Derio eta Sondikako kanposantuak
Aurrekoan hilarrien gaineko azterketa ekarri nuen blogera. Eta gaurkoan ere horrekin nator. Esan bezala, Derio eta Sondikako hilerriak bisitatu nituen eta emaitzak hauek izan ziren: Derion hilarrien %16 euskaraz eta Sondikan %7,3.
Zergatik ia 10 puntuko aldea herririk herrira? Ezagutzen ez duenarentzat, Sondika zein Derio Txorierrin daude. Deriok ia 6.000 biztanle ditu eta Sondikak ia 5.000. Euskararen ezagutza datuak antzekoak dira bi herrietan (euskaldunen kopurua gutxi gorabehera heren bat da herri bietan), eta erabilera ere antzekoa (neurketarik ez badago ere, bi herrietan oso-oso txikia da erabilera).
Datu horiek kontuan hartuta, zergatik ia 10 puntuko aldea? Hiru zergati bururatu zaizkit, baina nire hipotesiak baino ez dira:
– Derion Sondikan baino etorkin gehiago egon da (eta dago). Akaso horietako batzuk euren herrietara eraman dituzte lurperatzera (hala ere, Derion euskaraz dagoen hilarri kopurua Sondikakoaren bikoitza da).
– Derion Sondikan baino trinkotuagoa ei dago euskaldunon komunitatea. Hipotesi modura botatzen dut. Ez daukat datu zehatzik hori baieztatzeko: bi herriak ezagututa, intuizio hori badut baina besterik ez.
– Derion Sondikan baino indartsuagoa izan da (eta da) euskararen aldeko mugimendu soziala. Horrek zuzenean ez dut uste eragina duenik, baina akaso eduki dezake zeharkako eraginik.
Bestelako hipotesirik?
Jo, ba hasiera batean nahiko zentzudunak iruditzen zaizkit zure hipotesiak. Denek bere eragina izatea posible izan arren, irudipena dut lehenengoa izan litekeela garrantzitsuena. Beste bi kontu. Bata, erabilera datuei dagokienez: Udalbiltzaren webgunean herriz herri daude. Ez dakit zer urtetakoak diren eta zenbateraino diren fidagarriak (agian herriz herriko erabilera zundaketak dituzte eginak, baina zaila irudizen zait), baina soziolinguistikaren frikion grina asetzeko gutizia aparta dira. Bestetik, zure aurreko sarrerari dagokionez, benetan sinestesina dirudi galegoa nagusi den edo behintzat presentzia nabarmena duen eremuetan hain hilarri gutxi egotea hizkuntza horretan. Zergatik ote? Hizkuntzaren prestigio faltarekin zer ikusirik al du?
Agian zuk erantzun diezadakezu, bai Udalbiltzako datuen eta bai azken galdera honen inguruan.
Ondo izan.
Nik ez daukat horren argi immigraziogatik denik. Izan daiteke, baina zergatik Derion ia Sondikan baino hilarri doble egon hilarri kopurua antzekoa izanik? Nire ustez, bigarrena da gakoa. Derion seguraski immigrazio handia izateagatik, bi komunitateen arteko talka galanta sortu zen (badago oraindik orain, latentea bada ere). Eta horrek euskaldunon komunitatea trinkotu zuen (eta du). Baina ez daukat hori frogatzeko modurik. Ez daukat hori datuetara eramateko modurik.
Bi galdera egin dizkidazu. Galizian zergatik dira datuak horren baxuak? Hainbat arrazoiengatik, baina prestigio faltarena da nire ustez garrantzitsuen. Hangoek ere aipatzen dute hilarriak egiten dituzten enpresek mila eta bostehun traba ipintzen dituztela. Oso galegozale diren batzuek ere mila arazo izan dituzte hilarri ziztrin bat galizieraz jarri ahal izateko.
Udalbiltzako datu horiek berez Gaindegiarenak dira. Horien arabera, erabilera Derion %6,56 da eta Sondikan %8,93. Espero daitekeen erabileraz ari dira datuok. Ez dira behaketa bidez lortutako datuak, erabilera isotropikoko datuak dira. Herri gehienetan erabilera hortik gora egon ohi da (beti-beti ez, gertu samar dagoen Mungian esperotakotik behera dago, adibidez), baina ez da behaketa bidezkoa eta ez du balio, hurbilpen baterako ez bada.