipuinak- liburua eta cd
Egizu lo- lotarako ipuinak- liburua eta cd
Lotarako ipuinak garrantzi handikoak dira umetan, baina baita helduak garenean ere. Ipuin bat irakurri eta lo hartzen dugunean, askotan gurekin eramaten dugu ipuin hori ametsen mundura. Eta ametsen mundua ere gure bizitzaren parte da, ametsak eta errealitatea txanpon baten bi aldeak bezalakoak baitira, batak bestea bizitzen laguntzen digu. Horregatik, idazle batzuekin bildu (J.K. Igerabide, Harkaitz Cano, Miren Agur Meabe, Txiliku, Mitxel Murua, Anjel Lertxundi, Joxan Ormazabali eta Kirmen Uriberekin) eta ametsetara eramateko ipuinak kontatzeko eskatu genien, bere gustuaren arabera. Hala, batek kontatu digu Arabiako ipuin zoragarri bat, edo euskal tradiziokoa; beste batek poesia goxo bat egin digu, amets goxoak izateko, eta beste batek kontatu digu beldurrezko ipuin bat, edo abenturazkoa, ametsak bizitzeko era asko baitaude. Eider Eibar marrazkilariak bere ukitu magikoa eman die kontakizunei, orain goxo, orain bizi, hurrena misteriotsu.
Bilbao-New York-Bilbao
Kirmen Uribe 2008
Loiun abiatu eta JFK aireportura iristen den hegazkin-bidaia bat da, berez, Bilbao-New York-Bilbao eleberri hau. Baina, hegaldiarekin batera, hiru belaunaldiren historia kontatzen zaigu: aitona-amonei dagokien gerraurrekoa, gurasoen sasoiko frankismoarena, eta idazlearena berarena, XIX. mendean hasi eta XXI.eraino doan epopeia txiki baten moduan; batetik besterako lokarri, Aurelio Artetaren koadro bat, eta haren inguruko gorabeherak.
Bihotz handiegia
Eider Rodriguez, 2017
Ez du batere gogorik senar ohia zaintzera joateko, baina alabak hala eskatu dio eta gizonari bizialdi laburra geratzen zaionez, ahalegin txiki bat egin behar luke agian. Liburu honi izenburua ematen dion kontakizun luzeena eta lehendabizikoa da “Bihotz handiegia”, garai baten amaierari buruz diharduena, maitasunaren hondakinez.
Arroztasun sentipena dute Eider Rodriguezen sei ipuinetako pertsonaiek: nolakoa izaten ari da bikote bizitza hau, zein desio ote ditu auzokide perfektuak, nor bihurtu gara sute ikaragarriaren ondoren, ginekologoak erakutsiko al dit nolakoa naizen barrutik, zer espero zuten izango nintzela, norenak dira esku hauek.
Konplexuak eta arruntak dira aldi berean hemengo bizilagunak, jarrera ideologikoaren eta irrika eutsiezinaren arteko lehian dabiltzanak batzuetan, zalantzati edo kontraesanean, baina gorabeherei beti aurre egiten.
propina
Dohai eta finezia handiz, egileak munduko kultura desberdinetako istorio, irudimen, sentipen eta koloreak ekartzen ditu euskararen unibertsora eta, alderantziz, euskal gazteak gonbidatzen munduko zenbait herrialdetara bidaiatxo bat egitera. Elkarren arteko errespetu, begiramen eta miresmenean oinarritutako interkulturalitatean.
Uda on, Mafalda!
Baserritarren ametsik ederrena: itxiturak egitea
2020-08-05 // bAst // Iruzkinik ez
Seguru asko arbuiatuko naute baserritarrek, kaletarra bainaiz, eta ezjakina baserri gaietan. Halere, ene aspaldiko sentipen bati jarraiki idatzi dut honako hau:
Baserria gaizki dago, ezinean. Batzuen ustez hilzorian edo behar gorrian behinik behin.
Laguntza gutxi, eskakizun handiak, zergapetuak, txalotuak, baina izorratuak. Baserria gainbehera doa, gainbehera. Eta gainera bultza egin nahi diogu hondoa jo dezan. Nork izan nahiko du baserritar? Jende gutxik, nik uste. Gauza bat da simaurra kortatik ateratzea eta bertzea simaurra norberak burutik behera botatzea, ongarria izan arren. Oh, baserria, gure arbasoen bizilekua, non artazuriketan ipuinak kontatzen ziren eta sutondoan gaztainak jaten.
Amonaren kafesneak! Apar lodi batekin. Gure amonak txita jaio berriak galtzerdi batean sartzen zituen, omen zituen, eta gero txapixkiñan jartzen, ekonomika alboan, epel-epel egon zitezen. Astoaren zauriak eta seme-alabenak pomada berberarekin sendatzen zituen. Baratzan marrubiak zeuzkan. Guretzat paradisua zen, soilik igandetan joaten ginen eta eguna jolasean pasatzen genuen.
Baserria bizi izan duenak badaki baserrian lan asko eta irabazi gutxi dagoela. Hori bai, aire sanoa, muxu gorriak, patxada pixka bat, eta jeneralean kaleko fabrika batean lan egin beharra.
Eta gero eta gehiago, makineria garestia erosi beharra eta inbertsio latzak egiteko premia.
Hala eta guztiz ere, baserritar huts-hutsak direnak hortxe daude, nola edo hala goiari eusten, dena pikutara bidaltzeko gogoz halere. Hor daude saltoki handiak, letxuga (uraza) bat hiru xentimo pagatzen dutenak eta litro esnea zazpi xentimo. Halaber, boikotak: dela listeria, dela histeria, dela xixare bat agertu dela simaurretan edo txori batek sagar bat mokokatu duela.
Kontua da betikoa izorratzea.
Orain badira kontsumo taldeak eta horrelako gauzak, zerbait da. Gainerakoa propaganda. Propaganda hutsa. Ingurumena zaindu, ura ura da, behiei kolonia bota, landaetxe bikainak kabiarra jateko, modako kortinak leihoetan.
Paisaia zaintzeagatik laguntzarik batere ez. Mendiko bideak, basoak, pinudiak nork garbitu behar ditu? Nork? Tasa bat ordaintzea eskatzen dute eta bidezkoa da.
Beti dirua tarteko, diru santiximoa. Dena da dirua. Diru asko behar da bizitzeko. Argia, ura, kontribuzioa, internet, gasa, egurra, teilatua konpondu, ubideak, zangak, traktorea, kosetxadora, negutegia, udategia, zerritegia. Umeen eskolak, garraioa, zer ez.
Iraunbizi, horixe. Txahala hazteko pentsuak gehiago balio du txahalak harategian baino.
Orduan zer? Ez naiz aditua, ezin dut deus ere erran.
Galdera bat: zein da baserriarekin dugun lotura, baserrian bizi ez garenok? [Ihardukimenduaren teoria aplikatu- ikus ihardukimenduaren teoria chit hordigarria posta blog honetan]
Baserritarra fidakaitza da eta tratuan zaila. Horrek ez dio hari mesederik egiten eta guri ere ez.
Bere sailetan, bere jendearekin, bere erremintekin, bere lanak egiten ditu eta bere mugarriak zaintzen.
Baserriko ogia erosi nuen batean, plazan, baserritarren partean; ogi batzuk eskaini zizkidan. Zein hartu begira nengoela, ogiaren azpialdea erakutsi zidan; bata oso beltza, erreta, eta bestea zuria eta ederki egina. Nik zuria hartu nuen. Ordaindu nion eskatutakoa. Etxera joanda, ogia probatzen hasi ginenean, “ogi hau ez da aste honetakoa”, konjelatuta edukiko zuten. Baserritarra, ez beti, ez beti, baina horrelakoak egin zalea da. Bizimodu erraza ez dauka, ez.
Zer erranik ez, “ez sartu gure térrenotan” maiz entzunak gara, zakur zaunkak aditzearekin batera.
Tratua gehienetan zaila! Zaila!
Aurreko batean lagun baserritar batekin mintzatzen geundelarik, atera nuen nik “itxitura” gaia. Bota nion: Nola gustatzen zaizuen itxiturak egitea, alanbre-hesia hartu eta hesolaz hesola inor ez sartzeko moduko murrua egitea, haizea ere sartuko ez dena. Lagun baserritarrak aitortu zuen “oso maite zutela baserritarrek itxiturak egitea”. Eta erderaz gehitu zuen: Nos pone. Goiko partean arantzadun alanbrea jarrita gainera! Eskertzen da zintzotasuna. Eskertzen da.
Eta itxitura, itxitura, itxitura. Eta non da irekidura?
Harrituta geratu zen, ez zuela hitz hori erabiltzen, irekidura. Ba horixe, itxituraren aurkakoa litzateke, irekidura, baina batik bat buruan. Buruan behar dugu irekidura, asmo berriak hartzeko. Adibide bat.
Izango al luke baserritarrak hamabortz urteko neska edo mutil kaletar bati zaldi bat baserrian edukitzen uzteko adina irekidura? Izango al luke gela bat kaletar gazteak hartzeko, goizean baserria nola itzartzen den ikus dezaten?
Zergatik ez ditugu baliatzen udarak basoak garbitzeko, eta udalerririk langileenak saritzeko?
Ez al daukagu gazteria ezin hobe bat egun guztian ikasten eta gimnasioan? Hemen ere egingo luke gimnasia. Basoa garbitzen duenak kiroldegirako sarrera dohainik behar luke urte guztian. Eta ogia erosteko deskontua. Basorik garbienak dituen udalerriak saristatzen badira, erreferentzia bat izango dute bertze guztiek.
Artzek zioen “erdaldunek ez gaituzte ezagutzen gure hizkuntzan”, eta erran genezake, “baserritarrek ez gaituzte ezagutzen gure hizkuntzan” eta “guk ez ditugu baserritarrak ezagutzen euren hizkuntzan”. Ezin elkar ulertu.
Konponbidea ez da etorriko korporazio handietatik eta enpresa korapilatsuetatik. Konponbidea gertutik etorriko da, nahi bada. Irekiduratik eta ez itxituratik.
Hiztegi batua
itxitura
1 iz. Eremu edo barruti itxia. Hamar bat hektareako itxitura bat.
2 iz. Eremu bat ixten duen hesia. Pinu landarea jartzen digute itxiturarik gabe. Zuhaitza sartu eta gero itxitura egin behar zaio. Plaza irekia baitzen, jira guztian, zezen-plazaren gisan, itxitura bat zuen harriz egina. Zenbat aldiz ez ditugu ikusi artile moltso horiek itxituretatik zintzilik!
3 iz. Ixtea; ixtearen ondorioa. Itxitura lanak eginak dauzkagu.
ITXI ITXI ITXI ITXI ITXI ITXI
IREKI IREKI IREKI IREKI IREKI IREKI
langa
1 iz. Esparru edo bide bateko sarbidea eragozteko zeharka jartzen den haga multzoa, ireki eta itxi egin daitekeena; bereziki, haga horietako bakoitza. Ik. Kereta. Txantxangorri bat hesiko langan. Etxeburuko langa gaindituta.
2 iz. Kirol batzuetan, ateko goiko haga. Pilotak langan jo zuen.
LANGA ITXI ETA IREKI EGIN DAITEKE
Esnesaltzaileak etxera etortzen zirenean, marmitak hartuta, ez genien itxitura bat egiten alanbre-hesiarekin eta zakurrak zaunkaka botatzen.
Gaur posible da internetetik edozer erostea. Zamorako gereziak etxera ekartzen dizkizute, garraioa kobratu gabe. Hango burubidea. Laguntza.
Gure umeak erlategian ez al lirateke gustura ibiliko?
Ardiei ilea mozten?
Aitzurrarekin baratzean?
Nahi ditugu baserritar gazteak, bai ala ez?
Nola lortuko dugu hori, playstation eta streaming bidez?
Simaurrik ukitu gabe? Smartphonarekin?
Ez gaituzte ezagutzen gure hizkuntzan. Ez ditugu ezagutzen haien hizkuntzan.
Ekitaldi kulturalak egiteko areto bat utziko digute baserrian? Oinez joan gaitezke bertara kaletik.
Kilometro 0 hori zer ote da? Ez ote da cm 0? Ez dugula mugitu nahi guretik cm bat ere?
Bertan erosi hori zer ote da? Zergatik erosi behar dut bertan? Eta nahi ez badut? Eta dirurik ez badaukat? Eta baserritarrek niri deus erosten ez badidate?
Ez gaituzte ezagutzen gure hizkuntzan. Ez ditugu ezagutzen haien hizkuntzan.
BASERRI-ETXEAK EZ DIRA TXALETAK
Tim Sandall-en argazkia Title: Mushroom Compost
Description: Adding mushroom compost to garden borders at RHS garden Wisley, Surrey
Baserritar askoren xedea hau da, baserri-etxe zaharra bota eta bertan txaleta egitea. Ez denena, baina bai askorena. Xamar-en Etxea liburua ez ote dute ikusi? Esnatu hirigintza sailak udaletan!
Udaletako aparejadoreek, hirigintza sailean, izan behar lukete EREDU diren baserri-egituren katalogoa. Eta hori bultzatu. Hemengo baserri tradizionalaren egiturari eusteko laguntzak eman behar dira. Zer egingo dugu, Igartu-Beiti baserria bota eta txalet bat egin piszinarekin?
El flamenco es con faltas de ortografía (Rancapinos) y el caserío con moscas y mosquitos.
Smarthphone gutxiago eta aitzur gehiago. Gimnasioa pagatu beharrik ez.
Ez badugu inor etxean hartu nahi, nork hartuko gaitu gu?
Ez gaituzte ezagutzen gure hizkuntzan. Ez ditugu ezagutzen haien hizkuntzan.
Baserri-etxe batzuk oso handiak dira familia bakar batek mantentzeko. Zergatik ez egin hiruzpalau etxebizitza bertan, denon artean etxeari eusteko? Baserriak nahi ditugu, bai ala ez? Bai ala ez? Udalerri guztiek dute baserrien lursailen kartografia eginda? Mugarri-dantza noiz amaituko da? Baserriak nahi ditugu, bai ala ez?
Telepizzak ongi funtzionatzen du. Teleporru edo Telemarrubi ezin da egin? Konfinamenduan Bio etxea bati internetez eskatu genion jakia (barazki, fruta) eta berehala bidali ziguten, oso produktu ona eta modu onean. Biobikain!
Denok jaten ditugun patatak eta porruak LURRAk ematen ditu, ez bertze inork ez ezerk.
John Deere traktoreak mendea bete du
LANGA: Kirol batzuetan, ateko goiko haga. Pilotak langan jo zuen.
IA IA goooollllll
Jagoba Errekondoren lan bikaina.
Ireki langak, arren!!!!!!!!!!!!!!!!!!!!
Baserri bakoitzak bere komunitatea sortzen ez badu kaletarrekin batera, nekez lor daiteke ezer. Gazte batzuek ezin dute “garitoa” izan baserri batean? Musikari batzuen entsegu lekua? Trukean baratzean lagundu? Joder, egin daiteke. Leo Messi-ri buruzko erakusketa bat ezin daiteke eduki baserri batean? Pio Barojari buruzkoa? Mariasun Landari buruzkoa? Ehuleei buruzkoa? Kusaalen egin behar dira kongresu guzti-guzti-guztiak? Granadako Moclín herrian kortijo batean egiten da paper, grabatu eta koadernazio tailerra. Modu onean.
Oh, gure erroak, gure sustraiak, gure arbasoak, txarak eta basoak!
Urtero gure etxean intxaurrak erosten ditugu, hamar kiloko zakua, dexente pagatuta. Noix batzuk dira, frantsesak. Intxaur guztiak sanoak ateratzen dira. Hemengoak ez. Ez ote gara gai hemen intxaurrondoak ongi zaindu eta intxaurrak bertan ateratzeko? Intxaurrondo haundiak baditugu, bai, baina emankorrak? Urtxintxek aquarius edan behar dute gorenera igotzeko.
Lagun baserritar batek erran zidan nola berak sail batean zuhaitzak landatu nahi zituen. Aholku eske Aldundira jo zuen, eta han apenas zegoen informaziorik ez aholkurik, ez gogorik.
Zertan gabiltza? Basoak nahi ditugu ala ez ditugu nahi? Baserritarrak abandonatzen ditugu eta gero kexatzen gara. Perretxikoak nahi ditugu? Basoak?
Mende luzeetan etxea izan da gure gizartearen oinarrizko erakundea, hainbesteraino non etxeak eman baitie izena herritarrei. Etxea, bizitokia izateaz gain, lantegia, hilerria eta erritu tokia ere izan da, laborari munduko bizitzaren ardatz.
Euskal Herriko etxeen arkitekturak ondare gaitza osatzen du baina, harrigarriki, aski ezezaguna da. Etxeak, ugari Kultur Ondare monumentu izendaturik ere, ez daude udalek eta gobernuek ongi nabarmentzen, iragartzen eta sustatzen dituzten ikusgarrien artean: elizak, ermitak, jauregiak, dorretxeak… alta, hauek guztiak baino askoz ondare zabalago eta herritarragoa eratzen dute.
Liburu honetan, etxearen historia azaltzeaz gain, beharrak, klimak, baliabideek eta arte estiloek sorturiko etxe eredu nabarmenenak erakusten dira, Herrian barna ikus daitezkeenak bereizten, ezagutzen eta ulertzen laguntzeko. Bai eta etxe izenen bidez ohartarazteko, bidenabar, eraikinak desberdinak badira ere, dagokien kultura ber-bera dela Zuberoatik Bizkaira eta Lapurditik Nafarroara: Euskararena.
Iritzia eskatu diet batzuei baserriaren gaiaz:
* Institutuan genbiltzala ondoko baserriko erremolatxak ateratzen genituen eta sagarrak lapurtzen, baserritarra korrika etortzen zitzaigun atzetik eskolako ateetaraino. Ez genekien lan hark zer nolako sakrifizioa zuen. (Bealdy B.)
*Aupa!!!!Konfinamendua aspaldi bukatu zen. Ordutik jendearengatik urruntzen nabil. Azken bi hilabeteetan katalunian hiru aldiz izana, frantziako labandak loraturik ikusi ditut eta italiako Stelvio igota nago. Florentziako Duomo inguruan inor gabe paseotxo bat eman nahi baduzu, orain duzu momentua. Baserrietaz zer egin nahi duzu? Kurasana ona izateko gurin dexente behar du.
(Jorge A.) . (Fabrikan etabaserrian lan egiten duen baserritarra)
Pello Joxepe [ פדרו חוזה ]
2020-08-01 // bAst // Iruzkinik ez
Pello Joxepe [ פדרו חוזה ]
Pello Joxepe abestia txit ezaguna dugu gure artean. Pello Joxeperen andreak haurra izan du eta abadearena da haur hori, antza. Errua zeinek eta larrarteak! Kanta herrikoi honen melodiak inspiratu bide zuen Noemi Shemer abeslari israeldarra, YERUSHALAYIM SHEL ZAHAV [Urrezko Jerusalem] abestia egiteko, heriotza-aurrean lagun bati aitortu zionez, nahiz bizi zelarik hori ukatu, Joxepek haurra bezala. Urrezko Jerusalem abestia, Israelgo ereserki ez ofizialtzat jo daiteke, jendartean behinik behin. Denek ezagutzen dute. Gai honen berri Roberto Moso kazetariari irakurri diot “Pello Joxepe judua” artikulu interesgarrian. Berez, 2005ean jakin zen aitorpen horren berri, Israelgo egunkari ezagun batean atera baitzen. Urrezko Jerusalem abestiaren letrak ez du euskarazkoarekin zerikusirik, soilik melodiak.
Pello Joxepe tabernan dala
haurra jaio da Larraulen (Bis)
etxera joan da esan omen du:
-Ez da neria izanen,
beraren amak topa dezala
haur horrek aita zein duen.
Hau pena eta pesadunbria!
Senarrak haurra ukatu (Bis)
Pello Joxepe bihotz neria
haur horrek aita zu zaitu
haur horrentzako beste jaberik
ezin nezake topatu.
Zure semia besuan daukat
senarra aldamenian (Bis)
orain denborik eztaukat eta
zuazkit ordu onian
neronek abisatuko zaitut
garaia datorrenian.
Fortunosoa nintzela baina
ni naiz fortuna gabia, (Bis)
abade batek eraman dizkit
umea eta andria:
haurra berea bazuen ere
andrea nuen neria.
Patzientzia hartu bihar da
munduan Pello Josepe, (Bis)
andria ere zuria izanda
haurra bestena diote;
gizonen faltan igarotzen da
basoan zenbait larrarte.
Naomi Shemer
Naomi Shemer-ek pena eta pesadunbrea zituen barrenean gordeak, urte askoan, eta azkenean aitortu egin nahi izan zuen. Paco Ibañezi entzuna ziola, esate baterako. Paco Ibañezek esana du ez dela plagioa, Pello Joxeperen abestian inspiratu zela Shemer, Urrezko Jerusalem sortzeko. Eta mundu mailan ezaguna den abestia egin zuela.
Naomi Shemer-i eskerrak emateko eta lasai egon dadin, beraren kanta-hitzak euskaratu ditugu.
Urrezko Jerusalem [YERUSHALAYIM SHEL ZAHAV]
Mendiko airea ardoa bezain garbia da
Eta pinuen usain gozoa
Dakar ilunabarreko haize leunak
Zintzarri soinuekin.
Eta zuhaitz eta harrien lo goxoan
Murgilduta haren ametsean
Bakarti jarria den hirian
Horma bat du erdian
Urrezko Jerusalem
Kobrezkoa, argizkoa
Begira, zure abesti guztien biolina naiz
Nola uharkak agortu diren
Merkatu-plaza hutsik dago
Eta inor ez doa Tenpluaren Mendira
Hiri Zaharrean.
Eta mendiko haitzuloetan
Haizeak ari dira orroka
Eta inor ez da jaisten Itsaso Hilera
Jeriko-ko bidetik.
Koroa:
Baina zuri abestera natorrela
Eta zu koroaz edertzera
Zure umerik gazteenetan txikiena naiz
Eta azken poetarena.
Ezpainak erretzen baititu zure izenak
Serafin baten musuak bezain
Ahazten bazaitut Jerusalem
Izanik guztia urre…
Koroa:
Itzuli gara uharketara
Merkatura eta merkatu-plazara
Ahari-adar batek deitzen du
Tenpluaren Mendian
Hiri Zaharrean
Eta mendiko haitzuloetan
Milaka eguzkik diz-diz
Jaitsiko gara beste behin Itsaso Hilera
Jeriko-ko bidetik.
Eusk: bAst anaiak
Abesti hau ezaguna egin zen, besteak beste, Shuli Natan-ek bere ahots ederraz kantatu zuelako, eta ez naiz bakarra Lurdes Iriondoren antza hartzen diona kantatzeko eran. Honela erran dit batek: “Ez dakit elkarren berri izango zuten, ziur aski ez. Baina kantatzen ez du inork asmatu!”
Naomi Shamer-en hilobia.
Har ezazu lasai atseden!
Toti Martinez de Lezeak, Argia aldizkarian orain 20 urte inguru hau esan zuen elkarrizketa batean, La calle de la judería (Judu-kale) liburua argitaratu zuenean:
“Gure juduak euskaldunak ziren, euskaraz hitz egiten zuten! Badira liburuak eta agiriak juduek euskaraz idatzitakoak. Pena handia da, zeren gure herria ez da izan kolore batekoa, gure herria bizia izan da oso. Gure herriak jaso, integratu eta bat egin du bere lurretara etorrita gelditu zirenekin. Franko asko etorri izan da (gehien bat okzitandarrak) arabiarren aurka borrokatzera. Iruñerrian bi auzo ziren: Nafarreria (San Fermin), nafar komunitatearena, eta San Saturnino, frankoena. Lizarra, berriz, oso herri txikia zen, eta Nafarroako erregea zen Antso III.ak handitu egin zuen Lizarra frankoentzat, eta Estella izena jarri zioten. Zoaz orain haiengana nafarrak ez direla, frankoak direla esatera! “
[…]
“Gu oso zarratuak garenekoa gezur handia da. Nork esaten du zarratuak garela, nork? Integratu egiten ditugu, nola ez? Baina, baldintza bat jartzen diegu: gure bizimodua hartu behar dute. Jasoko ez bagenitu, desagertuta egongo ginatekeen. `Hemen bakarrik euskaldunak! Hemen bakarrik gu, gu eta gu!’ esan izan bagenu, desagertu egingo ginatekeen. Ez, ez. Guk beste jendea hartu egiten dugu, eta elkarrekin bizi gara. Eta pena handia da juduak gure artean hartu ez izana. Erlijio kontuengatik izan zen hori, garbi dago. Haiek ezin zuten kristauekin ezkondu, eta kristauek ere ezin besteekin. Kontu zatarra izan zen, benetan ere”.
Familia baten historia harrigarria, maitasun- eta gorroto-istorio bat Eleberri honetan bi familiaren historia kontatzen da: bata judua da, bestea kristaua, elkarrekin lotua, iragan bera dutenak, XV. mendean zehar Gasteizen bizi eta elkarren adiskide eta etsai izanak. Dabid sendagilea eta haren semeak, Jonas ben Sahadia eta Pedro Santxez Bilbao, biak sendagileak, haien emazteak, seme-alabak, bilobak, adiskideak eta etsaiak, garai gogor batean bizitzen; azkenean sefardien komunitatea atzerrira joatera edo kristautzera bihurtzen duten arte. Gaztelako koroaren mendeko lurretan gertatu ziren gertaera larriok marka sakona utzi zuten garai hartako gizartearen erlijio- eta politika-bizitzan.
Luna sefardita (Ana Alcaide-ren diskoa) you tube, iruzkinak:
Foi uma tragédia a expulsão dos sefarditas de Espanha e Portugal, mas ainda ficaram muitos por cá como cristãos novos.
Luna sefardita en Samarkanda ? Wonderfull…Soy askenazi, pero parece que mi madre era de origen sefardita. Abrazos de Sud Africa !
Gai honi amaiera emateko, ipuin bat asmatu dut. Pello Joxepe kristau berria zen, etxean zituen arbasoen zazpi puntako gandelairua eta ahari-adarra. Haren emaztea, txit ederra, herriko abadeak gutiziatu zuen eta andreari buruan sartu zion Pello Joxepe ez zela kristau garbia, eta hori baliatu zuen andrea bere besoetara erakartzeko. Harreman horretatik jaio zen haurra. Eta hala bazan ezpazan, sar dadila kalabazan eta atera dadila Jerusalemeko plazan.
Aupa Pello Joxepe!
Othoi çato etchera: izurde atzemanaren letrak
2020-07-29 // bAst // Iruzkinik ez
Othoi çato etchera: izurde atzemanaren letrak
Hemezortzigarren mendeko karta euskaraz egindako batzuk ezagutarazi ziren orain bortz bat urte Lapurdum euskal ikerketen aldizkarian. Marinelei idatziak asko, emakumeek gehienbat. Ikerlan honen aitzin-solasean leitzen dugu hau:
Ondoko orrialdeetan Lapurdum agerkariak ale berezia eskaintzen dio Xabier Lamikizi zor diogun aurkikuntzari, hots 1757. urtean Baionatik Kanadako Louisbourg hiriari buruz lapurteraz igorria izen zen gutun bildumari. Ondoko artikuluetan, aurkikuntza horrek ekartzen diguna xehekiago aipatzen dugu.
Alabaina, Le Dauphin izeneko itsasontzi batean izan ziren gutunen atzemateko merezimendua izan du X. Lamikizek. Londreseko artxibo batean dauden dokumentuak biltzeko zortea izan zuen, bere tesiarako ikerketa ereman zuen denboran.
Kanadako Louisbourg herrira joateko gogoa zuten Le Dauphin itsasontziaren marinelek. Bizkitartean angelesek itsasontzia harrapatu eta bahitu zuten, eskipaia eta guzi, eta bildu zituzten dokumentuak (gutunak barne) Londreseko artxiboetan gorde.
Aurkikuntza guziz ederra da gutun horiek osatzen duten ustekabeko dokumentazioa. Eder eta arraro, gureganaino heldu diren euskarazko gutunen zerrenda zein urri eta murritz den kontuan hartzen balinbadugu, Manu Padillak erakusten duen bezala.
Liburu hau bi partetan emana da. Lehenik euskarazko gutunak aurkezten ditugu, zer kokapen historikoa izan duten aipatuz eta euskarazko gutuneriaren ezaugarri batzuk emanez. Eranskin batean, Ile Royaleko euskaldunen hizkuntza ohitzei doazkien bi dokumentu agerrarazten ditugu: lehenak euskaldunek Louisbourgen apez bat euskaldun izatea nahi zutela erakusten du, eta bigarrenak hainbat jakingarri ematen du bertan ziren martxant eta marinel lapurtarren bizimoldeaz.
Bigarren parteak gutunen beren testua ematen du, lehenik bertsio diplomatiko batean, eta ondotik egungo grafiaren araberako bertsioan. Bi bertsio hauek zutabe paraleloetan dira emanak, irakurleak nahi edo komeniago duena aise hauta dezan. Azkenik, testuan agertzen diren aditz-formen zerrenda ematen da, indize eta izendegi batekin batera.
Liburu honetaz gain, Interneten gutunen argazkiak laster kontsultagarri dirate. Facsimile horiek begi aitzinean izanez, nahi duen irakurleak egiazta lezake guk egindako transkribapena noraino zuzena den ala ez. Erran gabe doa ager ditezkeen hutsak edo gaizki ulertutako pasarteak gure gain hartzen ditugula.
Maria Lamarq-en gutuna (Enne seme maitea gastiaxen dauxut / milla gorainxy Estut Erreçibitu çure / ganiq aurten Es Letrariq Es çolament / gorainxibat jçatu ditut 2tt ahex / Bordaganiq chanpeletaqo Eta Egorxen / dausquixut çhanpelaq çançingorrieneqo / jaunarequin/ gueldixen nais cure ama allargun / gaçhoa çure çerbitçary mariade / Lamarq)
[Ene seme maitea, gaztiatzen dautzut milla goraintzi. Eztut errezibitu zureganik aurten ez letrarik ez solament goraintzi bat. Izatu ditut 2 libera Ahetz Bordaganik xanpeletako, eta egortzen dauzkitzut xanpelak Zanzingorrieneko jaunarekin. Gelditzen naiz zure ama alargun gaxoa, zure zerbitzari, Maria de Lamarq]
Historiaz bi hitz izeneko atalean, hau dio:
Hemen erakusgarri bat:
Data : 1757/2/12
Non idatzia : Hendaia
Igorlea : Gacina de Biscarrondo
Hartzailea : Patchiqu de Biscarrondo
Lotura : anai-arrebak
Helmuga : Louisbourg
<03.1r> 71
A Monsieure / Monsieure / patchiqu de bis- / carondo / A Lisbourc
<03.1r.bis>
A Monsieure / Monsieure / patchiqu de bis-/ carondo / A Lisbourc
<03.2r> endan eguina oxalen amabiian
/ Ene anayamaitja escribatcen dosquicut belero / famila gucien partes vngui gare jainqoary / esquer amaso dugu etxituba eta cure emaste-/5 a ere esxituba espacatuda bainan orai vn-/ guida aura ere vnguida cuben beri hainits / estucube gastigatcen nolacaiten eta es / deus hainits egortcen letrabat solamen-/ te estucu eguiten esguri eta es emas-/10 teari penatuba gare hainits beriric / gabes otoisten cait cuhurjcatias etacu-/ re beriac gastiatcias miguel etche-/ veriari goraintci aitac eta famila / guciac eta osabas beri onac ditugu eta /15 cubec ere aitudugu cerbait baducula / hobe atxeguindut otoisten caitut letra hu-/ nen barnian egortcendut anajary eta / nola es homen baitcaite erealequin eren-/ datuqo diocu otoisten caitut erepusta egui-/20 tias lehen bicico comoitatian
[marjinean idatzia] / guelditcen nais cure cerbit cary gacina de / biscarondo
<03.1r> 71
A Monsieure Monsieure Patchiqu de Biscarrondo. A Lisbourc.
<03.1r.bis>
A Monsieure Monsieure Patchiqu de Biscarrondo. A Lisbourc.
<03.2r> Endan egina, otsalen amabijan.
Ene anaia maitia, eskribatzen dozkitzut be lerro famila guzien partez. Ungi gare Jainkoari esker. Amaso dugu etsituba eta zure emaztea ere etsituba espakatu da, bainan orai ungi da. Aurra ere ungi da. Zuben berri hainitz eztuzube gaztigatzen, nola zaiten, eta ez deus hainitz egortzen ; letra bat solamente eztuzu egiten, ez guri eta ez emazteari. Penatubak gare hainitz berririk gabez. Otoizten zaitut zuhur izatiaz eta zure berriak gaztiatziaz. Miguel Etcheverriari goraintzi. Aitak eta famila guziak eta osabaz berri onak ditugu, eta zubek ere. Aitu dugu zerbait baduzula ; hobe, atsegin dut. Otoizten zaitut : letra hunen barnian egortzen dut anaiari eta, nola ez homen baitzaite, Errealekin errendatuko diozu. Otoizten zaitut errepusta egitiaz lehenbiziko komoitatian.
Gelditzen naiz zure zerbitzari, Gacina de Biscarrondo.
Louisbourg
Data : 1757/3/13
Non idatzia : Donibane Lohizune
Igorlea : Mari Darburu
Hartzailea : Marie Harboure
Lotura : ama-alabak
Helmuga : Louisbourg
<20.1r> 27
A Mademoyselle Mademoyselle Marie Harboure, demeurent ches Monsieur de Laborde, trezorier du Roy. Louizbourq.
<20.2r> Donibanen egina, martxoanen 13.
Ene haur maitea, eztinat faltatu nahi hiri ene berrijak markatu gabe, zenak erraten baitun eztunala aspaldijon gure berririk izatu ; hanbat gastoago guretzat. Nik egin dauzkinat beti untzi guzietan letrak, eta hik ez izatu. Eztun, beraz, ene faltarik. Egorri dinat bat Lantzekaneturekin,bertzea hire kusina defuntubarekin, zenak etorri baitzen Miselekin Baionarat, gasoa, eta egorri naunan harekin berainkin mantalina Angeletakoa ungi fina, bere erribana eta zirikubarekin, zenak hire matantak Xurunekoak kutxan sartu omen baitzuben ; eta bertze bi letra Patineneko Ziburuko premubarekin, zenak egun Angeletarran baita, gasoa. Ene haur maitea, badin hil hunen hogoi eta seiean etxetit partitu hintzela egundano hirur urte. Egundano eztinat izatu oren laurden baten errepausurik. Bazakinat guzijak ene faltat direla, zenak ene bekatubak handijak baitire, banan esparantza dinat Jenkoak miserikordia izanen dubela nitaz, zergatit ene uste guzijan ungi hartzen tinat, eta aditzen tugunaren arabera eztela posible salbatzea hemen, non eztugun bekatuba purgatzen. Beraz, esparantzan nijagon Jenkoak eztauzkidala bi pena emanen. Ene haur maitea, Dominika komentuban ezkibaz kutsaturik etxerat etorri zijaetanen. Gan tzen hirur ilabeteren buruko marraskaz, eta ni gaitzarekin eta gabearekin. Anaia Bisentek ikusirik ene sangrin handija hamabortz libera eman zitinan bere bartetit saflentzat, eta orano hanitz behar. Aita Laurentzek aiturik ene
<20.2v> dolore handijak etxerat etorri zitzaitanen bera bere pesunan, gaisoa eskeletarik, eta gan nintzenean, hura : “Non tzare, ene afijitu gasoa ? Hartzazu kuraie, izanen dut nik zure habraren sendatzekoa behar den guzija”. Eman zinan azkenean parruka eta sapela eta galderdi pare berrijak ; eta Begizuribaitakoek neroni ganik zapata pare berrijak eta bi atorra, oihal pezatit hek pagatzekotan. Aita Laurentzek gaztijatzen daun goraintzi, eta Jenkoari gomendatzen habela, eta letra bat egin diozanala falta gabe. Anaia Bisentet ere bai goraintzi mila-mila, eta otoizten haute nitaz oroit hadiela, Jenkoak benedikatuko habela, ene haur maitea. Ene haur maitea, badakin Ganis etxerat nola etorri zen sarpan bortz sosekin eta ezkebiaz betea bisajarano, presune etzirunan (†) bezala ; etzakinat bizirik nola egotu nintzen hura ikusi nubenean, gasoa ! Eta neroni, Jop bezala, asdipat gabe… Egundano bezala, aita Laurentzek aiturik hur’ere sendarazi zinan behar den guzija emanik, zenak bijak gosta baitire larogoi libera pasaturik. Eta nirijere sokolotat eta mazapanak eta biskotxak gaisoak egortzen zijaukidan denboratit denborara ; sekulan eztinan pagatuko haren borondatea bizi naizeno. Banan sendubek asko hortako egiten diten salbatzeko, eta hura halakoa dun. Ene haur maitea, Ganis ona gan tzunan kortsura, eta angelesek harturik etxatu ziztenen Espanijarat, Lisibona erraten dioten portu batera, zenak gasoa etorri baitzen onez berrehun lekoatan bere lagunekin pilala triste batean. Etzunan hura ikustea
<20.3r> baizik bertze mirakulurik, buluzgorrija hurren ! Egundano bezala, Kandegiletako jaunarekin egin zunan gasoa, erraten zautalarik jea hemen zer eginen ene sangrinatzen miserija huntan, eta beti zor egiten. Ene haur maitea, Kontxarat ateratu bela egiteko eta adi, ene haur maitea, kostara Santabarrako arroka ganera guzijek etsitu geroztit Jenkoak espakatu, eta Berjina ama maiteak aiseago kondatzen daunat pasatu dudan bano ene trublea. Ene haur maitea, orai berriz gan zijaitan Baionatit ; badin partitu dela hogoi eta zortzi egun. Eztinat deusere berririk ; hementxe nijagon, Jenkoaren esparantzan, hark plazer duben guziaren errezibitzeko, ene haur maitea. Dominika abijatu zijaitan hark ere gan behar dubela kortsura. Aita Grafleti erraten zijon duakola masetereari mintzatzera, har dezala kortsura. Mintzatu dubenean baietz gogotit ere, beraz harekin zioan gasoa : “Orai laster, ene ama maitea, guretzat eztutzu aski. Arrebak egortzen tuben diru guzijak eta zerori miserija hortan, asaiatu behar dut nik ere zure laguntzera”. Ene haur maitea, izatu tinat behin hirur hogoi libera, eta bertze behin larogoi libera. Eztauzkinat gaztijatzen ene sangrin guzijak, zergatit hi urrun baitaut eta badinat hire beharra Jenkoak uzten nabeno. Ene haur maitea, Begizuribaitako Marilantat pertsekutatuba nijalabin, izaten dudala diruba franko hireganik, eta paga dezadala edo hi gaztija haren pagatzeko hik egortzeaz, badakinala dirubak eman zaukinala guretzat. Fantesijan sastuba dun letra egin dautela, eta hik ez errepustarik egin nik pakatzen tinat guzijak, Jenkoak nahi baitu horla.
<20.3v> Estebenik goraintzi mila, eta egortzen dau bileta bat letra hunen barnean, Lahitunen semijarentzat, erran dionazala pagamendu hori egin dizozala, zor justuba duben bezala. Ene haur maitea, Ganisek eta Ganabrak izatu diten disputa, Ganabrak aitu dubela ezkontzen haizela toki guzijetan, eta Ganisek ezetz, eta nik eman dinat bakea, Jainkoaz landan ni ama naizela, eta nik jakin behar dudala lehenik, eta orduban jakinen dutela jea hala den. Ez ala bai, Jenkoak erakutsiko daun zer egin, eta Berjina maiteak agijan ene otoitza adituko din, ene haur maitea, hiri zer ispira. Goraintzi osaba Sastiluri, mila damu dudala, haren afezioneaz guzijak Jenkoak ukitu nahi gaitubela ; haren familak osasuna dubela. Ene haur maiteak, goraintzi Granganek eta Ganisek, erran zijautanen hire goraintzijak emateko falta gabe. Dominikak ere goraintzi mila-mila, eta Jenkoari gomenda dizinala. Ganabrak ere mila-mila goraintzi, eta ganerako ahaide eta adiskide guzijek. Ene haur maite-maitea, gelditzen naun hire ama mait-maitea tonbarano. Mari Darburu. Ene haur maitea, enakinan nola eman mila zazpi ehunak.
Zazpi urteko gerra (1756–1763)
Othoi çato etchera lana
Balea zuriaren abenturak
2020-07-25 // bAst // Iruzkinik ez
Bi baleakume zuri, Oroiminezko igandeak, Lekore eta Gehitumagazine: Huriburura bidaia
Ainhoa Mariezkurrena (bo(to)rrokalariak- argia blogak)
Iñaki Idigoras (espezie inbasoreak- argia blogak)
Amaia Lekunberri ( etxebizitza lubaki- argia blogak)
INTROAREN OSTEAN HASTERA GOAZ
Basauritarrok Huriburura goazelarik, eguna ahalik eta ondoen baliatu behar dugu mandatu guztiak egiteko, erosketatxoak egiteko, trenera edo autobusera itzul aitzin.
Gaurkoan etxera etorri dira honako hauek:
Charles Baudelaire (Gaitzaren loreak) Balea zuria edit.
Safo (Poesia guztia) Balea zuria edit.
Lekore aldizkaria (5. zenbakia)
Ainara Maia (Oroiminezko igandeak) Dakit argitaldaria.
Gehitu magazine (107. Zka)
Safo (poesia guztia) Maite Lopez Las Heras-ek euskaratua.
Maitasuna kolore askotakoa dela erakusten dute, beste gauza askoren artean, Saforen poemek, eta haren presentzia nabarmena da olerki guztietan. Saforen poesia ulertzeko, beraz, behar-beharrezkoa da maitasuna bere zentzurik zabalenean ulertzeko prest egotea, Safok berak maitasuna irudikatzen duela onartzeraino. Dena den, komeni da ez ahaztea bertso lerro haietatik gaur egunera ia-ia hiru mila urte igaro direla, eta gogoan izan behar da haren hitzak ezin ditugula inola ere gure begiekin neurtu.
Emakume batek konposaturiko poemak emakume izate hutsagatik beste ikuspegi batetik neurtzeari uzten diogunean, orduantxe iritsiko gara poesiaren edertasunaz benetan gozatzera. Olerkien edukia eta erritmoa egilearen generoari erreparatu gabe eta horrek berarekin dakartzan konnotazioak erabat baztertuz arnastea, horixe da poesiaren zinezko kutsya.
MAITE LÓPEZ LAS HERAS
ATIS
Auskalo noiz maitemindu nintzen zutaz, Atis.
Orduan, neska txiki eta baldar bat zinela iruditu zitzaidan.
BARNE EDERTASUNA
Ederra beti eder begiratzen duenarentzat;
Ona dena, ordea, bat-batean eder bihurtzen da.
NESKA EZIN HOBEA
Inoiz ez da egongo, hala uste dut nik behintzat,
Eguzkiarena rgipean
Zure jakituriaren pareko miraberik.
ETSIPENA
-Zu, gaueko ametsa,
gau beltzean loaldiarekin noraezean zabiltzana,
jainkotasun eztia: zinez beharrezkoa da
oinazearen oroitzapenen indarra
urrun mantentzea.
Parte ez hartzeko itxaropenak hartu nau
eta ez dut zorionik itxaroten.
Izan ere, aldarte hau ez banu,
gozamena eta…
Oroiminezko igandeak (Ainara Maia)
Hitzaurrea
Kattalin Landaburu, kontakizun honen protagonista, hemezortzi urteko Ipar Euskal Herriko gazte bat da eta beste sei neska gazterekin batera lehen aldiz aterako da herritik atzerrira, Alemaniara (hain zuzen ere): urtebeterako alemanezko klaseak hartzera. Alemanian familia batean biziko da; gainerako sei euskaldunak klaseetan eta asteburuetan ikusiko ditu.
Bertan hizkuntzarekin dituen arazoek eta inkomunikazio egoerek bere barneko hizketara bultzatuko dute Kattalin; horretaz gainera, igandero, hutsik egin gabe, Alemaniara joan aitzin lehengusuak oparitutako egunerokoan idatziko du. Istorioa aitzina joanen da barne-bakarrizketen, tartekako elkarrizketen eta iganderokoaren bidez, Kattalin pixkanaka aleman hizkuntzaz jabetuko da. Kantu leun baten moduan, erdia erabat ulertu gabe eta beste erdia irudikatuz Goetheren lau urtaroak idatzi, gainera: Kattalinek alemaniarrak gehiago ezagutuko ditu, lagun berriak egin, eta horien artean lagun min bat ere bai, bere lehen amodioa.
1995-10-15 Sonntag. “Eguzkiaren eguna” zen. Eguzki izpiekin batera esnatu, eta leihora begiratu zuen Kattalinek. Sonntag, edo igande zoragarri baten hasiera sumatzen zen. Jaiki, eta irratiko musika entzunez batera, jantzie gin zen. Ondoren, gosaltzera joan zen, iganderoko biharamunarekin: kafesnea, Corn Flakes eta ogia erreximentarekin. Steffi aldamenean. Gosaldu ondoren, goiza profitatu asmoz, bi neskak inguruko beste herri bateko antzinako gauza bitxien merkatu batera hurbildu ziren; hiri hartan, Planetarium bat egoteaz at, arte museoa, teatroa eta beste hainbat leku ikus zitezkeen.
Hiri hartan, italiar aunitz egoki, bazkaltzera jatetxe italiar batera joan ziren biek: pizza. Autoz itzuli ziren etxera mantso, eta ilundu arte telebista ikusten jarri ziren. Tamalez afariarekin batera eguna itxi zen, eta eskolako oporraldia bukatu; iritsi zen garaia Steffiz agurtzeko. Hark ere unibertsitatera itzuli behar zuen Hamburgera, psikologia ikasten segitzeko, eta astebururen batean bera bisitatzera joateko gonbita egin zion Kattalini. Horrela, Steffik eraman zuen Kattalin berriz ere aurreko etxera, handik hogei kilometrora zegoen herrira: GF.
Agurtzeko momentua: besarkada bat eta begiak gorriturik, negarrez.
-Agur.
–Tschüss.
Gaitzaren loreak (Charles Baudelaire) Patxi Apalategik euskaratua.
1857koekainaren 25ean kaleratu zen Les fleurs du mal, lehen edizioan. Mila eta hirurehun ale kaleratu zituzten, hiru franko bakoitza. Handik bi egunetara, Le Figaro egunkariak berriro ekin zion poetaren eta bere lanaren aurka, lehendik zetorren lehiari jarraiki. Ministerioak edizioaren bahiketa agindu zuen, baita egilea eta editoreak (Poulet-Malassis eta Broise) epaitzea ere. Baudelaireri hirurehun frankoko isuna ezarri zioten, eta editoreei ehun frankokoa, bakoitzari. Gainera, sei poema ezabatzeko agindu zuten. 1861eko otsailaren hasieran, bigarren edizioa kaleratu zuten. Esan dezagun, bide batez, edizio hori erabili duela Patxi Apalategik itzulpen lana burutzeko. Ezabatuak izan ziren sei poema haien ordez, hogeita hamabost berri eman ziren argitara, eta materiala beste era batez antolatuta ekarri zuten editoreek. 1868an, poeta hil eta urtebetera, hirugarren edizioa kaleratu zuten, Théopile Gautieren hitzaurre batez horniturik.
LXIV
UDAZKENEKO SONETOA
Hala mintzo zaizkit, kristala lez argi, zure begiak:
“Ene amorante bitxia, non ditut nik merituak?”
Izan xarmant ta zaude isilik! Nik, bihotz zaurituak,
orok sutzen bainau, salbu sen basatiaren egiak,
nik ez dizut inolaz jaulki nahi infernuko bulta,
su ta garrez idatzitako nire elezahar beltza,
ezta zeuri-be, urrumaka lo naramazun ametsa!
Gorroto dut irritsa, mingarri zait zure ele-uzta!
Maita dezagun elkar gozo-gozo; Amodiok zizta
tiran-tiran dauka arkua, saieteratik zelatan.
Badakit ze arma duen inor harrapatzeko tranpan:
krimena, izua, eromena! –Bitxilore zurizta!
Ez al zara, neu lez, udazken-ekia aingeru plantan,
hain zuhaila zaren, hain hotza zaren ene Margarita?
LXVIII
PIPA
Autore baten pipa naiz;
nire kafre planta beltza
ikusiz, dudarik ez da
erre ohi nauela maiz.
Hura bada oinazetan
niri darit ke-lainoa,
hala borda ñimiñoa
afari zain, iluntzetan.
Altzoan haren arima,
ke urdinetan bildurik,
txeraz kulunkatzen dut nik;
baltsamotan hilduz mina,
urtuz haren neke hotza,
xarmatzen diot bihotza.
Editoriala
Literaturari buruzko aldizkari bat aurkezten dizuegu gure etxeetan konfinatuta egotera behartzen gaituen pandemiak markatutako une honetan. Gure azalean, letren munduko hogeita hamar pertsonaia ospetsuk baino gehiagok, beren obrengatik eta legatuengatik famatuak, garai desberdinetakoak, une erlaxagarri baterako atea zabaltzen dizuete, aisialdi pertsonalerako gune baterako atea, zuek guztiok ere orri horiek irakurtzera animatuz. Kultura desberdinetako etorkizun handiko gazteak ere azaltzen zaizkigu, sexu-aniztasuna, genero nortasuna eta sekzioartekotasuna beren aktibismo literarioaren bandera egin dutenak. Trifonia Melibea Obono ekuatortarra emakume bisexual eta beltza dugu, zeinak gordintasunez islatzen dituen bere obretan LBT emakume afrikarrek pairatzen dituzten egoera laidogarriak. Abdelà Taia gay marokoarraren homofobiaren aurkako idatzitako hitzaren bidez gauzatutako borroka. Intersexualitatearen agerikotasuna eta mundu ez-binarioaren erreibindikazioa Abigail Tarttelin britainiarraren eskutik. Edo baztertu berriei zuzendutako sorkuntza kultural eta politikoa, Charlie Jane Anderson emakume transgenero eta bisexualaren eskutik, zeina trans pertsonek pairatzen duten diskriminazio-salaketaren ikonoa den, baita LGTBI+ kolektiboen artean ere. Oraindik ez bazarete klasikoen eta marraztuta ageri diren egungo autoreen obretara hurbildu, une ezin hobea da hau horie giteko, Aitor Alvarezen lan zehatzari esker. […]
Gehitu magazine: Homosexualak euskal letretan
Ale honek atal mardul bat dakar: LGTBQ IRUDIKAPEN LITERARIOAK EUSKAL NOBELAGINTZAN. Ibon Egaña Etxeberriak idatzia. Bertzeak bertze, aipatzen dira Juanjo Olasagarreren Poz Aldrebesa eta Irati Jimenz-en Bat, bi, Manchester.
Hori izan da basauritar honen jira huriburuan. Aio.
Lekore aldizkaria
Ehun orrialde pasatxoko aldizkaria dugu Lekore-ren 5. zenbakia. Partaide asko ditu lan honek, gehienek fikzioa edo poesia idazten dute bertan. Halaber badira artikulu bat (Capote, Romand eta hirurok), erreportaje bat (Roberto eta Bolaño) eta elkarrizketa bat (Urretabizkaia eta Mintegi). Itu bandak argitaratzen du. Irudi gehienak Kattalin Barcena Guarrotxenarenak dira.
Zenbaki honetan partaide hauek daude: Alazne Arruti bengoetxea, Iñigo Astiz, Amaiur B Blasco, Paul Beiria Ariznabarreta, John Bele, Martin Bidaur, Naroa Elortegi, Oihana Epelde, Gabriel Errekabide, Telmo Irureta, Joannes Jauregi, Jon Gurrutxaga Urbieta, Mikele Landa Eiguren, Garazi Mugarza Markina, Lurdes Ondaro Mallea, Eider Perez, Txapel, Itziar Ugarte Irizar, eta Ane Zubeldia.
Propina, last but not least
Uda on!!!!
Gabrielen margoak
2020-07-24 // bAst // Iruzkinik ez
Gabriel Korta poetak (1951-2020) olerkigintza zuen eginkizun nagusi. Baina era berean, tarteka margolan batzuk egiten zituen, neurri txikikoak, eta eskuarki argizaria erabilita. Hemen jarri ditugu batzuk, erakusgarri, haren lanaren eta izatearen lekukotasun bat eman nahian.
Argizaria I (Gabriel Korta Rekarte)
Misterio tentagarria
Erabat isiletik
itxaropenez beterik…
Oi! Misterio hori
misterio tentagarria
bakarrik sentitzen garenontzat.
Norbaitek,
edo zerbaitek,
egin duela guzti hau.
Hori pentsatzea…
Baina hala ere misterio bat da.
Ezerezetik sortzea,
zerbait sortzea;
posible ez delako.
Oi! hori, misterio hori
bakarrik sentitzen garenontzat,
misterio tentagarri hori…
Elurra galtza motzetan
Gabriel Korta
Argizaria I I
Natura gara
Natura errugabea da
ez dago epaitzerik
gu ere natura gara
errugabeak kontzientziarik
ez dugun bitartean
krabelinarik ez da
usai onik gabe
bertso batean
edo pentsamendu batean gorderik
kimu berri bat udaberrikoa
bihotz-sabelek
lurra saretzen dute
bizitza maite dute
maitasunetik nator
maitasunera noa
baso bateko partaidea naiz
udazkeneko hostoa.
Diot
Gabriel Korta
Argizaria III
Elurra galtza motzetan
Poesiari loturik nago
edertasuna maite dudalako;
poesiaren leizean sartu nintzen.
Aurtengo elurtea ere ez dut,
inorekin partekatuko.
Bakarrik nago.
Elurra galtza motzetan
Gabriel Korta
Gabriel IV
Patxadan eta pakean bizi
Esan nahi nizkizueke
barre egiteko poemak
Egin barre bihotzez…
Baina zorionak gutxi irauten du
batzuetan bakarrik gertatzen da.
Presak eta gorazaletasunak,
abere arriskutsu bihurtzen gaituzte,
mundu zibilizatua deitzen diogun hori
eszentrikoa iruditzen zait.
Non dago atzoko patxada, eta atsedena?
Dena presaka eta orain nahi dugu.
Elurra galtza motzetan
Gabriel Korta
Lafontaine Escondrille-ren Ur biren artean
2020-07-23 // bAst // Iruzkinik ez
Sinopsia
Ur biren artean. Iturregi Escondrillas, Patxi.
Orain dela 100 urte, 1914 eta 1919 bitartean, munduak ordura arte ezagututako gerrarik gogorrena bizi izan zuen, gerora Lehen Mundu Gerra deituko zitzaiona, Europako lurralde gehienak ez ezik ozeano guztiak ere hartu zituena. Bilboko itsasontziak, bandera neutrala dutenez, ez daude ofizialki gerran, baina gatazka orokorrak ondorio nabarmenak ditu hirian, ontzioletan, barkuetan… Potentzia lehiakideek lehengaiak behar dituzte eta ondo ordaintzeko gertu daude, baita hornigai horiek etsaiarengana iristea eragozteko prest ere.
Giro nabar eta nahasi hori fikzio bihurtu du Patxi Iturregik dozena bat ipuinetan: alde bateko eta besteko espioiak, portuko eta ontzioletako langileak, kontrabando ilegalean dabiltzan merkantzia-ontziak, saltzaileen larriak, langabetuen estutasunak, jauntxoen dibertimenduak… Hiriaren eta itsasadar osoaren taupada biziak jasotzen ditu Iturregik, teknika, gai eta erregistroen ugaritasuna eta kontagintzarako trebezia erakusten duten istorioetan.
Linograbatua bAst 2020. Ur biren artean liburuaren azaleko argazkia aintzat hartuta.
Patxi Iturregi idazlea
Lafontaine Escondrille idazleak liburu txit erakargarri bat idatzi du. Ur biren artean. Hamabi kontakizun dakartza eta bakoitzetik lagin bat hartu dugu, erakusgarri. Itsas girokoak dira, itsas arloko hitz berariazkoez eratuak.
Erri bero
[…] Garai hartan, Mari Urtiaga 18 urteko gaztea zen, aldi baterako telefonista Sota y Aznar itsas konpainian. Aita galdu berria zuen sei hilabete lehenago, Bakio baporeak Bristoleko kanalean izan zuen zoritxarreko naufragioan, zantzu guztien arabera itsaspeko aleman batek erasota. Ustekabeko ezbeharrak premia gorrian utzi zuen Mariren familia ugaria eta, aita ibilitako ontzi-enpresaren laguntza jasoagatik –inoiz aldizkako lana eskaini baitzioten telefonogunean-, artean ez iren galeraren kolpe latzetik errekuperatu. Horiek horrela, udazkeneko goiz batean, bulegoko nagusiak atzerritar kutsu nabarmenez mintzatzen zen adin ertaineko gentleman kopetilun bat aurkeztu zion neskari eta, diskreziorik handiena eskatu ondoren, aliatuen alde lan egiteko proposatu zioten biek ala biek.
Urpekaria
[…] Erdi jantzita oraindik, urpekaria popako eskotilatik altxatu eta istriborreko eskalara abiatu da pauso traketsean, aldean daraman pisu estraren eraginez. Lehenengo bost mailak jaitsi orduko, Arroitak bizi-lokarria gerri bueltan lotu eta berrogei librako eskafandra ezarri dio buruan. Tutua konektatu ostean, Txankartek sutsu eragin dio aire ponpako biraderari. Mekanismoaren triki-traka hotsa berehala nagusitu zaio teknikarien berbaro etenari.
Herioa zelatan
[…] Horregatik edo besteagatik, kapitainak gero eta pisuago sentitzen du erantzukizunaren zama. Agian oker jokatu zuen Tangerretik gizon gaixo batekin abiatu zenean. Nork igarriko zuen, ordea, Afrikako kostaldean garrantzirik gabea zirudienak hain itxura tragikoa hartuko zuela gero? Hala ere, zaila da guztiei gustua egitea: armadoreei, kontsignatarioei, aseguru-etxeei… Eta ez zaio ahazten baporea, ikatzaz ez ezik, barrukoen odolaz ere baliatzen dela merkatu-lege asegaitzak betetzeko. Beraz, gerora lotsaraziko ez duen irtenbide bat topatu nahi du. Ez du bere kontzientzia zikindu nahi heriotza saihesgarri baten orbanarekin, ez bere esku badago behintzat.
Narbalaren gaua
[…] Gaua ilun eta heze zegoen eta apenas zen izarrik zeruan, baina guk ongi ezagutzen genuen bidea eta ez gintuen hontzaren uluak erraz kikilduko. Berehala iritsi nahi genuenez, estrata amaitu baino lehen ospitaleko pinudia zeharkatzen zuen hareazko bidezidorrean gora hasi ginen rapa-rapa. Laster entzun genuen itsasoaren arnasa pausatua. Marea gora bazetorren ere, ura bare-bare zegoen. Lekuaren egokitasunaz eztabaidatu ondoren, hondartza gaineko duna batean etzan ginen, badiaren zabaldi iluna aurrez aurre genuela. Ordu hartan bat ziren zerua eta itsasoa. Urrutira, Labe Garaien gorritasuna sumatzen zen mendebaletik eta, aldika-aldika, Galeako faroaren argi-bristada. Antonen galdera zirikatzaileak atera ninduen kontenplazio-une gozo hartatik: -Zer? Ez duzu linterna piztu behar?
Txanpona airean
-Ez da aski, ez da aski, adiskideak. Zerbait gehiago behar da. Premia gorria aurreneko pizgarria izan daiteke. Ados. Baina, behin hasierako gabeziak asez gero, berehala desagertzen da mugiarazten gaituen barne-bulkada hori. Anbizioa eta malezia dira, nik uste, enpresa sortzailearen ezinbesteko dohainak; horiek gabe ez dago aurrera egiterik.
Aurrerapenaren taupada
Euforiazko giro horretan, euria hasi du. Zaparrada txiki bat besterik ez, baina aski, gonbidatuen artean egonezina sortzeko, ez baitituzte gala-jantziak eta kapela dotoreak alferrik galdu nahi. Antolatzaileak, bestalde, berehala kontsideratu du ondoko arriskua: “Guztiak batera mugituz gero, kolokan jarriko duk zurezko egituren segurtasuna”. Gauzak horrela, jaitsiera modu ordenatu batean antolatzea erabaki du: “Emakumeak eta haurrak lehenik!”, esan dio jostari bere inguruko taldetxoari. Baina horretan ari dela, dama baten euritakoarekin estropezu egin eta horra non erori zaion orain arte eskuan izan duen ordulari polita. Hasieran pirritaka ikusi du, baina makurtu denerako bi oholen arteko zirrikitu batetik pasa eta lurrerantz amildu da. Tamala!
Ur irazekiak (Neguriren uberan)
Dorre gainean eta brankako kanoiaren ondoan ageri ziren alemanek otso gosetien itxura zuten: argal, zikin, lander, azken boladan jasandako nekea, gabezia eta estutasunak begi handi arranpaloetan marraztuta. Asteak emango zituzten itsasoan alderrai zuek bezalako harrapakin errazak zapartaraztearren. Bizimodu gogorra zalantzarik gabe, beti urpean ihesi, sarkofago herdoildu haren barruan sartuta, burua tentetu ezinik, aire kutsatua arnastuz eta latako janari zaharmindua gogaitu arteraino janez.
Hotsa eta durundia
-Egoera jasanezina duk. Blokeoa estutu dutenetik, itsaspekoek gero eta ontzi gehiago hondoratzen ditiztek, eta orain beste pauso bat ematera ausartu dituk: portuko instalazioei erasotzea. Bide horretatik, laster itxiko zizkigutek lantegiak, eta orduan ahora zer eramanik gabe geldituko gaituk. Hortaz, sindikatua, neutraltasuna utzita, gerran sartzea hausnartzen ari duk, aliatuen alde, jakina. Baina horretarako langileon batasuna behar, derrigor.
Uholde handia
Etengabeko gainbehera haren erdian, 1914ko Gabonetako jaiak hurbil zirela, espero ez genuen gutun bat jaso genuen Filipinetatik, XX. gizaldiaren hasieratik yankien administrazioaren menpean zen itsasoz haraindiko uhartedi urrunetik, hain zuzen ere. Aitaren lehengusu txiki batek idazten zigun, Banco de Bilbaon lan egiten zuen jaun betaurrekodun batek izan ezik, inor gutxik gogoratze zuenak. Antza, Julian Andueza, huraxe baitzen ahaide ahaztuaren izena, gazte joan zen Asiako artxipelago hartara fortuna egin nahirik, eta urteen buruan, osaba baten eskutik hasi ondoren, dirutza bildu ez ezik, izen ona eta itzala ere lortu bide zuen bertako gizarte kolonialean. Estreinakoz idatzi zigun garaian, kautxu eta azukre plantazio handien jabe zen Iloiko aldean, eta ba omen zuen bapore-flota txiki bat, Manilako portutik abiatuta Hego Txinako Itsaso osoa korritzen zuena, Singapurretik hasi eta Taiwango itsasarteraino, paraje haietako irla ugarien eta kontinentearen artean salgaiak garraiatuz eta harreman komertzialak estutuz.
Aurpegi biko gizona
Neska maletaduna arratseko azken tranbian iritsi zen ontziralekuko geltokira. Gaua bertako ostatuan pasatzeko asmoa zuen, baina, barrura sartu aurretik, errepidea gurutzatu eta, kartoizko maleta zurruna nasako ertzean utzita, ibaiaz bestaldeko argi dardartiei beha gelditu zen. Begi nekatuak paisaiaren iluntasunera egokitu zitzaizkionean, zenbait itzal itxuragabe bereizi ahal izan zituen garabien silueta erraldoien azpian, hurrengo batelaren zain ziren langileenak seguruenik ere.
Sonderklassea
“Eguerdirako” bukatu ezean ez zegok lehorreratzeko baimenik”, bota digu gure sarjentu aluak korazatuaren bizkar nagusia zapaldu orduko. Antza, herdoila da aberri inperialaren etsai nagusia eta hementxe gaude deialdi berriko hogei marinel derrigortu –behialako heroiek odola bezala- izerdia azken tantaraino isurtzeko gertu. Gure aurrean, branka-gazteluko berrehun metro koadro pintura zartatu –pataska, bita eta dibidieten gainekoa barne-, guztia sakonki harraskatu eta txukundu beharrekoa. “Eta ez ahaztu gero! Erreginaren orinala baino garbiago gelditu behar dik denak!”
Alderraiak (Caprice basque)
Palawan ontzia ez zen ibili zorteko 1917ko uda tamalgarri hartan. Matxura asko eta kontratu gutxi, horra hor lau hilabete haietan egindako itsasaldi gorabeheratsuen laburpen gordina: hego-sartaldeko montzoiak gogor joz gero, inor ez baita libratzen astinaldi bortitzetik. Gainera, bi aste jitoan igaro ondoren, Macaora arribatu ginenean, irregulartasun administratibo batzuk zirela medio, ez ziguten aurrez hitzartutako deskarga baimendu. Antza, bertako aduanako agente arretatsuak salgai batzuen ontziratze-agiriak falta zitzaizkigula konturatu ziren eta, noski, haien iritziz, errakuntza deseroso hura ez zen huskeria soil bat, kontrabando-saioaren pareko delitu larria baizik. Espero izatekoa zenez, maila ahulenetik hautsi zen katea. Antzuak gertatu ziren gure desenkusak eta ofizial portugesen borondateak diruz erosteko maniobra guztiak. Azkenean, kanpoko portuan ainguratzeko agindu ziguten, eta bertatik ez mugitzeko, harik eta egoera behar bezala argitu arte.
Bertze liburu bat ere bada interesa dakizukeena, aurreko hori gustura irakurri baldin baduzu. Haize kontra.
Haize kontra (elkar 2014) liburuaren azala
Itsasoa izan da betidanik literaturako iturri oparoenetakoa: gure letretan ere ez dira falta arrantzale-giroko istorioak, baina horien aldean berria da Patxi Iturregik dakarkiguna; merkataritzako nabigazioan mundu zabaleko portuetan dabiltzan marinelak edo itsasbazter urrunetan galdutako petroliuntziak, esaterako. Giro erakargarri horren atzean, berriz, gizon-emakumeek gorpuzturiko istorio samin eta indartsuak kontatzen dizkigu egileak: andrazko bat gizonezkoen ontzi batera igo zenekoa, aspaldi ikusi gabeko marinelaren aurrean familiak sentitzen dituen gazi-gozoak, aspaldiko piraten gorabeherak eta itsasertzeko biztanleen larriminak.
Haydee Arteaga eta ahozkotasuna
2020-07-22 // bAst // Iruzkinik ez
Haydee Arteaga
Joan den maiatzean hil da La Habanan 105 urterekin Haydée Arteaga ahozko narratzaile kubatarra, “La Señora de los Cuentos” ezizena zuena.
Ahozko narratzaile, idazle eta deklamatzaileak meritu handiko lana egin zuen ahozko narrazioan eta emaitza nabarmenak lortu zituen difusio kulturalean bere bizitza artistikoan zehar.
Bereziki aipatzekoa da Arteagak haurrekin egin zuen lana, sentiberatasun eta arduraldi handia erakutsi baitzuen haurrengan fantasia eta irudimena ernarazten, kontatzeko artearen bitartez.
Unión Nacional de Escritores y Artistas de Cuba (UNEAC) batasuneko kidea zen eta Cátedra Cubana de Narración Oral katedrakoa.
Grupo Artístico Cultural “Charlas Culturales Infantiles” izeneko taldea eratu zuen La Habanako alde marjinaletan haurrei irakasteko, 1935etik 1962ra.
10 urterekin Arteagak beka bat jaso zuen La Habanako udal kontserbatorioan musika ikasteko, eta hala, Teoria eta Solfan irakasle graduatu zen. Gainera, deklamazioa ikasi zuen Antonio Marin irakasle espainiarrarekin eta burubelarri aritu zen errezitatzen 18 urte arte.
1964an ahozko narrazioko teknika ikasi zuen Eliseo Diego eta María del Carmen Garcini-rekin.
Arteagak ECESA (Estímulo Cultural Entre Selectos Amigos) taldea fundatu eta zuzendu zuen eta 1980an, Grupo Artístico Cultural Infantil “Haydée y los Niños” sortu eta abiarazi zuen, Oficina del Historiador de La Habana-ko Eusebio Leal-ek bultzatuta.
Idazle lanean, haurrentzako ipuin liburu bat kaleratu zuen, Namach, hamabi kontakizun biltzen ditu, batzuk tradizionalak eta bertze batzuk berarenak, eta Dominikar Errepublikako ikasketa planeko parte da. Beste liburu bat, Cuentos de Camino, Méxicon argitaratu zioten.
Bere ibilbidean zehar sari eta distintzio anitz jaso zituen, narrazio jaialdi eta ekitaldietan parte hartu zuen, eta hitzaldi asko egin zituen Bulgaria, Espainia, Mexiko, Venezuela eta Dominikar Errepublikan, bertzeak bertze.
Iaz Arteaga protagonistetako bat izan zen Century of women (Emakumeen mendea) dokumentalean, mundu guztiko ehun urtetik gorako emakumeei eskainitako lanean, Uli Gaulke zuzendariaren dokumentalean.
Haydée Arteaga: raiz siempre viva. Biografía de una mujer centenaria
1935ean hitzaldi kulturalak haurrentzat egiten
Gurean ere zenbat maisu-maistra ez ote diren aritu antzeko jardunetan, izen batekin edo bertzearekin. Haurrei abestiak, ipuinak, jolasak erakusten. Eta ondoren idazten eta irakurtzen irakasten.
Batzuetan ahantzi egiten zaigu idatzizkoa baino askoz lehenagokoa dela ahozkoa, eta ahozkotik sortu zela idatzia, ahozkoa iraunarazi nahi batetik.
Bistan dena, haurrek gurasoekin eta anaia-arrebekin ikasten dute hizkuntza eta gero lagunekin eta abar. Baina zalantzarik gabe lehen hats hori baitezpadakoa dute, ibilbidean abiatzeko. Hizkuntza biziak ahozkoa eskatzen du.
Ipuinak ere etxeko giroan izan dira, gure usadioan, eta azken urteotan ipuin-kontalari profesionalak ere badira, liburutegietan eta bertze hainbat lekutan aritzen direnak haurrak aho zabalik uzten. Itziar Zubizarreta, Koldo Ameztoy esate baterako.
Horri gehitzen zaizkio txotxongiloekin jarduten direnek egiten dituzten saioak, eta urrats bat aurrerago, antzerkian taularatzen diren lanak edo kalean bertan antzezten direnak. Pailazoak ere hor dira, eta horiek guztiak, ahozko jarduna dute nagusi. Berdin txiste kontalari eta umoregileek ere.
Bakarrizketa edo monologoak ere boladan daude eta jendeak estimatzen ditu.
Ahozkoan hor da, baita ere, jakina, bertsolaritza. Funtsean betikoa, baina hedabideen bidez dimentsio handi bat hartua duena. Xenpelar dokumentazio zentroa aipagarria da.
Eta kantak, hangoak eta hemengoak, alaiak eta tristeak.
Ahozko jardunak jasotzeko bideoak eta grabagailuak ongi baliatu dira lan interesgarri batzuk egiteko. Ahotsak. eus [Euskal Herriko hizketak eta ahozko ondarea] da horietako bat, txit laudagarria. Webgunetik argibidea:
Proiektu honen helburu nagusia da, Euskal Herriko ahozko ondarea eta herri hizkerak katalogatu eta hedatzea; hau da, gure herrietako adineko jendea elkarrizketatu eta euren euskara eta bizipenak jasotzea eta herritarren artean zabaltzea. Proiektuaren oinarriak 2002-2003 urteetan landu ziren, metodologia, baliabideak eta alderdi teknikoa ezarriz. Ondorengo 3 urteetan, 2004-2007 bitartean, bilketa lana hasi zen eta jasotako materiala lantzen hasi ginen. Hortik aurrera, Interneteko webgune hau atontzen jardun dugu. Webgunea 2008ko apirilaren 16an aurkeztu genuen, baina proiektuak aurrera jarraitzen du, etengabe ari baikara materiala biltzen, lantzen eta datu-basea eguneratzen.
Mintzola ahozko lantegia ere hor da.
Mintzola Ahozko Lantegia 2008an sortu zen. Bertsolaritzatik abiatuta, ahozko tradizioaren gaineko hausnarketa eta ahozkotasunari loturiko diziplinen arteko elkarreragina bultzatzea du helburu, gizartearen premia berriekin uztartuz eta, era berean, euren izaera indartuz. Horretarako, bertsolaritzaren ikerketan sakontzen eta, horietan landutako hausnarketak gogoan, euskaraz diharduten beste ahozko kultur sorkuntzetara eta nazioarteko beste kantu inprobisatuetara zubiak eraikitzen dihardu Mintzolak, beste zenbait erakunderekin elkarlanean.
Hala, bere egitekoa hiru ildotan banatzen da:
Xenpelar Dokumentazio Zentroak asebetetzen ditu Ahozko Lantegiaren hiru ildo hauetako dokumentazio beharrak.
Ahoz aho, hor doa errana. Lehenik erran eta gero izkiriatu. Haydée Arteaga, egiguzu lagun, behar zaitugu.