Tosepan 6
Hau amaitzen ari da. Lan eskerga egin dugu denok eta, dagoeneko, lau erabilera planak diseinatu ditugu. Bai, ondo aditu duzue, lau erabilera plan diseinatu ditugu hiru astetan!!! Lan erritmoa ikaragarria izan da, baina ez zegoen beste aukerarik. Hiru aste gutxitxo dira lan honi ekiteko, baina erronka, etorri aurretik, onartua genuen. Ea nork gainditzen duen hori!
Ideien kontrabandoan aritu izan gara, euskal herrietatik ekarritakoak hemengo ideiekin batu, nahastu, trinkotu, eraldatu ditugu. Eta, era berean, hemengo batzuk hartu, gureekin nahastu eta han ere eragina duten. Asko ikasi dugu, asko partekatu, asko bateratu. Bai, itzela izaten ari da, bai. Izan ere, gure ezagutza mugatua denean (hau da, beti!) lagunduko gaituztenengana jo behar dugu. Gure arrakasta loturek baldintzatzen dute, loturen kantitateak eta kalitateak zehatzago esanda. Guk kimika behar dugu, bilatzen ari garena hein batean magikoa delako, bilatzen ari garena ezin da bakarrik azaldu arlo teknikotik. Eta, nire uste harroxkoan, kimika hori sortu dugu, gure eta euren artean.
Hemengo hizkuntza egoeraz bi berba egin gurako nituzke joan aurretik. Nauat (edo maseual) herrian hizkuntza bizirik dago, baina erabat egoera diglosikoan. Funtzio batzuetarako (oro har, informalak, nahiz eta formal samar batzuetan erabili) nauata eta beste funtzio batzuetarako (idatzizko guztiak, esate baterako) espainola. Gainera, hizkuntza batu barik dago eta oso-oso gutxi dira alfabetizatuta daudenak. Era berean, hizkuntza ere mordoilotzen ari dela esaten digute behin eta berriz (hizkuntza gaurko eta etorkizuneko funtzio berrietara egokitzeaz berbarik ez dute egiten, beste alde batetik).
Transmisioa ere higatzen ari da, apurka-apurka. Umeak, gazteak dira gutxien dakitenak (eta mordoiloen egiten dutenak antza) eta, zenbait herri eta komunitateetan kezka nabarmena dago teknologia berriekin, telebistarekin edo musika gustu berriekin.
Horri aurre egiten saiatzen ari dira Tosepaneko lagunak, hainbat tresna mahai-gainean jarrita: irratia, eskola, kooperatibetako planak, corpusaren batuketa, … Baina nago uriola hori geldiarazteko nahikoa ez dela. Tresna gehiago eta indartsuagoak jarri beharko dituzte martxan uriola horri aurre egiteko. Tira, hala ere, ez noa inondik ere ezkor hemendik. Gogoa dago, ilusioa dago, ideiak daude, eta ideia horiek bizi eta defendatuko duten pertsonak ere badira. Horrek asko balio du, kontzientzia, koherentzia eta konsistentzia batzen direnean … edozer gerta daiteke.
Agian jarraituko du …
Iruzkinik ez
Trackbacks/Pingbacks