Hasiera »
Iñaki Bastarrikaren bloga - Lazzaretto vecchio
Iñaki Bastarrikaren bloga
Liburuak maite ditut, eta irakurri ahala azpimarratzen ditut eta haiei buruzko iruzkinak egiten. Batzuetan nobedadeak dira, baina beste askotan, liburu lehenagokoak edo erdi ahaztuak. Beste alde batetik kontu zaharrak egunetik egunera gehiago zaizkit atsegin.
Azken bidalketak
- Paradisuaren kanpoko aldeak, Lanbroa, Behinola 2024-04-26
- Umeekin egiteko ibilbideak 2024-04-20
- Artem Ivantsov: bi Iberiak elkartu nahirik 2024-04-14
- Tracce della lingua basca in Sardegna 2024-03-24
- Yehuda Ha-levi tuterar idazlea 2024-03-19
- Arteterapia (I) 2024-03-13
- Jorge Gimenez Bech itzultzailea [1956-2023] 2024-03-06
- Bichta éder 2024-02-27
- Kouroumaren eguzkiak 2024-02-20
- Babilonia 2024-02-09
Iruzkin berriak
- Ane Maiora(e)k Lola Viteri margolaria eta gaurko umeak bidalketan
- Izena *isabel(e)k Isabel Azkarateren kamera magikoa bidalketan
- ROBERTO(e)k Wyoming Handia: “Rupturista nintzen eta hala jarraitzen dut” bidalketan
- Roberto Moso(e)k Ihardukimenduaren teoria chit hordigarria bidalketan
- Juan(e)k Berriz Irigoien bidalketan
Artxiboak
- 2024(e)ko apirila (3)
- 2024(e)ko martxoa (4)
- 2024(e)ko otsaila (4)
- 2024(e)ko urtarrila (4)
- 2023(e)ko abendua (2)
- 2023(e)ko azaroa (2)
- 2023(e)ko urria (5)
- 2023(e)ko iraila (2)
- 2023(e)ko abuztua (1)
- 2023(e)ko uztaila (2)
- 2023(e)ko ekaina (1)
- 2023(e)ko maiatza (1)
- 2023(e)ko otsaila (2)
- 2023(e)ko urtarrila (4)
- 2022(e)ko abendua (4)
- 2022(e)ko azaroa (4)
- 2022(e)ko urria (5)
- 2022(e)ko iraila (5)
- 2022(e)ko abuztua (4)
- 2022(e)ko uztaila (3)
- 2022(e)ko ekaina (4)
- 2022(e)ko maiatza (5)
- 2022(e)ko apirila (4)
- 2022(e)ko martxoa (4)
- 2022(e)ko otsaila (4)
- 2022(e)ko urtarrila (5)
- 2021(e)ko abendua (4)
- 2021(e)ko azaroa (4)
- 2021(e)ko urria (5)
- 2021(e)ko iraila (4)
- 2021(e)ko abuztua (4)
- 2021(e)ko uztaila (4)
- 2021(e)ko ekaina (4)
- 2021(e)ko maiatza (5)
- 2021(e)ko apirila (5)
- 2021(e)ko martxoa (4)
- 2021(e)ko otsaila (5)
- 2021(e)ko urtarrila (5)
- 2020(e)ko abendua (6)
- 2020(e)ko azaroa (7)
- 2020(e)ko urria (7)
- 2020(e)ko iraila (8)
- 2020(e)ko abuztua (6)
- 2020(e)ko uztaila (15)
- 2020(e)ko ekaina (9)
- 2020(e)ko maiatza (9)
- 2020(e)ko apirila (11)
- 2020(e)ko martxoa (14)
Ukrainako margolari batzuk
2022-07-10 // bAst // Iruzkinik ez
Gelena Pavlenko ukrainar margolariaren lana
Aleksander Dubrovskyy
Aleksander Dubrovskyy Gaia: Lila Arbolen Udaberriko Lehertzea
Aleksander Dubrovskyy margolari ukrainar garaikidea
Mendiko erreka txikiak Aleksander Dubrovskyy
Edertasuna edonoiz Aleksander Dubrovskyy
Mendien udaberriko kanta
Ukrainar bizimodua: Mykola Pymonenko-ren artea
Mykola Kornylovyc Pymonenko (1862-1912)
Fanatismoaren biktima Жертва фанатизму c.1899 MK Pymonenko
Ezkontza Kieveko probintzian Mykola Pymonenko
Lore-neska M. Pymonenko
Uzta egiten Ukrainan Mykola Pymonenko
Ibia Mykola Pymonenko
Sublimation Process Nature: Olha Snydanko-ren artea
Azul handia: Olha Snydanko-ren artea
Goiz-argia: Olha Snydanko-ren artea
Ilunabarra: Olha Snydanko-ren artea
Neguko argia: Olha Snydanko-ren artea
Gelena Pavlenko ukrainar margolariaren lana
Vlad Zadvorsky margolari ukrainarraren lana [singulart]
Basotik MK Pymonenko
Mina hartzeko ere
2022-07-03 // bAst // Iruzkinik ez
Mina hartzeko ere
Bai zuk ere
Ondo lo egin, esaten zidan.
Bai zuk ere, erantzuten nion.
Bakarrik geratzen nintzen ilunpean,
baina argi zein lagun premiarik gabe.
Banekien hori ez zela betiko,
betikotuta sentitzen nuen ordea.
Ondo lo egin, esaten zidan.
Bai zuk ere, erantzuten nion.
Hitzezko habia txikia
egiten genuen gauero
eta ederki asko kabitzen ginen.
Lotarakoan
Lotarakoan,
argixe emendau
egiten nuen umetan,
eta jaikitakoan almortzau.
Bebarrun hasten zen atzerria.
Aldi luzea zen arratsaldea,
bizitza oso bat uda,
eta oso urruti zeuden
itzali, gosaldu eta ezkaratza.
Urruti zegoen —ia hiru kilometro!—
Urrategiko ermita beti txuria ere,
urrutiago Azpeitia, Elgoibar, Zumarraga.
Orain dena dago gertu,
beldurgarri gertu
—bai txikia mundu
gero eta txikiago hau!—,
umetako hitz haiexek izan ezik.
Laburregia da arratsalde hau,
laburregia uda osoa
—eta neu naiz batez ere labur,
beldurgarri labur,
gero eta laburrago!—
hitz haien magalera itzultzeko.
Gogoan
Gogoan zaitugu esaten diogu
ahaztuko dugula dakigunari.
Gogoa ez delako ez geure baitako
ez betiko, guk dakigula bederen.
Geure gogoa baino ez gara
baina geure gogoa ere ez gara.
Berdin geure gogoa eginda
zein geure gogoa egin gabe.
Lokazmin
Biltzen dudan goroldioa ere banaiz,
aurreiritzi batzuk ere behar ditut,
zaletasun aizunak, alienazio dosiak.
Ez nazazue eguzki nahi izan,
euri, itsaso, baso, zeru, su, haize.
Lokatza naiz eta lokatza nahi.
Autorretratua
Nagia naizenez,
lana beltz egiten dut
indarrak ahitu arte,
gero alferkerian lasai egoteko.
Errebeldea naizenez,
aginduak oro zuzen
betetzen ditut,
gero lasai desobeditzeko.
Maltzurra naizenez,
ahal bezain zintzo
jokatzen saiatzen naiz,
gero gaiztakerian lasai aritzeko.
Eroa naizenez,
arrazoiaren indarrari
arretaz begiratzen diot,
gero nire zoroa lasai bizitzeko.
Bakartia naizenez,
jendetasunaren arauak
zorrotz errespetatzen ditut,
gero nire baitara lasai egoteko.
Berekoia naizenez,
hurkoa zaintzeko ahalmena
azken tantaraino zukutzen dut,
gero neure burua lasai maitatzeko.
Lasai bizi nahiaren
lasai bizi nahiz,
etenik gabeko dardara
urdurian bizi naiz.
2002ko martxoak 30
Jendeari begira eman dut tarte bat, hiriko aulki batean eserita. Zer urrun denak! Ikuste hutsetik sentitzen ditut arrotz, horretan gogotik saiatuagatik ere inoiz gertuko ezin bihurtuko nituzkeenak. Iruditzen zait inor ez dagoela ni nagoen tokian, inork ez diola munduari nireen antzeko begiez begiratzen. Iruditzen zait ezinezkoa zaidala zinezko haurridetasun berririk sentitzea. Eta posible balitz, beldurgarria litzatekeela.
2003ko abenduak 18
MAITASUNA MENDIAN GORA
Bi urte generaman Lola eta biok elkarrekin, eta oso gustukoa genuen oporretan bidaiatu eta bazterrak ezagutzea. Oporraldi haietako azken eguna genuen, eta bertakoek Maitasuna deitzen zioten mendia igotzeko baliatu nahi izan nuen nik egun hura. Lolak ez zuen oso gogoko izan nire asmoa, ez baitzen oso mendizalea, baina aise etsi zuen esan nionean mendiak bost kilometroko igoera leuna baino ez zuela eskatzen.
Maitasuna mendiaren magalera iritsitakoan jakin genuen gailurrera eramaten zuen kamio estu baina egokia zegoela goraino; aukera genuen, beraz, Maitasuna mendira autoan igotzeko. Zerua goibel zegoela eta hobe genuela autoz igo esan zidan Lolak, baina oinez abiatu ginen hala ere. Autoan igotzea mendiari eta bere izenari irain egitea izango zelako ideia ergela erne zitzaidan barruan, eta tematu egin nintzen.
Kilometro eta erdi inguru ibilia genuelarik, euria hasi zuen, aurretik espero zitekeena baino indar handiagoz hasi ere. Ez oso aspaldi pneumonia baten ondorioz gorriak ikusi zituela ekarri zuen gogora Lolak, abiapuntura jaitsi eta mendira igotzeko autoa hartzeko proposamenari indarra emateko. Nik, ordea, aurrera egin nahi nuen, eta esan nion ez genuela arriskurik, asko jota ere bi orduren buruan hotelean egongo ginela.
Gero eta zakarragoa egin zen eztabaida. Bidearen erdi aldean edo geundela, abiapuntutik nahiz gailurretik bi kilometro eta erdira, Lolak, haserre, behera egitea erabaki zuen. Nik gora jarraitu nuen, lasterka tarte batzuetan, eta ez nuen gero gailurrean ere egonaldi luzerik egin. Ez nengoen lasai, ez nengoen gustura.
Beherakoan, Lolak buelta hartzea erabaki zuen lekura iristear nintzela, neurearen oso antzeko auto bat ikusi nuen behetik gora igotzen. Harri eta zur, neurea zela jabetu nintzen, eta eskuineko aulkian Lola zetorrela. Kolperik handiena txoferra nor zen ikustean hartu nuen hala ere: neu, edo neure guztiz antzeko norbait bestela. Mugitzeko gauza ez nintzela geratu nintzen autoari zein autokoei begira. Lasai eta pozik ziruditen, zoriontsu, eta niregan erreparatu gabe egin zuten aurrera, une labur batez Lolak niri begiratu zidala iruditu zitzaidan arren.
Autoa begien bistatik galdu eta gero ere kostatu zitzaidan erreakzionatzea. Behera egin nuen, baina mantso, ordura arteko presak alde batera utzita. Atzetik, goitik beherako bidean, auto bat zetorrela entzuten nuen bakoitzean, atzera begiratzen nuen, ea nirea zen.
Ibilaldiaren abiapuntura iritsi nintzenean, lehen utzitako leku berean aurkitu nuen autoa, eta barruan Lola zegoen, arropak aldatuta. Irri egin, besarkatu eta musu eman zidan, eta baita barkamena eskatu ere, horren egoskorra izateagatik. Nik esan nion neu nintzela barkamena eskatu beharrean zegoena, nire egoskorkeria askoz ere baldarragoa, gaiztoagoa eta egoistagoa zelako berea baino.
Beste bi urtez ibili ginen elkarrekin Lola eta biok. Haserre nahiz min handirik gabe banandu ginen gero. Berak bezala, nik ere ezagutuak ditut, bai lehendik eta bai harrezkero, maitaide hobeak. Berak bezala, nik ere biziak ditut gu bion artekoa baino amodio sutsuagoak, sendoagoak eta iraunkorragoak. Hala ere, samurtasun handi batek estutzen dit barrua autoan Maitasuna mendian gora zihoan bikote haren irudia gogoratzen dudan aldiro.
2004ko ekainak 8
AUKERAK
Heriotza gurtzea
ez da beldurgarria,
heriotza gurtzea
zilegi da.
Bizitzari lotzeko
modua ere izan daiteke,
bizizalearen aukera
errespetatzen bada.
Bestela ez.
Ezkorrak eta uzkurrak,
itunak eta ilunak,
hitsak eta hutsak
izan arren, itxiak
ezin gara izan.
Gutxiegi dakigu horretarako.
Gutxiegi dakigu beste ezertarako.
2005eko ekainak 30
La vie. Y no la conocí.
2005eko abenduak 29
Liburu dendan, neska-mutil bikotea.
Neskak dendariari:
— Baduzue Todos nacemos vascos liburua?
— Ez dakit —dendariak—. Galdetuko dut. Itxoin pixka bat.
Mutilak neskari:
— ¿Qué te ha dicho?
Raimundo Lanas urretxindor nafarra
2022-06-26 // bAst // Iruzkinik ez
Raimundo Lanas jotaria
Nafarroako Murillo el Fruto herrian jaio zen 1908an Raimundo Lanas Muru jota-kantaria, eta bere ahotsari esker, ospea izan zuen eta ez bere herrialdean bakarrik, baita atzerrian ere. Carmen Bravorekin ezkondu eta familia izan zuen. Gerran pasatako eskasiek eraginda gaixotu eta 31 urterekin zendu zen Fuendejalón herrian (Zaragoza).
Julian Gayarre izan zen Raimundo Lanas-entzat eredu: artzaintza, errementaritza, arte lirikoa eta eszenatokiak. Eta sekula ez zuen hori ahantzi bere lan askotarikoetan jotari urretxindorrak.
La jota navarra tiene
algo misterioso y grande
desde que fue la oración
con que rezaba Gayarre.
Jota nafarrak dauka
misteriotsu ta handitik,
Gayarrek erraten zuen
otoitza izan zenetik.
“Ruiseñor Navarro” [Nafarroako Urretxindorra] goitizena zuen Raimundo Lanas-ek.
Urretxindorra Argazkilaria: Tania Araujo
Liburu honen idazleak: Valeriano Ordóñez Fernandez eta Mª Carmen Castro Rodriguez.
Quisiera volverme hiedra,
Y subir por las paredes,
Y entrar en tu habitación
Por ver el dormir que tienes.
Nahi nuke izan huntza
eta igo horman gora
zure gelan sartu eta
begira nola duzun loa.
https://youtu.be/AvfC8YvBddo
Carmen Bravo-ren hiru argazki.
Carmen Bravori, maiteari, egindako jota:
De las rías de Galicia
con la de Lérez me quedo
porque en su margen nació
la mujer que yo más quiero.
Galiziako itsasadarretan
Lerezkoa dut neurea
haren ertzean jaio baitzen
gehien maite dudan andrea.
Ezequiel Enériz-ek idatzi zituen Raimundok kantatutako jota asko.
Flamarique ahizpek urretxindorraren omenezko jota kantatzen zuten.
Aquella noche de invierno
Fuendejalón guardó luto,
Por el Ruiseñor Navarro
nacido en Murillo el Fruto”.
Neguko gau hartan
Fuendejalon lutoan egon zen
Nafarroako Urretxindorragatik
Murillo el Fruton jaioa baitzen.
Eskertza: Mila esker liburu hau oparitu didan Azkarate-Gorri olitear familiari.
jota2
(hiztegi batua)
Isiltasunaren musika
2022-06-19 // bAst // Iruzkinik ez
Bakearen Nobel sarirako izendatua, Thich Nhat Hanh maisu budista munduko lider espiritual ospetsuenetako bat da. Egileak isiltasunaren boterea aztertzen du eta aholku praktikoak ematen dizkigu, horren bidez zoriontasuna, bakea eta gure bizi-helburua aurkitzen laguntzeko. Hausnarketa sakonak eta ariketa erraz, erabilgarri eta zehatzak uztartzen dituen obra.
Thich Nhat Hanh lider espiritualak erakusten digu isiltasuna, zer sinple hori, ezagutza- eta harmonia-tresna boteretsu bihur daitekeela. Inoiz itzaltzen ez den irrati bat bezala, gure pentsamendua beti hor dago, iraganeko gertaerak birbizitzen edo etorkizunarekiko antsietatea eta beldurra zabaltzen. Baina adimena isildu egin daiteke. Eta, hori egiten duenean, geure barruko ahotsa entzuten hasten gara.
Arnastu, bizirik zaude Thich NH
https://youtu.be/gjsDHVDiomQ [Trinh Cong Son-en musika entzuteko]
Trinh Cong Son kantautorea
Trinh Cong Son (1939-2001) tuoi tre news
Isiltasunaren musika
Musikan «etenaldi» uneak daude. Espazio horiek hor ez baleude, hondamendia izango litzateke. Isiltasun une horiek ez baleude, musika kaotikoa eta zapaltzailea izango litzateke. Lagun batekin isilik esertzen garenean ezer esan gabe, une horiek musikak behar duen notarik eza bezain baliotsuak eta garrantzitsuak dira. Lagunen arteko isiltasuna hitz egitea baino hobea da. Trinh Cong Son 1939an jaio zen mundu guztiak asko maite zuen kantautorea izan zen. “Vietnamgo Bob Dylan” deitzen zioten. Esaten denez, 2001ean hil zenean, milaka pertsona joan ziren bere hiletan izan zen bat-bateko kontzertura. Vietnamgo historiako hiletarik jendetsuena izan zen, Ho Chi Minhen hileta-prozesioaren ondoren. Trinh Cong Son, zaratak ahitu egiten zuen, baita txaloenak ere. Maite zituen une isilak. Idatzi zuen: «Baditut lagun batzuk, eta haien presentzia etenaldi musikalena bezalakoa da. Sosegu, askatasun eta zorion sentsazioa sortzen didate. Haiekin ez dut hutsalkeriez hitz egin beharrik. Haien ondoan egonda, ni neu ere gustura sentitzen naiz». Trinh Cong Son gozatzen ari zen une haietaz, non, lagun batekin eserita ezer egin edo esan beharrik gabe, adiskidetasunaren berotasuna sentitzen baitzuen. Denok behar dugu honelako adiskidetasuna. Plum Villagen asko gustatzen zaigu eserita hausnartzea, batez ere komunitate gisa, familia espiritual gisa. Eserita hausnartzen ari garen bitartean, ez dugu hitz egiten, eta, hala ere, parte-hartzaile askok sentitzen dute hiruzpalau pertsonarekin eserita hausnartzea, bakarrik egitea baino pozgarriagoa dela. Elkarrekin lasai eserita, horrela, besteen presentziak sostengaturik. Abesti klasikoak, antzinako vietnamdar musika tradizionalaren lauteaz lagundurik, lautea jotzeari bat-batean uzten dion emakume baten istorioa kontatzen du. Abestiak dio: «Thu thoi vo thanh thang huu thanh». Thui thoi hitzak «une honetan» esan nahi du. Vo thanhek «soinurik gabea» esan nahi du. Thang hitzak «gailentzea» esan nahi du, eta huu thanh hitzak, «Soinuaren presentzia». Abestiak dio une horretan lautea «soinurik gabea soinuaren gainetik gailentzen da» edo «soinuak isiltasunera darama» entzuteari uzten dionean. Noten arteko tarte hori oso ahaltsua da, oso ahaltsua, eta oso esanguratsua. Edozein soinu baino adierazgarriagoa da. Soinurik gabea soinua baino atseginagoa, sakonagoa izan daiteke. Trinh Cong Son-ek ere gauza bera uste zuen. Nire ikasle estatubatuar batek esan zidan David Sanborn saxofoi jotzaile amerikarrak ere antzeko komentario bat egin zuela elkarrizketa batean. Hank Crawford saxofoi-jotzaileaz eta Miles Davis tronpetista-konpositore ospetsuaz ari zela, honako hau esan zuen: [Hank-ek] badaki, espazio hutsak, interpretatzen duen musika bezain garrantzitsuak direla. Eta Miles Davis jotzen entzuten dudanean, liluratu egiten nau haren sinpletasunak eta bete gabeko espazioen erabilerak».
Trinh Cong Son (1939-2001)
Hezitzaile zoriontsuek mundua alda dezakete
Meditazioa, filosofia, kontzientzia osoa [Thich Nath Hanhekin meditatzen ikasten].
Nork esan du meditazioa eserita egotea dela? Gogoeta egitea, halaber, jaikitzea da, sentipenak arakatzea eta gorputzean eroso sentitzea. Mugitu egin behar dugu!
Thich Nhat Hanhek hamar ariketa proposatzen ditu, gaitasunak probatzeko, nagiak ateratzeko, orekan egoteko, arnasa sasoian dagoen gorputz batentzat eta mugimendu bakoitzari adi dagoen izpiritu jakinguratsu batentzat. Izan ere, presenteko unea bizi eta bakea egiten denean, errazagoa da inguratzen gaituen munduarekin bakean egotea.
Thich Nhat Hanh eskuz izkribatzen. Plumvillage.
Hank Crawford
https://youtu.be/5wjFBBjqSOw [Hank Crawford-en musika entzuteko]
Miles Davis
https://youtu.be/zqNTltOGh5c [Miles Davis-en musika entzuteko]
“Bizirik egonda, edozer daiteke”
bAst2022 [Thich Nhat Hanh-en omenez]
Ida Vitale
2022-06-12 // bAst, Juan Luis Aizpuru Beristain // Iruzkinik ez
Ida Vitale Argazkilaria: Alejandro Prieto
1.
Kilkerrak engainurik gabe
perfumeak sartzen bere orratzean,
gauez ditu altxatzen.
2.
Laino-lastaira batetik
katu zuri batek jauzi
zuhaitz baten adarretara:
Ilargi lagunkoi.
Behelainoan zehar
pasatzen da deitu bat
ez dena hegal urrekaraz betetzen
eta ez dutena
hitz zehazgabeek asetzen.
4.
Zuhaitzak ez du askatzen
hosto bat gustuz.
Badaki beragandik urrun
hosto lehor bertzerik ez dela izanen.
Hirietan,
oilarrak zarpail heltzen dira.
6.
Barraskiloek
larre gainean brodatzen dute
beren luxu-nahia.
Ez dute txoriek arnasten:
haien kantutik arnasten du munduak.
8.
Eta ez du kantatzen jasminak;
haren usain gozoa eresia da
airerantz joan doana.
9.
Hiltzen da heriotza:
Astearen burua
joan-etorria eten da.
joatea, sobratuz.
Ezerezetik ezerezera.
Vestigios (mínimas de aguanieve)
Infinitu hitza
Infinitu hitza infinitua da,
misterio hitza misteriotsua da.
Biak dira infinituak, misteriotsuak.
Silabaz silaba saiatzen zara haiek deitzen
argi batek haien nagusitasuna iragar dezan gabe,
itzal batek adieraz dezan gabe haietatik zer distantziatara
dagoen zu zauden lausoa.
Distiraren punturen batera doaz eta habia egiten dute,
libre uzten dituzunean airean
itxaroz hegal esplikaezin batek
haren hegaldiraino eraman zaitzan.
Duen zaporea baino gehiago al da bizitzaren gustua?
Liturgia errepikatua
Hiri guztietan zehar doa gudulari
doluaren kale ezaguna
zeinaren kolorea -kaioak, beleak-
barrutik kanpora isurtzen baita, zuri, beltz.
Ahotsak entzun litezke musikak
baina gehiago dezake indar beltzak, zuriak,
zuhaitz erreen kalbario batekin,
seinalean esperantza posiblea ezabatu.
Procura de lo imposible (Tropelía)
Aukeratu egiten da
Sarraskitua, odolustua,
amets hainbat puskatan
ebakia, nahi dut,
halere,
bizirik egoteko era hau
eta ez bertze bat;
hiltzeko era hau
eta ez bertze bat;
izu-ikara hau
eta ez gehiago
ohiko loarina.
Norberaren itzal bezala
edo poxpolo sutu bortitz bezala.
Ez dago bertze aukerarik,
ez bertze ezaugarririk.
Ez bertze heriotzarik.
Ez bizitza handiagorik.
Oidor andante (Razón suficiente)
“Libro” poemaren eskuizkribua [Ida Vitale]
Ida Vitale tranvias.uy
Bertze batzuen intimitatearekin bat egiten duen intimitatea da poesia.
katua Argazkilaria: Juan Luis Aizpuru Beristain
Heremakono: hogei urte zorionaren zain
2022-06-05 // bAst // Iruzkinik ez
Abderrahmane Sissako zinema-zuzendari mauritaniarrak “Heremakono: zorionaren zain” izeneko filma egin zuen orain hogei urte, 2002. urtean hain zuzen.
Mamia:
Abdallah egon gabe dago Nouhadhiboun, jada ez da gai jendeak hitz egiten duen hizkuntza hitz egiteko. Nouhadhibou irteera-geltoki bat da, portuan atrakatutako ontzi handiek Europa gotorlekurako bide arriskutsua seinalatzen dute. Abdallah Mauritaniatik Espainiara nola joan bilatzen ari da, hau da, bertze mundu batera nola joan. Bertze bat nola izan.(FILMAFFINITY)
Bamako (2006)
Bamako auzo herrikoi bateko patioan auzitegi bat jarri dute. Afrikako gizarte zibileko ordezkariek nazioarteko finantza-erakundeen aurkako prozesu bat abiarazi dute: Munduko Bankua eta NDF (FMI) auzitan jarriz. Uste dute Afrikaren egoera lazgarriaren erantzulea bi horiek direla. Benetako prozesu honek legelari profesionalak, gizarte zibileko ordezkariak eta aktoreak eszenaratzen ditu.
Patio honetan bizi direnen artean Melé dago, taberna bateko abeslaria, eta bere senarra, Chaka, lanik gabea.
Life on earth (1998) Bizia lurrean
XXI. mendearen bezperan, Abderrahmane Sissako, Frantzian bizi den Mauritaniako zinemagilea, Maliko Sokolo herrixkara itzuliko da bere aitarekin elkartzeko: aita maitea, harritu egingo zara eta kezkatu ere egingo zara nire gutun bat jasotzean. Dena ondo dagoela ziurtatzeko egiten dut. Sokolora itzultzen nauen gauza garrantzitsu bat gertatu da: Sokoloko bizitza filmatzeko gogoa, nire herriko bizitza, eta denetik urruntzeko gogoa, 2000. urtea laster iritsiko dela eta ezer ez dela onerako aldatuko jakinda. Nik baino hobeto dakizu. Sissako herrira iristen da, arropaz aldatzen da, bizikletan ibiltzen da eta kaleetan paseatzen du… (FILMAFFINITY)
Mauritanian jaioa eta Malin hazia, Abderrahmane Sissakok Moskun zinema ikasteko beka bat jaso zuen, eskolan graduatu ondoren. Errusiera ikastera, Rostovera bidali zuten, Don ibaian urtebetez. Moskutik Rostoverako tren-bidaia amaigabean Baribanga ezagutu zuen, hizkuntza eskola berera zihoan ikasle angolarra. Urte hartan, etxetik urrun, bi afrikarrak lagun egin ziren. Ia bi hamarkada geroago, Sissakok Baribanga bilatzea erabaki zuen. Rostov-Luandak bi istorio kontatzen ditu, aspaldian galdutako lagunaren bilaketa, gaur egungo Angolarekin elkartzera garamatzana. Atzera begirako pertsonala ere bada, Mauritaniatik Malira eta gero Sobietar Batasunera egindako bidaia eta bidaiari buruzko filma, eta filmaren helmuga berria, Angola. Filmak herrialde askotako istorioak lantzen ditu, eta haien arteko lotura, kontinente baten nahastea, esperientzia sentsual bihurtzen da, eta Afrikako historiaren zati bat hautematen dugu.
Zortzi film labur, munduaren inguruko zortzi istoriotan oinarrituak. Gaur egungo gizartearen hainbat arazo eta ezuste islatzen dituzten zortzi zuzendari.
Zuzendariak
Jane Campion, Gael García Bernal, Jan Kounen, Mira Nair, Gaspar Noé, Abderrahmane Sissako, Gus Van Sant, Wim Wenders
Abderrahmane Sissako zine-zuzendaria
Biografia
«Film bat egiten dudanean, zalantza egiten dut etengabe, eta batzuetan nabaritzen da. Hala ere, nire barruan, inorekin partekatzen ez dudan uste sendo bat daukat, ezkutuan bezala.»
Abderrahmane Sissako lan humanista eta konprometitu baten egilea da, Iparraldearen eta Hegoaldearen arteko harreman konplexuak eta sufritzen ari den kontinente afrikar baten patua aztertzen dituena. Kulturen eta kontinenteen artean nabigatzen du; Mauritanian jaio zen 1961ean, Malin eman zuen haurtzaroa eta 1983an Sobietar Batasunera joan zen zinema ikastera Moskuko VGIKn. Han egin zituen bere lehen film laburrak: graduko bere filma, Le Jeu (1989), eta bi urte geroago, Octobre (37 ‘ko iraupena), Cannesko Zinemaldian aurkeztua 1993an Un Certain Regarden. 1990eko hamarkadaren hasieran, Abderrahmane Sissako Frantzian kokatu zen. 1998an, Life on Earth (La Vie sur Terre) egin zuen, zuzendarien Hamabostaldian programatua. Heremakono (Waiting for Happiness) 2002an hautatu zuten Un Certain Regard sailean, eta nazioarteko kritikaren saria jaso zuen. 2006an, berriro itzuli zen Cannesera, Bamakorekin, lehiaketatik kanpo aurkeztuta. 2014an, bere azken filmak, Timbuktu, Lehiaketan proiektatua, zirrara handia piztu zuen Zinemaldian, eta atzerriko film onenaren Oscar saria (2015) lortzeko lehian Mauritaniako lehen lana izan zen. Frantzian, zazpi Zesar sari irabazi ditu, zuzendari onenaren eta film onenaren sariak barne.
Susanna Rafart
2022-05-29 // bAst // Iruzkinik ez
Susanna Rafart Corominas 2001eko Carles Riba sariarekin ezagutu zuen jendeak, Pou de glaç liburuagatik. Horren ondoren, Retrat en blanc eta Baies liburukiak eta L’ocell a la cendra (2010), La mà interior (2011) eta La llum constant (2015) trilogia idatzi zituen. En el teu nom (2014), Antoni Rossellek izen bereko diskoan egindako lan musikalarekin batera argitaratu zen.
Generoen mugako idazlea da, eta Un cor grec. Memòria i notes d’un viatge (2006), Les tombes blanques. Contes de la Mediterrània (2008) eta Gaspara i jo. Sobre l’amor. Retrat oval de Gaspara Stampa amb intervencions presents (2011) argitaratu ditu.
Haren atzetik Crisàlide eleberri laburra. Pastoral en Si Menor (2015) eta Dies d’agost. Notes i dies de terres properes (2017) egunerokoa.
2018an La fugida de Urània nobela historikoa argitaratu zuen, eta Quima Jaume saria jaso zuen ibilbide literarioagatik. D’una sola branca liburuarekin, Miquel de Palol 2021 saria irabazi zuen.
Susanna Rafart Coromines idazlea
Premi Miquel de Palol 2021
D’una sola branca [Adar bakarrekoa] lanak, Susanna Rafart poetarena baita, pentsamenduaren eta irudien intentsitatea eta bertsoaren eta poemaren kalitate formala ditu ezaugarri. Poema-liburuak bataren ibilbide metaforikoa aurkezten du, natura basotsu eta hotz batean barrena, heriotza eta oroitzapenak buru dituela.
Esnatzen ari zaren altzifre zaharra
zauritutako beltzean,
gau bat eta bertze bat, zure oinaze izoztuan:
non bota duzu zure zeinuaren aitzurra?,
noiz arte izanen zara isiltasunaren mudantza?
Zure itzala hondatuta,
orain airean irekita dauden fruituak zapaltzen ditut,
bereizten dut berdea, bakardade isila.
Zugatik eta nigatik, txirikorda mikatza izan zen zoria.
La llum constant [argi iraunkorra]
La llum constant liburua denboraz eta galeraz mintzo da. Liburu honekin, Susanna Rafartek L’ocell a la cendre (Labreu, 2010) eta La mà interior (Meteora, 2011) lanek osatutako zikloa amaitu eta hesitu du. John Donne poetaren bertso batetik abiatuta, egileak absolutuaren maitasun-biografia bat marrazten du, non errealitateak bere mugak galtzen dituen, eroriko, ilunpe eta oihuaren hizkuntzarekin elkarrizketa bizia egiteko. Liburu honetako sinboloek San Juan Gurutzeko, Salvador Espriu olerkarien edo Maria-Mercè Marçalen azken liburuen erregistroa hartzen dute.
Cançons de bressol (Sehaska kantak)
Enric Casasses Figueras | Narcís Comadira | Teresa Costa Gramunt | Emmanuel David Mari García | Jordi Valls Pozo | Jordi Pere Cerdà | Núria Albertí Martínez Velasco | Carles Duarte Montserrat | Anna Aguilar-Amat Castillo | Xavier Amorós Solà | Carles Torner |Vinyet Panyella Balcells |Vicenç Llorca Berrocal| Joana Raspall Juanola | Joan Margarit | Pere Rovira | Jordi Guardans Cambó | Josefa Contijoch Pratdesaba | Ricard Creus Marzo | Susanna Rafart | Carme Riera | Gabriel Janer Manila | Dolors Miquel
Cançons de bressol-en laburpena:
Garai guztietako sehaska kanta aukeratuak.
Baliteke sehaska kanten jatorriak ia gizateriarenak bezain urrunak izatea. Eta ez da zaila imajinatzea, duela milaka milioi urte, gure arbasoetako edozein kobazulo batean edo palafito batean, kukubilko, bere haurra kulunkatzen bere soinuen gozotasunarekin, ohartu eta gero, batera, loa deitzeko eta izpiritu txarrak urruntzeko efektibo baino gehiago zirela. Sehaska kanta hauekin, Carme Rierak gure poesia katalanaren historian zehar ibiltzera gonbidatzen gaitu. Ikerketa sakon baten ondorioz, antologia honek sehaska-kanta tradizional eta anonimoen erakusketa zabala biltzen du lehen aldiz, baita autoreek sinatutakoak ere, batzuk oso gazteenak. Bidaia harrigarria eta hunkigarria, gure ahozko tradizioko sehaska kantarik onenak eta, aldi berean, gaurkotuenak aurkituko ditugu, Mirna Vilasís eta Xavi Murcia, Pisto de Colores taldeko kideek interpretatutako abestiekin osatutako CDarekin batera.
La inundació (Uholdea)
Uholdea-k beren mundu hondatua bizi duten hiriko eta landako pertsonaiei buruzko hemeretzi kontakizun biltzen ditu. Barne-bakarrizketa nagusi dela, orri hauetan zehar, existentziari buruzko ikuspegi pragmatiko eta poetikoak agertzen dira.
La fugida d’Urània eleberri historikoa
1888: Erakusketa handia. Bartzelona magoz eta poetaz, harrokeriaz eta miseriaz betetako hiria da; alfonbra lizun baten azpian ezkutatutako miseria-kapazuak. Eugeni Bellavista margolari frustratua Bartzelonara joan da, nahi gabe argazki galantean aritzeko. Hiria kortse perfektua dela konturatuko da, irribarre artean erreprimitzen duela.’ Bere estudiotik Kataluniako burgesiako andereño handiak igaroko dira. Haiek, jakin gabe, Londresko prentsaren irakurleen gozamena izango dira, baina oraindik gai izango da obra noble batean parte hartzeko. Desagerketa eszeniko beldurgarrienetik, Tibidaboko ispilu zahar eta urrunetan bezala, egia sortuko da.
Maskarada handi honetako protagonista guztiak Fructuoso Canónigok, Merlí katalanak eta Misericordia ederrak osatzen duten opera batean txotxongilo gisa dantzatzera bideratuta daude.
Ttitto Aguerre zizelkaria: “Formaren bila noa puska baten barnean delakoan”
2022-05-22 // bAst // Iruzkinik ez
Ttitto Aguerre erran.eus
Beronika Zamora kultura-zaleak bertatik bertara elkarrizketa egin dio Ttitto Aguerre zizelkariari Lazzaretto Vecchio blogerako. Hona hemen emaitza:
Ttitto Aguerren ikustera joan gara Senpereko Aldapa etxera neguko arratsalde euritsu batez. Aldapako sukaldean, berak egindako mahainaren inguruan hartu gaitu; leku hoberik ba ote zen haren zizelkari ibilbideari behako bat emaiteko?
Ttitto, nola sortu zaizu zizelkaritzan aritzeko tirria? Nola hasi zira zizelkatzen?
Etapa desberdinak izan ditut baina momento garrantzitsu bat izan da Aldapa etxea berritu dugun garaia. Lanak bukatu eta bi urte berantago, bazterrera utzi zur bat garbitzeko berriz atera nuen, ateburu bat. Ohartu nintzen izigarri ederra zela. Jadaneko bazituen bi zilo, garbitu eta bertze bi zilo egin nituen. Xutik eman nuen eta zerbait bazuela ohartu nintzen. Momento hortaz oroitzen naiz: garbitzea maisturutzaren luzamena bazen, baina bi zilo egitea eta gero zutik emaitea, bertzerik zen! Ez nintzen baitezpada hortaz ohartu. Horren ondotik, bazterrera utzitako lehenagoko ximine zaharraren zura atera dut. Garbitzen hasi nintzen eta barnekaldetik suak milikatutako halako aho bat bezala bazuela, hots erredura bat bazuela ohartu nintzen. Hain segur pindar batek horra joanik egina zuen eta emeki-emeki forma berezi batean suak jana zuen. Ilar luxe baten forma hartzen zuen. Garbitzearekin sakondu nuen eta sakontzearekin kasik zura pasa nuen. Pasatzearekin, geometrikoki lauki bat bezala egin nuen eta gero nintzen ohartu, xutik eman eta, banituela bi pertsona hor!
Bi pertsona: gizona, emaztea, emaztea, gizona! Orduan mozten ditut eta ilar forma horren xiloari xuxurlaren gunea emaiten diot. Momentu horrek osoki bete ninduen eta izena deplauki etorri zitzaidan: xuxurla.
Xuxurla (haritza eta altzairua) 145 x 28 x 6 cm
Maitagune 1 (lizarra) 182 x 69 x 9 cm
Hor atsematen dut lehen zizelketan etorri zitzaidan emozio berdintsua, ez bazen emozio handiago bat! Momentu hortan deskubritzen dut enetako osoki berria zen zerbait eta ez zena lana, baina ez nuena izendatzen, zizelkatzea! Hor alimaleko zilo bat bezala bazela eta zerbaitek deitzen nauela konprenitzen dut. Orduan intuiziotik haratago joateko gogoa etorri zait. Sakondu nahi dudan mundu bat badela hor ohartzen naiz. Beraz, zizelketari buruz gogoeta batzu eraman ditut. Ezker ta eskuin so egiten hasi naiz, fite ohartzeko ezagunenak zirenak baino haratago eta artisautzaz baino haratago, Euskal Herrian zizelkaritzarekin hartu eman berezi bat badela. Harritzekoa da hain kilometro kadratu guttitan zenbat zizelkari baden!
Orduan artista batzuek inspiratu ote zaituzte?
Hasi naizen momentoan batere! Gero bertze zizelkarien lanari interesatzen hasi naiz, ohartzeko ezjakina nintzela. Ez nuen kasik deusik ezagutzen! Figura bat edo bertze ezagutzen nuen, baina zizelkarien praktikei buruz ez nekien kasik deusik. Mundu arrotz bat zen. Beraz, sakontzeko garaia izan da. Lehenik, zabalago ikusteko dokumentatu naiz, baina ene baitan sakonago ikusteko marraztea garrantzitsua izan da; kontzeptuen lantzea, ideien biltzea, ene ingurumen hurbilak ekartzen ahal zidanaz jabetzea eta hori ber lantzea ahalbideratzen dizulako. Lanketa desberdin horiek badute logika bat; erran nahi du hastapenean hasi banintzen garbitzen jakin gabe nora ari nintzen, hor aldiz marrazten dut egin ahala xuxen, eta materia lantzen hasi aintzin, zeri buruz ari naizen jakiteko. Tartean ez dut erran, baina esperientzia biziki bortitza bizi izan dut. Hastapeneko bi zuren artean, hasi nintzen enbor bat lantzen ideia finkorik gabe eta katastrofe bat izan da! Landu dut baina ez nekien nora iritsi eta ez nekien bukatua zenez ere! Momentu batez gelditu naiz, baina ez zuen itxurarik! Ez dut batere lehen bi zurekin ukan dudan bibrazio bera izan baizik eta kontrarioa sentitu nuen! Haatik, biziki formagarria izan da. Horrek bidea markatu dit eta egoera katastrofiko hortara ez berriz erortzeko ditut marrazkiak egin. Hor pasa dira bortz urte: marrazten eta marrazten, dokumentatzen, baina sustut marrazten aritu naiz. Emeki-emeki gorpuzten joan da eta enetako nahiko koherentzia izan dudalarik, materien ikerketara pasa naiz. Hola joan naiz osatzen eta materien esperimentatzen lehenik. Gero, marrazkiak eta materiak gurutzatu ditut eta azkenik obrak bukatu ditut. Hor 5 -10 -15, kasik 80 bat obra segidan ekoizten joan naiz.
Zohardi III (alabastroa) 24 x 21 x 8 cm
Garapen bat izan duzu materiaren lanketan? Lehenik zura, gero burdina edo denak batera landu dituzu?
Paraleloki materia ezberdinak landu ditut. Baina halere, kasik hierarkia bat badela erran nezake. Zuretik abiatu naiz. Ez naiz enborretatik abiatu baina zuretatik, jadanik erabilia izan den zuretik abiatu naiz, eta haritzaren kasuan ahalaz zur zaharretik, ederrago atsemaiten baitut! Bakoitzaren mamia ikusteko, zur zaharretan estimatu ditut: haritza, gaztaina, akazia, zurzuria, irroko, platana, ezkia eta hainbat zur. Ez dut erranen burdina edo altzairua zuraren luzamena dela baina ondotik landu dut. Momentu batean ohartu naiz sail batetako lau obretarik hiru lehenak haritzez egin nituela eta azkena altzairuz, indar gehiagoren bila joan nahi banu bezala. Hori esperimentatu dut hiruzpalau sailetan. Gero burdinkien munduan sartu naiz. Hor altzairua, inox edo herdoilezina, aluminioa, kobrea, denak esperimentatu ditut bakoitzaren nortasuna ikusteko. Ondotik alabastroa eta papera heldu dira. Materien ikertzen ari nintzela, konzeptuak ere landu ditut eta hor argia ikertzen joan naiz. Ber zura emaiten baduzu argi elegante baten besopean edo iguzkipean edo sukaldeko argipean ohartu naiz ez dela batere ber gauza ateratzen! Beraz, argia ikertu dut eta argia aise gehiago bizi da alabastroaren baitan edo alabastroaren bitartez. Argiak du bolumena egiten, ez baduzu argirik bolumena ez duzu ikusten edo ez duzu bertzela ikusten. Zizelkatzea formaz haratago joaitea baita, beraz, bertze zerbaiten ikustera joaiteko argia duzu kasik bidelagunik hoberena. Horrek ekarri nau alabastroaren ikertzera.
Eta papera, materia bezala lantzen duzu?
Bai, eskuz eginiko paperak argia harrapatzen duelako papera landu dut.
Papera eskuz egiten zuen norbaiten ikustera joan nintzen jakiteko nola egiten zen. Materiaren ikertzea ez da bakarrik so egitea baina bere izaiteko moldea konprenitzea da. Beraz, esperimentatzean: egin, zilatu,… baina bereziki nola portatzen den eta zer dizun eskaintzekoa ororen buru begiratzen duzu. Burdinkiak, barnean nola eginak diren konprenitu behar duzu, gero dirdirarazteko edo aire lanbrotsu bat utzi nahi badiozu. Ororen buruko emaitza ahalik eta hobekien irudikatzeko zer dizun eskaintzeko behar duzu jakin. Gero ohartzen zira materia bakoitzak badituela aplikapen desberdinak. Zizelketa bera egiten ahal duzula zurez, altzairuz, ala alabastroz ohartzen zaren bezala baina ez dira batere ber mezuak pasarazten. Zizelkatzea da, neretako osagai guzi horien artean lotura egitea eta ene aztaparraren finkatzea. Erran nahi baitu, bata bertzearen gibeletik heldu diren erabaki askoren emaitza da zizelketa bakoitza. Zizelkatzea da erabakitzea zer egin, zer ez. Eta ene kasuan materia kentzea da. Erran nahi du forma egiten dudala, formaren bila noa puska baten barnean delakoan. Beraz, bazter guziak behar ditut kendu! Hori da, nik zizelkatzen dut materia kenduz.
Bertze materiarik lantzen ote duzu? Harria adibidez?
Eskupean dudanarekin egiten dut eta interesa pizten didanarekin! Adibidez, Larrungo harriarekin, ez dut tirarik, tresneria berezia behar delakoan. Baina ikerkuntza desberdinetan bazen mineralogiaren ikerkuntza. Hor ohartu nintzen forma guziak jadanik naturan direla eta forma geometriko harrigarrienak barne. Adibidez, pirritak harriaren barnean ohatzen direla konturatzea, harrigarria da! Hori ezagutu dudalarik, bederen oren erdi bat eman dut erraiteko «nola posible ote da?». Ez da zizezelkariaren esku sartzerik hor eta gero zure buruan mila galdera pasatzen dituzu: «nolaz da posible? Presioa? Beroa?…». Baina zerbait sutan emaiten duzularik ez du kubo bat egiten! Enigma horren konprenitzeko, partez bakarrik oren erdi bat segurrik joan zait, ondoko egunetan bertze galdera batzu sorraraziz. Beraz, geologian adituak eta pasionatuak diren batzuen ikustera joan naiz. Ezustean, desmartxa guzi horiek dira zizelkatzea ere. Ez da bakarrik tresna batekin, edo zizelarekin «tanka-tanka» ari zaren momentua!
Eta obra bat nola sortzen da zure buruan? Materia esperimentatzen duzu, galderak pausa arazten dizkizu eta ondotik zein da, argia ikusi arte obra batek egiten duen bidea edo bidaia?
Marrazten dut, marraztea baita enetako buruan dudana konfrontatzeko manera bat: ea buruan ikusten dudana paperean eman eta hori denez. Paperean pasatzen ahal ditut asteak, ez bada urteak gauza ttipi batzuen aldatzen eta aldatzen baldin baditut, nere buruan ez dudalakoan argi da. Hor bukatua delarik, erran nahi baitu buruan argi dudala zer izango dudan, zer neurritan, zer tresna erabiliko dudan, zer materialekin eginen dudan,…Orduan naiz materialera pasatzen, orduan naiz hasten.
Mugarri A-I (haritza) 23 x 19 x 7,5 cm
Hortako ikusten duguna azken etapa da?
Hortako, idazle edo bertzek erdizka baizik ez naute sinetsi erraiten diedalarik tailerrera noalarik obra exekutatzeko dela. Buruan dudana ateratzen dut, horra!
Hor ez zara gehiago intuitiboki ari hastapenean bezala; biziki pentsatua da, biziki landua da…
Osoki. Orduan zer da? Dena menperatzeko nahia? Hain segur, partez bederen… Baina hola egitea zentzu ematea da, eta edozein gisaz ez duzu dena menperatzen. Baina ikasi izan dut eginaren eginaz, pentsatuak ez nituen elementu horien barneratzen eta ene egiten. Nik nahi diodan ebakiera zuzen egiteko haritzaren zaina, ez dela behar den zentzura joaiten, baina «negoziatzen» dut! Zentzu hortan erraiten ahal da materiak ere baimentzen didala egin nahi dudana. Berak dit baimena emaiten. Batzutan entseatu naiz, baina ez du balio, zerbait hausten duzu. Hori bizi izan dut esperimentazio garaian. Esperimentatzen dudalarik, erran nahi baita ikusi, moztu, trebeska moztu, maxinarekin, segarekin, «tronzoneusarekin», bertzelako tresnekin,… ikusten duzu nola bizi den. Gero, obren egiten hasten naizelarik, ustegabe guzi hoiek gainditzeko gai izanen naizela erran nahi du. Gertatzen da, adibidez, itxuraz kanpotik izigarri ederra atsemaiten dudan zur bat eta barnean ikusi ez nuen adabegi bat baduela! Negoziatzen da eta uzten diozu berea duelakoan! Ez da perfekziorik! Hori hartzen eta ororen buru indar bihurtzen ikasten da. Plazerra galdu gabe! Beti hor hari bat bada, plazerra!
Aiako Harria (altzairua) 49 x 104 cm
Bistan dena, ez bazenu plazerrik ez zenuke eginen, erraiten da «gustuko tokian aldaparik ez!»…
Egun guziz lan egiten dut eta seguraski ohartu gabe, gau guziz ametsetan ere!
Momentu batez obra guzi horien partekatzeko nahia izan duzula pentsatzen dut eta erakusketak egin dituzu. Ba ote da zure ibilbidea markatu duen erakusketa bat?
Bai, 2015ean hasi nintzen lehen erakusketa egiten. Justuki lanketa desberdin horiek egin ditudalarik, ororen buru 60-70-80 obra banituen eta partekatzeko nahia banuen. Momento batean senditzen duzulako erakutsi behar duzula egin duzuna, baina jendearen begiradaz ere ez duzu beldur izan behar.
Eta jendearen interpretazioetaz…
Bai, beren sentipenetaz jabetzeko gogoaz… Beraz, hori nahi izan dut momentu batean egin ahala untsa antolatu. Lanketetan ohartu nintzen ene obra guziek eta obra sail guziek logika bati erantzuten zutela. Hau da ideograma huni: «Distantzian» , «Egunsentian», «Sartzebidean», «Barnean». Obra guziek ideograma huntan badute oinarria eta hortaz eginaren eginaz ohartu naiz. Egin ahala gauzen esplikatzeko ideograma hori gero sortu dut. Beraz, erakusteko gogoa eta erakusketak ideograma hunen arabera muntatzeko ideia etorri zait.
Egunsenti III (alabastroa) 30 x 23 x 8 cm
Lehen erakusketa batean erakutsi nahi nuen zer den distantzian izaitea, eta hainbat obra sekuentzia huni lotu nituen. Hori izan zen Donibane Garazin. Ondotik, «Egunsentian» edo «Sartzebidean», bi sekuentzia hoiei lotu nizkien hainbat obra erakutsi nituen Angelun; eta azkenik, «Barnean»-ekin, hainbat obra erakutsi nituen, Senpereko Larraldean. Eta irringarria da: Uharte Garazin sortua naiz, Donibane Garazin erakutsi nuen; Angelutik pasatu, arrazoi ezberdinendako, adibidez, gaztetan oroit naiz pilotan ari izanik Angelun; eta azkenik Senperen bizi naiz eta Senpereko Larraldean erakusketa egin nuen! Kointzidentzia bat baizik ez da, baina hasteko istorio horren kondatzea, nere buruarentzat baizik ez bada, gustuko zait! Ondotik bertze erakusketa batzuk muntatu ditut eta denbora berean ekoizten segitzen nuen. Izan dira Zumaia, Ordizia, Donostia; gero Saint Junien, eta La Baule. Azkenik egin dutana eta gehienik markatu nauen erakusketa, 2019an Senpereko Larreko kultur gunekoa izan da. Hor 110 obra pasa erakutsi ditut, 500 metro karratutan, nik nahi bezala, behar den espazioan, behar den argiarekin eta bertze artisten laguntza galdeturik. Hori da inbeztizamendu pertsonal gehiena eskatu didan erakusketa edo erakusketak eskatu dit edo nik eskaini diot. Nere burua eskaini dut eta ez da sinple hori…
Milesker, Ttitto, gurekin solasean iragan momentu horrentzat!
Ttitto Aguerre Argazkilaria: Izaskun Urbieta (urola-kostako hitza)
Ilargipe I (alabastroa) 24 x 35 x 16, 5 cm
Ilargipe (papera) 38 x 50 cm
Zutarri II (altzairua) 110 x 35 x 17,5 cm
Arancha Nogueira-ren loratzea
2022-05-15 // bAst // Iruzkinik ez
Antese (loratzea), Arancha Nogueira, Premio Victoriano Taibo 2021.
Antese argitaratu da, Arancha Nogueirarena, 2021eko Victoriano Taibo saria irabazi zuen poesia liburua.
Dente de leite idatzi zuenaren lan berri honek bi emakume, ama eta alaba bat, eta leku bat, lorategia, ditu ardatz. Hazkuntza da, idazten duen poetak eta landareek berdina dutena. Arrain bat ere badute. Eguneroko egoeretatik abiatuta, hizkuntza kolokialean eta euskarri digitalen, musikaren eta irudien ebokazioaren sinboloetan oinarritutako poetika batekin, Arancha Nogueirak bizitzaren gertaera nagusia aurkezten du: askatasunerako sarbidea.
Natura lorategi gisa eta poesia hizkuntzaren laborantza-ideiaren arteko paralelismoa; metafora, hemen berritua, lehertze askatzaile gisa kimatzearena, artea askapen bide gisa, dira poema bilduma honi lore baten arintasuna eta sakontasuna ematen dioten gaietako batzuk. Poeta eguneroko hondamendien artean hazten da, lorategiak ezusteko klima aprobetxatzen duen modu berean, urtaro bakoitzean forma bat, bere izaeraren aldakuntza, ñabardura, kolorea, usain ezberdina hartzeko. Basamortua zegoen tokian, lorategia nola lantzen den agertzen duen poema liburua da Antese.
Arancha Nogueira (Ourense, 1989) Andar descalza (Francisco Añón saria 2013), O único lugar donde ficar inmóbil (2018), #hashtags para un espacio / confinamento agónico (2019) eta Dente de leite (Johán saria) poesia-lanen egilea da. Carballeira 2019).
Antese (real academia galega-ren hiztegia)
substantivo feminino
1 Botánica Acto de abrirse a flor.
A planta require coidados especiais durante a antese.
2 por extensión Floración A falta de calor atrasa a antese.
Rosalía de Castro. Escolma poética. [Poema aukeratuak]
Egilea: Rosalía de Castro
Irudiak: Belén Padrón
Sinopsia: Belén Padrónek olerki bakoitzari forma eta kolorea ematen dio, bere ilustrazioetan iruditeria ‘Rosaliarra’ duen ikuspegia jasoz. Eduki ametsezko eta sinbolikoa duten irudiak, maitasunik eza, irrika, paisaiaren edertasuna, landa-bizitza, injustizia soziala, nostalgia, barne ezinegona…
Darlles voz ás cigarreiras. Emakume zigarrogileei ahotsa ematea. Horixe pentsatu izan behar zuen Emilia Pardo Bazánek. Eman iezaiezu ahots zuzena, ez hitz egin haiei buruz edo haien alde, baizik eta utzi hitz egiten euren kabuz. Oraingoan ezin izan dugu Tabako Fabrikara –gaur egun Probintzia Auzitegia– joan, baina haiekin hitz egiteko toki bat bilatu dugu. Hala, Pilar, Cani, Lolecha, Mariceli, Rosi, Elena, Camocha, Matucha, Elvira eta Rosalíarekin solasean egondako orduetan ikusi ahal izan genuen nola, A Palloza itxi eta ia 20 urte igaro direnean, gogoratzea emozioz egiten duten: tailer ezberdinetatik igarotzea, nagusiekiko harremanak, lantegietako festak, lana eta familia uztartzeko zailtasunak… eta, batez ere, azken egunetako mina eta tristura, zigarrogile izandako azken egunetan.
Ricardo Gurriarán (argazkia: Sandra Alonso)
Florencio Delgado Gurriarán. Vida e obra dun poeta valdeorrés, republicano e galeguista (llimiar de Xesús Alonso Montero)
Galaxia, Vigo, 416 orrialde, 2022.
Iazko abuztuan, Florencio Delgado Gurriaránengan interesgarrienak zitzaizkidan jakingaiei buruz, batzorde batek eskatuta, artikulu bat argitaratu nuen eta bertan ohartu nintzen, biografia eta lanaren zabalkunderako duen garrantziaz. (…) Monografia honek, bestalde, lehen edizioko edukiak, akatsak zuzenduta eta espazioen banaketa ezberdin batekin aurkezteaz gain, testuaren amaierako eranskin grafikoa dakar eta orain Galaxiaren webgunean jarritako eranskin dokumentalak, eta kapitulu bakoitzaren amaierako oharrak.Nabarmentzekoa da, halaber, Xesús Alonso Monteroren hitzaurre interesgarri bat sartu izana. (…). Liburu honen lehen edizioa iritsi zenean, logikoa zen monografia honekin are gehiago ikastea, eta orain, hogeita bi urte geroago, berriro iritsi da, Delgado Gurriaránen zer-nolakoa argitzen jarraitzeko asmoz.
Xesús Alonso Monteroren hitzaurrea Florencio Delgado Gurriaránen ibilbide poetiko hasiberria (Córgomo, Vilamartín de Valdeorras, 1903-VIII-23 – Fair Oaks, Kalifornia, 1987-V-14) Gerra Zibilak eta sutsu aldeztu zuen askatasuna mozteak eten zuten. “Jokatu nuen, galdu nuen, isildu nintzen eta joan nintzen”. Alde egin zuen, baina ez zen isildu. Armada errepublikanoan sartu eta Frantzian lan garrantzitsua egin ondoren, erbesteratutako milaka galiziarren patua konpontzen lagundu ondoren, Mexikoko erbesterako bidea hartu zuen, non ez zen zailtasunen faltan izan, eta askatasunarekiko eta frankismoaren aurkako borrokarako konpromisoa berregin zuen. Jarrera koherentea mantendu zuen, eta, ez zen bere sorterrira itzuli, harik eta burua makurtu gabe etorri ahal izan zuen arte. Florencio Delgado Gurriarán. Ricardo Gurriarán Valdeorraseko poeta errepublikano eta galegista baten bizitza eta obra lanak gure poetaren bizitza eta obraren ibilbide zehatza eskaintzen digu, kalitate literarioa eta defentsa ideologikoa erakutsiz gainera. Valdeorrasko poeta moderno eta kosmopolita baten bizitzaren sintesia da.
Florencio Delgado Gurriarán
Murala: Córgomo, Vilamartín de Valdeorras, [ Anxo Baranga-ren lana]
Muralaren xehetasuna (F-Delgado Gurriarán)
Vermut poetikoa
Rodrivico aprende a voar [Rodribicok hegan ikasten du]
Rodribico txori txiki bat da, indartsua izatea eta mota guztietako abenturak bizitzea gustatzen zaiona. Rodribico zuhaitz erraldoi batean bizi da, adar handiko batean, eta bere habian txori batek izan ditzakeen erosotasun guztiak ditu.
Sami Tchak togoar idazlearen izarrak
2022-05-08 // bAst // Iruzkinik ez
bAst 2o21
Izarrak suzkoak dira
eta gure hegalak lastozkoak
baina, Linguère
hegalda gaitezen
zazpigarren izarreraino
hark hartuko gaitu
bere halo gozoan
edo suntsituko gaitu.
Beharbada hark
nahiko du baita ere,
nik bezala,
entzun zure iturriaren kanta
han behean, zure zilborpean.
Bidaia ederra da
arriskuz betea.
Beraz, goazemazue zazpigarren izarreraino,
halo leun edo su bizi.
Zure kamisoia izanen da
gure maindirea
edo gure hil-oihala.
Abia gaitezen, Linguère!
(Begiratzen zaitut
eta pentsatzen dut bizitzan,
txori hauskor horretan
zeru amaigabearen haize guztiei aitzi.)
Txolarreen hegaldia iduri,
(¡Oh zure adatsa!)
bultzaturik
aldeko haizeek
haize minek
(Zure adatsa!)
bizitza orok ihes dagi
ostertzean aurkitzeko
Izar beltza,
Argi Handiaren Begi itxia.
(Zure adatsa!)
Anker, bizitza,
baina zein paisaia ederra,
txingar gaineko bidea barne.
¡Oh zure adatsa!
Basamortuko palmera baten pean
hondar duna zabal baten gainean,
eguzkiak intzentsu eskutada bat erretzen du
gure zentzumenentzat.
Badakizu?
Zuk badakizu:
Jainkoa,
alhinna irudizko bere eskuarekin
zure adatsean galdu da.
Ez ezazu itzal zure lotsarekin.
Ilargia, bera,
su izoztuaren aingeru,
ari da prestatzen bere pintzel zurrun irazekia.
Beraz, ager zaitez!
Heldu da unea,
obra galkorrarentzat,
betikotasunaren aldaketan dantzatzekoa.
Ea, erakuts zure adatsa.
Sami Tchak
Oharra: «Linguère» Senegalgo hiri bat da, baina, historikoki, Senegalgo zenbait erresumatan printzearen edo erregearen arrebari ematen zitzaion tituluarekin du zerikusia. Horien artean, adibidez, Sérèreko erresuma, Léopold Sédar Senghor-en herria. Togoko poetak hemen Linguère hitza erabiltzen du printzesa gisa emakume senegaldar bati buruz ari dela adierazteko. Poema klasikoen antzera ere irakur daiteke, izen propio baten erabilera gisa.
2
Ilunbistako jantzi ederra erakutsiz,
eguna urruntzen da,
neka-neka egina bidaia luzearen ondoren.
Nik, hegazti barkati,
hegaz egiten dut goizalbatik
eta ez dakit non utzi bertsoak,
bien bitartean
gauak desegin egiten ditu gauzen inguru-ertzak.
Hotz egiten du
ene bihotzak ez luke jasanen gehiago
oraindik ere luzaro itxaron behar balu
airean zehar noraezean.
Mesedez, Linguère,
ireki iezadazu zure habia.
Eskain iezaiezu zure ahotsa ene orduei
hazten baitira ene denbora hauskorarren
lorategian.
Ez nago zure egoitzatik hain urrun.
Ene otoitza zure eskura dago
baina zure isiltasuna izotzezko murru bat da.
Entzunarazi zaidazu zure ahotsa…
3
[…]
Guztia doa oso bizkor,
2666 gure etorkizunaren iragana da jadanik,
bukatuko dugu
hauts eginak
maitasun hilen galaxian.
Zer axola du!
Gaur bere ateak zabaltzen dizkigu
une bedeinkatuaren jauregirantz
non zuztarra beheratzen den,
mezuz betea,
lur emankorraren barne belarrira.
Jaso ezazu zuztarraren mezu beroa
eta eramanen dituzu loreak,
ondoren fruituak,
sortzen den urtearenak,
iragan urrunaren apurra,
2666 bezala
irentsia gu baino askoz lehenago
denboraren goseak
itxuraz geldi denak.
[…]
4
Zuhaitz zahar baten adarren gain
pausatu zen txori gaztea.
Zuhaitz zahar baten adarretan,
txori gazte batek bere había egin zuen.
Zer erraten dio zuhaitz zaharrak txoriari?
Zer erraten dio txori gazteak zuhaitzari?
Loturen misterioa, adinetatik haratago.
Makurtzen naiz zure itzalaren pean,
ene hatsak koloreztatzen du neure nota barnenekoekin.
Zatoz, joan gaitezen,
zatoz,
landara,
zatoz ikustera lurraren ernamuin gazteak
mila uzten oroitza dakarrena.
Zatoz!
Zatoz joango baikara ikustera
gariaren ernamuinak
haren gaztaro berdea,
zatoz!
Zatoz joango baikara ikustera
mustardaren lore horiak.
Ernamuin gazteak,
loreak,
Zimelduko diren promesak
helduaro bidean.
Zatoz!
Zatoz, Linguère!
Zatoz!
Heriotzak zeharka begiratzen dio edertasunari.
Zatoz!
Abestuko dizut
nire bihotzaren isilera arte.
5
Isilik sartzen zara,
itxaroten baituzu
ene desira irazekia
sutegiko sutatik aterea
isilik sartzen zara,
Linguère,
baina, entzun ene kanta.
Isilik sartzen zara.
Egun berri bat sortzen ari da,
eta haren aurpegian,
idazten dut, aski ozen oihukatzen ez dudana:
zure izena.
(Zure adatsean biziko naiz
zure garuneko izar melodiatsuak entzuteko.
Bainatuko naiz eta ez behin bakarrik
zuk daramazun errekan.
Eskain iezadazu zure ertz irristakorra.
Edanen dut zure uhain gazietatik.
Sartuko naiz zure tenpluan
gure betikotasuna idazteko.)
Linguère,
burua jarriko duzun burukoaren gainean,
lore bat utzi dut,
errotzeko
zure adats zetatsuaren oinetara jaitsiko den
haziaren promesa.
(Joango gara sutegira,
joango gara jatorrizko sutara
Linguère, magal honetan,
eramanen duzu,
burdina bezain gogor,
gure batze intimoaren printzea.)
Lerro zuzen lodi bat naiz
zure irribarre hezera herrestan doana,
orrialde emankor zeinaren gain
askatuko dudan errima eranskor bat
non,
ikusezin,
igeri egiten duen printzearen hasteak
gure erreinuan errege izanen denarenak.
(Zure bularretik datorren esnea
zure espiritutik dator.
Elika nazazu zure espirituaren esnearekin,
emadazu bada zure bularra.)
Ireki ezazu zure ikuspegia
gure etorkizuna zure sabelean hartzeko.
Printze, zure mihia nigan sartua, heltzen naiz poemaren ertzera, haurdun zure lirismoaz eta isolatu behar dut ene burua, irits dezadan eguna, mundura ekarriko dudana, eraiki dugun edertasuna. Heldu da haurdunaldia. Bizi ezazu eta pentsa ezazu neurekin. Ni poematik aterako naiz. Baina, itzuliko naiz gure printzearekin, egiazkoarekin, gure erreinuaren oinordearekin. Niri dagokit azken bertsoak erratea:
“Begira,
begira ene aldakak,
beharbada azken aldiz.
Eta gure amets gozoen gain,
beilatuko du heriotzak,
betikotasunaren alaba bakarrak.”
Argazkilaria: Marc Zaorski
Nazioa: Togo
Jaioterria: Bowounda, 1960
Bizitza:
Sami Tchak, Sadamba TCHA-KOURAren goitizena da.
1983an Lomeko Unibertsitatean lizentziatu ondoren, hiru urtez irakasle izan zen institutu batean. 1986an iritsi zen Frantziara soziologia ikasketak egitera. Sorbonan (Paris V) doktoratu zen 1993an.
Soziologo gisa egiten dituen jardueren baitan, Kubara eramango du halabeharrak 1996an, prostituzioari buruzko zazpi hilabetetako ikerketan. Kubako Prostituzioa. Komunismoa, amarruak eta pasadizoak idatziko du. (Eduardo Manet idazle kubatarrak idatzia). Mexikoren eta Kolonbiaren aurkikuntzak eragin handia izango du. Espazio hauek eta munduari eman dizkioten idazle handiek bide berriak irekitzen dizkiote.
Hainbat sari jaso ditu.
Egileak berak bere lanari buruz ematen duen azalpenera joko dugu, bere eleberri guztien argumentu-laburpen bat egiteko: Femme infidèle-k Lomeko (Togo) musulman pobreen arteko poligamia salatzen du, Place des Fêtesek etorkin afrikarren eta Frantziako arrazakeriaren auzia jorratzen du; Herminak bere zalantzei aurre egiten dien idazle bat eszenaratzen du; La fête des masques liburuak, bere sexu-identitatearekin zerikusia duten arazo batzuetatik abiatuta, izenik gabeko herrialde bateko botere ustelaren bastidoreak arrastatzen dituen gizon bati buruz hitz egiten du; Le paradis des chiots liburuak Bogotako auzo nahiko pobre eta bortitz bateko kaleetako haur batzuei ahotsa ematen die; Filles de Mexicok, besteak beste, Mexikoko eta Kolonbiako beltzen gaiari heltzen die; Al Capone le Malien liburuak, berriz, Maliko herrietara joateko aukera ematen digu. Nahiko eskematikoki esango nuke Al Capone le Malienek bidaia bat proposatzen duela Afrika beltzaren bihotzera, Maliko inperioaren historia loriatsutik gaur egungo iruzurgile handietaraino, horien artean Donatien Koagne kamerundar ospetsua dagoelarik.
Guztiaren eta Ia Ezerezaren kontinentea, azken lana
***
Frantzia zurien herrialdea da -ekin zion-, zuriak nonahitik datozela, Italia, Espainia, Portugal, Polonia, Hungaria, Errusia, Grezia, kaukasiarrak edo juduak izan, azkenean etorki berekoak izaten bukatzen dute, ez bakarrik haien integrazioa errazten duelako, nik hurbiltasun zibilizaziozko sekularra deituko niokeenak, baizik eta, batez ere, zuriak direlako, abizen frantsestuak izan ala ez.
***
Sinetsidazu, ez zarete benetako frantses eta frantsesak izango, harik eta zuen odola nondik datorren ahazten ez duzuen arte. Zuek hemengoak zarete, eta herri hau zuena da, eta ez duzue merezi izan behar, baina izan zaitezte haren duin. Herrialde hau zuena da, harrotasunez daramazue zuen baitan, baina zuen jatorria, zuen gurasoena bederen, aberastasun bat da zeuentzat eta zeuen herriarentzat, Frantziarentzat.
Al Capone maliarra eleberria
“Printzeak bidea egin zuen Binetou Fallerantz joateko dantzarien artean. Eskua sorbaldan jarri zion. Irribarre egin zuen. Emakumeak oihuka ari ziren. Harridurarako, Edmond VI.a bere gorentasunak unibertsoa irensteko zorian balego bezala zabaldu zuen ahoa aurrena, eta Binetou Fallen buru gainetik putz egin zuen zaratatsu. Ikusi dut. Uso zuri bat atera da gizon urreztatuaren ahotik Binetou Fallen orrazkeran pausatzera. Kargudun guztiak zutitu egin dira, begiak zabal-zabalik.”
Ginea eta Maliren arteko mugan erreportajea egitera etorrita, René Bamakoko luxuzko hotel batean harrapatuta geratu da. Ikuspegi tradizionaletik urrun, frantsesak beste Afrika bat aurkitzen du: ustelkeria, ohitura-arazoak eta hilketa odoltsuak… Luxuaren eta lizunkeriaren unibertso horrek liluraturik, eta Edmond VII.a izengoitiz Al Capone printze bitxiak liluraturik, René abentura zoro batean murgiltzen da, non sexua, dirua eta estatu-sekreturik handienak nahasirik daudela baitirudi.
Bere ahots bereziarekin, Sami Tchak-ek Afrika bat margotzen du, poesia, indarkeria, krudelkeria eta sentsualitatea nahasiz.
Togoko ehungintza foto: andrew moore
Sami Tchak-ek filosofia ikasi zuen Lomeko unibertsitatean
Ikasleak Lomeko campusean, covid-en aurkako babesarekin.