Galdera
Aurrekoan lagun batek egin zidan galdera. Galdera deserosoen aurrean politikariek duten aurpegi eta erantzun molde berbera erabili nuen: mozolo aurpegia jarri eta ezer ez esatea berba asko erabili arren. Erantzuna jakin behar nuela ematen baitzuen. Baina ez.
Ordutik, alde onak irakurri ditut eta ez naute konbentzitu. Alde txarrak irakurri eta horiek ere ez naute asebete. Eta nik baino gehiago dakien bati galdera egitea otu zait. Ez daukat haren kontakturik, baina espero dut blogeko irakurleren batek hari galdera pasatzea eta erantzuna hona ekarri ahal izatea. Horrek ez du esan nahi besteok ezin duzuenik erantzun. Eskertzen dira ekarpen guztiak.
Galdera Paula Kasaresi egin nahi diot. Bera da, nire ustez, gaur eta hemen hizkuntza sozializazioari buruz gehien dakiena. Eta erantzun egokia emango duela uste/espero/desio dut.
Horra hor galdera:
Leku erdaldun(du) batean (demagun Bilbo) euskarazko irakaskuntza zentro bat. Ume txikiak taldekatu nahi dituzte: alde batetik, etxetik euskara dakarten umeak (gurasoen hizkuntza gaitasunak askotarikoak diren arren) eta, beste alde batetik, etxetik euskara ez dakarten umeak. Erabakiak dituen zailtasun teknikoez gain, umeen euskarazko sozializazioa (kontuan hartuta, adinkideekin dituzten interakzioen garrantzia) hobetuko luke erabakiak?
Gasteizen “D eredu naturala” deitu zitzaion. Orain dela dozena bat urte saiakerak egin ziren zenbait ikastetxetan (gutxitan). Ez dut esperientziari buruzko ebaluaziorik ezagutzen, eta azkar samar desagertu ziren. Inpresioa dut arazo gehiago sortzen zituztela, konpontzen zituztenak baino.
Duela 14 urte, gure seme zaharrena eskolan hastekoa zenean, Hernaniko ikastetxeren batean (bai badakit Hernani ez dela ez Gasteiz, ez Bilbo; baina tira, Zerain ere ez da) hitz egin ziguten horri buruz eta oker ez banago aplikatzen ere hasi ziren. Halere uste dut azkar samar utzio ziotela horrela jokatzeari.
Are gehiago esango nuke elkarrizketetan Donostiako Amara Berri zutela aipagai (Fernando Buesa/Manolo Huertas/Maite Pagazartunduaren garaian) top of the top eskola publikoen artean
Nire esperientziaren arabera, uste dut, gurea bezalako herri batean, eskolaren hizkuntza proiektuak zerikusi haundiagoa duela, halako banaketa batek baino. Gabonetan semeak Hernaniko gazteak WhatsApp bidez banatzen ari ziren montaje horietako bat erakutsi zidan eta, gutxi gorabehera, hala esaten zuen: Langile ikastolako gazteek beti euskaraz egiten dute, guaienak eta tabernazalenak dira …
Ona galdera Txerra!
Guk, Pasaia eta Lezoko Ikastolan urtea pasa dugu gaiari bueltak eman eta nola jokatu pentsatzen. Izatez, guraso euskaldun batzuen aldetik etorri zen kezka. Izan ere, euren umeak 6 urte betetakoan, ingurune erdaldunagoko beste batzuekin nahasten baitziren gela berriak eratuz. Gela berri horietan, euren umeak erdarako joera hartzen zutela sumatu omen zuten eta batzuetan, erdaraz ongi ez moldatzeagatik gaizki sentitu ere. Bestalde, zalantza zuten, erdaldunagoak zirenek zenbateraino aurreratzen zuten euskararen erabilera/gaitasunean. Hortaz, eurentzat, emaitza kalterako zen eta hobe zen, nagusiki guraso euskaldunen seme/alabek osatutako gelak eta guraso erdaldunenak bereiztea.
Euskaltegian aritutako eta hizkuntza-batzordeko kidea zen guraso batek jarri zuen kontra-puntua. Guraso erdaldunen gelan geratzen ziren umeei euskaraz sozializatzeko aukera dezente murriztuko geniela (ikaskideen artean) eta, bereizkeria arrisku handia ikusten zion planteamenduari.
Beste zenbait ikastoletara jo genuen esperientzien bila, baina, ez genuen erreferentzia argirik asko. Gure eskualdeko eta ikastolako guraso Pello Jauregirekin ere egin genuen hitz ordua. Hark zalantzak ulertu eta berak ere aipatu arren, abiaburu desberdineko umeak uztartzearen aldekoa hautua defendatu zuen. Lasarteko ikerketan oinarritzen zen, esateko etxean euskaraz jasotakoak oso portzentaje txikian galtzen dutela euskara, eta aldiz, etxetik euskara jaso ez dutenei euskara bereganatzeko aukerak biderkatzen zaizkiela. Beraz, kezka agertutako gurasoen kontrara, bere ustez, emaitza baikorrek, emaitza ezkorrak gainditzen zituzten.
Gure azken hautua hemendik joan zen. Gelen uztarketa egitea baina, gela berriak osatzeko hizkuntza azterketa egokia eginda. Horreratako premisa zera da: sortzen diren gela berrietan, euskaldunon arteko harreman-sare trinkoei eustea. Alegia, aurretik euskaraz aritzeko ohitura zuten geletarako lagun-taldeei edo ‘mikro-talde’ei eustea gela berrietan. Horrela, lagun-talde horien harreman-trinkoa bermea izatea, euren artean erdararako joera ez emateko eta eurengana gertutatzen direnak euskaraz aritu beharko direla ziurtatzeko.
Tira, badirudi gaiak ikerketa lerro baterako ematen duela. Ea norbait argibide gehiago emateko gai den edo esperientzia desberdinek zer-ikasia eskaintzen diguten.