Jarri euskara sasoian
Arabako Foru Aldundiak entrenatzaileentzako aholkuak biltzen dituen Jarri euskara sasoian eskuliburua plazaratu du. Eskuliburua Ebeteko lagunek egin dute, zoragarri egin ere.
Soziolinguistika domestikorako beste ekarpen potolotxo bat egin dute (bide horretan mugarri ederrak jarri dituzte Ebetekoek). Eta bereziki deigarri egin zait hizkuntza errutinak kontzeptua. Hizkuntza errutinak dira behin eta berriro errepikatzen ditugun esamolde, lokuzio edo esaldiak. Adibidez, eta entrenamenduen kasuan, ezkerrera, pauso bat aurrera, burua gora, pasatu eskumara, …
0tik 100erako bidean 5 gehiago da 0 baino, ezta? Ba, hizkuntza errutina asko eragingarriak izan daitezke euskara mutu edo gorra den hainbat eta hainbat egoeratan, ezta?
EGUNERAKETA: Manex Agirreren bidez, bideo honen berri izan dut, azalpen egokia eta mamitsua dakarrena:
Zorionak Ebeteko jendeari. Dena den, uste dut Arabako Foru Aldundia ez litzatekeela gidak banatzearekin konformatu beharko. Zer harreman, zer programa edo proposamen dauka Administrazioak kirol federazioei egiteko, eredu euskaldunetako ikaslez elikatzen diren kirol-klubek euskarari leiho bat ireki diezaioten? Bestalde, erakundeak kirol-ekitaldi askoren babesleak diren aldetik, ez dute beti behar bezala betetzen beren funtzioa (http://alea.eus/komunitatea/A014/1466507470387 eta http://www.berria.eus/paperekoa/5002298/022/002/2015-12-17/gasteizko_maratoi_erdiaren_gazi_gozoak.htm ). Alde horretatik, gabezia hiru arlotan antzematen dut nik: ekitaldietako megafonian, publizitatean eta parte hartzaileekiko inskripzio-orri eta paper kontuetan.
Administrazioak alde batera utzita, eskolaz kanpoko aisialdian euskarari aupada bat emateko bidean beste hanka bat erabiltzaileak gara, edo erabiltzaileen gurasoak. Gasteizko ikastetxe bateko guraso-elkarte batean geure aletxoa jartzen ahalegindu gara ( http://alea.eus/araba/1467377514347 ). Uste dugu eskari hori berdin egin dezakeela beste edozein ikastetxek, auzo-elkartek edo bestek.