Euskalgintzak eta anarkismoa lotzeko 10 puntu
Carlos Taiboren “Repensar la anarquía” liburua irakurri berri dut (oporrek askotarako ematen dute). Eta liburua amaitutakoan, nire buruan bueltaka ibili da galdera bat: euskalgintzek ba al dute zerikusirik anarkismoarekin? Eta hasi naiz erantzunak bilatzen eta 10 etorri zaizkit burura:
- Ikastolak eta euskaltegiak ez al ziren izan bere sortze sasoian (eta orain ere, baina tira) bestelako joko-arau batzuk zituzten espazio autonomoak?
- Euskal soziolinguistikan itzal handia duen pentsalari batek behin baino gehiagotan aitortu du (zuen) anarkismotik asko edan duela. Zein ote? Txepetx, agian.
- Egian euskaraz ekimena (eta beste herri eta auzoetako antzeko ekimenak) ez al da anarkista zaharrek deitzen zuten ekintza bidezko propaganda edo gazteagoek deitzen duten bizi-eredu aurreratzaileak?
- Ez al da bitxia Komando Autonomoetan ibilitako asko borroka armatua utzi ostean euskalgintzan aritzea buru-belarri?
- Euskara elkarteak, sortu zirenean behintzat, ez al ziren euskaldunok geure burua antolatzeko modu beregaina? Edo, beste berba batzuekin esanda, ez al zen autoantolaketa? Ez al zuten/duten praktikatzen autonomia? (eta abar)
- Jon Sarasuak bere Hiztunpolisa liburu famatuan hizkuntza komunitateak eta Estatuak kontrajartzen zituen. Lehenak, komunitate naturalak ziren beretzat, betidanik hor egon direnak eta beti hor egongo direnak. Bigarrenak, berriz, asmatutakoak dira, sortutakoak nahi bada, orain ez asko asmatuak eta batek daki zein etorkizun izango duten. Ez al da hori berori anarkiaren errezeloa eta herra Estatuarekiko?
- Kontrakulturaren eta anarkiaren arteko erlazioak ezagunak dira. Era berean, euskarak (edo euskal kulturak) edan du kontrakulturatik, eta oraindik edaten du (batzuek gainera gehiago edan behar duela aldarrikatzen dute).
- Jabetza pribatua baztertzen du anarkismoak. Euskalgintzan ere pauso batzuk egin dira norabide horretan: Berria egunkariak eta Argia astekariak lizentzia libreekin kaleratzen dituzte edukiak, Euskaltzaindia bezalako erakunde batek ere lizentzia libreak darabiltza, … Seguruenik euskara beste hizkuntza batzuk baino eduki libre gehiago ditu (proportzioan, beti ere).
- Auzolana, auzolana, auzolana: euskalgintzako zenbat programa eraiki dira eta eraikitzen dira auzolanari esker? Zenbat? Eta auzolana ez al da anarkismoarekin erraz asko ezkontzen, ez da delegatzearen kontrako antidotoa?
- John Hollowayk aldarrikatzen ditu arrakalak sortu behar direla orain eta hemen, etorkizuna gaurtik egin behar dugula. Nire ustez, euskalgintzaren azken 50 urteotako jarduna horrela labur daiteke. Etorkizuna gaurtik egiten, etorkizuna orain eta hemen hasten dela argi eduki du euskalgintzak, ezta?
Beste inori bururatzen al zaio euskalgintzak eta anarkismoa lotzeko beste adibiderik?
Kaixo! Hortxe nenbilen Twitterren gauzak azaldu ezinik eta… kontxo, hobe hementxe iruzkin bat idaztea!
Nire ustez, euskalgintzak ez du asko edan anarkismotik (zer edo zer bai, noski, baina ez asko) batez ere anarkismoa ez delako “ongi ikusia” izan euskalgintza mugimenduen aldetik, ezta oro har EHko mugimendu politiko nagusien aldetik ere. Orokorrean, oso gaitzespen gogorrak jaso ditu ia desagertzeraino.
Egia da mugimendu komunalak eta autogestionatuak egon direla, baina alde batetik auzolana anarkismoaren dezente aurretik oso ohikoa izan den lan egiteko modua da, ezin esan praktika anarkistatik datorrela, gehiago praktika komunaletatik. Bestetik, mugimendu komunistek eta sozialistek ere autogestioa erabili izan dute antolaketa modu gisa.
Nire uste -ez aditu- xumean, euskalgintzak beti izan du aldamenean ikuspegi komunistaren bat (komunismoaren barruan oso bestelako ikuspegiak daude…); troskismoa eta leninismoa segur aski gehienbat.
Egia da Carlos Taibok aldarrikatzen duela praktika libertarioak direla mundua horizontalizatzeko edo eraldatzeko bide garrantzitsu bat, baina bere ikuspegia da, oro har, praktika libertarioek anarkismorantz bultzatzea, edo agian komunismo libertariorantz (uste dut gaur egun gehiago jotzen ari dela komunismo libertariorantz anarkismorantz baino).
Baina oso interesgarria. Azken boladan pentsamendu anarkistako gauza dezente biltzen ari naiz eta horregatik etorri zait iruzkintzeko gogoa 😉 Mila esker!
Nire ustez, euskalgintzak gehiago edan du anarkismotik ematen duena baino. Hala ere, baieztapen hori ñabartu behar da.
Batetik, nik anarkismoa oso modu zabalean ulertzen dut (mugimendu autonomoa, zapatistak edo John Holloway niretzat anarkismoaren barruan daude, nahiz eta eurek ez kokatu hor, baina tira). Gainera, ez naiz zientzia politikoan aditu, eta esango nuke horizontaltasuna, autogestioa, autoantolaketa, komunala eta abar anarkismoaren tradiziotik heldu zaizkigula (beste tradizio batzuk ere horri heldu). Hala ere, ez naiz kapaza anarkismoaren korronte edo ihesbideetan txonbo egiteko, flotadore barik behin behin. Beraz, zentzu horretan ulertu behar dira nire ustez euskalgintzen eta anarkismoaren arteko egon daitezkeen loturak.
Bestetik, tranpa txiki bat egin dut artikuluan, eta zuk, Ainhoak, lehenengora harrapatu duzu. Jakina auzolana anarkismoa baino zaharragoa dela, jakina auzolanak bere horretan ez duela zerikusirik anarkismoarekin. Baina XX. eta XXI. mendeetan euskal herrietan hainbat arlotan garatu den hori (auzolan izena jarri diodana) ez al da anarkista zaharren apoyo mutuo hori? (bide batez, apoyo mutuo euskaraz zelan eman?)
Eta, hirugarrenik, ez dut esaten euskalgintzak gehiago edan duela anarkismotik beste nonbaitetik baino. Baina hortik ere edan du, anarkismoaren zantzuak han eta hemen topatu daitezke. Eta agian bada garaia hortik gehiago edaten hasteko (edo ez).
Guk “apoyo mutuo” euskaraz ‘elkarren arteko laguntza’ gisa itzuli dugu eta hala erabiltzen dugu euskarazko ekoizpenetan ere.
Nire ustez, interesgarria da bereizketa horiek egitea eta argitzea mugimendu euskaltzale ezkertiarrek marxismoan dutela oinarria, onartuta marxismoak tentsio dialektiko ugari izan duela anarkismoarekin (Marx eta Bakuninen arteko eztabaida sutsu horietan, esaterako) eta, aldi berean, garaikideak izanik, elkarrengandik gauza dezente ikasi dituztela (gehienbat Lehen Internazionalean). Baina anarkismoak Estatuaren deusestapenaren alde egiten du borrokan eta planteatzen du ez dela Estaturik edo antzeko antolaketa bertikalik erabili behar; euskalgintza mugimendu ezkertiarrak, aldiz, argi eta garbi borrokatzen dira Euskal Estatuaren alde. Eta esan daiteke ezker abertzale ofizialaren korronte nagusiak sozialismoaren alde daudela, sozial-demokraziaren korrontearen indar handiarekin (komunismoak gaur egun ez du indar handirik, nire ustez, unean uneko diskurtsoez edo talde jakin batzuez aparte).
Zergatik da hori garrantzitsua euskalgintzaren eraikitze bidean? Ba bai mugimendu marxistek eta bai mugimendu anarkistek “behean daudenen” defentsa argia egiten badute ere, iruditzen zait amarrutsua dela anarkismoaren tresna libertarioak erabiltzea Estatu sozial-demokrata bat eraikitzeko, ze nolabait jendea ‘engainatua’ senti daiteke.
Hori da “aurrekontu partehartzaileekin” gertatzen ari dena (analogia gisa): aurrekontuak herritarrok autogestiona ditzakegu, betiere Estatuaren mugen barruan. Hau da: herritarrok soilik erabaki dezakegu gure gainetik dauden erakundeen tutoretzapean. Ez omen gara adinez nagusi. Orduan, autogestio tresnak erabil daitezke herrietan aurrekontu partehartzaileak egiteko (asanbleak eta abar) baina ez da onartuko aurrez ezarritako markotik irteten den ezer. Jendea, orduan, engainatua sentitzen da (Gipuzkoako Foru Aldundiaren Partaidetza Araudiaren ebaluazioan agerian geratu zen bezala).
Uneotan saiatzen ari gara autogestioarekin lotutako bide bat zabaltzen euskalgintzaren eremuan, baina ez dugu ulertzen autogestioa tresna gisa, helburu gisa baizik. Hortxe gabiltza “hizkuntzaren jabe-gabetzea” teorian eta praktikan lantzen… Ez gara anarkistak baina (besteak beste) anarkismotik edaten ari gara “eguneroko bizitzaren autogestio kolektiboa” deitu diogun lan egiteko moduan lan eginez euskara beste ikuspegi batetik garatzeko, behetik eta horizontalki. Carlos Taiborekin eta John Holloway-rekin noizbehinka hitz egiten dugu (Carlosekin gehiago, Johnekin hitz egitea zailagoa da) eta mugimendu zapatistekin oso lotura estua dugu, EZLNaren teorizazioan batez ere.
Donostiako taldean, batez ere hizkuntza eta hezkuntza ari gara jorratzen, bai ikerketan eta bai irakaskuntzan. Oraindik lehen pausoak ematen gabiltza, baina egiten ari garenaren emaitzak gustatzen ari zaizkigu… Euskalgintzak eraldaketa behar duela uste dugu, eta eraldaketa horretan eskolaren eraldaketak zerikusi zuzena duelakoan gaude…
Beno, sakondu nahi duenarentzat hemen utziko ditut estekatxo batzuk… (aprobetxatuko dut zure espaziotxo hau zure baimenarekin…):
Euskaraz hau dugu itzulia: http://ilusionismosocial.org/course/view.php?id=35
Gure oinarri bibliografikoak: http://ilusionismosocial.org/course/view.php?id=7
Urrian Donostian egingo ditugun jardunaldiak: http://www.ehu.eus/eu/web/ism/donostia-2016-10
Egingo dugun nazioarteko online ikastaroa (EH-Mexiko-Andaluzia-Galiza batez ere): http://www.ehu.eus/eu/web/ism/formazioa
Eskerrik asko pentsatzen laguntzeagatik!
Eskerrak zuri horren erantzun mamitsuak egiteagatik. Eta, bide batez, ez dago ezelako arazorik horrelako estekak jartzeagatik, horrelako erreferentziak denon eskuetan jartzeagatik. Jarraitu dezala eztabaidak!
Zapore gazi-gozoa utzi dit artikuloak. Batetik erabilitako hainbat erreferentzia gertuko sentitzen ditut,
adibidez, Autonomoekin solasean liburu borobila; bestetik, ez dut uste ona denik euskalgintza inongo etiketa ideologikorekin lotzea. Egia da azken 50 urteotako praktika asko autogestiotik hurbil eta auzolanaren bitartez egin direla baina horrek ia herri mugimendu guztientzat balio du, ezta?
Gainera, beste izenbururen bat egokiagoa izan ahal zela begitantzen zait, ez dakit, zeozer irekiagoa, zeren eta zeuk era jakin batean interpretatu arren marka ideologiko hau (anarkismoa) beste hainbatek modu itxiagoan ulertzen dute berba. Egia esan, esango nuke kooperatibismo edo sozialismo berba berdin-berdin jarri ahal zirela izenburuan testoan aldaketa txiki batzuk egin ondoren. Modu irekian hartzen badituzu terminook, zergatik ez?
Argi daukat nik ere euskalgintza ez dela hautu ideologikoekin lotu behar (izan ere, nik ez diot inondik ere euskalgintzak eta anarkismoa bat direnik, lotzeko 10 puntu iradokitzen ditut). Baina tira … txarto azaldu naizen seinale.
Bestetik, egia da bihurrituz gero ia “edozer” gauzarekin lotu daitekeela euskalgintza. Eta egia da ere nik modu irekian ulertzen dudala anarkismoa, baina horretan bat nator artikuluaren hasieran bertan aipatzen den Taiboren liburuarekin (berak libertario berba erabili arren).
Eta izenburua probokatiboa izan da lehen momentutik. Ariketa bat da, “ezkutuko” mezuarekin (esplizitatu ez dudana eta ez dudana nahi esplizitatu) baina tira … probakazio apur bat ondo dator lantzean behin. Ez ala?
Akeran hobe probokazio bako kontrastea baina bai, tarteka erabili ahal da amuren bat. Kontua da ez batera ez bestera ez dela iritzi askorik mugitzen euskalgintzan.
Anarkismoaz, praktika autonomoez eta abarrez egingo dugu berba hurrengo batean aurrez aurre, gaiak askorako ematen du eta…
Aurrez aurre eta birra bat eskutan eztabaidatuko dugu gura duzunean …. eta bai gaiak askotarako ematen du.