Hasiera batean lan afera zelakoan nengoen. Izan ere, irakasle batzuek
galdu dute eurei zegokien lanpostua behar bezalako prestakuntza ez zutelako.
Dena den, euskara tarteko egonik, afera hau guztiz politizatu dute irakasleek
eurek eta eurak babesten dutenek. Horregatik, ekarri dut hona, gogoeta
interesgarriak jaurti dituztelako han-hemenka hezkuntza elebidunari buruz.
Lehenik eta
behin, gogoeta orokorra egin nahi dut honen inguruan eta geroxeago artikuluak
iruzkinduko ditut. Has gaitezen, bada.
Euskal Herrian
hezkuntza elebidunak erro politikoak dituela ezin uka. Erro horiek behin eta
berriro agertu dira auzi honetan. Euskal hiztun komunitateak ez du jakin izan
hezkuntza horren aurkakoen argudioak deuseztatzen. Betiko topikoak erabili
ditugu: euskara da gure hizkuntza, denok jakin behar dugu, eskolak
euskaldundu behar du, … Horrekin guztiarekin ados egonda ere, aurrerapausoak
ere egin genitzake. Zergatik euskaldundu behar du eskolak? Espainiatik
etorritako etorkinentzat euskara ez da euren hizkuntza, ezta? Oso diskurtso
pobrea darabilgu, errepikatzearen poderioz higatua dagoena.
Sektore politiko
jakin batzuetatik etorri den iritzi-oldeari gure “inteligentsiak” nola edo
hala eman dio erantzun, eskubideak, legeak eta abar aipatuz. Hori berez ez da
makulu txarra, baina legeak-eta horren eskuzabal interpreta daitezkeenez,
eurek ere legeetan bila dezakete geriza. Diskurtso potoloagoa behar dugu,
jantziagoa, gure praktika babestuko duena, hizkuntza aniztasuna eta ekologia
oinarri harturik. Bestela, hankamotz ibiliko gara, umezurtz, iritzi-oldearen
aurrean erantzun ezinik.
|
Lehenengo
artikulua kronika bat da, Iñigo Bilbao kazetariak Berrian argitaratutakoa. Kronika
horretan IRALE programaren bidez euskaldundu diren lau irakasleen bizipenak
kontatzen ditu. Artikulu hau oso interesgarria da bizipen pertsonalen bidez
IRALE eta azken bi hamarkadetan irakasleek euskalduntzeko egin duten
ahalegina ulertzeko.
Artikulu honetan
irakasleak euskalduntzeko sistemak izan dituen akatsak eta bertuteak azaltzen
dizkigute irakasle hauek. Izan ere, denek aitortzen dute oraindik trebatu
beharra daukatela, nahiz eta hizkuntza eskakizuna izan.
Honek ondorio
batera narama: IRALEk bere fruituak eman ditu, baina ez da nahikoa izan.
Irakasle askok trebatu beharra dauka, hizkuntza eskakizuna gorabehera.
Hortaz, agian IRALE programa berritu beharko litzateke. Gaur egun, hizkuntza
eskakizunik gabeko irakasle gutxi geratzen da. Agian, hizkuntza eskakizuna
duten irakasleei begira lan egiteko ordua heldu da. Hauek dituzten hutsuneak
detektatu eta horiek betetzen joateko.
Kronika honetan
Txani Gomez sukaldariak botatakoa nabarmendu nahi dut. Berak dioenez,
sukaldean lan egiten duten askok ez dute euskaraz jarduteko gaitasunik. Nire
ustez, zerbitzuko langile guztiak euskaldunak izan behar dira ikastetxea B
edo D eredukoa bada. Bestela, alferrik gabiltza. Bestela, ikasleek euskara
akademikotzat hartuko dute, batez ere zonalde erdaldunetan. Ikastetxe hauek
euskaraz biziko diren uharteak izan behar dira gutxienez, gero beste uharte
batzuk eraikitze aldera
|
Bigarren
artikulua iritzi artikulua da, Andoni Seijok Berrian argitaratutakoa,
Analisia sailean. Gai asko ukitzen ditu egileak honako artikulu honetan, beti
ere Bertendonako irakasleen aferatik abiatuta. Nik horietatik batzuk aipatu
eta komentatuko ditut eta beste batzuk, berriz, ez ditut jorratuko. Batez
ere, borondate eta legeen gainean egiten dituen aipamenei ekingo diet.
Legeak lege,
euskal hiztunon eskubideak egunero urratzen dira non-nahi. Hori argi frogatu
dute Behatokikoek euren txostenetan. Nire ustez, EAEn dauden legeak ez dira
nahikoak, baina horiek beteko balira, gaitz erdi. Izan ere, legeak dioena
borondatearekin uztartu behar da, bestela jai dugu legearekin. Legea
betetzeko borondatea erakutsi behar dute arduradun politikoek, Andoni Seijok
dioen modura. Baina maiz ez da horrela. Administrazioak etxetik hasi behar
du; etxetik hasi ezean, ez dauka legitimitaterik ezer eskatzeko.
Dena den, askotan
euskaldunok berba potoloekin itsutu egiten gara: legea, eskubidea,
ofizialtasuna, … Hauen eragina gutxietsi gabe, bada garaia egunez egunekoari
garrantzi handiagoa eskaintzeko denbora alferrik galtzen egon baino. Izan
ere, orain dela urte batzuk eskolak euskara salbatuko zuela uste zuten askok,
baina ez da horrela izan. Benetako ofizialtasuna omen da oraingoan
salbatzaile. Nago, hala ere, hori baino gehiago behar dugula. Ofizialtasunak
lagunduko luke, jakina, baina ez dirudi bera bakarrik gure hizkuntza
normaltzeko kapaza denik. Bestela, hortxe daukagu Irlandaren ikasgaia.
|
Gustatu zait diskurtsoarena, eta egia esanda gutxitan entzun-irakurri dut horralako kritikarik. Neuri euskararen inguruko diskurtso publikoak fosilizatuta begitantzen zaizkit sarritan. Badirudi euskaltzale asko halako lubaki berbal batean daudela gotortuta.
Nik diskurtsoaren kritikarekin ados nago, gutxi gorabehera. Kritikak bai, baina irtenbideak? Herri honetan maiz kritika egiten da, baina konponbiderik aurkeztu ez.
Aupa Mikel:
Labur-labur aipatzen dut artikuluan bertan hizkuntza ekologiaren ikuspuntuak erabili beharko genituzkeela diskurtso horri aurre egiteko. Kritika luzeagoa da, horretan arrazoia duzu.
Orain bi urte hori uste nuen. Gaur egun, ez nago horren ziur. Hizkuntza ekologiaren ikuspuntua sinpatikoagoa da, hori ezin uka. Eta zenbait kasutan eraginkorragoa. Baina lubakietatik atera behar garela uste dut, eta denon artean adostu zein izan beharko litzateke diskurtsoa. Aurreko post batean honen gaineko iritzia ere eman nuen.
Eta zertan datza hizkuntza ekologia hori? azalduko al didazu, mesedez.
Hizkuntza ekologia zer den? Saiatuko naiz azaltzen, baina agian erantzun batean baino, post batean. Erronkari eusten diot, baina datorren astean izan beharko. Konforme?