Erruleta 4: Euskara hizkuntza zaila da
Motibazioa sustatzeko baliabideak izeneko blog-etik laugarren aurreiritzia.
Hori ere makina bat aldiz entzun dugu. Ez dugu esanen hizkuntza bat ikastea oso gauza erraza denik, eta ahaleginik eskatzen ez duenik. Hizkuntzaren bat ikastea zer den probatu duenak badaki saiatu beharra dagoela. Eta euskararen kasuan ere hala da. Kontua da euskararen kasuan askotan esaten dela bereziki zaila dela, eta munduko hizkuntzarik zailenen artean dagoela ere entzun izan dugu. Hizkuntzalariek badakite, ordea, berez ez dagoela hizkuntza zailagorik edo errazagorik. Hizkuntzen artean badira aldeak, eta batzuetan gramatikaren atal jakin batzuk sinpleagoak dira, eta beste batzuetan konplexuagoak. Baina hizkuntzen artean badago nolabaiteko oreka, eta konplexutasunean eta zailtasunean denak antzekoak edo berdintsuak dira.
Zergatik? Beharbada hizkuntzak gure burmuinarekin oso lotuta daudelako, eta haren ezaugarrien ondorioa direlako. Pertsonen artean eta herrien artean badaude aldeak, bistan da, baina munduko gizaki guztiok oso antzekoak gara, eta oso antzekoak dira gure burmuinak. Sor genitzakeen hizkuntza guztiek, beraz, antzekoak izan beharko lukete. Bestalde, herri batek oso hizkuntza konplexua eratuko eta erabiliko balu, ikasteko edo eskuratzeko oso zaila dena, ziur asko ez lioke asko iraunen, beste hizkuntza batzuen ondoan ez litzatekeelako oso praktikoa izanen eta, eraginkortasunak bultzatuta, alde batera utzi beharko lukeelako.
Azkenik, beste balizko azalpen bat ere eman dezakegu: munduko hizkuntza guztiak, beren oinarrian eta egituran, berdinak dira. Ikusten, sumatzen eta gozatzen edo sufritzen dugun aniztasuna eta ezberdintasuna, azken batean, azaleko kontu bat besterik ez da. Baina egia da, ezin ukatu, guri errazagoa egiten zaigula hizkuntza bat ikastea beste bat ikastea baino. Adibidez, errazago ikasiko genuke katalana nepalera baino. Hori ez da, ordea, katalana berez errazagoa delako nepalera baino. Indiako herritar batek ziur asko nepalera errazago ikasiko luke katalana baino. Errazago edo zailago bihurtzen duena abiapuntua da. Guretzat katalana erraz samarra izan liteke gaztelaniaz badakigulako eta hizkuntza horiek elkarren hurbilekoak eta antzekoak direlako. Indiakoarentzat, berriz, katalana oso arrotza izanen da, eta oso zaila gertatuko zaio. Euskara, beraz, ez da berez beste hizkuntzak baino zailagoa, baina zaila egiten zaio gure inguruko erdaldunei beren abiapuntuko hizkuntzak, normalean gaztelania edo frantsesa, oso ezberdinak direlako. Nolanahi ere, eta atal honekin bukatzeko: euskara ikasteak ahalegina eskatzen duela bistakoa izan arren, garbi dago behar adinako motibazioarekin eta gogoarekin ikas daitekeela, ongi gainera, gure inguruan ditugun euskaldun berri askok ederki asko erakutsi diguten moduan.
Iruzkinik ez
Trackbacks/Pingbacks