Hitanoa
Nik ez dakit hitanoz berbetan. Nire lankide gizonezko gehienek badakite eta erabiltzen dute (nirekin ere askotan). Baina nik ezin diet jarraitu …
Bat aldizkariaren 91. aldizkarian Josu Ozaitak artikulu interesgarria idatzi du Tolosaldean hitanoak gazteen artean duen egoeraz. Landa-lan interesgarria egin du (niretzat interesgarriena gazteek eurek esandakoa izan da). Eta bi aipu ekarri eta komentatu nahiko nituzke:
“Hikak erlazio asko dauke baserri giroakin, horreatik zu hikaz hasten zeanen … ba gu haste gea ta 80 urteko behiak paseatzen ibiltzean atton bat bezala, eta ez dauke zertan hola izan beharrik. Horrekin erlazionatzen deulako sin mas …” (Maider, 23 urteko tolosarra).
Gurean, mendebalde aldeko euskaldunok ere horrela sentitu izan gara inoiz bizkaieraz aritzean. Hika kendu eta bizkaiera jarri eta antzera sentitzen garela askok esango nuke.
“Ni oain dela gutxi hasi naizela hika hitz eitten, oain kontuatze naiz nik hika erabiltzen detela funtzio bat bilatzen diotelako, informaltasun toke hoi … ni ez naiz hasi hika hitz eitten galdu ingoalako” (Aitzol, 19 urte, Tolosa)
Gurean, mendebalde aldean etxetik euskara ekarri ez duten batzuek bizkaiera ikasi eta erabiltzen dute egunerokoan. Izan ere, Tolosa inguruetan hikak ematen duen informaltasun toke hori gurean bizkaierak ematen du.
Eta abar.
Neu ere iritzi berekoa naiz (edo izan naiz?). Duela astebete Kepa Altonagarekin geratu nintzen kafe bat hartzeko UK aldizkarian berari egindako elkarrizketa batek arreta deitu zidan-eta. Berak dio euskalkiak desagertze bidean daudela eta lortu behar duguna batuaren orubearen gainean eraikitako eredua dela. Hartu kolorea emango dioten elementuak handik eta hemendik eta EH osoan funtzionatuko duen eredua osatu, bai idazteko bai berba egiteko.
Gero joango da sortzen jerga informalagoa…Ez dakit zuzena den bere teoria baina zer pentsatua eman dit.
Nik ez dakit zein den nire iritzia gai honetan. Badakit zein den nire praktika (eta ez da gutxi). Zentzu askotan, bat nator Kepa Altonagak dioenarekin (Dabid Anautek ere antzeko zerbait esan du Jakin aldizkarian orain dela gutxi, esperimentu erraldoia deituz). Baina, era berean, ez dakit momentu honetan horri ekiteko behar besteko indarrik dugun: batez ere, “berritasunak” zabaltzeko erresonantzia kutxa kamutsak ditugula uste dut.
Tira, bitartean, batua eta euskalkiarekin bizitzea tokatzen zaigu, bien arteko oreka zail bezain interesgarrian.
Honen harira, atzo Asisko Urmeneta ikusi nuen HamaikaTbn. Argotik ez dugula eta horren arrangura sentitzen duela zioen. Gero aspaldiko ideia mundiala bota zuen: Sasiko Akademia sortzea Olariaga, Luku eta antzekoekin. Talde horren zeregina argot horretarako esamolde, berba eta abarrak identifikatzea edota sortzea litzateke.
Berbaldi guztian zehar berak ohiko duen euskara erabili zuen: naturala, giro interesgarriz betea, erakargarria. Zera pentsatu nuen, “Ba batueraz aritu da, nafar kutsukoa baina batua”. Uste dut badaudela Asisko bezalakoak EHko eskualde guztietan, batueraz edo batueratik gertu dauden aldaeratan berbetan egunero eta gauero, eskolan zein tabernan. Norbanako eta taldetxo horiek indartuko balira, zeinek daki, agian batuera malguago eta koloretsuago bat lortuko genuke.
Bai, jakina. Baina Asiskok proposatzen duen Sasi-akademia horren berritasunak zelan zabaldu? Zer komunikabideren bidez? Zelan jendarteratu horiek? Hor dut nik kezka nagusia.
Oraintxe bertan irakurri dut Dabid Anautena, erabat ados berak dioenarekin. Bitxia da idatzita topatzea berbaz berba norberak buruan erabilitako ideiak.
Zure kezka, berriz, euskaltzale guztion bera dela esango nuke. Botere guneetan egun duguna baino presentzia handiagoa izatea ez da konponbide bakarra izango baina oso lagungarria ziur baietz. Hori lortu bitartean beharrean jarraitu behar…