Erdaldunak eta euskara
Martinezena blogak gaur hiru urte egin ditu. Eta hiru urtetan hainbat artikulu interesgarri. Eta azken aldian ere bost artikulu oso interesgarri plazaratu ditu. Erdaldunak eta euskara izeneko liburutik hartutako aipuak.
1.- Erdaldunek gehiegizko konfiantza dute hezkuntzan eta
seme-alabengan, euskararen etorkizunari dagokionez. Gehiegizko
baikortasun hori ez jakitearen ondorioa da
Erdaldunen gehiegizko baikortasunak oso oinarri ahula du. Esaterako,
Bizkaiko Ezkerraldeko erdaldun batek itxaropentsu deritzo euskararen
erabilera sinboliko edo enblematikoari: aurrerapen gisa ikusten du
kalean “kaixo” edo “aita” entzutea, aspaldi batean horrelakorik entzuten
ez zelakoan. Horrelako erabilera urria du, beraz, oinarri jarrera
baikor horrek.
Euskararen idealizazioa ere ez jakitearen ondorio zuzena dugu:
euskara hizkuntza eder oparoa eta oso zaila dela diotenean, agerian
jartzen dute ez dutela beste inongo hizkuntzarik sakon ikasi, euskararen
gainean dioten berbera esan baitaikete munduko hizkuntza guztien
gainean edo behintzat ingurukoen gainean dudarik gabe.
Azkenik, ezinbestez nabarmendu behar dut liburuko baieztapen
kezkagarri baina argigarria: “Euskara beste hizkuntza batzuk baino
zailagoa delako usteak batzuetan euskararen kontrako jarrera ezkutatzen
du”
2.- Administrazioak koherentziarik gabe dihardu euskara
kontuetan eta hainbat lanpostutan euskara exijitzeak kalte egiten dio
euskarari
Euskara jakin beharra administrazioko behe-mailako lanpostuei
ezartzen zaie gehienbat. Iritzi orokortua da batez ere jende aurreko
langileek, herritarreiko harreman zuzena daukatenek jakin behar dutela
euskaraz. Baina, pentsa dezagun: udaletxe batean nor EZ dago
jendearekiko kontaktuan? Hirigintza zuzendariak, kasu, ez al du lagunik
hartzen despatxuan? Edo kontratariak ez al dira “jendea”, ez eta
“herritar” ere? Izenik gabeko jendeaz ari gara bakarrik eta ez
izen-abizendunez?
Badirudi euskara telefonari edo mostradore atzekoei baino ez
dagokiela, besteek nahikoa baitute abokatu edo arkitekto “onak” izanik.
“Se admite que la gente de cierta cualificación no habla euskera”, dio
berbaz berba liburuko batek. “Al mundo de la empresa hay que dejarle que
se bandee con sus propias reglas”, beste batek.
Euskara exigitzeak hizkuntzari kalte egiten diola esaten duena
motibazio instrumental hutsaz ari da, erreparatu gabe, agian, gutako
gehienok motibazio instrumental huts-hutsak bultzatuta ikasi dugula
ingelesa edota frantsesa eta horrek ez diela batere kalterik egin
hizkuntza handi horiei; are kalte txikiagoa egingo lioke, beraz,
euskarari.
Ez da, beraz, guztiz zuzena euskara exijitzeak kalte egiten dionik
euskarari: euskara exijtzeak hizkuntzaren industriari ematen dio jana
eta hizkuntzaren industria egitea oso ona eta ongarria zaio hizkuntzari.
Errepara diezaiogun, esaterako, ingelesaren industriari. Zer dakarkio
hizkuntzari? Onik ala txarrik? Zalantazarik ez dago. Hala eta guztiz,
Eusko Jaurlaritzako bedela izateko euskara jakin beharrak eta zuzendari
nagusia izateko, ordea, beharrik ezak ez diote batere onik egiten
hizkuntzari.
3.- Erdaldunak erraz gogogabetzen dira euskara ikastean
Zergatik? Funtsean ikusten dutelako, ikasten urte luzeak emanda ere,
sekula ez dutela erdietsiko euskaldun zaharren “bataz besteko” maila.
Eta “ikuste” erdi ustel horren errua neurri handi batean euskaldun
zaharrei dagokie, ez baitituzte usu txalotzen euskaldun berrien
aurrerapenak, ez eta esfortzu handiak ere, baizik eta sarriago guztiz
kontrakoa egiten baitute: hots, hainbatetan ematen du hanka-sartze
nimiñoenaren zain gelditzen direla, trufa egiteko, labelik gabeko
hizlaria barregarri uzteko. Eta, jakina, euskaldun berriak,
konturatutakoan, nola erantzungo dio horri? Bada, haserrez eta etsia:
“Egizu gure duzuna zeure hizkuntzarekin; ni neurera bueltatuko
naiz-eta”.
Jarrera hipereredugarri, arauemaile eta intolerante horrek on egingo
dio agian luzera hizkuntzaren kalitateari, baina ez zaio batere
mesedegarria hizkuntzaren erabilera naturalari. Hautua egin behargo dugu
apika: kalitatea ala erabilera?
Bestetik, lerrotik eta betiko suntsitu beharko genuke hizkuntzak
txikitan ikasi behar direla eta heldutan zer eginik ez dagoelako uste
xamur alfer gezurrezko hori, beste arrazoi asko beste direlarik, horrek
ere euskararen kontrako jarrera estaltzen duelako.
4.- Bi mundu daude: euskararena eta erdararena
Goitik behera errefusatzen dut bi mundu ustezko horien existentzia.
Mundu bat da, bakarra, hizkuntza birekin. Dena den, bi munduen
existentzia onartuko bagenu (ez dut onartzen, ordea), esan beharko
genuke erdal munduak ia ez duela euskal munduaren berri; aitzitik,
euskaldunek erdaldunen berri daukatela etengabe eta ezinbestez.
Aurreneko errefusatze horretara bueltaturik, benetan galdetzen diot
neure buruari: zer demontre da “euskararen mundua”? Zer esan nahi ote
dute “euskararen mundua” aipatzen dutenean? Zer arraio esan nahi dute
hainbat erdaldunek “euskararen mundutik gertu” sentitzen direla
diotenean? Zertaz ari dira? Politikaz? Estetikaz? Gizarte-ekonomia
klaseez ari dira?
5.- Euskaraz jakin gabe bizi eta lan egin daiteke euskal
lurralde osoan
Erdaldunek aitortzen dute eroso bizi direla Zarautzen edo Ataunen.
Eta denok ezagutzen dugu goi-mailako profesionalen bat euskaraz tutik
jakin gabe ondo baino hobeto ateratzen duena bizimodua Euskal Herrian.
Ondorioa triste bezain benetakoa da: euskara ez da beharrezkoa Euskal
Herrian. Gauza bera esan ahal dugu gaztelaniaz? Gaztelaniaz jakin gabe
bizi eta lan egin al daiteke gurean? Ez dut uste. Galdetu, bestela,
etorkinei.
6.- Euskal ereduetako ikasleei gutxiago eskatzen zaie
ikastaroak gainditzeko
Euskal hezkuntzaren mundua ez dut hain ondo ezagutzen esan ahal
izateko hori benetan gertatzen den edo ez; argi eta garbi entzun diot,
ordea, euskal lerroko irakasle bati: “Eskuzabal jokatzen dugu ikasleen
ortografia akatsekin. Nahikoa egiten dute gizajoek.”
Eskerrik asko, besterik ez. Hurrengora arte.