Inkestatik inkestara
Azken egun hauetan handik eta hemendik artikulu honen berri izan dut. Inkesta Soziolinguistikoaren harira, azterketa interesgarria da, dudarik gabe.
Jarraian osorik:
Euskararen egoerari buruzko ikerketak: euforia
giroa ala konfusio-zeremonia?
Ondorengo lerroetan Jaurlaritzak plazaratu dituen azken lan horietatik
2. Soziolinguistikazko Inkestaren inguruan Zenbat Garako kideek
eskatuta eta beraien informaziorako gogoeta batzuk egiten ahaleginduko
naiz, hau da, nire ustez punturik garrantzitsuenak direnen balorazio
bat egiten. Datuei dagokienez, zer aztertua falta ez den arren,
aspergarria gerta ez dadin, ez naiz sartuko datuei dagozkien zehaztasun
gehiegitan. Bakar batzuk besterik ez ditut aipatuko. Ezagutzari
buruzkoak, hain zuzen.
Iñaki Larrañaga, soziologoa.
Azken aldi honetan euskararen inguruan era askotako mugimendu
berriak nabari dira. Nagusienak besterik ez aipatzearren honako
auek aipatuko ditut:
GIZARTE ERAKUNDEEN ALDETIK SORTUTAKOAK
–Euskararen Unibertsoa
–Gizarte Erakundeen Kontseilua
–Bai Euskarari kanpaina (5 estadioetako jaialdiarekin burutu
zena)
–XXI menderako akordio soziala (647 erakundek sinatua)
–Lan-ordu bati dagokion diru-sariaren bilketa (100 miliotik
gora)
–Plan Estrategikoa
JAURLARITZAREN ALDETIK SORTUTAKOAK
–Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia
–Euskal Herri osoko Soziolinguistikazko 2.Inkesta (bi alditan
azaldua)
–Euskal Autonomia Erkidegoko 2. Mapa Soziolinguistikoa.
Hasteko eta behin, esan behar da eskertzekoa dela, nahiz eta berandu,
Euskal Herri osoko datu horien azalpena bere osotasunean eman
izana. Tamalez, konfusio-zeremonia baten antzeko zerbait izan
da azalpen horien inguruan. Izan ere, alde batetik, Euskal Herri
osoko 2. Soziolinguistikazko Inkestaren datuak (1996. urtean egindako
Inkestakoak) azaldu ondoren (lehen ere azaldurik zeuden datu orokorrak);
eta handik aste gutxira, Euskal Autonomia Erkidegoko 2.Mapa Soziolinguistikoaren
emaitzak (1981eko, 1986ko, 1991ko eta 1996ko erroldetan jasotako
datuak) aurkeztu ziren. Herritar arruntarentzat nahasmentua sortzeko
arriskua ezin uka. Ez baita erraza bereizten jakitea zer den inkesta
soziolinguistikoa eta zer mapa soziolinguistikoa eta bien artean
dagoen diferentzia; hau da, batak, Inkestak, Euskal Herri osoan,
lagin baten bidez, egindako inkesta batean jasotako datuak ematen
dituela eta besteak, Mapak, Euskal Autonomia Erkidegoko biztanle
guztiei (unibertsoari alegia) egindako erroldan hizkuntzari buruz
eskatutako datuak jasotzen direla.
Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailordetzak plazaratu dituen
datu hauen azalpenean eta ondorengo alditan egindakoetan, euforia
giro bat zabaldu da Euskararen baitan gauzak mugitzen ari direla
eta.
Giro horren ondorioz edo, orain arte jarrera guztiz kritikoa zutenak
ere, orain, euforia giro horrekin bat eginda agertzen dira. Izan
ere, salbuespenak salbuespen, ez da inolako balorazio kritikorik
plazaratzen. Guztiak dira onespenak eta txaloak. Agintariek agertzen
duten diskurtso autokonplazientearekin bat egiten da. Desagertu
dira lehen hain kritika zorrotzak egiten zituztenak. Non dira
orain, lehen hain kritikoak ziren AEK eta EKBko kideak?. Non dira
lehen hain salaketa gordinak egin ohi zituzten Unibertsitateko
beste hainbat irakasle?
Badirudi, bat-batean, Euskararentzat gauzak bere onera etorri
direla eta arazo guztiak, guztiz konpondu ez badira ere, ongi
bideraturik daudela. Hori hain da horrela non guztiek onartzen
baitute hizkuntza politikaren arduradunen diskurtsoa, eta behin
eta berriz errepikatzen agerraldi guztietan (errepikatzearen poderioz
sinesgarritasuna lortuko duen ustean ote?). Euskararentzat gauzak,
toki guztietan ez bada ere, ondo joaten hasi direla “azken
15-20 urte hauetan egindako lanari esker”.
Zer gertatu da bada hain euforiko egoteko? Zer da aldatu dena
Euskararen egoerari dagokionez? Nik, ondorengo lerroetan 2. Soziolinguistikazko
Inkestari buruz jardungo dut. Beste batean aztertuko ditugu 2.
Mapa Soziolinguistikoko edukiak.
Aipaturiko 2. Soziolinguistikazko Inkesta horren hariari jarraituz
Euskal Herri osoko txostenaren sarreran egiten den aurkezpenean
azaltzen diren aipamenetatik abiatuko naiz. Nire irakurketa kritikoa,
bai, baina baikorra izango da. Hondamendira eraman gaitzakeen
euforia itsutik katastrofismo ezkorretik bezain urrun kokaturik,
alegia.
HIZKUNTZA POLITIKAREN HELBURU NAGUSIAK
“Azken urteotako hizkuntza politikaren helburu nagusia, erabilera
zabaleko hizkuntzaren hiztunen eskubideak erabilera urrikoek ere
piskanaka izango dituztela bermatzea eta horrela, gizarte geroz
eta elebidunagoa eta integratuagoa lortzea izan da.” Bi helburu
nagusi,beraz,
–a) gizarte geroz eta elebidunagoa
–b) gizarte geroz eta integratuagoa
–c) hizkuntza-normalizazioaren bidean
Helburu horiek lortzeko aipatzen dira hizkuntza-normalizatzeko
programa eta eta Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia.
Helburu nagusietatik abiatuz hizkuntza normalizaziori dagozkion
gogoetak egitera pasako gara.
a).-ELEBITASUN SOZIALA MODU IRAUNKORREAN BIDERATU EZINA DA
Gizarte geroz eta elebidunagoa lortzea helburu nagusitzat jotzen
da. Berriro ere, gizarte elebidunaren edo elebitasun sozialaren
diskurtsoa aipatzen da. Jakina da, bestalde, ez teorian eta ez
praxian elebitasun sozialaren kontu hori modu iraunkor batean
bideratu ezina dela. Izan ere, gizarte berean bi hizkuntza funtzio
berberak betetzeko erabiltzea proposatzen denean, jakina da zer
proposatzen den: bietako bat soberan edo alferrikakoa denez (superflue,
deitzen dio W.F. Mackey soziolinguistikan adituak) indartsuena
den hizkuntza nagusitzen dela, alegia. Eta noski, soberan dagoen
hizkuntza ahulena denez, hizkuntza indartsuena nagusitzea onartzen
da (modu subliminal batean bada ere).
Beste kontu bat da gizarte bateko pertsonak hizkuntza bat baino
gehiago ezagutzea, eta beraz, elebidun edo eleaniztun izatea.
Gure seme-alabek hiru edo lau hizkuntza jakitea normala izango
dela, alegia. Hori, ordea, elebitasun pertsonala da eta ez soziala.
Izan ere elebitasuna edo eleaniztasuna beti dira indibidualak
edo pertsonalak eta ez sozialak. Gizarteez hitzegiterakoan bere
baitan kontaktoan dauden hizkuntzez edo, hobeto esanda, bere baitan
gizarteak dituen hizkuntz komunitateez aritu behar da. Baina ez
ditzagun gauzak nahasi. Elebitasunaz ari garenean subjektua pertsona
da, eta bestean, berriz, gizartea. Bereizketa hori elementala
da hizkuntza politika egoki bat diseinatu nahi bada.
b).-INTEGRAZIOA: KULTURA ETA HIZKUNTZ KOMUNITATE BAKOITZAREN GARAPENA
ZIURTATZETIK DATOR
Beste helburu nagusia gizarte geroz eta integratuagoa lortzea
dela esaten zaigu. Eta nola ulertu behar da integrazio kontzeptu
hori?
Askotan entzuten denaren arabera, gutxienez esan daitekeena zera
da: hitz horren erabilera zehaztugabeak nahasketa eta konfusioa
sortzen duela.
Zenbait alditan, gehienetan ez bada, hitz horrekin adierazi nahi
izaten da, gure gizartean diren kultura eta hizkuntz komunitateen
arteko elkarbizitzarako eredua plater konbinatu baten antzekoa
ez denean, mestizaiaren edo hibridazioaren gisakoa izan behar
duela. Jakina da, ordea, hibridoak diren produktuek ez dutela
erreprodukziorako baliorik; antzuak direla, alegia. Eta hibridatzen
den kultura edo hizkuntza bati ere gauza bera gertatzen zaio;
hau da, erreprodukziorako indarra galdu egiten duela. Hibridatzaileak
gordetzen du beretzat indar hori.
Gehiago oraindik, jakina da kultur edo hizkuntzen arteko mestizaia
edo hibridazioak, indartsuenak diren kultur eta hizkuntzen mesedetan
eta ahulenen kaltetan gertatzen direla. Kultura eta hizkuntzen
integrazioak horrela ulertuta euskal kultura eta hizkuntza amildegira
bidean jartzen ditu.
Benetako integrazioak, ordea, justu kontrako esanahia du; hau
da, kultura edo hizkuntza bakoitzari bere garapena bideratzeko
eta lortzeko behar dituen aukerak eta baliabideak errekonozitu
behar zaizkiola.
Hasteko eta behin, aitortu eta errekonozitu behar dugu Euskal
Herrian, gutxienez, hiru kultura eta hizkuntz komunitate ditugula.
Bata, euskalduna, noiz eta non sortu zen garbi ez badago ere,
hemen garatzen joan dena. Beste biak, espainola eta frantsesa,
inguruko estatuetatik etorriak edo indarrez ezarriak edo bertakoek
hobetsiak (nahi den moduan interpretatuz).
Integrazio hitza erabiltzen denean, kuriosoa bada ere, ez da hiruren
arteko mestizaiarik edo koktelik aipatzen. Ez, alde batetik euskal
kultura eta hizkuntza dira espainiar kultura eta hizkuntzarekin
integratu nahi direnak; eta beste aldetik, euskal kultura eta
hizkuntza dira frantses kultura eta hizkuntzarekin integratu nahi
direnak. Inoiz ere ez da planteiatzen espaniar eta frantses kultura
eta hizkuntzen arteko integrazioa.
Garbi dago hemen, beste gauza askotan bezala, tranpa bat dagoela.
Izan ere, euskal kultura eta hizkuntza dira espaniar edo frantses
kultura eta hizkuntzekin integratu beharrekoak. Inoiz ere ez espaniar
eta frantses kultura eta hizkuntza elkarren artean integratzeko
konturik, askoz hurbilagokoak izan arren. Horiek, dirudienez,
ikutu ezinezkoak dira.
Zergatik ez da, behingoz, onartzen bakoitzak bere nortasun propioa
duenez, bakoitzak autonomia osoa izatea bere garapen propioa bideratu
ahal izan dezan?
Kultura eta hizkuntz komunitate desberdinen arteko integrazioa
ulertzeko modurik egokiena kultura eta hizkuntz komunitate bakoitzaren
garapena ziurtatzetik datorrena da. Inori ezer kendu gabe. Norbera
biziz eta besteei bizitzen utziz, alegia. Bestela, orain gertatzen
den bezala, batzuen hipertrofia edo espansionismoak besteen atrofia
eta garatu ezina ekartzen baitu. Eta horri ezin zaio inolaz ere
integrazio izenik eman.
c).-NORMALIZAZIOAREN KONTZEPTUA BERA NORMALIZATZETIK ABIATU BEHAR
DA
Txostenaren sarrerako atal berean aipatzen da, bestalde, hizkuntza-normalizazioa
lortzeko ahaleginetan egindako programazioak eta batez ere Euskara
Biziberritzeko Plan Nagusiaren bidez lortu nahi den hizkuntz normalizazioa.
Normalizazio hitza, gaur egun, Euskal Herrian nonahi entzuten
den eta edozertarako erabiltzen den kontzeptu horietako bat da.
Hala nola: gizartearen normalizazioa, normalizazio politikoa,
soziala, kulturala, linguistikoa eta beste hainbat esparrutan.
Hemen ere, aurreko kontzeptuekin gertatzen zen bezala, lehenik
esan behar da, normalizazioaren kontzeptua bera normalizatzetik
abiatu behar dela. Izan ere, normalizazioari buruzko ideiak, ilunak
eta nahasiak ez direnean, kontrajarriak ere izaten baitira. Eta
azkenean ez dakigu jendea zertaz ari den.
Izan ere, normalizazio hitzarekin, pakearekin, demokraziarekin
eta beste askorekin gertatzen den moduko zerbait gertatzen da;
hau da, batzuen gustokoa denean eta beren interesak babestuak
gertatzen direnean, edozein esparrutan, horri deitzen diote egoera
normalizatua. Eta hori, berriro esan behar da, tranpa bat dela,
normalizazioak, benetakoa izateko, hainbat baldintza betetzea
eskatzen duelako.
Hizkuntzaren normalizazioari dagokionean esan behar da, J.M Sánchez
Carrión Txepetx-ek garbi azaldu duen bezala, hiru maila
kontuan hartzea eskatzen duela. Hiru maila horietan gauzatzen
ez bada, ez baita posible normalizazioaz hitz egitea.
Hiru maila edo aspektu horiek honako hauek dira:
Maila orokorra, hizkuntza bere osotasunean hartzen duena
Maila soziala, hizkuntz Komunitatea kontuan hartzen duena
Maila indibiduala, hiztuna kontuan hartzen duena
Maila orokorrari dagokionez, helburua zera da: gure aro historiko
honetan Euskararen ahalbideak optimizatzea edo Euskararentzat
osasuntsua izango den egoera bat lortzea; eta horretarako, erabili
beharreko baliabideak edo osagaiak honako hauek dira: euskaldunen
MOTIBAZIOA, EZAGUTZA eta ERABILERA optimizatzea. Osagai horietako
bakar bat ere ezin daiteke gutxietsi edo alde batera utzi. Guztiak
dira ezinbestekoak.
Maila sozialari dagokionez, berriz, hiztunen kolektibitateaz ari
gara, hau da, hizkuntz komunitateaz, eta helburu nagusia zera
da: botere linguistikoa berbanatzea eta horrela, hizkuntz komunitatea
berregituratzea (Hizkuntz Komunitatearen erdigunean, inguruan
eta periferian zein egon behar duen finkatu eta gauzatzea); eta
horretarako eman beharreko urratsak honako hauek dira: aginte
politikoak helburu linguistikoei subordinatua egon behar du, eta
ez alderantziz, hizkuntz taldeak barrutik kanpora sendotzen dira
eta talde bakoitzak bere funtzioa ulertu eta gauzatu behar du.
Maila indibidualari dagokionez, azkenik, helburu nagusia euskal
nortasuna osatzea da, euskararen lurraldearen barnean eta kanpoan.
Hori lortzeko erabili beharreko bideak honako hauek dira: kanpotarren
inplementazio edo euskalduntze prozesua, bertako erdaldunduen
positibizazio edo euskarara hurbiltzea eta euskaldunen optimizazio
edo garapen osoa.
Hizkuntz normalizazioaz hitzegiteak, beraz, aipaturiko baldintzak
bere osotasunean betetzea ez bada ere, betetzeko bidean jartzea
eskatzen du.
Gure artean, ordea, badirudi, esparru batzutan hizkuntzari sarbidea
ematea, gune berri batzuetan errotulazio elebiduna sartzea edota
Internet sarean orri berri bat euskaraz irekitzeari (gure herrietako
kaleetan erdaraz barra barra ari garen bitartean) nahikotzat jotzen
dela hizkuntza normalizazioaren bidean urrats handiak ematen ari
garela esateko. Ni ez nago Euskara Interneteko sarean ibiltzearren
aurka, nola bada(?) aurrerakuntza horiek guztiak euskararen mesedetarako
dira. Halere, esan behar da, zoritxarrez, ekintza horiek ez dutela
eragin handirik ekartzen ez euskararen maila orokorraren hobekuntzan,
ez hizkuntz komunitatearen artikulazioan eta botere politikoa
helburu linguistikoei subordinatze prozesuan, ez eta maila indibidualean
(zenbat hasten dira euskara ikasten urrats horien ondorioz?).
Sustrai-sustraian, lehengo arazoek lehenean jarraitzen dute, konponketaren
zai. Berriro ere, ez gaitezen engaina.
MARKO JURIDIKO-LEGALARI DAGOKIONEZ ALDAKETARIK EZ
Atal honi dagokionez gauza jakina da ezer ez dela aldatu, Konstituzioak,
Autonomia Estatutuak, Foru Hobekuntzaren Legeak eta beste lege
guztiak sortu zirenean bezala inolako aldaketarik gabe jarraitzen
baitute.
Bestalde, azken 10-15 urteotan askotan entzun ditugu gisa honetako
aipamenak: “Guk badakigu zein diren Konstituzioek eta legeek
ezartzen dizkiguten baldintzak. Badakigu zein den joko-zelaia
eta baita zein diren joko-arauak ere. Eta guk joko zelai horretan,
gure gustokoak ez izan arren, jokatzea onartu egin dugu, era horretan
euskararen normalizazioa bideratzeko asmoz.
Baina, zertaz ari gara? Joko-zelaiaz edo bonba-minaz betetako
zelaiaz? Joko-zelaia baino gehiago ez al da jokorik egin ezin
den kartzelako patio bat?
Izan ere, hor dauzkagu bere horretan diskriminatzaileak diren
Espainiako eta Frantziako Konstituzioak eta etengabeko inpugnazio,
errekurtso eta erasoak, epaitegietako zigorrak eta abar luze bat.
Zer joko klase egin daiteke, Konstituzio horien baldintzak aldatzen
ez diren bitartean, lege horien aurka jokatzea ez bada? Ez dugu
ahantzi behar euskara minorizatua egoteaz gainera beste batzuen
baitan preso dagoela!
Bestalde, esaten zaigu euskararen normalizazioa bideratzeko asmoz
ari direla ahalegin horretan. Nik ez dut jende asko borondate
onarekin lanean ari denik ukatzen. Ezta ere jende ugari gogo onez
lan horretan ari denik. Baina ez ditzagun geure buruak ez besteenak
engaina. Izan ere, gauza jakina da, Konstituzioaren eta bere menpeko
legeen baldintzak aldatzea lortzen ez den bitartean ezinezkoa
dela hizkuntza minorizatuen normalizazioa lortzea. Hizkuntzen
artean bat dominantea eta besteak subordinatuak diren bitartean
ez baitago normalizazioa lortzeko ezinbestekoa den berdintasunaren
onarpenik. Horregatik subordinazio horrek irauten duen bitartean
egoera diglosiko batera kondenatuak gaude erremediorik gabe. K.
Mitxelenak esan ohi zuen bezala “diglosiazko purgatorioan
bizitzera”, alegia.
Horregatik esan ohi da hizkuntza baten normalizazioak maila sozialean
ezinbestekoa duen baldintza botere politikoa eta legeak helburu
linguistikoei subordinatuak egotea dela eta ez alderantziz gure
artean gaur egun gertatzen den bezala, hau da, helburu linguistikoak
legeei eta botere politikoari subordinatuak egotea.
Gehiago oraindik, gure artean sarritan, gehienetan ez esatearren,
hizkuntza trukeko txanpon bezala ibilia izan da: alderdi politikoen
arteko negoziaketa eta botere banaketak eskatzen dituen orekak
eta tratuak burutzeko orduan, “trapitxeo” politikorako,
alegia . Oso gutxitan, udalerri eta erakunde edo elkarte batzuetan
izan ezik, jarri da hizkuntza, inolako baldintzarik gabe, beste
guztien aurretik, hizkuntz komunitate normalizatuetan egin ohi
den bezala. Ezinezkoa gertatzen da,beraz, puntu honetan ere, egoera
normalizatu batera bidea egitea, sasiz betea baitago.
Halere, jakina da hizkuntzak ez direla legez edo dekretuz normalizatzen.
Hizkuntz Komunitatea da normalizazioa lortu behar duena eta horretarako
legeen egokitzapena ere lortu behar duena.
DATUEI DAGOKIENEZ EUSKARAREN ARAZOA EZ DA KANTITATE ETA EXTENSIOARENA,
KALITATE ETA INTENSITATEARENA BAIZIK
Hasteko eta behin, nik hemen euskararen ezagutzari buruzko datu
orokorrak baino ez ditut aztertuko. Luze joko luke erabilera eta
jarrerei buruzko zehaztasunetan sartzeak. Beste baterako utziko
ditugu, beraz, gaineratiko datuak.
2. Soziolinguistikazko Inkestan azaltzen diren datu orokorrak
(1996. urteko Inkestari dagozkionak) honako hauek dira:
1-Euskaldunak %22,5
Ongi hitzegiten dute euskaraz
2-Elebidun hartzaileak %14,5
Euskaraz “zertxobait” hitzegiten dakite, entzun eta
irakurritakoa ongi ulertu
3-Erdaldun elebakarrak %63,0
Gaztelera edo frantsesa besterik ez dakite
Datu hauek ezagunak ziren 1997ko otsailaz geroztik eta behin baino
gehiagotan aurkeztuak izan dira prentsa, irrati eta telebistan.
Hauek ikusita, esaten zaigu Euskararen egoera ona dela. Baina,
zertan oinarri gintezke datu hauek onak direla esateko?
Bada esaten duenik ikusmiraren kontua dela, eta nolako begiekin
begiratzen denaren arabera esan daitekeela botila erdi betea edo
erdi hutsa dagoela. Barkatu jaun-andreeok, baina, ez aipatu mesedez,
berriro ere, botila erdi betearen eta erdi hutsaren kontua. Horiek
hitz jokoak besterik ez dira eta.
Benetako kontua, eta garratza gainera, zera da: euskaldunok ez
garela Euskal Herriko biztanleriaren laurden batera iristen. Eta
hori, esan beharrik ez dago, euskararentzat ez da egoera batere
ona.
Horren ondorioz esan behar da, politikoek, ilun dauden gauzak
lehen bezain ilun jarraitzea nahi dutenean, esatea hain gustokoa
duten esaldia errepikatuz, “argi eta garbi” dagoela
euskararentzat gauzak ondo daudela.
Izan ere, euskararen errelitatea zera da: Euskal Herri osoan euskal
hiztunok ez garela autokonsistentea den masa kritikoa osatzera
iristen. Masa kritikoaren kontu hori, etengabe ahotan erabiltzen
den beste hitzetako bat izan arren, ez zaigu euskal hizkuntz komunitatea
osatzeko orduan aplikatzea eta erabiltzea bururatzen ere.
Joera nagusia kantitatea eta estentsio handitzea da; beste hitz
batzutan esanda, jende asko, elkarte asko, erakunde asko, akordio
asko lortzea, horrela, euskararen masa kritikoa sendotuko dela
ustetan. Hori eginez, ordea, ez da, besterik gabe, masa kritikoa
sendotzen ez eta indartzen, dispertsatu eta difuminatu baizik,
eta ondorioz, periferiara joaten utzi eta disolbitzeko arriskuan
jarri.
Esan behar da, gainera, euskararen arazoa ez dela kopuru arazoa.
Izan ere, Euskal Herriko lurraldeetan (kanpoan daudenak kontatu
barik) 15 urtetik gorako 546.500 hiztun dituen Hizkuntz Komunitatea
izanik (Ikus 1996ko Inkesta) badu bere biziraupena ziurtatzeko
behar hainbat hiztun eta gehiago. Kontua da Hizkuntz Komunitate
hori hizkuntzaren funtzioen arabera artikulatzea eta konpaktatzea.
Eta hori ez da kantitate edo estentsio arazoa, kalitate eta intentsitate
arazoa baizik. Eta ikuspegi batetik edo bestetik begiratzeak helburuak
eta estrategiak guztiz aldatzea eskatzen du. Badirudi horretaz
ez garela enteratu ere egin, edo ez dugula enteratu nahi, eta
kantitate eta estentsioaren bidetik jarraitu nahi dugula, gizartearen
aurrean itxurak eginez, bide horrek amildegira garamatzala konturatu
gabe(?).
1991-96 ARTEKO DATUEN BILAKAERA: HOBEKUNTZARIK EZ, ESTANKAMENTUA
BAIZIK
Lehenik esan behar da, harrigarria badirudi ere, 1996. urteko
inkestaren datuak azaltzerakoan ez dela inongo aipamenik egiten
1991.urteko datuei buruz.2. Inkesta Soziolinguistikoan ez da datu
bat bera ere azaltzen 1991ko urtekoa. Zergatik ote?
Bestalde, euskararen ezagutzari dagokionez, behin eta berriz esaten
da azken urte hauetan izugarri hazten ari dela azken 15 urteetan
egindako lanari esker. Nola esan daiteke hori datuak azaldu gabe?
Nik, nire aldetik, Hizkuntz Politikako arduradunek argitaratutako
Euskararen Jarraipena I (1991ko Inkestako datuekin) eta Euskararen
Jarraipena II (1996ko Inkestako datuekin) liburukietan azaltzen
diren datuak erabiliz, honako emaitza hauek bildu ditut:
Euskaldunak | Elebidun hartzaileak | Erdaldunak
1991: %22 | %8 | %70
1996: %22,5 | %14,5 | %63
Datu hauetan ikus daitekeenez ez da hobekuntza nabarmenik euskaldunen
proportzioari buruz (%0,5 besterik ez). Hobekuntza adierazgarria(%6,5ekoa),
elebidun hartzaileen aldetik gertatu da. Erdaldun elebakar izatetik
elebidun hartzaile izatera pasa direnak alegia (“zertxobait”
hitzegiteko eta entzundakoa eta irakurritakoa ulertzeko gai direnak).
Zoritxarrez badakigu, ordea, elebidun hartzaileek erdaldun izatetik
hurbilago jarraitzen dutela euskaldun izatetik baino.
Bestalde, inkesta batetaz ari garenez, kontuan izan behar da laginketa
osoaren laginketa-errorea edo erru-margina 1991ko Inkestan %2,1ekoa
eta 1996ko Inkestan %1,6koa izan zirela. Euskaldunen %0,5eko igoera
ez da, beraz, aldaketa esanguratsua, erru-margina baino eskasagoa
baita.
Non gelditzen da, orduan, euskaldungoaren baitan izan den hobekuntza
nabarmen hori? Ez gaitezen engaina eta ez dezagun inor engaina:
Euskal Herrian, bere osotasunean harturik, euskaldunen proportzioan
azken urteotan ez da hobekuntzarik izan estankamentua baizik.
Eta esan behar da kontua ez dela oraingoa. Izan ere, saiatu naiz
beste datu batzuk biltzen eta honako hauek eskuratu ditut:
1970ean %22,7koa zen euskaldunen proportzioa Pedro de Irizarrek
egindako datu bilketa baten arabera, 1978an % 23,4koa zen euskaldunen
proportzioa Euskaltzaindiarentzat Siadeco ikerketa elkarteak Euskal
Herri osoan egin zuen lehen inkesta soziokinguistikoaren arabera.
Euskal Herri osoari dagokionez garbi dago azken 25-30 urteotan
ez dagoela hobekuntza nabarmenik. Gertatzen dena zera da: kopuruari
dagokionez, alde batetik irabazten duguna bestetik galdu egiten
dugula eta, oro har, aurreatu bezainbat atzeratzen ari garela
azken 25-30 urteotan.
Euskal Autonomi Erkidegoan ere hobekuntzarik ez
Baina emaitza onak Euskal Autonomia Erkidegokoak omen dira. Ikus
ditzagun datu gutxi batzuk, eta horiek guztiak ofizialak, badaezpada
ere, Jaurlaritzak zabalduak, datu fidagarriak ez direla esan ez
dezaten.
1983an Eusko Jaurlaritzako Gabinete de Prospección Sociológica
delakoak egindako inkestaren arabera, euskaldunen proportzioa
%26,9koa zen.
1991ko Hizkuntza Politika Sailordetzako inkestaren arabera, proportzio
hori %24,1ekoa zen.
1996ko inkestaren arabera, berriz, proportzio hori %25,3koa zen.
Lehen aipatu dugun bezala, laginketaren erru-margina kontuan hartzen
badugu esan behar dugu datu guztiak erru-margen horren barruan
kokatzen direla. Ez dagoela, beraz, aldaketarik. Non dago, bada,
EAEn azken 15 urteotan izan den euskaldunen proportzioen igoera?
Non izkutatu dira?
Datu hauek, Euskal Herri osokoak bezala, 15 urtetik gorako biztanleen
artean hazkunderik ez dagoela demostratzen dute eta orokorrean
ez ezik Autonomi Erkidegoan ere ez dagoela hobekuntzarik estankamentua
baizik. Alde batetik irabazten dena beste nunbaitetik galtzen
dela, alegia. Ezin da, beraz, hobekuntza konturik lau haizetara
zabaltzen ibili. Hori jendeari iruzur egitea da.
Baina hori baino okerragoa dena beste hau da: datuak izkutatu
edo gauza bera dena, datuetan oinarritutako bilakaeraren berri
ez ematea. Lehen aipatu dugun bezala, 1996ko datuak agertzen diren
txostenean inon ez dira 1991ko datuak agertzen. Balorazio orokorrak
egiten dira baina datuen frogarik azaldu gabe. Eta hori, jaunak,
iruzur handiagoa egitea da, gizarteari eta Euskara berari. Izan
ere, Euskarak orain behar duena ez da euforia eta optimismo itsu
batean murgiltzea, diagnostiko egoki bat eta bizi duen ezintasuna
gainditzeko estrategia egokiak bilatzea baizik.
Hizkuntza Politikakoei dagokienez, berriz, hobe litzateke Euskarak
bizi duen errealitate gordinaren ordez fikzio edo desio irrealak
azaltzeari utzi eta, leialtasunez jokatuz, esango balute, ahal
duten guztia egiten ari diren arren, ez dutela lortzen egoera
horren norabidea sustraitik aldatzea. Hori abiapuntu askoz osasungarriagoa
litzateke. Euforia itsu horrek su artifizialen antzera funtzionatzen
du. Orain txinparta eta koloretako argien momentua da. Gero etorriko
da iluntasunarena. Zer egin orduan?
Azkenik esan behar da, Inkesta honetan azaltzen diren datu guztiak
autobalorazio subjektiboaren ondorio direla (inkestalari baten
galderei emandako erantzunak). Ez dago ez ezagutzari, ez erabilerari
eta ez jarrerei buruzko datu objektiborik. Erabilerari dagokionez
esan behar da, gainera, Hizkuntz Politikako arduradunek ez dutela
inoiz erabilera errealaren azterketa sakonik egin. Eta erabilera
erreala neurtzeko teknikak badaude. Zergatik ez dira erabili nahi?
Errealitatea gordinegia delako ote?
DATUEN BALORAZIOA: NOLAKO HIZKUNTZA POLITIKA, HALAKO EGOERA
SOZIOLINGUISTIKOA
Emaitzen balorazioa egiterakoan gehien azpimarratzen den argudioa
arestian aipaturikoa da: nolako hizkuntza-politika halako egoera
soziolinguistikoa. “Argi eta garbi ikusten da (berriro ere
ilun dauden gaiak adierazteko erabili ohi den formula errepikatuz)
azken 15 urteotan hizkuntza-politikak lortu dituen emaitzak EAEn”
Egiten diren balorazioak, laburbilduz, gisa honetakoak dira:
–EAEko lurraldeetan, Gernikako Estatutuan (1979) eta
Euskararen Erabilera Arauzkotzeko Legean (1982) oinarrituz, euskara
sustatzeko politika egin ahal izan da, batez ere, Hezkuntza, Komunikabide
eta Administraziotik. Horren ondorioz egin du gora euskararen
ezagutzak, hizkuntzaren transmisioak eta erabilerak. Balorazio
benetan optimista(?).
–Nafarroan, Foru hobekuntzaren legea eta Vascuencearen
legea (1986) dela eta, ezer gutxi egin ahal izan da. Halere, eremu
euskaldunean eta eremu mistoan zerbait egin ahal izan da. Horregatik
lortu da euskararen galtze-prozesua gelditzea eta errekuperazio-prozesuan
abiatzea.
–Iparraldean, zoritxarrez, euskara babesten duen legerik
ez dagoenez, egoera askoz okerragoa da. Izan ere, euskararen ezagutza
gainbehera doa, familia bidezko transmisioak huts egin du eta
Hezkuntza ofiziala, Komunikabideak eta Administrazio publikoak
ez dute euskararen erabilerarik onartzen. Ikastolak eta Ikas Bi
elebidunak alde batetik, Helduen Euskalduntzea (AEK) bestetik
eta irrati euskaldunak eta aldizkariren bat edo beste izan ezik.
Eta egoera hori ikusita egiten den balorazioa horixe da: euskara
sustatzeko hizkuntza politika bat egin ahal izan den lurraldeetan
lortu direla emaitzarik onenak. Balorazio horretaz esan daitekeena,
berriz, zera da: sinpleegia edo sinplekeria bat ez ezik euskara
sustatzeko ahaleginetan protagonismo usurpazio bat ere badela.
Ez baita egia gobernuen lege eta ekimenei esker lortu dela nagusiki
euskararen egoera hobetzea. Gehiago oraindik, euskara sustatzeko
hizkuntza politika egiten ari omen zirela diotenek, jardun dute
urte luzeetan herri-ekimenetik sortutako beste hainbat iniziatiba
zapuztu eta deuseztatu nahian.
MEMORIA FRESKATU BEHARRA
Nahikoa da, horretarako memoria piska bat freskatzea eta gogora
ekartzea azken 40 urteetan burutu diren hainbat herri-ekimen politika
ofizial bat egiten hasi aurretik egindakoak. Bakar batzuk besterik
ez aipatzearren:
Alde batetik ezin dira ahantzi 60. eta 70. hamarkadetan
(Jaurlaritza sortu aurretik beraz,) egindako ahaleginak eta eskuratutako
lorpenak. Hor dago Ikastolen mugimendu guztia, Gau Eskoletatik
hasi eta Helduen Euskalduntze Alfabetatze Koordinakunderaino;
hor daude hainbat herritan sortu ziren euskarazko eskola sozialak,
hor daude hainbat kultur elkarte eta antzerki eta dantza talde.
Horiek guztiak izan ziren, zalantzarik gabe, kinka larrian zegoen
euskara bizi-arnasa errekuperatzeko bidean jarri zutenak. Eta
orduan, jaun-andreok, ez zegoen Madrilgo politika suntsitzailea
alde batetik eta maltzurkerizkoa Paris aldetik, bestetik. Halere,
esan behar da, orduan eman zirela euskararen berreskurapena ziurtatzeko
urratsik garrantzitsuenak. Gero etorri zen Instituzio Publikoen
lana eta aurrekoek egindakoari esker egin ahal izan ziren geroko
beste asko, besteak beste, hizkuntza politikako legeak berak.
Beste aldetik ezin dira aipatu gabe utzi gaur euskararen
sustapenaren aldeko protagonista bezala azaltzen ari direnak izan
direla, ulertezina bada ere, herri-ekimenetik sortutako hainbat
iniziatiben aurka eraso batean, gerra zikinean ez esateagatik,
su eta gar ibili direnak. Hala nola:
Jaurlaritzako Kultur Sailak HABE sortzea erabaki zuenetik, lehendik
lanean ari zen AEKri duela gutxi arte egin izan dion etengabeko
erasoa (irakasleen homologazioa bezalako barne-arazoetan edo kanpoan
burutzen ziren Korrika bezalako ekintzetan edo matrikulazio-kanpainetan).
Beste horrenbeste esan behar da EKB erakundeari buruz.
Urte askotan deabruaren (biolentoen) gandik hurbil aurkitzen omen
zirela eta anatematizatuak eta pertsegituak izateko beste arrazoirik
gabe.
Zer esan, azkenik, Euskaldunon Egunkariari urte luzeetan
jarritako oztopoak eta trabak ez ezik Egunkaria itolarrian jartzerainoko
erasoez? Hitz egin dezatela, era berean, hainbat eraso jaso dituzten
EHE , UEMA eta beste hainbatek, horiek antolatzen
zituzten ekintza eta kanpainetan parte hartu dutenak zer nolako
babesa eta laguntzak jaso izan dituzten azaltzeko.
Nora garamatza orain arte egindako ahalegin guztiak?
Portzierto, zer gertatzen da orain AEKrekin? Nola ulertu behar
da Korrikako lekukoa eramaten Kultur Sailburua eta Sailordekoa
ikusten ditugunean? Eta AEK-ko arduraduna Euskara Biziberritzeko
Plan Nagusia goraipatzen ikustean? Adostasun osora iritsi diren
senale edo fagozitazio-asimilazio prozesuaren hasiera? Geroak
esango du.
Bestalde, EKBkoek, duela gutxi norbaitek eutanasia-operazio izena
eman dion auto-disoluzio batean bukatu dute, lehengo erakundetik
beste erakunde berri batzuetara (Kontseilua e.a.) desenbarko-antzeko
operazio bat gauzatuz. Agian EKBn lortu ez zutena lortzeko asmoz?
Orain arte esandakoak zer adierazi nahi du? Administrazio Publikoak,
oro har, ez duela ezer onik egin euskararen berreskurapenerako?
Ez, Administrazio Publikoari ezin zaio inola ere ukatu Euskararen
alde egin duen guztia. Administrazio publikoak, batez ere EAE.n
asko egin du, eta hor daude hainbat esparrutan egindakoak. Nagusienak
aipatzearren hor daude:
–Hezkuntza sistema osoan hizkuntza-ereduak aplikatzea
–Helduen Euskalduntzea bideratzeko sortutako euskaltegiak
–Administrazio Publikoa euskalduntzeko IVAP/HAEE sortu, hizkuntz-eskakizunak
diseinatu
–Komunikabideetan irratiak eta ETB1 katea sortu
–Beste hainbat ikerketa eta ekintza-proiektu finantziatu
Bada zerbait, eta ezin zaio, beraz, leporatu EAEko Administrazio
Publikoari ezer ez egin izana. Ez litzateke zuzena. Eta nire asmoa
ez da zor zaionik inori ukatzekoa. Bestalde, azpimarratu behar
da Administrazio Publiko horren barnean Udaletan egin dena. Izan
ere, ezin dira ahantzi Udalek, beren Euskara Zerbitzuen bitartez,
euskararen ezagutza eta erabilera bultzatzeko egin dituzten ahaleginak;
handiak izan baitira, askotan, oztopo eta trabarik falta izan
ez bada ere. Gogoratu behar da ere, Udaletako Euskara Zerbitzu
horiek ez direla Hizkuntza Politikako Sailak ez asmatuak eta ez
bultzatuak izan.
Azkenik esan behar da, bestalde, Administrazio Publikoan benetako
euskaltzale den jende asko dagoela eta borondate guztiz, eta askotan,
ikusitakoak ikusita, tripajate galantez, lanean jarraitzen duena
bere gaitasun guztiak eskainiz. Ez da, beraz Administrazio Publikoko
langileen arazoa. Hori ez baitago zalantzan jartzerik.
Zalantzan jarri beharrekoa, egin dena baino gehiago, egindakoa
nola egin den da, eta, batez ere, zein norabidetan egin den. Sakon
aztertu beharra dago nora garamatzan orain arte egindako ahalegin
honek guztiak, nola hezkuntza eta helduen euskalduntzeari dagokionean
hala administrazio publikoko funtzionarien euskalduntzean eta
Irrati-Telebistaren euskarazko ekoizpenean. Badago zer azterturik.
Azken hilabete hauetan aro berri batean sartu garen sentimentua
asko zabaldu da gure artean. Bazen garaia euskal gizarteak berari
dagokion erantzukizunak hartzeko. Aro berri horrek poza eta itxaropena
sortu du gehienongan.
Hitzetik hortzera aipatzen da orain arteko erresistentzia jarreraren
ordez eraikuntzarena indartu behar dela. Eraikuntza nazionala
bultzatzeko eta indartzeko garaia dela. Bide berriak, estrategia
berriak asmatu eta gauzatu behar direla. Gisa horretako hitzak
entzuten dira etengabean. Ikusi beharko da egun gutxi barru ospatuko
diren hauteskundeen ondoren zer nolako giroa nagusitzen den. Egia
esan behar badut, arlo sozio-politikoan entzuten den parekorik
ez dut entzuten kultura ata hizkuntzari dagokionean. Eta horrek
kezkatzen nau.
DISKURTSO ZAHARRA
Izan ere, arlo politikoan batez ere, proiektu berri eta diskurtso
berriak aipatzen diren bitartean, kultur eta hizkuntzaren arloetan
ez da diskurtso berririk entzuten.
Lehen baino mugimentu, akordio eta proklamazio gehiago bai, baina,
lehengo lepotik burua, betikoak errepikatuz. Kantitateak berez
ekarriko balu bezala beharrezkoa den berrikuntza kualitatiboa.
Zoritxarrez diskurtso zaharrean finkaturik jarraitzen dugu. Ikus,
bestela, ondoko hauek:
–Duela 20 urteko diagnostiko berbera eginez jarraitzen dugu.
–Helburuak ere berberak dira: gizarte geroz eta elebidunagoa
eta integratuagoa.
–Plangintza estentsiboak, ahal den jende eta esparru gehienetara
iristeko, eta ez intentsiboak Hizkuntz Komunitatea barrutik egituratzeko.
Hau da gure gaur egungo egoera, eguzkipean ezer berririk gertatu
ez balitz bezala. Diskurtso zaharrari guztiz atxikirik. Eta Euskarak
diskurtso berri baten behar gorria du. Izan ere, ezagutzari dagokion
egoera, egin den ahalegina handia izan arren, gutxi hobetu baldin
bada ere, beste elementu edo osagaiek era nabarmenean egin dute
behera, batez ere hizkuntzarekiko atxikimentuak edo hizkuntz-kontzientziak.
Duela 30 urtetik hona nabarmen behera egin baitu.
Egia da beste garai batzuk zirela: Francoren azken urteak ziren,
hizkuntza euskal nortasunaren ezaugarri modura hartzen zen, herritar
guztiek euskara ikasi behar zutela ozenki aitortzen zen. Ilusio
handia piztu zen herritarren artean.
Gaur egun gauzak asko aldatu dira: alde batetik, euskal herritarra
izateko euskara jakin beharrari ez zaio lehentasunik ematen; beste
aldetik, garai batean euskararen aurkako jarrerak plazaratzen
ausartzen ez zirenak, orain lotsa gitxirekin azaltzen dira ez
dagoela euskara zertan ikasirik eta euskara ikastea baino hobe
dela ingelesa ikastea eta antzekoak esanez.
Bestalde, euskara ez ikasi arren, hemen ez dela ezer pasatzen
eta lasai aski bizi daitekeela erdara hutsean funtzionatuz pentsatzen
dutenak nabarmenki gehitu dira.
DISKURTSO BERRIA
Azkenik, diskurtso berriari buruz, esan behar da Euskal Herrian,
zorionez, badugula Euskarak behar zuen diskurtso berri hori. Duela
30 urte hasi, eta orain arte, eta aurrerantzean ere ekoizpen berriak
sortzen ari den ikertzailea baitugu gure artean. J. M. Sánchez
Carrión Txepetxez ari naizela esan beharrik ez dago.
Kanpotik etorri eta bertakotu, gure hizkuntza ikasi, eta euskararen
egoerari buruzko azterketa sakona egin ondoren, euskarari buruzko
diagnostiko berri bat eta euskararen berreskurapena bideratzeko
klabeak asmatu dituena eta orain ere asmatzen jarraitzen duena.
Ugariak dira berak idatzitako lanak. Horien artean aipagarrienetakoak
Un futuro para nuestro pasado (1987-91) eta egun hauetan plazaratu
berria den Márgenes de encuentro: Bilbao y el Euskara (1999)
eta hololinguistika arloan egin dituen beste hainbat bide urratze
aipa daitezke.
Penagarria da ikustea nola Hizkuntz Politikako arduradunek ez
duten aportazio hori aintzakotzat hartu nahi izan, nahiz eta sarri
askotan bere ekarpen teorikoez baliatu eta erreferentzia orokor
eta puntualetara mugatu. Inoiz, isilean izan ezik, errekonozitu
ez badute ere ekarpen horri atera dioten etekina.
Nahiago izan dituzte atzerrietako beste aholkulari batzuk (ospe
handikoak noski), baina hemen ezer gutxi aportatu dutenak, bertakoek
diseinatutako hizkuntz politika onestea besterik egin ez badute
ere. Beste politikoen aurrean babesa lortzeko. Ez dugu aipatuko
bati eta besteei eman zaien tratamentuaren konturik, ez pertsonalik
ez ekonomikorik.
Diskurtso berriaren kontura itzuliz, esan behar da, momentu honetan
euskarak behar duena ez dela amankomuna den denominadore maximoaren
antzeko kontsentsu ahal den zabalena lortzea, horrelako kontsentsuak,
beti, hizkuntzak dituen behar minimoen azpitik egoten baitira.
Eta mesede baino kalte gehiago egiten diote hizkuntzaren berreskurapen-prozesuari.
Momentu honetan egin beharrekoa bide berriak urratu nahi dituztenen
indarrak bildu eta Hizkuntz Komunitatearen barne-artikulazio eta
trinkotze-prozesua indartu eta sendotzea da. Lan kualitatiboa,
beraz, eta horrek ekarriko du, gero, osaketa kuantitatiboa, baina
ez alderantziz. Barne-muina finkatu eta sendotu gabe, turuta jo
eta jendea eta taldeak mugiaraztea su artifizialetan gertatzen
denaren antzeko zerbait gertatzeko zorian jartzea da: momentuko
txinparta eta distira ikusgarriak lortu ondoren, berriro, eguneroko
bizitzara itzultzean suak piztu aurretik zegoen iluntasun berbera
aurkitzekoa alegia. Eta, egia esan, horrelako gehiegi egin da
gure herrian orain ezer ikasi gabe jarraitzeko.
Kantitatearen obsesioa gainditu eta gure Hizkuntz Komunitatearen
barne-artikulazioari ekin behar diogu denbora gehiagorik galdu
gabe: Euskararen nazioaren eraikuntzari, alegia. Euskara, Xalbadorrek
zioen bezala, Euskal Herriaren arimatzat harturik, pertsonaren
barne-eraikuntzatik hasi eta familiako, lan-harremanetako, herrigintzako,
naziogintzako eta zibilizazio eta nazioartegintzako bideak euskaratik
abiatuz egiteko.
Baina artikulu hau noizkoa da?
Orain dela hamar urtekoa. Geroztik bi inkesta soziolinguistiko egin dira (2001ekoa eta aurtengoa).
Erramun Osak ere irakurketa egin du inkestaren gainean, irakurketa bitxi egin ere.
http://www.bizkaie.biz/blogs/bg3/?p=42
Berak dio “euskararen indarbarritzerako” hiru elementu nagusi daudela: etorkinak euskarara erakartzea, euskaldunon jaiotza tasa handitzea eta helduen euskalduntzea.
Ostia, bera Eusko Jaurlaritzan dabilela kontuan hartuta: zer demontre egiten du Jaurlaritzak hiru elementu horiek hobetzeko? Bitxia irakurketa.
Erramunek hiru faktore horiek aipatzen ditu, bai, baina helduen euskalduntzea aipatzean erabileraz ari da, hori dio berak. Eta, behintzat, diskurtso mailan HPSren helburua gaur eta hemen erabilera handitzea da, hori esaten dute behin eta berriz.
Bakotxari berea …..