Zazpi aholku
Katalunian egon zen Catala sempre izeneko foro bat. Foro horrek zazpi aholku, zazpi agindu, zazpi konpromiso jartzen zituen mahai-gainean. Interesgarria iruditu zait horiek euskaratzea eta blogera ekartzea. Ea zer deritzozuen!
- Beti egiten dut berba guztiekin katalanez, duten aurpegia dutela, duten kolorea dutela. Salbuespena bakarra turistak dira, Baldin eta eskatzen badidate berariaz katalanez ez egiteko. Harrigarria da turistek zenbat ulertzen duten keinuak eta adeitasuna konbinatuz gero. Baina hemen bizi den guztiekin, etorri berri-berria izan arren, katalanez baino ez dut egiten, lehen egunetik. Eta, horrela eginda, ia inork ez dit eskatzen hizkuntzaz aldatzeko.
- Ez dut ezer esaten ez aipatzen besteek berba egiten duten hizkuntzari buruz: besteek gura dutena egin dezaten nik gura dudana errespetatzen duten bitartean. Ez ditut animatzen katalanez egitera, uzten dut ekintzek nigatik egin dezatela berba, eta pentsatzen dut askoz indartsuagoa dela eurek katalana entzun dezatela, eurak konbentzitzen saiatzea baino.
- Normalean katalanez berba egiten ez duen batek egiten duenean, jarraitzen dut ezer gertatu ez balitz bezala: ez naiz liluratuta gelditzen, ez dut laudatzen. Ez dut gaia aipatzen ere. Kontraesana badirudi ere, konprobatu dut metodorik eraginkorrena dela, seguritatea ematen dietela eta aurrera egitera animatzen. Harrituta gelditzen nintzenean edo aldaketaz pozten nintzenean, edo euren aurrean aipatzen nuenean, lotsatu egiten ziren eta batzuetan arin samar pasatzen ziren gaztelaniara (ondo pentsatuta, logikoena da ez harritzea, gura badugu denok katalanez egitea, gura badugu hori izatea arau orokorra).
- Ez naiz haserretzen, ez dut eztabaidatzen katalanez berba egiteko dudan eskubideari buruz. Kontu hori ez dago eztabaidagai, eta kito. Eskubideak ez dira eztabaidatzen, praktikatzen dira. Baten batek probokatzen badit, paso egiten dut: asko presionatzen badu, esaten diot baietz, arrazoia duela. Eta kito. Oso erabilgarria da adibidez: “Zuk esaten baduzu …” eta ostean isiltasuna. Magia hutsa da! Ah, eta batez ere, batez ere, ez dut eztabaidatzen gaztelaniaz katalanez berba egiteko dudan eskubideari buruz: hori egitea eztabaida hasi aurretik galtzea da.
- Inork egiten badu txantxaren bat nire katalanari buruz, berdin-berdin erantzuten diot. Adibidez, auzoko pakistandar batzuek nitaz egiten zuten barre haiei katalanez egiten nienean, “hi hi hi katalan, hi hi hi …” eta neuk erantzuten nien hortzak erakutsita “hi hi hi urdu, hi hi hi …”. Eta txantxa hortxe bertan amaituko da. Gaur egun ez didate ezer esaten eta haietako bat katalanez hasi zait. Ez badago modurik txantxari buelta emateko, ez dut erantzuten.
- Ez ditut toleratzen ez interpreteak ez bitartekariak. Badakizue: etorkin batekin katalanez hasten zarenean, tartean sartzen direnak eta kritikatzen zaituztenak gaixoek ez dakitelako. Eta itzultzen dute esaten duzuna gaztelaniara, zu baino irekiago eta solidarioago direla erakusteko. Jende honekin ez da inolako gupidarik izan behar, zero, eta jakinarazi behar diegu gogor nagusiak garela eta badakigula munduko arazoei aurre egiten. Eta adierazi behar diegu gure interlokutorea tontotzat hartzen ari dela.
- Baten batek esaten didanean ez duela katalana ulertzen, galdetzen diot xalo-xalo: “Eta zergatik?” Horrek normalean defentsa guztiak suntsitzen ditu, aza-aurpegia geratzen zaie, ez dutelako espero, seguruenik lehenengoa naizelako hori galdetzen. Baina badira sumindu egiten direnak eta “estamos en España y a mi nadie me puede obligar bla, bla, bla” esaten dutenak. Nik esaten diet, adeitasun handiz, arrazoia duela eta abar. Eta, hortik aurrera, mozten dut elkarrizketa, eta kito.
Ez det aurkitzeN CATALA SEMPREREren zazpi aholkuen jatorrizko dokuemtua, bidaltzerik DOKUMENTUA EDO ESTEKA?
Kaixo Bittor: Nik Manual d’autoajuda para catalanoparlants liburutik atera dut testua (eta ez daukat digitalean, sentitzen dut).